2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARES
Aldaketak Garesko 0-3 urtekoendako ikastetxean diru premiak dituzten ikasleei jantokirako diru-laguntza emateko udal ordenantzan. Behin betiko onespena
Garesko Udalak, 2016ko urtarrilaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Garesko 0-3 urtekoendako ikastetxean jantokira joateko Garesko herritarrendako diru-laguntza arautzen duen ordenantzan. Hasierako onespen hori 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Garesen, 2016ko apirilaren 13an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.
GARESKO 0-3 URTEKOENDAKO IKASTETXEAN DIRU PREMIAK DITUZTEN IKASLEEI JANTOKIRAKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO ORDENANTZA
Xedea
1. artikulua.
Honako honen xedea da Garesko udalerrian diru-laguntza emateko irizpideak eta prozedura arautzea eta ezartzea. Jantokirako diru-laguntza arautzen da, egoera sozio-ekonomiko larria duten ikasleendako.
Diru-laguntzaren zenbatekoa
2. artikulua.
2.1. Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan horretarako izendatzen den kontu-sailean adieraziko dira gai honi dagozkion zenbatekoak; hartan agertzen den zenbatekoa gehienekoa izanen da.
2.2. Ekitaldiren batean honetarako kontu-sailik paratzen ez bada, ez da deialdirik izanen ikasturte horretan, ezta ulertu ere eskubideak sortu direnik ordenantza hau onesteagatik ere.
3. artikulua.
Aurrekontuan honetarako zenbat diru-dagoen eta ordenantza honetako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak zenbat diren, horren arabera ezarriko da onuradun bakoitzari dagokion ekarpena.
Diru-laguntza hau borondatezkoa eta aldi baterakoa da eta ez da aurrekaritzat jotzen ahalko.
Onuradunek bete beharreko baldintzak
4. artikulua. Nahitaezko baldintzak:
a) Garesen egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea gutienez ere urtebete lehenagotik (adingabea, adingabearekin bizi den aita, ama, egitatezko bikotekidea, tutorea).
b) Matrikulaturik egotea edo hurrengo ikasturtean matrikulatzeko konpromisoa izatea Garesko 0-3 urtekoendako ikastetxekoan, jantokia erabilirik.
c) Familia-unitateko kideen per capita errentaren azken hiru zerrendetan egotea, Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuetan, 2013-2014 ikasturtean, familiek haurrak eskolatzeko ordaindu beharreko tarifak ezartzen dituen Foru Aginduan Nafarroako Gobernuak ezartzen dituenen artetik. 6.650 eurotik beherako per capita errenta izatea, Errenta Aitorpenaren 511. laukitxoari dagokion zenbatekoa kenduta, kasua bada, konpentsazioko pentsioari dagokiona, alegia.
d) Garesko Udalarekiko betebehar fiskalak eguneratuak izatea.
e) Deialdi honetan eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.
f) Familiaren ondarea gehienez ere 60.000 euro izatea, salbu eta ohiko etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak.
5. artikulua.
Baldintzak betetzen direla frogatzeko modua.
Eskaeraren inprimakia eredu ofizialaren arabera bete behar da. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide orria.
b) NANa edo pasaportea:
c) Familia liburua. Familia liburuaren fotokopia, bere kide guztiekin, jatorrizkoarekin alderatua, edo familia unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala.
d) Aitzin ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren fotokopia. bizikidetza unitateko kideena (aita/ama, ezkontide berriak edo izatezko bikoteak). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Ogasun Bulegoak luzatua.
Eskabidea aurkezteko epea
6. artikulua.
Eskaera aurkezteko epea, eskatzen den dokumentazioarekin batean, matrikula egiteko ezarritakoa izanen da.
Dena dela, beste epe batzuetan ere aurkeztu eta onartu ahalko dira eskabideak, betiere aurrekontuan behar besteko krediturik bada.
7. artikulua.
Epe horretatik kanpora ez da eskaerarik onartuko, ezta 0-3 urtekoendako ikastetxean geroago matrikulazio epeetan sartzeagatik edo familiaren inguruabar ekonomikoak gero aldatzeagatik ere.
8. artikulua.
Eskaerak Garesko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Mena plaza, z.g.), astelehenetik ortziralera, 11:00etatik 13:00etara.
Diru-laguntza emateko modua eta irizpideak
9. artikulua.
Matrikula egiteko aroan honen berri emanen da: sortu den kontu-saila, behar den ikasturterako deialdiaren irekiera eta eskaerak aurkezteko aukera.
10. artikulua.
0-3 urtekoendako ikastetxean jantokia diruz laguntzeko aurrekontuko kontu-sailean jarri den zenbatekoa aurkeztu diren eskaeren artean banatuko da, ordenantza honen baldintzak betetzen badituzte.
11. artikulua.
–Aurrematrikula egiteko ezartzen den hilabetean aurkeztuko dira eskaerak.
–Udalak aztertuko ditu aurkeztu diren eskaerak eta, dokumentazioan akatsik egin baldin bada, eskatzaileek 5 egun naturaleko epea izanen dute horiek zuzentzeko.
Diru-laguntza kudeatzeko organoa hauek osatuko dute: Garesko Udaleko Hezkuntza Batzordeko Burutza, Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza.
–Matrikulazio epea ireki aitzin, Udalak ebazpena emanen du eta interesdunei haren berri emanen, bortz egun naturalean egokiak iruditzen zaizkien alegazio edo erreklamazioak aurkez ditzaten.
–Erreklamazioak ebatzirik, diru-laguntzen gaineko ebazpena jakinaraziko zaie interesdunei.
Onuradunaren bete-beharrak eta bete-behar horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak
12. artikulua.
Diru-laguntza honen onuradun izateko bete beharko dira ordenantza honetan ezarritako betebeharrak eta aurkeztu eskatzen den dokumentazioa.
Beharrezkoa ikusten denetan, Udalak argibideak eskatzen ahalko ditu aurkeztutako dokumentazioaren gainean, eta are dokumentazio gehiago eskatu ere, aurkeztu denetik ez baldin bada ondorioztatzen ahal zein den, egiazki, interesdunaren errenta edo ondarea.
13. artikulua.
Ikasturte barrenean aldaketa aipagarririk baldin bada eta aldaketa horiek diru-laguntza emateko erabakigarriak izan ziren inguruabarrak bertzelakoak izatea ekartzen badute, haien berri eman beharko zaio Udalari.
Halaber, Udalari aditzera emanen zaio ikasleren bat gelditzen bada jantokira joatetik.
14. artikulua.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzeak edo bertzelakotzeak ekartzen ahal du hura emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea.
Aitzineko bi artikuluetan ezarritakoa ez betetzeak diru-laguntzaren galera ekartzen ahal du eta, hala behar badu, modu bidegabean jasotako zenbatekoa itzuli beharra.
Diru-laguntza ordaintzeko modua eta epeak
15. artikulua.
Ebazpen baten bidez ordenantza honetan arautzen den diru-laguntzaren onuradun bilakatzen diren lagunek osorik ordainduko dute, hilabetero, eskolako eta jantokiko kuota, eta Udalak gero ordainduko du jantokiagatik diruz laguntzen duen zatia.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Salbuespenez, eta 2014-2015 ikasturteari dagokionez baizik ez, eskabideak aurkezteko epea hamabortz egun naturalekoa izanen da ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau 15 artikuluk, xedapen iragankor batek eta azken xedapen batek osaturik dago, eta ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den arte, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren ondorioz.
Iragarkiaren kodea: L1604498