89. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

102E/2016 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Avícola El Prado” ustiategia hornitzeko sarearen proiekturako, Ablitasko udal mugapean. Sustatzaileak Jesús María Aznar Melero eta Carlos Fernández Ruiz dira.

2015eko abenduaren 14an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak helburu du “Avícola El Prado” ustiategi berria hornidurarako udal sarera lotzea, edateko uraren hornidura zuzena egiteko eta hirigunean (Ablitasko industrialdean) dagoen kutxeta batekin lotura egiteko.

Trazadura 3.706,50 m da luze, eta 105,70 m gelditzen dira Ablitasko hirigunearen barnean. Trazadura gehiena Ablitas-Ribaforada errepidearekin paralelo doa. Aurreikusitako trazadurak galtzada erromatarra gurutzatzen du. Hornidura hodiaren bidegurutze perpendikularra X:614495; Y:4648515 UTM koordenatuen puntuan egiten da. Biodibertsitatearen Zerbitzuko Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoak egindako txostenaren arabera, abelbide horren gaineko ukipena baimentzen ahal da, ingurumen arloko neurrien atalean zehaztutako neurriak betetzen badira.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2016ko martxoaren 21ean egindako aldeko txostena sartu da espedientean. Halaber, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalaren aldeko txostenak zehazten du ondarearen aldetik bideragarria izan daitekeela proiektua martxan jartzea, prebentzioko neurriak eta ondare arkeologikoa babestekoak nahitaez kontuan hartzen baditu, ondoren hitzez hitz transkribatzen direnak.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, ondoren zehazten diren baldintzekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Avícola El Prado” ustiategia hornitzeko sarearen proiekturako, Ablitasko udal mugapean. Sustatzaileak Jesús María Aznar Melero eta Carlos Fernández Ruiz dira.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Prebentzioko neurriak eta ondare arkeologikoa babestekoak:

  • Zanga bat aipatutako bidegurutzearen puntu zehatz horretan egiteko, segimendu arkeologikoa egin beharko da, eta, horretarako, Arkeologiako teknikari bat egonen da obran berean, hori beharrezkoa baita lanak behar bezala kontrolatzeko, lur horiek kentzen diren bitartean.
  • Zanga irekitzeko lanen fase horretan azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira, kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Ondoren, hondarrak garbitu eta definituko dira, agertu diren egituren geoerreferentziak kokatu ahal izateko inguruko plano topografikoan. Makina astunen joan-etorriak bistako aztarna arkeologikorik ez duen eremu zedarritutik eginen dira nahitaez. Aurkikuntza arkeologikoak Arkeologiaren Atalari jakinaraziko zaizkio berehala, behar diren zuzenketa neurriak ezarri ahal izateko, besteak beste, ukitutako guneetan lanak aldi baterako geldiarazi, indusketa sistematikoa egin eta azterketa zientifikoa egiteko (analisi arkeometrikoak eta memoria barne). Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimenaren zain geratuko da, obra egiten jarraitzeko, zehazten diren moduan eta baldintzetan eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legearen 62. artikuluari jarraituz. Azaleratutako egitura arkeologikoak Interes kulturaleko ondasun edo Ondasun inbentariatu izatera iristen badira, aurreikusitako ustiapena bertan behera utziko da eta aldatutako errealitate fisikoa hasierako egoerara itzuliko. Sustatzaileak ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen.
  • Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek eginen ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Arkeologiaren Atalari dagozkio, eta, horretarako, obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

–Hirigintza arlokoak:

  • Arkeologia Zerbitzuak 2016ko otsailaren 11n egin txostenean jasotako zehaztapenekin bat eginen da azpiegitura galtzada erromatarra gurutzatzen den puntuan. Eremu hori babestu beharreko lurzoru urbanizaezina da, kultur balioa duena (KIO, lehen mailakoa, galtzada erromatarra), Ablitasko udal mugapean.
  • Azpiegiturak lurzorutik irteten diren elementuak baditu, 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluarekin bat, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bideetako kanpoko ertzetik neurturik.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidura sarera lotzea.
  • Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2016ko otsailaren 15ean egindako txostenaren arabera, lurzatiak Nafarroako Ubidearen 2. faseko eremu ureztagarrian daude sartuta. Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren udalez gaindiko proiektu sektorialek ukitutako lurzoruetarako araudian ezartzen den eremu ureztagarrien araubide iragankorrarekin bat (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa; aplikatu beharrekoa proiektuak onesten direnetik ureztapena abian dela dioen adierazpena egin arte), interesdunak nekazaritzako azpiegituren arloko departamentu eskudunaren berariazko baimena eskuratu behar du landaketa berrietarako, labore iraunkorretarako, eraikin berrietarako edo geroko nekazaritzako azpiegituretan eragina izan dezaketen bestelako ekintzetarako.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

–Ingurumen arlokoak:

  • Obrek okupatuko duten eremuko mugak garbi seinaleztatzea, zuinketa bidez, eta jarduteko eremua, makinen joan-etorrietarako eremuak eta metaketa egitekoa mugatzea, halakorik balego, obren eremuaren ondoko landareei beharrezkoa ez den kalterik ez egiteko.
  • Landare lurra kenduko da, trinkotu gabe ezta hondeaketako agregakinekin edo lurrekin nahastu gabe. Landare lurra hondeaketako gainerako lurretatik aparte metatu beharko da, bi lur-kabailoi eginez, bakoitza zangaren alde batean.
  • Zanga irekitzetik ateratako materiala bidean bertan metatuko da, eta ez larreko zerrenden gainean. Material hori erabiliko da zanga berriro betetzeko.
  • Lurzatiak sartzeko abelbidearen gainean dagoen bidearen lurzorua ezin da inola ere aldatu, ezta abelbideari lotutako larreko zerrendak ukitu ere.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.
  • Hodiak jartzeko lanak egindakoan ukitutako eremua lehengoratuko da, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen bidea eta horrekin bateragarriak diren erabilerak.
  • Obrak eginen dituzten makinek egungo pistak erabili behar dituzte, jarduketaren eremuan edo ingurune hurbilean dauden landareek ukipenik izan ez dezaten obretan, maniobretan, geldialdietan eta aparkaldietan.
  • Obrak bukatutakoan, obrak egitetik metatu diren materialak garbitu behar dira, ingurunea garbitzeko eta lehengoratzeko neurri gisa.
  • Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko, sustatzaileak gutxienez 72 ordu lehenago abisatu beharko dio Tutera aldeko Basozaintzari (ogfotude12@navarra.es edo 609-904957), hori ager dadin obren zuinketan.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ablitasko Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 12an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1604481