87. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 18koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako diru-laguntzen deialdia onesten duena.

1985. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultur sektore horretako araudiaren eta diru-laguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diru-laguntzen xedeko arloak instalazio horien funtzionamendua edo haien jarduerak izan dira, aldian aldikoa. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztutako txostenean proposatu du museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako diru-laguntzen deialdia onestea, horretarako 15.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2016. urtean museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako diru-laguntzak emateko deialdi publikoa eta eransten diren oinarri arautzaileak onestea.

2. Diru-laguntza horiek emateko, guztira, 15.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-4816-333100 kontu-sailaren kargura.

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-4816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak

2016

15.000,00

3. Foru agindu hau eta deialdiaren oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 18an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

2016. URTEAN NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN ZABALKUNDE JARDUERA ETA JARDUKETETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDI PUBLIKOA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea 2016. urtean zabalkunde jarduera eta jarduketak egiteko Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan.

2.–Aurrekontua.

Deialdi honetara 15.000 euro bideratuko dira, 2016ko Nafarroak Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-4816-333100 kontu-sailaren kargura.

Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako laguntzen deialdia ebatzi ondoren diru erabilgarririk gelditzen bada, deialdi honetako kontu-saila handitzeko erabiliko da.

3.–Laguntzen helburua.

Diru-laguntza hauen helburua honako arlo hauek hobetzeko jarduerak egitea da:

–Bildumaren zabalkundea hobetzea.

–Aldi baterako erakusketak egitea.

–Eginkizun kulturala, hezitzailea eta ludikoa sustatzea.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu diru-laguntzen deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio diru-laguntza, hain zuzen, 11.1 eta 11.2 puntuetako irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio gehien lortzen duenari, proiektuen arteko lehentasun-hurrenkerari jarraikiz. Onuradun berari beste proiektu baterako diru-laguntza emanen zaio, bakar-bakarrik, diru-laguntzak banatzeko lehenengo fasea itxi ondoren aurrekontuan diru erabilgarririk gelditzen bada.

Bi museok edo bilduma museografiko iraunkorrek edo gehiagok jardueraren bat elkarrekin egiten badute, eskabide bakarra aurkeztuko da, eta, kasu horretan, museo edo bilduma museografiko guztien titularrek bete beharko dituzte 4. puntuan onuradun izateko adierazten diren betebeharrak. Nolanahi ere, elkarteari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkari bakar bat izendatu beharko dute. 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

Eskabidean elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak adierazi beharko dira berariaz, baita haietako bakoitzari aplikatuko zaion diru-laguntzaren zenbatekoa ere.

Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina, betiere, 2016. urtean egin eta bukatu beharko dira.

4.–Diru-laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Proiektuak 11.2 puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuta lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da laguntza, baina onartzen den aurrekontuaren %70 gainditu gabe, ez eta 3.000 euroko zenbatekoa ere.

Laguntzak horrela banatuz baimenduta dagoen aurrekontu guztia agortzen ez bada, laguntzak handitzen ahalko dira gerakina berdinbanatuz edo banaketa portzentuala eginez, baina bakoitzari onartutako aurrekontuaren %70 gainditu gabe, betiere.

5.–Onuradunak.

Diru-laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Musoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzapeko museoak.

–2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jarduerak egiteko kontu-sail izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

6.–Betebeharrak.

Eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Laguntza publikoen onuradunentzat Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa betetzea.

–Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziarekin, Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

7.–Dokumentazioa.

Eskatzaileek 1. eranskinean agertzen den eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatua, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen IFZ (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkaritzaren egiaztagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza egiaztatu beharrik.

Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Laguntzaren xedeko proiektuaren deskribapen zehatza (proiektu mota eta edukia, zentroaren jarduketa-ildoekin nola egokitzen den, parte-hartzaileen ibilbide profesionala, etab.), aurrekontu zehatza eta finantzaketa-plana.

Proiektuan jasota baldin badago, honako alderdi hauek adieraziko dira:

  • Bisitari gehiago erakartzeko bideak.
  • Proiektuak edo jarduerak beste museo edo kultur erakunde batzuekin dituen lotura bideak.
  • Proiektuak edo jarduerak eskaintzen dituen berritasunak, museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ibilbidearekin alderatuta.
  • Gaztelaniaz aparteko beste hizkuntza batzuen erabilera.

Bi erakundek edo gehiagok aurkeztutako lankidetza proiektuen kasuan, proiektuaren aurrekontu osoa zehaztuko da, bai eta erakunde bakoitzarena ere.

–Proiektua aurrera eramateko beharrezkoa den laguntzaile bakoitzaren adostasun agiria, adibidez, hizlariena, artistena, erakundeena, etab.

Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2016. urteari dagozkionak.

Memoriak atal hauek bildu beharko ditu, baloratuko baitira:

  • Erakundearen jarduera: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.
  • Egindako hobekuntzak: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.
  • Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.
  • 2015ean izandako bisitari kopurua, guztira.
  • Hizkuntzak: seinaleztapen eta errotulazioan, bisita gidatuetan, zabalkunde euskarrietan, webgunean eta erabiltzaileentzako arretan, gaztelaniaz gainera, erabiltzen diren bestelako hizkuntzak.

–2016. urterako jardueren plana, zenbat ordu irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den adierazita.

–2016ko gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten kontu-sailen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak jardueretarako dituen laguntza edo diru-laguntzen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza-eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza-eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

1. eranskina sinatua aurkeztuz gero, Museoen Zerbitzuari berariazko baimena ematen zaio Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuaren bidez eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko agiriak, hain zuzen, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziakoa, Nafarroako Zerga Ogasunekoa eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzakoa.

8.–Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta igandeak barne), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Eskaerak aurkezteko tokia.

Presentziala.

–Eskabidea eta dokumentazioa Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkez daitezke (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan.

Telematikoa.

–Ziurtagiri digitala duten eskatzaileek telematika bidez aurkez dezakete eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Atariaren tramiteen katalogoan agertzen den fitxaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Erabiltzaileari arreta emateko Nafarroako Gobernuaren 012 telefonoan eskaerak telematika bidez aurkezten lagunduko dizute.

Eskaera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuari igorriko zaio, honako hau adierazita: “Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako diru-laguntzen 2016ko deialdia”.

10.–Tramitazio faseak.

10.1. Akatsak konpontzea eta aurretiko balorazioa.

Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuak tramitatuko ditu.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuko teknikariek aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa eginen dute.

Diru-laguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Zerbitzuak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea (larunbatak eta jaiegunak barne) emanen dio, akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak epearen barrenean aurkezten ez badu dokumentazioa, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskatzaileak eskabidean (I. eranskina) adierazten duen helbide elektronikora.

10.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

Batzordeko burua:

–Susana Irigaray Soto andrea, Museoen Zerbitzuko zuzendaria. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Juana María Marco Goñi andrea, museoetako goi mailako teknikaria, Museoen Zerbitzukoa. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho jauna, museoetako goi mailako teknikaria, Karlismoaren Museokoa.

Batzordekideak:

–Pilar Cabodevilla Górriz andrea, museoetako goi mailako teknikaria, Museoen Zerbitzukoa. Ordezkoa, Carmen Valdés Sagüés andrea, museoetako goi mailako teknikaria, Nafarroako Museokoa.

–Mikel Zuza jauna, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa: Koldo Sebastián jauna, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzordeak 11.2 puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko ditu eskaerak, eta, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita gehienez hamabost egun naturaleko epearen barrenean, laguntzak emateko proposamena igorriko dio Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiari.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Lehen fasean, batzordeak Museoen Sistemaren barruan dauden museoen titularrek aurkeztutako proiektuak baloratuko ditu.

Bigarren fasean, diru erabilgarririk baldin badago, batzordeak Nafarroako Museoen Sistemaren barruan ez dauden museoek eta bilduma museografiko iraunkorrek aurkeztutako proiektuak baloratuko ditu.

11.2. Onartzen diren zabalkunde jarduera eta jarduketak egiteko gastuetarako eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 15 puntu), honen arabera: museoa, 15 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 10 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta nola egokitzen zaien museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ezaugarriei, horien helburuei eta jarduketa-lerroei (gehienez 40 puntu).

–Proiektu edo jarduera mota: gehienez 15 puntu (bildumaren hobekuntza, aldi baterako erakusketa, eginkizun ludikoa, kulturala edo hezitzailea bultzatzea).

–Bisitari gehiago erakartzea: gehienez 10 puntu.

–Proiektuak edo jarduerak beste museo edo kultur erakunde batzuekin dituen lotura bideak: gehienez 5 puntu.

–Proiektuak edo jarduerak eskaintzen dituen berritasunak, museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ibilbidearekin alderatuta: gehienez 5 puntu.

–Gaztelaniaz aparteko beste hizkuntza batzuen erabilera: 5 puntu.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak azkeneko urtean kultura arloan egindako bidea (gehienez 30 puntu), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 10 puntu. Honako hauek baloratuko dira: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Erakundean egindako hobekuntzak: 10 puntu. Erakundeak egindako hobekuntzak ebaluatuko dira: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.

–Jendearentzako ordutegia: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisitari kopurua: gehienez 5 puntu.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 15 puntu), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 11.2.b) puntuaren balorazioan puntuazioaren %50era (20 puntu) iristen ez diren eskaerek (puntu horretan honako hau baloratzen da: proiektuaren kalitatea eta nola egokitzen zaien museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ezaugarriei, horien helburuei eta jarduketa-lerroei).

12.–Ebazpena.

Laguntzen kontzesioa Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

13.–Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2016ko abenduaren 10a baino lehen:

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak eta proiektuak edo jarduerak eragindako gastuenak.

–Diruz lagunduriko proiektuaren edo jardueraren memoria.

14.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epea.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–Proiektuak edo jarduerak eragindako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda, bakoitzaren fakturak edo banku-agiriak erantsita.

–Frogagiriak 2016an datatuak izan beharko dira, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (abenduaren 10era arte). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako diru-laguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

–Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela egiaztatzeko agiriak.

Zeharkako zergak ez dira diru-laguntzaren xede izanen, eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak diru-laguntzaren indarraldiaren barrenean eginak izan beharko direla (2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 10era arte). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

Aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Proiektuko gastu guztiak justifikatu beharko dira. Laguntzaren portzentajea behar bezala justifikatutako gastu osoari aplikatuko zaio, kontzesioan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

Proiektuaren edo jardueraren memoria eta frogagiriak aurkezteko epea 2016ko abenduaren 10ean bukatuko da. Onuradunak epe horretan aurkezten ez baditu frogagiriak, kontzesioa indarrik gabe utziko da.

15.–Kultur mezenasgoa: diruz lagunduriko jardueren interes soziala.

Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerak interes sozialekotzat joko dira eta maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako zerga pizgarriak aplikatuko zaizkie, horren bidez arautu baitziren kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak Nafarroako Foru Komunitatean.

Lege horren 5.1. b) artikuluaren arabera, onuraduna toki entitate bat baldin bada, interes sozialekotzat jotzeko, ez da beharturik egonen diruz lagunduriko proiektuaren edo jardueraren berri ematera, ondotik ezartzen dena galarazi gabe.

Onuradunak, toki entitatea izan ala ez, kultur mezenasgoari buruzko Foru Legean ezarritako zerga pizgarriak aplikatu ahal izateko, betebehar hauek bete beharko ditu:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea memoria batean, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Ziurtagiriak luzatzeari eta Nafarroako Zerga Ogasunari informazioa bildaltzeari buruz ezarritako betebeharrak betetzea, hots, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren Erregelamenduaren 22.2 artikuluan ezarrita daudenak (erregelamendu hori Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

16.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Laguntza hau emateko oinarri izan den helburua betetzea, diru-laguntza ematean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibide teknikoekin bat etorriz.

–Eskumena duten kontrol organoek (nazionalek zein Europar Batasunekoek) finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari justifikazioa egiten duen egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Aldaketa horiek egiteko erakunde horren adostasuna beharko da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea erakundearen jarduera hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan. Nafarroako Museoen Sistemaren barrenean dauden museoek beren logotipoa ere erabili beharko dute.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (4. eranskina) hilabeteko epean aurkeztea, diru-laguntza ematen dela jakinarazten denetik.

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta jardueraren edo proiektuaren memoria ezarritako epean aurkeztea.

17.–Baldintzak ez betetzea.

16. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako diru-laguntza ez da ordainduko.

18.–Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoek gainditzen ez badute diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den diru-zenbatekoa eta beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko diru-laguntzari muga bat ezarriko zaio jarduerak superabitik izan ez dezan.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

1. ERANSKINA

Eskabidea.

2. ERsANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena.

3. ERANSKINA

2016ko aurrekontua.

4. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604895