Iragarkia
87. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 6an hartua. Honen bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari atxikitzeko aurreikusitako hitzarmenaren eta estatutuen proposamenak.
Nafarroako Gobernuak 2015eko urriaren 21ean hartutako erabakiaren bidez eskatu zen Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari atxikitzea.
Borondate politiko horrekin bat, elkarlanean aritu dira Akitaniako Eskualdeko Kontseilua, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, LLEEren hitzarmenaren eta estatutuen proposamenak prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen atxikitzeari begira. Horiek Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen Batzarrak onetsi ditu, 2016ko martxoaren 18an egin bilkura berezian.
LLEEren Batzarrak aitzinetik eztabaidatu eta onesteko baldintzak beterik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 91.artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezko da Nafarroako Gobernuari aurkeztea, onets dezan, Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari atxikitzeko Hitzarmenaren proposamena, “Akitania/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako etorkizuneko Elkartearen Estatutuen proposamenekin batera, horixe baita aldez aurreko urratsa Estatuak abia dezan onesteko behar den prozedura.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari atxikitzeko Hitzarmenaren proposamena onestea. Hura erabaki honen II. eranskinean jasorik dago.
2. “Akitania/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen estatutuen proposamena onestea. Hura “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen Batzarrak onetsi zuen, 2016ko martxoaren 18an egin bilkura berezian. Hartan, Nafarroako Foru Komunitatea atxikitzeko estatutuetan egin behar ziren aldaketak onetsi ziren. Hura erabaki honen I. eranskinean jasorik dago.
3. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak jakinaraziko dio Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzari Nafarroako Foru Komunitatearen borondatea Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarte horretan parte hartzeko, behar den eskaera aurkeztuz bidezko dokumentazioarekin batera, abia dadin onesteko behar den prozedura. Hori guztia, bete beharrez urtarrilaren 23ko 23/2015 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoa; Errege Dekretu horren bidez honako erregelamendu hau benetan aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ziren: 1082/2006 Erregelamendua (EE), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2006ko uztailaren 5ekoa, Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzkoa, zeina aldatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamenduak (EB), talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeaz den bezainbatean.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2016ko apirilaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
I. ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari atxikitzeko Hitzarmena
Ikusirik 1082/2006 Erregelamendua (EE), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2006ko uztailaren 5ekoa, Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzkoa (LLEE).
Ikusirik 1302/2013 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, aldatzen duena 1082/2006 Erregelamendua (EE), Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzkoa (LLEE), horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeari dagokienez.
Ikusirik Baionako Ituna, Frantziako Errepublikak eta Espainiako Erresumak 1995eko martxoaren 10ean egina, eskualdeetako gizataldeen arteko mugaz gaindiko lankidetzari buruzkoa.
Ikusirik Eskualdeetako gizataldeen kode orokorra, bereziki L1115-4-2 eta L5721-1 artikuluak nahiz hurrengoak.
Ikusirik urtarrilaren 23ko 23/2015 Errege Dekretua, Errege Dekretu horren bidez honako erregelamendu hau benetan aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ziren: 1082/2006 Erregelamendua (EE), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2006ko uztailaren 5ekoa, Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzkoa, zeina aldatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamenduak (EB), talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeari buruzkoak.
Ikusirik 2015-09 Legea, 2015eko urtarrilaren 16koa, Eskualdeen mugapenari eta eskualde eta departamentuetako hauteskundeei buruzkoa eta hauteskunde egutegia aldatzen duena, batez ere haren 1. artikulua.
Ikusirik 2015-991 Legea, 2015eko abuztuaren 7koa, Errepublikako lurraldearen antolaketa berriari buruzkoa, bereziki haren 133 (VIII) artikulua.
Ikusirik “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartea eratzeko 2011ko abenduaren 12an Gasteizen egin batzarrean onetsitako Estatutuen 8. eta 18. artikuluak eta Hitzarmenaren zazpigarren eta hamargarren klausulak.
Ikusirik Nafarroako Foru Komunitatearen deliberoa, Nafarroako Gobernuaren 2015eko urriaren 21eko erabakiaren bidez hartua, Nafarroako Foru Komunitatea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari atxikitzea eskatzeko.
Ikusirik “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen Batzarrak 2016ko martxoaren 18an hartutako 2016-06 deliberamendua, Nafarroako Foru Komunitatea LLEE horri atxikitzea onesten duena.
Ikusirik Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeko Kontseiluaren 2016ko apirilaren 13ko deliberamendua,
Ikusirik Euskal Autonomia Erkidegoaren deliberoa, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2016ko martxoaren 22ko bilkurako erabakiaren bidez hartua ,
Ikusirik Nafarroako Foru Komunitatearen deliberoa, Nafarroako Gobernuaren 2016ko apirilaren 6ko erabakiaren bidez hartua.
Bildu dira:
Alain Rousset jauna, Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeko Kontseiluko burua,
Iñigo Urkullu jauna, Euskadiko lehendakaria eta
Uxue Barkos andrea, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria.
Hitzarmen hau egilesteko legezko gaitasuna elkarri aitortu ondoan.
Adierazten dute:
Historikoki, 1992az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoak, Akitaniako Eskualdeak eta Nafarroako Foru Komunitateak mugaz gaindiko lankidetza handia izan dute, eta horren ondorioz, proiektu komunak abiarazi eta finantzatu dituzte.
Hiru eskualdeen artean lankidetza esparru bat garatu izan da beren eskumenen eremuan erakunde-harremanak izateko, harik eta 2000. urtean, Nafarroako Gobernuak mugaz gaindiko lankidetzarako alde biko hitzarmena sinatu zuen arte Akitaniako Eskualdearekin.
Lurralde horietako eremu batzuen arteko kulturaren eta hizkuntzaren arloko gertutasunak bultzaturik, edo Europar Batasunaren baitan dauden gune geografikoetan, bereziki Kantauri aldekoan eta Pirinio ingurukoetan, interesak etengabe bat egitearen ondorioz, Euskadi-Akitania eta Nafarroa-Akitania lankidetzak lagundu du populazioak elkarren artean hurbiltzera eta eskualde multzo berri honen identitatea eratzera.
Berrikitan, Nafarroako Gobernuaren 2015eko urriaren 21eko erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateak adierazi du euroeskualde horretan parte hartzeko borondatea.
Horiek horrela, alderdiek komenigarritzat jotzen dute Nafarroako Foru Komunitatea atxikitzea “Akitania/Euskadi Euroeskualdea” LLEEri eta, horren ondorioz, hitzarmen honen eranskin gisa agertzen diren Estatutuak egokitzea.
Atxikitze horri horrek berez dakartzan aldaketek eratzeko Hitzarmenaren lehenbiziko, bosgarren, zazpigarren eta zortzigarren klausulei eraginen diete, baita “Akitania/Euskadi Euroeskualdea” arautzen duten Estatutuen 1., 2., 6., 8., 9., 18. eta 23. artikuluei ere.
Orobat, aplikaturik 2015eko urtarrilaren 16ko 2015-09 Legea, Eskualdeen mugapenari eta eskualde eta departamentuetako hauteskundeei buruzkoa eta hauteskunde egutegia aldatzen duena, Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeak elkartu dira eta eskualde bakarra osatzen dute orain. Eskualde berri honek eskubide osoz ordezkatzen du lehenagoko Akitaniako Eskualdea, eskubide eta betebehar guztietan ordezkatu ere, Euroeskualde honetako partaidetza barne. Eratzeko Hitzarmenean eta Estatutuetan Akitaniako Eskualdeari egiten zaizkion aipuak eguneratzea juridikoki nahitaezkoa ez izanik ere, Euroeskualdeko kideek egokitzat jotzen dute eguneratze hori, bakar-bakarrik Elkartearen izenean gordez. Horren ondorioz, eratzeko Hitzarmenaren bigarren eta zazpigarren klausulak aldatzen dira, baita 2011ko abenduaren 12an eratzeko Batzarrean onetsi ziren Estatutuen 1., 3., 8., 9. eta 10. artikuluak ere.
Gainera, kontuan harturik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamenduak (EB) aldatu duela 1082/2006 Erregelamendua (EE), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2006ko uztailaren 5ekoa, Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzkoa (LLEE), bidezkoa da eratzeko Hitzarmenaren zortzigarren eta hamargarren klausuletan eta Estatutuen 1. eta 21. artikuluetan araudi horri egiten zaizkion aipuak eguneratzea.
Klausula hauei jarraikiz.
Lehenbizikoa.–Hitzarmen honen xedea da, batetik, formalizatzea Nafarroako Foru Komunitatea atxikitzea “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari, hemendik aitzina Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak osatuko dutena, eta, bestetik, behar diren atalak eguneratzea eratzeko Hitzarmenean eta Estatutuetan, Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdearen izen berriaz eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamenduak (EB) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzko (LLEE) 1082/2006 Erregelamenduari (EE) ekarri dion aldaketaz den bezainbatean.
Bigarrena.–Aldatu da “Akitania-Euskadi Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartea eratzeko (hemendik aitzina, eratzeko Hitzarmena) Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Akitaniako Eskualdearen arteko LLEEren Hitzarmenaren lehen klausula, lehengoaren ordez testu hau izanen baitu:
“Lehenbizikoa.–Izena.
Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteak (LLEE) izen hau izanen du: ‘Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea’.”
Hirugarrena.–Aldatu da eratzeko Hitzarmenaren bigarren klausula, honela geldituko baita idatzirik:
“Bigarrena.–Egoitzaren kokalekua.
Egoitza Hendaian egonen da, Akitania Limousin Poitou-Charentesen (Frantzia). Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeko beste edozein lekutara alda daiteke egoitza, taldeko kide guztiek aho batez horrela erabakitzen badute eta horren ondorioz hitzarmena eta estatutuak aldatzen badira.”
Laugarrena.–Aldatu da eratzeko Hitzarmenaren bosgarren klausulako 2. puntuaren B atala, honela gelditu baita idatzirik:
“B.–Lurralde-lankidetza ezartzea eta garatzea, lurralde-garapen integratua bultzatuko duten sare eta ekintzak finantzatuz, ondoko eremuetan:
–Berrikuntzan.
–Ingurumenean.
–Irisgarritasunean.
–Hiri garapen jasangarrian.
Batzuk aipatzearren, honako jarduera hauek ekartzen dira:
–Euroeskualdeko kideen arteko komunikazioak hobetzea, bereziki irisgarritasuna erraztuz eta, pertsonak eta salgaiak eramateko, ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatuz.
–Ikerketa eta berrikuntza jarduerak osatzea eta balioztatzea, lurralde osoan teknologia, ekonomia eta gizarte dinamika berri bat sor dadin, gobernamendu berri batekin batera.
–Lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko proiektuak abiaraztea, bereziki energia berriztagarrien eta basoak baloratzearen arloan.
–Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, herritarren erabateko garapena bermatuko duten metodoak eta bitartekoak partekatzea.
–Nekazaritzari, elikadurari eta osasunari lotutako gaiak elkarrekin tratatzea eta, ildo horretatik, kalitatearen, jatorriaren eta trazabilitatearen inguruko jarduerak bultzatzea eta lurraldeei balioa emanen dieten nekazaritza-praktika jasangarriak garatzea.
–Kulturan eta artean dinamika sendotzea eta, bereziki, euskara eta euskal kultura sustatzea, sorkuntza horren adierazpenetan integratutako dimentsio berri baten bitartez.
–Turismoko baliabideei elkarren artean balioa ematea, betiere, geografia- eta kultura-identitateak errespetatuko dituen garapen kontrolatuaren ikuspegiaren esparruan.”
Bosgarrena.–Aldatu da hitzarmenaren zazpigarren klausula, lehengoaren ordez testu hau izanen baitu:
“Zazpigarrema.–LLEEko kideak.
Hauek dira LLEEko kideak:
–Euskal Autonomia Erkidegoa.
–Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdea.
–Nafarroako Foru Komunitatea.
Estatutuetan jasota dago kide berriak sartzeko aukerak eta prozedura zein diren.”
Seigarrena.–Aldatu da eratzeko hitzarmenaren zortzigarren klausula, lehengoaren ordez testu hau izanen baitu:
“Zortzigarrena.–Hitzarmenari eta bere interpretazioari aplikatu beharreko zuzenbidea.
Hitzarmen hau burutzeko bi arau hauen xedapenei jarraitu zaie: 1082/2006 Erregelamendua (EE), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2006ko uztailaren 5ekoa, Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzkoa, eta 1302/2013 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeaz den bezainbatean aldatzen duena 1082/2006 Erregelamendua (EE), Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari buruzkoa.
Hitzarmen honek bete beharko duen zuzenbidea eta haren interpretazioetan eta aplikazioan kontuan hartuko dena Frantziakoa izanen da, betiere Europar Batasuneko zuzenbidea errespetaturik.
Hitzarmen hau interpretatu edo aplikatzearen inguruan desadostasunen bat egonez gero, alderdi interesdunek arazoa adiskidetasunez konpontzen laguntzeko konpromisoa hartzen dute, eta beharrezkoa balitz, LLEEtik kanpokoak diren bost kidek osatutako bitartekaritzako batzorde baten eskuetan geratuko litzateke gaia. Euskal Autonomia Erkidegoa, Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdea eta Nafarroako Foru Komunitatea ahaleginduko dira pertsona inpartzial bana izendatzen. Laugarren eta bosgarren kideak hiru pertsona horiek aukeratuko dituzte elkarrekin.
Adiskidetasunez konpontzerik ez badago, hitzarmen hau eta estatutuak interpretatu edo aplikatzeak eragindako auziak Frantziako legeriaren eskumenekoak izanen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamenduak (EB) talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeaz den bezainbatean emandako idazkeran.”
Zazpigarrena.–Aldatu da eratzeko hitzarmenaren hamargarren klausula, lehengoaren ordez testu hau izanen baitu:
“Estatutuen 18. artikuluan zehaztutako modalitateen arabera, hitzarmen hau aldatzen bada, aldaketa eraginkorra izan dadin, LLEEko kide guztiek onartu beharko dute, aho batez, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduak, Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari (LLEE) buruzkoak, xedatutakoa bete beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamenduak (EB) emandako idazkeran.”
Zortzigarrena.–Indarra hartzea.
Hitzarmenak izenpetzen den egunean hartuko du indarra.
Bederatzigarrena.–Estatutuak.
“Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen Estatutuak Hitzarmen honen eranskin agertzen dira, Nafarroako Foru Komunitatea LLEEri atxikitzeak berekin dakartzan aldaketetara egokiturik, baita haien atalak eguneraturik Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdearen izen berriaz eta EBk LLEEei buruz duen araudiaren aldaketaz den bezainbatean.
II. ERANSKINA
“Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea” Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen Estatutuak
1. artikulua. Sorrera eta aplikatzeko araubidea.
2011n, zuzenbide publikoko Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarte bat (LLEE) sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Akitaniako Eskualdearen artean.
Eratzeko hitzarmenaren aldaketaren eta Estatutu berri hauen onespenaren bidez Nafarroako Foru Komunitatea atxikitzen zaio LLEE horri, eta behar diren artikuluak eguneratzen dira eratzeko hitzarmenean eta estatutuetan, beharrezkoa baita Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes Eskualdeak elkartu eta EBk LLEEei buruz duen araudia aldatu ondoan.
Zuzenbide publikoko LLEE hau honako hauek gobernatuko dute: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduak, Lurralde Lankidetzarako Europako Elkarteari (LLEE) buruzkoa eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamendua (EB); eratzeko hitzarmena eta haren aldaketa; Estatutu hauek eta, modu subsidiarioan, Frantziako zuzenbidea eta, Estatutuetan haren eskutan utzitako jarduerei dagokienez, zer lurralde zatitan gauzatzen diren, hantxeko zuzenbidea.
2. artikulua. Izendapena.
Lurralde Lankidetzarako Europako Elkartearen izena “Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea” da.
3. artikulua. Egoitzaren kokalekua.
Egoitza Hendaian egonen da (helbidea), Akitania Limousin Poitou-Charentesen (Frantzia). Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeko beste edozein lekutara alda daiteke, LLEEko kide guztiek aho batez horrela erabakitzen badute eta horren ondorioz hitzarmena eta estatutuak aldatzen badira.
4. artikulua. Lurraldea.
Bakoitzaren barne zuzenbidearen arabera kideek beren eskumenak zer lurraldetan erabiltzen dituzten, horixe izanen da LLEEren jarduera eremua.
5. artikulua. Xedea.
Euroeskualdearen ekonomia, gizartea eta kultura garatzen lagunduko duten lankidetza jarduerak gauzatzea da LLEEren berariazko xedea. Orobat, Euroeskualdea toki, eskualde eta nazio mailako erakundeetan eta Europakoetan zein nazioartekoetan ordezkatzea da beste xedeetako bat.
LLEEak kide direnen arteko eta haien aldeko mugaz gaindiko, nazio gaindiko eta eskualdeen arteko elkarlana erraztu eta sustatuko du; horri hemendik goiti «lurralde lankidetza» deituko zaio. Hori guztia Europar Batasunaren barnean lurralde horien ekonomia eta gizarte mailako kohesioa sustatzeko helburuarekin eginen da, betiere nazio mailako lurralde antolaketak errespetatuz.
LLEEak ordezkaritza bermatzen du, bere xedeaz den bezainbatean, hirugarren erakundeen aurrean (toki, eskualde, nazio, Europa edota nazioarte mailan).
6. artikulua. Eginkizunak.
6.1. Esparrua.
Kideek erabakitzen dituzten eginkizunak bakoitzak bere barne zuzenbidearen arabera dituen eskumenen esparruaren barnean egonen dira.
Esparru horretan, LLEEak behar diren ekintza guztiak egin ditzake, xede hori eta bere eginkizunak betetzeko.
LLEEak, nagusiki, Europar Batasunak ere lurralde lankidetzarako finantzaturiko programa edo proiektuak abiaraztea du eginkizun, bereziki, Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin, Europako Gizarte Funtsarekin eta Kohesio Funtsarekin zerikusia dutenak.
Lurralde lankidetzarako beste ekintza zehatz batzuk ere eraman ditzake aurrera, horien helburu berariazkoa ekonomia eta gizarte arloko kohesioa indartzea baldin bada, Europar Batasunaren finantziazioarekin edo hura gabe.
6.2. Eginkizunak eta jarduketa eremuak.
Hona hemen eginkizunak eta haien jarduketa eremuak:
A.–Mugaz gaindiko jarduerak gauzatzea ekonomia, gizarte eta ingurumen arloan, lurralde garapen jasankorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.
B.–Lurralde lankidetza ezartzea eta garatzea, lurralde garapen integratua sustatuko duten sare eta ekintzak finantzatuz, eremu hauetan:
–Berrikuntzan.
–Ingurumenean.
–Irisgarritasunean.
–Hiri garapen jasangarrian.
Batzuk aipatzearren, honako jarduera hauek ekartzen dira:
–Euroeskualdeko kideen arteko komunikazioak hobetzea, bereziki irisgarritasuna erraztuz eta, pertsonak eta salgaiak eramateko, ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatuz.
–Ikerketa eta berrikuntza jarduerak osatzea eta balioztatzea, lurralde osoan teknologia, ekonomia eta gizarte dinamika berri bat sor dadin, gobernamendu berri batekin batera.
–Lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko proiektuak abiaraztea, bereziki energia berriztagarrien eta basoak baloratzearen arloan.
–Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, herritarren erabateko garapena bermatuko duten metodoak eta bitartekoak partekatzea.
–Nekazaritzari, elikadurari eta osasunari lotutako gaiak elkarrekin tratatzea eta, ildo horretatik, kalitatearen, jatorriaren eta trazabilitatearen inguruko jarduerak bultzatzea eta lurraldeei balioa emanen dieten nekazaritza-praktika jasangarriak garatzea.
–Kulturan eta artean dinamika sendotzea eta, bereziki, euskara eta euskal kultura sustatzea, sorkuntza horren adierazpenetan integratutako dimentsio berri baten bitartez.
–Turismoko baliabideei elkarren artean balioa ematea, betiere, geografia- eta kultura-identitateak errespetatuko dituen garapen kontrolatuaren ikuspegiaren esparruan.
C.–Eskualde politikaren eraginkortasuna hobetzea, ondoko hauek sustaturik:
–Lurraldeen arteko lankidetza, ardatz harturik berrikuntza, ezagutzaren ekonomia, ingurumena eta arriskuei aurrea hartzea.
–Praktikarik hoberenrn identifikazioaren, transferentziaren eta hedapenaren inguruko esperientziak elkartrukatzea, horien artean direla hiri garapen jasangarriarekin loturik daudenak.
–Europar Batasunean garapenerako diren ardatzak aztertzearekin eta horiei buruzko datuak jasotzearekin nahiz behatzearekin zerikusia duten ekintzak.
D.–LLEEren eginkizunak gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak kudeatzea.
6.3. Bitartekoak.
LLEEak beharrezkoak iruditzen zaizkion bitartekoak eskuratzen ahalko ditu, bereziki honako hauek:
–Beharrezko azterlan edo zerbitzuak, bere kontura edo kideen kontura, bere helburuak lortzeko.
–Bere finantzabidea eta Europar Batasunaren eta/edo LLEEko kideen estatuen diru-laguntzak.
Estatutuetan ezartzen denaren arabera eskuordetu ahal izanen dira eginkizunak.
LLEEren eginkizunetatik kanpo gelditzen dira zuzenbide publikoak Estatuaren eskutan uzten dituen botereen erabilera eta Estatuaren edo bestelako agintaritza publikoen interes orokorrak babesteko eginkizunak, hala nola polizia eta araugintza arloko eskumenak, justizia eta kanpo politika.
7. artikulua. Iraupena eta desegitea.
LLEEa mugarik gabeko iraupena duela eratu da.
LLEEko kideek aho batez erabakita desegin ahal izanen da, Europar Batasuneko eta Frantziako legerian ezartzen diren baldintza eta moduetan.
8. artikulua. LLEEko kideak.
Hauek dira LLEEko kideak:
–Euskal Autonomia Erkidegoa.
–Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdea.
–Nafarroako Foru Komunitatea.
LLEEan kide berri bat onartzeko, estatutuak aldatu beharko dira.
9. artikulua. LLEEko organoak.
LLEEak organo hauek ditu:
–Batzarra.
–Lehendakaria.
–Batzorde betearazlea.
–Zuzendaria.
9.1. Batzarra.
LLEEko eztabaida organoa da eta 18 kide izanen ditu, Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak modu parekidean hautatuak. Lurralde bakoitzak 6 batzarkide titular hautatuko ditu eta, hala behar badu, 6 ordezko. Eskubide osoko eskumena du LLEEri buruzko gai guztietan. Hala ere, bere eskumen batzuk LLEEren beste organo batzuen esku uztea erabaki dezake.
Urtean bitan bilduko da, gutxienez, LLEEren politika orokorreko orientabideei, proiektuei eta ekintza-programei buruz eztabaidatzeko.
Batzarra behar bezala osatu ahal izateko, gutxienez 9 batzarkide izan beharko dira bertan; horietatik, 3k, gutxienez, LLEEa osatzen duten eskualdeetariko bakoitza ordezkatu beharko dute.
Lan batzordeak sortzeko erabakia hartzen du LLEEren eginkizuninei dagozkien esparruetan. Batzorde horiek ez dute erabakitzeko ahalmenik. LLEEtik kanpoko jendea bildu ahal izanen dute beren lanetara, lan horien helburuen arabera.
Batzarrak LLEEko kide bakoitzean dagoeneko eratuta dauden organo aholku-emaileen iritzia eskatu ahal izanen du erabakiak hartzeko eta horien jarraipena egiteko.
Batzarrak adostasuna bilatuko du eta, adostasunik ez bada, bertaratutakoen hiru bosteneko gehiengo kualifikatuz hartzen ditu erabakiak. Euroeskualdeko 3 kideetako ordezkariren baten aldeko botoa beharko da, orobat.
Batzarrak LLEEko lehendakariaren eta kontulari publikoaren urteko txostenari buruz eztabaidatu eta onetsiko du.
Batzarrak urtero ezarriko du LLEEko kide bakoitzak nahitaez egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa eta, hala badagokio, LLEEren hurrengo urteko aurrekontua onetsiko du.
Batzarkideek beste batzarkide baten esku utz dezakete beren botoa, gai-zerrendako gai guztiak edo zerrenda horretako gairen bat dela eta.
9.2. Lehendakaria.
Batzarrak hautatzen du lehendakaria.
Lehendakaritza LLEEko kide bakoitzak hartuko txandaka bi urtetik bi urtera, eta LLEEko eskualde kide bakoitzeko lehendakaritzan dagoen pertsona izanen da lehendakaria. Lehenengo lehendakaritza Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeari dagokio.
Lehendakaritzaren segidarako, ordena honi jarraituko zaio: Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdea, Nafarroako Foru Komunitatea, Euskal Autonomia Erkidegoa.
Lehendakariak Batzarrerako deialdia egiten du, eta bertan buru izaten. Gai-zerrenda ere berak finkatzen du.
LLEEa ordezkatzen du, eta haren izenean eta haren kontura aritzen. Batzarraren erabakiak betetzen ditu. Gastuak egitea eta diru-sarrerak ordaintzea agintzen du. Zuzendariaren esku utz dezake bere sinadura, Batzarrak horretarako baimena eman ondoren.
LLEEa ordezka dezake justiziaren aurrean Batzarrak aldez aurretik baimena emanda.
Batzorde Betearazleko burua da.
Batzorde Betearazleko kide batek ordezka dezake lehendakaria.
Bileretako eztabaidak moderatzen ditu, LLEEren urteko aurrekontua proposatzen dio Batzarrari, onets dezan, eta urteko txostena prestatzen eta aurkezten du.
9.3. Batzorde Betearazlea.
Batzarrak Batzorde Betearazlea hautatzen du bere baitan. Sei kide izanen ditu, kide bakoitzak modu parekatuan hautaturik, horietariko bat LLEEko lehendakaria.
Batzorde Betearazleak hautatuko du bere kideen artean nor izanen den bere jaurdueren koordinatzailea.
Batzorde Betearazlea urtean hirutan bilduko da gutxienez, eta Batzar bakoitzaren aurretik.
Gai-zerrenda proposatuko dio Batzarrari eta Batzarraren erabakiak egoki betetzen direla begiratuko du. Batzorde Betearazleak zuzendaria bil dezake bere lanetara.
Hala behar badu, kanpo-auditoretzarako erakunde independente bat izendatzen ahalko du, lehiaren arauak errespetatuta, estatutu hauen 12. artikuluan zehazten duen kontrolaren osagarri.
9.4. Zuzendaria.
Zuzendaria LLEEko lehendakariak izendatu eta kenduko du kargutik, Batzorde Betearazleak proposaturik.
Administrazio orokorra segurtatzen eta LLEEren jarduera zuzentzen du Batzarrak erabakitako orientabideen eta eginkizunen esparruan, eta lehendakariaren agindupean.
Lehendakariaren aginduak hartzen ditu, Batzarraren erabakiak aplikatzeko. Proposamenak egiteko ahalmena du eta Batzorde Betearazleak entzun diezaiola eska dezake.
Langileen zuzendaria eta arduraduna da. Beharrezko diren lanpostuen profilak proposatzen ditu, baina ez du eskumen esklusiborik. Batzorde Betearazleak du aginpide guztia alor horretan.
Zuzenean kontratatua izan bada, Frantziako zuzenbidearen arabera ken daiteke kargutik; aldiz, jatorrizko erkidego edo eskualdera itzul daiteke, LLEEren esanetara jarria edo bereizia bada.
10. artikulua. Aurrekontua eta kontabilitatea.
LLEEren kontabilitatea Frantziako kontabilitate publikoko arauetatik, Europar Batasuneko finantza-erregelamenduarenetik eta hori aplikatzeko testuetatik hartua da eta horien arabera kudeatuko da.
LLEEko kontulari publikoa Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeko prefetak izendatuko du, diruzain ordaintzaile orokorrak iritzia eman ondoren.
Urteko aurrekontuak bi atal izanen ditu, bata funtzionamendukoa eta bestea, hala behar badu, eragiketetakoa. Batzarrak onesten du, lehendakariak proposatuta. Lehen aurrekontua hiru hilabeteko epean onetsi beharko da, estatutu hauek argitaratzen edo erregistratzen direnetik hasita.
11. artikulua. LLEEren baliabideak.
Hona hemen aurrekontua finantzatuko dutenak:
1. Zati berdinetan, kideen nahitaezko ekarpenak funtzionamendu eta eragiketa ataletarako, Batzarrak erabakitzen dituen bezala. LLEEko kide bakoitza behartua dago dagokion gastua bere urteko aurrekontu arruntaren barnean sartzera.
2. Diru-laguntza publikoak.
3. Dohaintzak eta legatuak.
4. Maileguen emaitzak, halakorik bada.
5. Indarrean dagoen legeriak baimentzen duen beste edozein diru-sarrera.
12. artikulua. Funts publikoen kudeaketaren kontrola.
LLEEko kideak ahaleginduko dira LLEEren erabakiak eta ekintzak beren lurraldeetan abiaraztea erraztuko duten neurriak eta erabakiak hartzen.
Elkartearen aurrekontu eta finantza kontrol administratiboa Frantziako zuzenbidearen arabera eginen da. Eskualdeko kontuen ganberak kanpo-auditoretzako erakunde independente gisa hartzen du parte Elkartearen kontrolean.
Kontrol horretaz iruzkinik bada, kontrolaz arduratzen diren frantziar agintariek horren iruzkinen berri emanen diete espainiar agintariei, baita hauek eskatzen dituzten argibide guztiak eman ere. Espainiar agintariek, berriz, LLEEak Espainian egindako ekintzen gaineko kontrolak eginen dituzte, Espainiako legeriak hala eskatzen duenean.
Aipatu xedapenez landa, LLEEren eginkizunean Europar Batasunak ere finantzatutako jarduerak sartzen direnean, aplikatu beharko da Europar Batasunaren funtsen kontrolari buruzko legeria.
13. artikulua. Erabakitzeko prozedura.
Estatutu hauetan besterik aurreikusi ezean, adostasuna bilatuko da.
14. artikulua. Laneko hizkuntzak.
LLEEko laneko hizkuntzak gaztelania, euskara eta frantsesa dira.
15. artikulua. Funtzionatzeko moduak: LLEEko langileen kudeaketa / kontratatzeko prozedurak / kontratuen izaera.
Langileak kideek LLEEren esanetara jarriak edo bereiziak izan daitezke, edo, bestela, LLEEak berariaz kontratatuak.
LLEEko langileak izanen dira zuzendaria eta bere esanetara jarritako talde tekniko bat, LLEEak erabakitako lanak bideratzeko.
15.1. Langileen kudeaketa.
LLEEak zuzenean kontratatzen dituen langileen lan-kontratuen izaera Frantziako legeriatik etorriko da, bereziki, Funtzio Publikoaren Estatutu Orokorreko I eta II tituluetatik.
LLEEa deuseztatzeari edo likidatzeari lotutako kaleratzeak ere ez du eskubiderik emanen LLEEko kideen langilerian sartzeko.
LLEEren esanetara jarritako edo bereizitako langileak beren jatorrizko estatutuaren menpe egonen dira aurrerakinei, antzinatasunari, erretiroari, graduari lotutako eskubideei eta karrerari dagokienez.
15.2. Kontratatzeko prozedurak.
Lehendakariak kontratatzen ditu langileak, baita berak kentzen ere, hala behar badu, betiere zuzendariak proposaturik, Batzorde Betearazleak aldez aurretik onetsita, interesdunari entzutea eman ondoan, horrela eskatzen badu. Hautagaitzen deialdi publikoa eginen da LLEEak langileak kontratatzeko.
Haren esanetara egondako aldiaren amaiera zuzendariak proposatzen du eta lehendakariak ebazten. Haren esanetara egoteko aldira itzuli aurretik, langileak eska dezake Batzorde Betearazleak entzun diezaiola. Gizataldeetako batek bereizitako edota LLEEren esanetara jarritako langileak mailaz gora egitea jatorrizko gizataldearen mende egonen da.
Lizentziei dagokienez, zuzendariak proposatuko ditu eta lehendakariak erabakiko.
16. artikulua. LLEEren eta bertako kideen erantzukizuna.
LLEEa erantzule bakarra da bere zorrei, bere izenean diren kontratu bidezko konpromisoei eta bere organoen jarduerei dagokienez.
LLEEren baliabideak aski ez badira konpromisoak betetzeko edo era guztietako zorrei aurre egiteko, LLEEren iraungipenaren egunera arte hartutako guztiak barne, diru-ekarpenen banaketaren arabera banatuko dira zorrak.
LLEEa deseginez gero, kideak bihurtuko dira egindako jardueren ondoriozko betebeharren erantzule.
17. artikulua. Elkarrekiko aitorpena.
LLEEko kideek neurriak hartuko dituzte LLEEren erabakiak eta ekintzak beren lurraldeetan abiaraztea errazteko.
Diruaren kontrola Frantziako agintari eskudunek eginen dute, eta Europako legeria aplikatuko da Batasuneko funtsen erabilera kontrolatzeko.
Nolanahi ere, Europar Batasunaren barnean kontu honi loturiko estatuek erraztuko dute kontrol hori.
18. artikulua. Estatutuen aldaketa.
Estatutuak aldatzeko proposamena lehendakariari edo Batzarrari dagokio beti, eta botoen 3/5en gehiengoa behar da horretarako, betiere Euroeskualdeko 3 kideetako ordezkariren baten aldeko botoa baldin badu. Proposamena idatziz aurkeztu behar da, eta horretarako arrazoiak agertu.
Lehendakariak egin behar du horretarako deialdi berezia. Gai-zerrendarekin batera, aldaketaren proposamenaren testua ere aurkeztuko da.
Batzarrak eztabaida eginen du, eta erabakia hartzeko bertaratutakoen 3/5en gehiengoa beharko da, betiere Euroeskualdeko 3 kideetako ordezkariren baten aldeko botoa baldin badu.
Estatutuen aldaketa funtsezkoak egiteko, LLEEko kideek eta estatu kideek onetsi beharko dituzte, Europar Batasuneko legerian definitutako proposamenari jarraikiz.
Prozedura hau berdin-berdin aplikatuko zaie hitzarmenaren aldaketei.
19. artikulua. Likidazioa.
Europar Batasuneko legeria aplikaturik, LLEEa likidatzean, Frantziako zuzenbideari jarraituko zaio. Nagusiki, Lurraldeko Gizataldeei buruzko Kode Orokorraren L. 5222-25-1 eta 5211-26 artikuluetan zehazten dira horretarako baldintzak.
20. artikulua. Kaudimengabezia eta ordainketak etetea.
Europar Batasuneko legeria aplikatuz, Frantziako legeriari jarraituko zaio LLEEa kaudimenik gabe gelditzen bada, ordainketak eteten baditu edo antzeko beste edozein prozedura eramaten badu.
Estatu kideen diru arloko erantzukizuna deusetan ukatu gabe, bitarteko erakundea den aldetik LLEEren eskutan jarritako egitura funtsak eta kohesio funtsak finantzatu behar izanez gero, kideen diru erantzukizuna osoa izanen da.
LLEEren baliabideak ez badira aski bere konpromisoei aurre egiteko, kide bakoitzaren diru ekarpenaren heinean banatuko dira zorrak, edozein dela haien izaera.
21. artikulua. Jurisdikzio eskumena.
LLEEren jardueraren esparruan edozein motatako desadostasunik sortuz gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) erregelamenduaren 15. artikulua aplikatuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 Erregelamenduak (EB) talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeaz den bezainbatean emandako idazkeran.
22. artikulua. Barne erregelamendua.
Barne erregelamendua Batzorde Betearazleak prestatuko du, eta gero Batzarrak onetsiko.
Erregelamendu horretan LLEEren funtzionamenduari buruzko baldintzak finkatuko dira, estatutuetan aurreikusten ez duen orotan.
Nola onetsi zen, horrelaxe aldatzen ahalko da.
23. artikulua. Indarra hartzea.
Estatutu hauek sinatzen diren egunean hartuko dute indarra.
LLEEeko kideek hitzarmenaren eta estatutuen erregistro eta argitalpenaren berri emanen diete dagokien Estatu kideei eta Eskualdeen Lantaldeari.
Iragarkiaren kodea: F1604805
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
