89. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

89E/2016 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Lizarrako udal mugapean hondakinetatik abiatuta erregaiak egiten dituen instalazio baten eta hondakinen transferentzia-gune baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketak onartzen dituena. Jardueraren titularra Chipala Medioambiente SL da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 2230/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 369E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 540E/2015 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2015eko irailaren 29an, titularrak bere jardueraren aldaketa jakinarazi zuen CDRak prestatzeko aukera izan dezan LER 191210 kodea duen hondakinarekin. Ondoren, 2015eko azaroaren 20an, antzeko jakinarazpena egin zuen, LER 070799 kodea duen hondakinarekin.

Zerbitzu honek berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazioa hau da:

LER KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

070799

Beste kategoria batean zehaztu gabeko hondakinak

Onartzen da aurretratamendurako operazioak egitea hondakin horren gainean CDRak prestatzeko

191210

Erregai hondakinak (hondakinetatik ateratako erregaia)

Aurreko guztia kontuan hartuta, irizten da eskatutako aldaketek bide ematen dutela instalazioak ingurumenaren aldetik egoki funtzionatzeko, eta bat datozela eskura dauden teknika onenak aplikatzeko irizpidearekin; horregatik, bidezkoak dira.

Bestalde, akats bat atzeman da ingurumen baimen integratuko III. eranskinaren idazketan, “RP aurretratamendua (R12)-CDRak prestatzea hondakin arriskuekin, R-12” prozesua lotu baitzaio hondakin ez-arriskutsuen kudeaketari, CDRak prestatzeko asmoz. Hondakin ez-arriskutsu horiek “RNP aurretratamendu generikoa (R12)-CDRak prestatzea hondakin ez-arriskutsuekin, R-12” prozesuari lotu behar zaizkio. Hartara, eskatu da III. eranskin hori alda dadila, akats hori konpontzeko.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez esleitu zaizkidan eskumenak erabiliz, haren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren, Mendi Zerbitzuko zuzendariaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baita indarreko araudiak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari esleitzen dizkion zenbait eskumen administratiboren erabilera,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Lizarrako udal mugapean hondakinetatik abiatuta erregaiak egiten dituen instalazio baten eta hondakinen transferentzia-gune baten Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketak onartzea. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehenago tramitatutako espedienteetan ezarri ziren baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, baita ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Chipala Medioambiente SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Chipala Medioambiente SLri eta Lizarrako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 31n.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1604439