Iragarkia
87. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
20E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, enpresa eta profesionalei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2016an arte eszenikoen eta musikaren arloko ekoizpenen birak antolatu, eta azoka, jaialdi eta/edo ekitaldi profesionaletan parte hartzeko.
Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan proposatu, enpresa eta profesionalei, 2016an arte eszenikoen eta musikaren arloko ekoizpenen birak antolatu, eta azoka, jaialdi eta/edo ekitaldi profesionaletan parte hartzeko, diru-laguntzak emateko deialdia eta horren oinarri arautzaileak onestea, 55.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik aipatu gastua baimentzeko bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita legez ezarritako betebeharrak ere; bestetik, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna jasotzen da.
Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Diru-laguntzaren deialdia onestea: enpresa eta profesionalentzako diru-laguntzak, 2016an arte eszenikoen eta musikaren arloko ekoizpenen birak antolatu, eta azoka, jaialdi eta/edo ekitaldi profesionaletan parte hartzeko.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | RCSA KOD. | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A20002-A2510-4709-334100: enpresa eta profesionalentzako laguntzak, arte eszenikoen arloko ekoizpenetarako, biretarako eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko | 2016 | 55.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2016ko apirilaren 19an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.
ERANSKINA
Enpresa eta profesionalentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, 2016an arte eszenikoen eta musikaren arloko ekoizpenen birak antolatu, eta azoka, jaialdi eta/edo ekitaldi profesionaletan parte hartzeko
1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko enpresek eta profesionalek (arte eszenikoen eta musikaren arloko konpainia profesionalak eta banaketa enpresak) ekoitzitako arte eszenikoen eta musikaren arloko ikuskizunen birak antolatzeko eta azoka, merkatu, jaialdi eta beste ekitaldi profesionaletan parte hartzeko laguntzak arautzea, Nafarroako enpresa artistikoei laguntzeko eta haien proiekzioa sustatzeko, Foru Komunitate barruan nahiz kanpoan.
Bira hau dela ulertzen da: arte eszenikoen eta musikaren arloko ikuskizunen mugikortasunerako proiektu bat, koherentea garapenean eta denboretan Foru Komunitate barruan eta/edo kanpoan. Biran gehienez ere bi ikuskizun sartuko dira enpresa eta/edo profesional bakoitzeko, eta gutxienez ere 5 emanaldi.
1.2. Enpresa edo profesional bakoitzak bira proiektu bakarra aurkezten ahalko du, eta gehienez ere 3 parte-hartze azoka, merkatu, ekitaldi edo jaialdietan. Ikuskizunen banaketarako enpresa edo konpainia profesionalek Nafarroako konpainiekin egiten dituzte bira proiektuak baizik ez dituzte aurkeztuko.
Deialdi honen xede diren bira, azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionalak 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egindakoak izanen dira.
2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.
2.2. Honelakoren bat izatea: pertsona fisikoak, ondasun komunitateak, nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, merkataritza sozietateak, edo merkataritza sozietateen formarik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak.
2.3. Deialdi honetatik kanpo daude elkarteak, fundazioak, toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak, fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada, bai eta Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuetan kontu-sail izenduna duten entitateak ere.
2.4. Forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera eta auzotasuna edo helbidea Nafarroako Foru Komunitatean behar dute izan, gutxienez 2015eko urtarrilaren 1etik.
3. Deialdiaren zenbatekoa.
3.1. Deialdiaren diru-kopurua 55.000 eurokoa da; horietatik 45.000 euro biretarako laguntzetan erabiliko dira, eta 10.000 euro azoka, merkatu, jaialdi eta beste ekitaldi profesional batzuetan parte hartzeari laguntzeko.
3.2. Bira bakoitzeko diru-laguntza ez da izanen 7.000 eurotik gorakoa, eta azoka/merkatu/jaialdi/ekitaldi profesional bakoitzekoa ez da 1.000 eurotik gorakoa izanen. Eskatzaile bakoitzak gehienez ere 10.000 euroko laguntza jasotzen ahalko du.
3.3. Bira bakoitzeko eta azoka, merkatu, jaialdi edo ekitaldi profesionaletan izandako parte-hartze bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.
3.4. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.
3.5. Aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, 8.4. puntuan ezarritakoari jarraikiz onartu diren baina diru-laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei ere ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Emandako dirua handitzen ahalko da soilik justifikatzeko epea amaitu aurretik gertatzen bada.
3.6. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.
3.7. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatzen ahalko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.
Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.
Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.
3.8. Aurrekontuko diru-kopuruak deialdi honek ezarritako epeetan ahitzen badira, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak itxitzat emanen du eskabideak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako, Nafarroako Gobernuaren web orrian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4. Eskaeren aurkezpena eta eskatutako agiriak.
4.1. Laguntza eskabideak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.
4.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.
4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:
a.1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen kopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia. Jarduera profesionalean 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik ari dela frogatzen duen agiria.
a.2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskalaren kodearena.
a.3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eraketa eskrituraren kopia; Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren estatutuena eta identifikazio fiskalaren kodearena.
b) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskineko ereduaren araberakoa.
c) Aurrekontu zehaztua. Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean bete beharko dira.
Agertokiaren, jaialdiaren edo edozein erakunde publiko nahiz pribaturen finantzaketa jasotzen duten gastuen zerrenda zehaztua ere erantsiko da.
4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko a.1, a.2 eta a.3 ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.
4.5. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/servicios.
4.6. Deialdi honetan eskabideak aurkezteko bi epe izanen dira:
–Lehen epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da eta 2016ko ekainaren 15ean bukatuko (hura barne).
–Baldin eta kreditu erabilgarria badago, bigarren epea ekainaren 16an hasiko da eta 2016ko urriaren 1ean bukatuko (hura barne).
Bi epeetan onartuko diren proiektuek 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era bitarte egindako jardueren gainekoak izan beharko dute.
4.7. Aipatutako epeetako bakoitzerako, diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.
4.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.
5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
5.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jasotzen ahalko duten gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Ondorio horietarako, hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:
a) Birak egitea:
konpainiako kideen ostatu gastuak, dietak eta bidaia gastuak, bai eta emanaldirako beharrezkoak diren eszenografia, atrezzoa, jantziak eta/edo elementu teknikoak garraiatzea ere, gehienez ere kopuru hauek:
–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatutako gastuak.
–Bidaiak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostu, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere klase turistako txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.
–Eszenografia, atrezzoa eta abar garraiatzea: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostu, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua.
Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.
b) Jaialdi eta azoketan parte hartzea:
konpainiako kideen ostatu gastuak, dietak eta bidai gastuak, bai eta emanaldirako beharrezkoak diren eszenografia, atrezzoa, jantziak eta/edo elementu teknikoak garraiatzea eta izena emateko eta erakustokia alokatu eta egokitzeko gastuak ere, gehienez ere kopuru hauek:
–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatutako gastuak.
–Bidaiak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostu, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere klase turistako txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.
–Eszenografia, atrezzoa eta abar garraiatzea: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko eta aparkalekuetako gastuak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostu, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua.
Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.
–Akreditazio gastuak, azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.
5.2. Ez da diru-laguntzan sartuko balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.
6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:
a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien edo Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.
b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.
c) Batzordeko kideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta bera falta denean, Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat eta kultura eta/edo ekonomia kontuetan adituak diren beste bi pertsona.
Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
7. Balorazio eta esleipen prozesua.
Deialdiaren bi epeetako bakoitzean balorazio eta esleipen prozesua eginen da prozedura honen arabera:
1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.
2. fasea.–Onartutako proiektuak jasoko dituzte ebaluazio batzordeko kideek, balorazioa egiteko. Balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.
3. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 8. atalean aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarriko 2., 3. eta 4. ataletan ezarritakoari jarraikiz.
4. fasea.–Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.
Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.
8. Proiektuen balorazioa.
Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:
8.1. Birak: 100 puntu.
8.1.1 Biraren kalitate artistikoa eta interesa (65 puntu arte).
–Emanaldi kopurua (40 puntu arte).
- 6 emanalditik gora, 2 puntu emanaldi bakoitzeko, 40 puntu arte.
–Herri kopurua: (20 puntu arte).
- Nafarroan puntu bat herri bakoitzeko.
- Espainian 2 puntu herri bakoitzeko.
- Espainiatik kanpo 5 puntu herri bakoitzeko.
–Biraren xede den muntaiak lortutako sariak (zuzendaria, egilea, muntaia...) (5 puntu arte): puntu bat sari bakoitzeko.
8.1.2 Konpainiaren ibilbidea (15 puntu arte).
–Jarduera: puntu bat azken 5 urteetan ekoitzitako muntai garrantzitsu bakoitzeko (5 puntu arte).
–Ibilbidea: bi puntu gehienez ere erakundeak jarduera antolatzen emandako urte kopuru osoei.
- 5 urte baino gehiago: 2 puntu.
- 1etik 5 urtera bitarte: puntu bat.
–Nafarroako Gobernuak enpresa eta profesionalei arte eszenikoen arloko ekoizpenetarako ematen dituen laguntzetan azken 5 urteetan diruz lagundutako ikuskizuna (8 puntu arte).
- 2 puntu, eskatzaileak muntai eszeniko bat ekoizteko jasotako diru-laguntza bakoitzeko.
- Puntu bat, onartu eta diru-laguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian dirurik ez egoteagatik).
8.1.3 Biraren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu arte).
–Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea.
- %60 arte: 15 puntu.
- %60tik %65 arte: 10 puntu.
- %65tik %70 arte: 5 puntu.
8.1.4 Nafarroako ondarearen zabalkundea, euskararen erabilera eta gaur eguneko sortzaile nafarren sustapena (5 puntu).
–Nafarroako ondarearen zabalkundea (hildako egileak, gertaera nabarmenak, folklorea), gehienez ere 2 puntu.
–Sortzaile nafarrak/zuzendaria/koreografoa, gehienez ere 2 puntu.
–Euskararen erabilera, puntu bat.
8.2. Azoka, merkatu, jaialdi eta beste ekitaldi profesionaletan parte hartzea (100 puntu).
8.2.1 Proiektuaren kalitatea eta interesa: 65 puntu.
a) Azokaren esparrua (5 puntu gehienez).
–Tokiko azoka/erregio mailakoa: puntu bat.
–Estatukoa: 3 puntu.
–Nazioartekoa: 5 puntu.
b) Parte-hartze mota (10 puntu gehienez).
–Azoka/ekitaldi/merkatuetara joatea: 2 puntu.
–Azoka/ekitaldi/merkatuetara joatea erakustoki partekatuarekin: 6 puntu.
–Azoka/ekitaldi/merkatuetara joatea banako erakustokiarekin: 10 puntu.
c) Agertokiko emanaldia (gehienez ere 10 puntu). Kasu horretan, informazio-txostena erantsi beharko da, hauek adierazita: lanaren izena, konpainia, arlo artistikoa, lanaren fitxa artistikoa eta teknikoa.
–10 puntu emanaldi osoa baldin bada.
–5 puntu emanaldi partziala baldin bada (gutxienez ordu erdikoa).
d) Konpainiaren aurkezpena (15 puntu arte).
–5 puntu emanaldi bakoitzeko (15 puntu arte).
e) Emandako elkarrizketak (10 puntu arte).
–2 puntu elkarrizketa bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez.
f) Mahai-inguruetan, foroetan, lantaldeetan eta abarretan parte hartzea (10 puntu arte).
–5 puntu jarduera bakoitzeko.
g) Parte hartzen duten konpainiako kideen % (5 puntu arte).
–Konpainia osoa baldin badoa: 5 puntu.
–Konpainiako kide guztiak baino gutxiago baldin badoaz: 2 puntu.
8.2.2 Konpainiaren ibilbidea (15 puntu arte).
–Jarduera: puntu bat azken 5 urteetan ekoitzitako muntai garrantzitsu bakoitzeko (5 puntu arte).
–Ibilbidea: bi puntu gehienez ere erakundeak jarduera antolatzen emandako urte kopuru osoei.
- 5 urte baino gehiago: 2 puntu.
- 1etik 5 urtera bitarte: puntu bat.
–Nafarroako Gobernuak enpresa eta profesionalei arte eszenikoen arloko ekoizpenetarako ematen dituen laguntzetan azken 5 urteetan diruz lagundutako ikuskizuna (8 puntu arte).
- 2 puntu, eskatzaileak muntai eszeniko bat ekoizteko jasotako diru-laguntza bakoitzeko.
- Puntu bat, onartu eta diru-laguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian dirurik ez egoteagatik).
8.2.3 Azoka/merkatu/ekitaldian parte hartzeko proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu).
–Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea.
- %60 arte: 15 puntu.
- %60tik %65 arte: 10 puntu.
- %65tik %70 arte: 5 puntu.
8.2.4 Nafarroako ondarearen zabalkundea, euskararen erabilera eta gaur eguneko sortzaile nafarren sustapena (5 puntu).
–Nafarroako ondarearen zabalkundea (hildako egileak, gertaera nabarmenak folklorea), gehienez ere 2 puntu.
–Sortzaile nafarrak/zuzendaria/koreografoa, gehienez ere 2 puntu.
–Euskararen erabilera, puntu bat.
8.3. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.
8.4. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.
Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.
8.5. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.
9. Diru-laguntza emateko ebazpena.
9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko deialdi honetan aurreikusitako epe bakoitza bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
9.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios).
Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).
9.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
9.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.
10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.
10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen den proiektuak interes soziala du foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere, onuradunak baldintza hauek betetzen baditu:
Helbide fiskala Nafarroan izatea, jarduera artistikoak ohikotasunez garatzea eta aurre-aurreko zergaldian negozio zifraren zenbateko garbia 200.000 eurokoa baino handiagoa ez izatea.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeari jarraikiz, jarduera artistikotzat hartuko dira ondoko hauek:
–Bigarren sekzioan sartutakoak (jarduera profesionalak), 86 multzoa, 861 eta 862 taldeak.
–Hirugarren sekzioan sartutakoak (jarduera artistikoak), 01, 02 eta 03 multzoak.
Pertsona fisiko batzuek batera aurkezten badute diru-laguntza eskaera, horiek guztiek bete beharko dituzte aipatu baldintzak.
10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Eta zehazki, diruz laguntzen diren proiektuei dagokienez, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:
–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 13 oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.
–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.
–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.
11. Onuradunen betebeharrak.
11.1. Onuradunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.
Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
11.2. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.
11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.
11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.
11.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.
11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa edo diru-laguntza deskribatzen duen testu bat ezarri. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Argitalpen Atalean kontsultatu daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.
11.7. Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (eskuorriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.
11.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.
11.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
11.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.
11.11. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
11.12. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-ean eta beste baliabide batzuetan zabal dadin.
11.13. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.
12. Ordainketa.
Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:
12.1. Oro har.
Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %25, %50, %75 eta %100 betetakoan, hurrenez hurren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan:
a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta, kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.
c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko hori edo txikiagoa duten gastuen kasuan, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez frogatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.
Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
d) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.
Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean. Frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 31n bukatuko da.
Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
12.2. Konturako ordainketa.
Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:
a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta egin diren eta ordaindu gabe dauden gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki emana, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.
b) Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien (egindakoak, ordaintzeko daudenak) faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira.
c) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.
Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
12.3. Aurrerakina.
Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %25 aurreratuta, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, eta zerrenda bat, diru-laguntzaren xedearekin zerikusia duten gastuak, ordaintzeko daudenak, eta jasotzeko edo kobratzeko dauzkan diru-sarrerak jasotzen dituena).
13. Justifikatzeko epea eta modua.
13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako onuradunek ondotik aipatzen diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua amaitu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2016ko abenduaren 31 (data hori barne) izanen da. Laguntza ematea onartzen den unean diru-laguntzaren xede den bira bukatua dutenek edo azoka/merkatu/ekitaldi profesionalera joan direnek, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa. Dokumentazio hau paperean eta formatu digitalean aurkeztuko da:
a) Proiektuaren azken txostena eta proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena.
b) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.
c) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Faktura horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.
d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko hori edo txikiagoa duten gastuen kasuan, berriz, fakturen fotokopien bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez frogatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.
Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
e) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta, kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.
13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.
13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek proiektuko gastuaren zenbateko osoa jaso beharko dute.
13.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.
14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.
14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
14.2. Nafarroako 2016ko aurrekontu orokorretan kontu-sail izenduna duten arte entitateek ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu arte eszenikoen eta musikaren arloko jarduerak garatzeko.
15. Dirua itzultzea.
Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.
16. Arau-hausteak eta zehapenak.
16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
17. Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.
18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1604858
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
