88. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

Leitza

Anikote Leitza, SL tokiko merkataritza-sozietatea sortzea

Leitzako Udalaren Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 19an egindako bileran honako erabaki hau hartu zuen:

Azterturik Leitzako Udaleko kirol instalazioak kudeatzeko zerbitzu publikoa tokiko merkataritza-sozietatearen bidez zuzenean kudeatzeko modua onartzeko espedientea, 2015eko abenduaren 29ko osoko bilkuran onartutako akordioaren bidez abiarazi zena, horren bitartez neurriaren jasangarritasuna eta eragimena justifikatuko duen memoria lantzeaz arduratu zen azterketa-batzordea eratu zelarik.

Toki Araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartzen duen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 97. artikuluan xedatutakoaren arabera; halaber, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 192. eta 197. artikuluen arabera; orobat, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.f) eta 85.2 artikuluen arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazkeran; eta Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onartzen dituen 1955eko ekainaren 17ko Dekretuaren 56. artikuluaren eta ondorengoen arabera; eta espedientean jasota:

a) 2015eko abenduaren 29ko osoko bilkuraren akordioa, aurrez neurriaren jasangarritasuna eta eragimena justifikatuko dituen memoria lantzeaz arduratuko den azterketa-batzordea izendatzeari buruzkoa.

b) Batzordeak idatzitako justifikazio-memoria, aztergai den jardueraren izaera sozial, juridiko, tekniko eta finantzarioari buruzkoa; horretan, Leitzako Udaleko kirol- eta kultura-instalazioak kudeatzeko zerbitzu publikoa kudeatzeko modua zehazten da. Egiaztatu denez, tokiko merkataritza-sozietatearen bidez eginiko zuzeneko kudeaketa jasangarriagoa eta eraginkorragoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85.2 artikuluko a) eta b) hizkietan jasotako moduak baino; horretarako, aintzat hartu dira ekonomia-errentagarritasuneko eta inbertsioa berreskuratzeko irizpideak. Barne dira zerbitzuaren kostuari buruzko txostena, eta jasotako laguntza teknikoa, biak ala biak espedientearen tramitazioan behar bezala jakitera emanda.

c) Udaleko kontu-hartzailearen txostena, 2016ko otsailaren 24koa, egindako proposamenaren finantza-jasangarritasuna baloratzen duena, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Udalbatzaren osoko bilkuraren erabakia, 2016ko martxoaren 1ekoa, azterketa-batzordeak kudeatzeko moduari buruz landutako memoria eta udal merkataritza-sozietatearen estatutu-proiektua onartzen dituena.

e) Justifikazio-memoria eta estatutu-proiektua, zerbitzuaren kostuei buruzko txostenak eta jasotako laguntza teknikoa barne, jendaurrean edukitzea hogeita hamar eguneko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (48.a, 2016ko otsailaren 10ekoa) eta udaletxe honetako iragarki-oholean jarritako iragarkien bidez.

f) Memoria jendaurrean jarri izanaren ziurtagiria, eta alegazioak ez zaizkiola egin adieraztea.

Merkataritza Erregistro Zentralak, 2016ko martxoaren 14an, ziurtagiria eman zuen jakinarazteko udalak merkataritza-sozietaterako proposatutako izena (Anikote Leitza Sociedad Limitada) ez dagoela erregistraturik; hortaz, izen hori Leitzako Udalak gordeko du harentzat.

Bestalde, eta estatutuetako 17. artikulua ezarrita, “Anikote Leitza Sociedad Limitada” sozietatearen administrazio-kontseiluko kideak izendatuko dira. Kontseilua osatuko dute hasteko, Batzar Nagusiak izendatutako bost zinegotzi.

Ikusirik espedienteak honako hauetan jasotako izapidetzeak bete dituela: Toki Araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartzen duen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 97. artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 192. eta 197. artikuluak; eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 22.2.f) eta 85.2 artikuluak, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emaniko idazkeran.

Afera eztabaidatuta eta bozkatuta, Osoko Bilkurak, bertan diren kide guztien aldeko botoarekin, honako akordioa onartu du:

Lehena.–Azalpenean egindako oharrak aurrez gehituta, jasotako aholkularitzaren justifikazio-memoria behin betikoz onartzea, Leitzako Udaleko kirol instalazioak kudeatzeko zerbitzu publikoa emateko udal-zerbitzu publikoa kudeatzearen inguruko zerbitzuaren eta jasotako laguntza teknikoaren kostuari buruzko txostenenak barne.

Bigarrena.–Udal merkataritza-sozietate baten bidezko zuzeneko kudeaketa onartzea. Xede horretarako, Anikote Leitza Sociedad Limitada izeneko udal merkataritza-sozietatea eratzeko administrazio-espedientea behin betiko onartu da. Aipatu sozietatea memoriaren eta estatutuen arabera eratuko da; horiek, behar bezala bideratuta, espedientean daude jasota, eta behin betiko onartu dira.

Hirugarrena.–Akordio honen iragarkia argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, dagozkion ondorioetarako.

Laugarrena.–”Anikote Leitza Sociedad Limitada” sozietatea 3.300 euroko kapital sozialarekin hornitzea; kapitala 110 partaidetzatan (zatiezinak eta metagarriak) banatuko da, bakoitza 30 euroko balio nominalarekin, 1etik 110erako (biak barne) hurrenkeran zenbakituak, eta oso-osorik Leitzako Udalak ordainduta.

Bosgarrena.–Alkatetza gaitzea akordio hau aplikatzeko eta garatzeko izenpetu beharreko agiri guztiak sina ditzan.

Seigarrena.–“Anikote Leitza Sociedad Limitada” sozietateko administrazio-kontseiluko kideak izendatzea, estatutuetako 17. artikulua betez. Aipatu kideak honako hauek dira:

–Mikel Zabaleta Aramendia, Leitzako Udaleko alkate udalburua; sozietatearen lehendakaria.

–Eneko Andueza Aramendia, Leitzako Udaleko zinegotzia.

–Julian Zabaleta Alduncin, Leitzako Udaleko zinegotzia.

–Onintza Bengoetxea Zabaleta, Leitzako Udaleko zinegotzia.

–Josune marzol Ormazabal, Leitzako Udaleko zinegotzia.

Zazpigarrena.–Akordio honen berri ematea administrazio-kontseiluko kideei, dagozkion ondorioetarako.

Leitza, 2016ko apirilaren 22an.–Alkatea, Mikel Zabaleta Aramendia.

1. ERANSKINA

Leitzako udalaren “Anikote Leitza Sociedad Limitada” udal sozietatearen estatutuak

I. KAPITULUA

1. artikulua.

Anikote Leitza Sociedad Limitada izenarekin erantzukizun mugatuko merkataritza-sozietate bat (herri-mailakoa) eratu da, eta kapitaleko sozietateei buruzko legeak, tokiko legeriak eta estatutu hauek zuzenduko dute.

2. artikulua.

“Anikote Leitza Sociedad Limitada” Sozietatea (erantzukizun mugatuko sozietate baten formarekin) udal-enpresa izanen da, eta bere xedeak gauzatzeko eta betetzeko nortasun juridikoa edukiko du, legezko xedapenek eta estatutu hauek ezartzen dizkioten mugekin.

3. artikulua.

Sozietatearen xedea da udal-ekintzan eraginkortasun handiagoa lortzea. Horretarako, sozietatearen helburua da Leitzako kirol instalazioak kudeatzeko zerbitzua ematea.

Delako sozietatea, ondorio guztietarako, Udalaren bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat hartuko da, Leitzako Udalaren kirol instalazioen kudeaketa horren esku uzteko.

Sozietateak ez du irabazi asmorik edukiko, kirol- eta kultura-izaerako sozietate pribatua izanen baita. Sortzen diren mozkinak sozietatean inbertituko dira berriro ere, sozietateak pertsona fisikoei emanen dien zerbitzua hobetze aldera.

4. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak Sozietateak gauzatu ahal izanen ditu zeharka, helburu berdin edo antzekoa duen edozein elkartetan (nortasun juridikoa eduki ala ez) parte hartuz.

5. artikulua.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean hasiko da jardunean.

6. artikulua.

Sozietateak Leitzan izanen du helbidea, Leitzako Udaletxean; Elbarren 1, Leitza (Nafarroa).

Administrazio-organoak sozietatearen helbidea udal barruti bereko beste toki batera aldatzeko eskumena izanen du.

II. KAPITULUA

7. artikulua.

Kapital soziala 3.300 eurokoa izanen da, sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan zatitua. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio izendatua du eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Leitzako Udalak kapital osoa harpidetu eta ordainduko du, eta kapitala osatzen duten partaidetza guztien titular bakarra izanen da, Toki-korporazioen zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kapitala ezin da transferitu eta enpresaren xederako baizik ezin da erabili, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraituz.

Kapital soziala handitu edo txikitu ahal izanen da, batzar nagusiak hala erabakitzen badu. Aitzinetik administrazio-kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.

III. KAPITULUA

8. artikulua.

Sozietatea zuzentzeko eta administratzeko organoak honako hauek izanen dira:

–Batzar nagusia.

–Administrazio-kontseilua.

–Gerentzia.

9. artikulua.

Batzar nagusia sozietatearen organo gorena da. Toki-korporazioen zerbitzuei buruzko Erregelamenduko 92. artikuluan xedatu bezala, Leitzako Udalbatzako kideek osatuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalbatzako burua izanen du buru, edo batzarrak memento bakoitzean izendatzen duen pertsona.

10. artikulua.

Toki-korporazioen zerbitzuei buruzko Erregelamenduko 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, batzar nagusi gisa eratutako udalbatzaren funtzionamendua, prozedurari eta erabakiei dagokienez, toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta gainerako gai sozialetan erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak aplikatuko dira.

11. artikulua.

Udalbatzak, sozietatearen batzar nagusi gisa diharduenean, honako eginkizunak izanen ditu:

–Administrazio-kontseilua izendatzea, berritzea edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

–Kontseilukideen ordainsariak finkatzea.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitzea edo txikitzea.

–Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapitaleko sozietateei buruzko Legeak batzar nagusiari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.

12. artikulua.

Batzar nagusia urtean behin bilduko da derrigorrean bilkura arruntean lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa zentsuratzeko edo onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta bilkurako gai-zerrendari eutsiz bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko.

13. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako bilkura arruntaz gain, batzar nagusiak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik lehendakariak deituta, administrazio-kontseiluak, edo udalbatzako legezko kideen laurdenak, gutxienez, hala eskatuz gero.

14. artikulua.

Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez batzarra egitea erabakitzen badute, batzar nagusia deituta eta edozein gairi heltzeko balio osoz eratuta geldituko da.

15. artikulua.

Batzar nagusiko idazkariak bilera bakoitzeko akta eginen du. Batzar nagusiaren aktak udalbatzarenak bezala onetsiko dira, eta ondorio berak izanen dituzte. Sozietateko batzar nagusiaren akten liburu berezian inskribatuko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.

16. artikulua.

Batzar nagusiko kide ez diren administrazio-kontseiluko kideek bilkuretan parte hartu ahal izanen dute, hitzarekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere.

17. artikulua.

Administrazio-kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar nagusiak izendatutako bost lagunek osatuko dute.

Batzar nagusiak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean bertan. Kargu-uzte hori berariaz erabaki beharko du batzarrak eta, ondoren, merkataritza-erregistroan inskribatu beharko da.

18. artikulua.

Udalbatzako kideek administrazio-kontseiluan parte hartu ahal izanen dute. Kontseilukideek ordezkaritza-karguetan aritzeko ezgaitasun eta bateraezintasunak izan ditzakete, indarra duen legerian ezarritakoak.

Administrazio-kontseiluko burua Leitzako Udaleko alkatea izanen da, kontseilukidea bada, edo zinegotzi bat, batzar nagusiak izendatutako kontseilukidea bada. Kontseiluko buruordea, kontseiluko lehendakariak aukeratua, kontseiluburuaren lekuan ariko da hura kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz kontseilutik kanpokoa izan daiteke eta, hala denean, hitza bai baina botorik ez du izanen kontseiluaren bileretan.

Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek administrazio-kontseiluaren bileretan parte hartu ahal izanen dute, hitzarekin baina botorik gabe.

Kontseilukidearen kargua dohainik da.

19. artikulua.

Kontseiluak bilkura arrunta sei hilean behin, bederen, eginen du, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak dei egiten duenean, edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen badute. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.

Kontseiluburuari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, gai-zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie, bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Kontseilua balio osoz eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero.

Erabakiak bilkurara agertutako eta bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoaz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio-kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta dagokion liburuan transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen- eta trafiko-eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du, hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek batzar nagusiarendako gordetzen ez dituzten ahalmenak eman zaizkio kontseiluari. Gainera, ondoren aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, besteak beste:

1.–Ondasun higigarriak eta higiezinak, landa-lurrekoak nahiz hiri-lurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkendu ahal izanen ditu; era berean, hipotekak eta, oro har, eskubide errealak eratu, aldatu eta azkendu ahal izanen ditu.

2.–Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen partaidetzak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratzea eta iraungitzea.

3.–Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku-mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan-hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4.–Sozietatearen afera eta negozio guztien barne- eta kanpo-kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate-liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatzea eta aurkeztea.

5.–Kontu korronteak eta kreditu-kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.

6.–Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa-aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain-gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoratizioak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7.–Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren interes eta baldintzekin, adibidez, eta nolanahiko bermeak onartzea eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.

8.–Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galeren eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

9.–Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aitzinean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitzako ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan-ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aitzinean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen erabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratzea eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10.–Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.

11.–Enkanteetan, lehiaketetan edo zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; agiriak, aitorpen edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko esleipenak onartzea.

12.–Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalordeak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpenak eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.

13.–Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14.–Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruzko memoria aurkeztea Udalbatzari.

21. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkapen ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan.

22. artikulua.

Administrazio-kontseiluak zuzendaritzarako, kudeatzeko eta gauzatzeko eskumenak edukiko dituen kudeatzailea izendatuko du. Bereziki gaituta dagoen pertsona izendatuko da.

Kudeatzailearen egitekoak izanen dira:

–Kontseiluaren erabakiak gauzatzea eta betearaztea.

–Sozietatea zuzentzea, kudeatzea eta jarduna ikuskatzea.

–Kontseiluaren bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe.

–Kontseiluak emanen dizkion gainerakoak.

23. artikulua.

Sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta menpeko langile guztiak administrazio-kontseiluak izendatuko ditu, kudeatzailearen proposamenari jarraituz, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan-harremana izanen dute.

IV. KAPITULUA

24. artikulua.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu sozietatearen kapitala eta haren jabetzako era guztietako ondasunak eta eskubideak, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak edo Leitzako Udalaren, Foru Komunitatearen, beste autonomia-erkidego batzuen, probintzien edo udalerrien, Estatuaren edo norbanakoen lagapen, dohaintza eta diru-laguntzen bidez lortuak.

25. artikulua.

Sozietatearen ogasunak ondorengo baliabideok biltzen ditu:

–Sozietatearen kapitala, ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak, emaitzak edo interesak.

–Leitzako Udalak ematen dizkion diru-laguntzak.

–Leitzako Udalak, Foru Komunitateak, beste autonomia-erkidego batzuek, probintziek edo udalerriek, Estatuak edo norbanakoek eman diezazkioketen diru-laguntza, sorospen eta dohaintzak.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu- edo kreditu-eragiketetatik datozenak.

–Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak, eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko diru-sarrera guztiak.

V. KAPITULUA

26. artikulua.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean udalbatzari aurkeztuko dio, batzar nagusi gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu; zer zuzendu behar den adieraziko du, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuko ditu.

27. artikulua.

Sozietatea desegin eginen da toki-araubideko legerian eta kapital-sozietateen legean aurreikusitako kasuetan, batzar nagusiak hala erabakita.

Sozietatea kitatzen bada, batzar nagusiak batzorde likidatzaile bat izendatuko du, eta horretako kide kopurua bakoitia izanen da. Batzorde kitatzailea izendatzeak administrazio-kontseiluaren ahalmenak indargabetuko ditu.

Irabazi asmoko helburuarekin, likidazioaren ondoriozko ondasunak eta eskubideak beste fundazio edo irabazi asmorik gabeko entitate pribatu batzuentzat izanen da oso-osorik, interes orokorreko helburuak baldin badituzte, eta haien ondasunak helburu horiek erdiesteari loturik baldin badituzte, baita deseginez gero ere.

Likidazioaldiak iraun bitartean, batzar nagusiak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura berezi guztiak egiten jarraituko du, indarrean dauden arauen arabera.

Iragarkiaren kodea: L1604966