87. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 22koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2016an Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzen deialdia onesten duena.

Erreferentzia: Espediente kodea: 0011-1183-2016-000000.

Unitate kudeatzailea: Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentua.

Komunikazio Zerbitzua.

Komunikazio Atala.

Tel.: 848 427700. Faxa: 948 227673.

Helbidea: Karlos III.aren etorbidea, 2-2.a, 31002 Iruña.

Helbide elektronikoa: comunicacion@navarra.es.

Espedientea:

Espediente mota: Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak 2016. urtean.

Aplikazio arauak: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bultzatuta sortu ziren ikus-entzunezkoen produkziorako laguntzak Nafarroan; desagertua den erakunde horrek 2005eko txostenean alerta eman zuen Nafarroako telebisten beraien produkzio beherakada orokorrari buruz, eta gomendioa egin zuen diru-laguntza bidez bultzatzeko eskualdeko eta tokian tokiko programa interesgarrien produkzioa.

Geroztik, urtero tramitatu dira laguntza horiek, bai TDT lizentzia duten telebista jakin batzuetarako, bai norgehiagokako deialdiaren bitartez, eta azken urteotan, berriz ere Parlamentuak eskatuta, baimena eman zaie laguntza horien onura eskuratzeko Foru Komunitatean errotuta egon eta ikus-entzunezkoak ekoizten dituzten enpresei.

Nafarroako Gobernu berriak kontsulta egin dio ikus-entzunezkoen sektoreari (telebista eta enpresa ekoizleak) 2016ko laguntzen bere politikari buruz. Horretarako, otsailaren 9tik 19ra bitarte, parte-hartze publikoaren esku utzi du laguntzen deialdi hori, Gobernu Irekiaren atarian argitaratuta, eta bere egin ditu telebistek, ekoizleek, alderdi politikoek, sindikatuek edo komunikabideek prozesu horretan egin dituzten 26 ekarpenetatik 24.

Azken bi urteotan operadore berriak, erkidegokoak zein tokian tokikoak, merkatuan sartu direla ikusita burutu da prozesu hori; orobat, enpresa ekoizleak deialdiaren zuzeneko onuradun izateko duten beharra ikusita (gaur arte, gutxieneko bat baino ez zaie bermatu azpikontratazioan telebistei, horiexek bakarrik eskura bai zitzaketen laguntzak zuzenean); eta Nafarroako Gobernuaren borondate politikoa ikusita, deialdiak hobekiago berma ditzan aniztasuna, edukien interes publikoa, hizkuntz aniztasuna eta berdintasun balioen bultzada.

Horregatik, deialdi berriak, labur adierazita eta aurreko ediziokoarekin erkatuta, berrikuntza eta hobekuntza hauek sartu ditu:

–Aniztasuna bultzatzea. Mugatu egin da onuradun batek gehienez aurkez dezaken programa kopurua, bai eta tipologia baten barrenan onuradun batek laguntzaren xede izan dezakeen programa kopurua ere, ez dadin berriz gertatu 2015ean gertatu zena, telebista batek bakarrik laguntza guztien %93.75 jaso baitzuen.

–Kategoria batzuk sortu dira tokian tokiko telebista eta enpresa ekoizleei laguntzak emateko, ez ditzaten erkidegoko telebistek deialdi honetan irentsi, baliabide gehiago baitute kalitateko eta intereseko edukiak sortzeko. Hala ere, neurri horrekin batera, erkidegoko telebistei bakarrik eman zaie sarbidea deialdiaren xedeko programen bi tipologia nagusiei, milioi bat euroko baterako zuzkidura batekin; horrela, laguntza deialdi honen ondorioz sortzen den programazio gehiena Nafarroako ikusle guztiengana iritsiko da (erkidegoko telebisten emanaldiak bakarrik iristen dira horretara), baina, aldi berean, tokian tokiko telebisten eta produkzio enpresen merkatua bultzatzen da, zuzkidura ekonomiko txikiagoa baina proportziokoa baitute.

–Informazio programak kendu dira diru-laguntzen xedeko edukien tipologiatik (emankizun horiek funtsezkoak dira Nafarroan TDT lizentzien titularrentzat), eta interes orokorreko edukiak, kultura eta hezkuntza arlokoak bultzatu dira.

–Euskara bultzatzeari lotutako foru araudia kontuan hartuta, deialdiak euskara bultzatzen duten berariazko programak sustatzen ditu, bai eta hizkuntza horretan garatzen diren edukiak ere.

Azaldutakoaren poderioz, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu duen txostena ikusita, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako ikus-entzunezkoen 2016. urteko ekoizpenerako diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. 1.600.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetarako, 2016ko Gastuen aurrekontuko B10003 B1100 4709 921500 kontu-sailaren kargura.

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10003-B1100-4709-921500: (E) Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak

2016

1.600.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 22an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

2016AN NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOAK EKOIZTEKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea.

Foru Komunitatean 2016an ekoizten diren ikus-entzunezkoetarako laguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, telebistaz eta beste kanal batzuetan online emateko.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 1.600.000 eurokoa da, gehienez ere, BEZa barne, 2016ko gastuen aurrekontuko “Ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak” izeneko B10003 B1100 4709 921500 kontu-sailaren kargura.

3. Onuradunak.

Lurreko Telebista Digitalaren (tokian tokikoa eta erkidegokoa) emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzien titularrak; lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programaziokoen araberako emanaldiak eskaini beharko dituzte, deialdi honen eskaerak aurkezteko epean.

Nafarroan errotuta egon eta ikus-entzunezkoak sortzen dituzten enpresek ere laguntza deialdi honetan hartzen ahal dute parte beren produkzioak emateko akordioak badituzte eta Nafarroarako LTD lizentziaren titular bat gutxienez badute, hura erkidegokoa edo tokian tokikoa izan.

Laguntza hauek eskuratu gogo dituzten telebista operadoreek eta enpresa ekoizleek baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta deialdiaren xedean zehaztutako jarduerak burutzea izatea haien helburuetako bat.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako debekurik ez urratzea.

Hona laburbilduta aipatu onuradunek aukera ditzaketen programazio tipologiak:

–Autonomia erkidegoetako LTD lizentziaren titularrak: 4.1., 4.2., 4.3. eta 4.4.2. tipologiak.

–Tokian tokiko LTD lizentziaren titularrak: 4.3, 4.4.1. eta 4.4.2. tipologiak.

–Ikus-entzunezkoak ekoizten dituzten Nafarroako enpresak: 4.4.2. eta 4.4.3. tipologiak.

Lizitatzaileek proposatzen dituzten ikus-entzunezkoak Nafarroako hizkuntza ofizialetako batean, gutxienez ere, beharko dituzte sortu, 4.4.2. tipologiakoak izan ezik, horiek eskaintzen dituzten edukiak euskaraz izatea bakarrik onartuko baita; eta 4.4.3.koak, horietan gaztelaniazko edo/euskarazko edukiez gain, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetan aurkezten ahalko baitira.

4. Diruz lagun daitezkeen ikus-entzunezko programen tipologiak eta laguntzen zenbatekoa.

4.1. Interes orokor eta publikoko dibulgazio programak telebista autonomikoetan. Tipologia honetarako laguntzen zenbatekoa: 600.000 euro arte.

Telebista programak, hainbat formatutakoak, interes orokor eta publikoko gaiei heltzen dietenak zabalkunde planteamendu batetik, hala nola, ekintzailetza, berrikuntza, genero berdintasuna, gizarte eskubideak, landa garapena, ingurumena, turismoa, kontsumoa, osasuna, bakea eta bizikidetza; orobat, Nafarroako gizartearentzat interes publiko orokorrekoa den beste edozein (4.2. tipologiakoak izan ezik).

Telebistek tipologia honetako bost proposamen desberdin aurkezten ahalko dituzte, gehienez ere. Programa bakoitzak 875 minutuko iraupena izan beharko du 2016an hedatu gogo den emanaldi multzorako. Proposatzen diren programak monografikoak izaten ahalko dira lehen aipatu gaietako edozeinetarako edo bati baino gehiagori heltzen ahalko diete.

Tipologia honetako programa bakoitzari 100.000 euroko diru-laguntza emanen zaio, 7.4 klausulan ezarritako balorazio sistemaren arabera. Telebista operadore batek lau edukitarako gehienez ere jasotzen ahalko du diru-laguntza, hobekien baloratuentzat, puntuazio ordenaren arabera).

4.2. Kultur, hezkuntza eta kirol programak, telebista autonomikoetan. Tipologia honetarako laguntzen zenbatekoa: 400.000 euro arte.

Telebista programak, hainbat formatutakoak, interes publikoko gaiei heltzen dietenak informazio eta zabalkunde planteamendu batetik, bai monografia gisa, bai konbinatuta, sorkuntzaren eta kultur agendaren eremuetan, arte diziplinetan edo/eta historian; hezkuntzan, kirolean eta gorputz ariketan.

Telebistek tipologia honetako hiru proposamen desberdin aurkezten ahalko dituzte, gehienez ere. Programa bakoitzak 875 minutuko iraupena izan beharko du 2016an hedatu gogo den emanaldi multzorako.

Tipologia honetako programa bakoitzari 100.000 euroko diru-laguntza emanen zaio gehienez ere, 7.4 klausulan ezarritako balorazio sistemaren arabera. Telebista operadore batek hiru edukitarako gehienez ere jasotzen ahalko du diru-laguntza, hobekien baloratuentzat, puntuazio ordenaren arabera).

4.3. Euskara orokorrean sustatzen duten programak. Autonomia erkidegoetako eta tokian tokiko telebistentzako laguntzak. Tipologia honetarako laguntzen zenbatekoa: 150.000 euro arte.

Euskara zabaldu eta sustatzeko telebista programa berariazkoak, bai eta hura ikasten laguntzeko ere.

4.3 tipologiako programetarako bi proposamen aurkezten ahalko dira, gehienez ere. Programa bakoitzak 750 minutuko iraupena izan beharko du 2016an hedatu gogo den emanaldi multzorako.

Tipologia honetako programa bakoitzari 75.000 euro ematen ahalko zaizkio, gehienez ere. Telebista autonomikoek aurkezten dituzten arteko onena izanen da tipologia honetan diru-laguntza jasoko duen lehen programa, 7.4 klausulan ezarritako balorazio sistemaren arabera; bigarrena, tokian tokiko telebisten aurkezten dituzten arteko onena; eta horrela, hurrenez hurren, harik eta tipologia honetarako kreditua agortu arte.

4.4. Proposamen libreko programak. Tipologia honetarako laguntzen zenbatekoa: 450.000 euro arte.

Proposamen libreko telebista programak, Foru Komunitateari edo horren edozein merindaderi eta eskualderi buruzkoak edo horiek sustatzen dituztenak, ikusle ororentzat edo jakin batzuentzat direnak, edozein dela ere haien formatua, iraupena eta aldizkakotasuna.

4.4.1. Tokiko telebistetako programak (azpitipologia honetako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa: 300.000 euro) Azpiatal honetan bi formatuko proposamenak aurkezten ahalko dira: proposamen libreko programak, ikusle ororentzakoak; eta ikusle jakin batzuentzako programak (gazteak, hirugarren adinekoak, nekazaritza sektorekoak...). Telebista bakoitzak programa orokorretako bi proposamen aurkezten ahalko ditu gehienez ere, eta berariazko programetako beste bi. 7.4. klausulan ezarritako balorazio sistemaren arabera, gehienez ere 225.000 euroko diru-laguntzak emanen zaizkie puntuazio gehien duten jende ororentzako programa proposamenei (eta 75.000 euro programako, gehienez), eta gehienez ere 75.000 euroko diru-laguntzak berariazko programa onenei (37.500 euro programako, gehienez), programa horien balorazioaren arabera.

4.4.2. Tokiko telebistek eta telebista autonomikoek eta ikus-entzunezkoak ekoizten dituzten enpresek proposatutako euskarazko programak (azpitipologia honetako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa: 100.000 euro) Proposamen libreko bi programa proposamen gehienez ere aurkezten ahalko dira, euskara izanik komunikazio hizkuntza (programa emanaldiaren lehen hizkuntza). Gehienez ere 25.000 euroko diru-laguntzak emanen zaizkie puntuazio handieneko proposamenei, 7.4. klausulan ezarritako balorazio sistemaren arabera. Onuradun bakoitzak gehienez ere bi laguntza hartzen ahalko ditu edukiaren azpitipologia honetan.

4.4.3. Ikus-entzunezkoak ekoizten dituzten enpresek proposatutako programak (azpitipologia honetako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa: 50.000 euro) Proposamen libreko programetarako hiru proposamen aurkezten ahalko dira, gehienez ere. Gehienez ere 25.000 euroko diru-laguntzak emanen zaizkie puntuazio handieneko proposamenei, 7.4. klausulan ezarritako balorazio sistemaren arabera.

Onuradunek ezin izanen dute programa proposamen bera aurkeztu tipologia edo azpitipologia desberdinetarako. Horrela eginez gero, proposamen horiek balorazio prozeduratik kenduko dira.

5. Esleitu gabeko zenbatekoen kudeaketa, eta uko egindako laguntzena.

Deialdi honetan ematen diren laguntzak osoko programetarako izanen dira. 4. klausulan tipologia eta azpitipologia bakoitzerako ezarritako kopuruak, hau da, esleitu gabe gelditzen direnak, 4.1 tipologian aurkeztutako osoko programei gehituko zaizkie eta haiek finantzatzeko balioko dute, tipologia horretarako hasierako zenbatekoarekin laguntzarik gabe gelditu izateagatik, programa proposamen horiek lortutako puntuazio ordenaren arabera.

Orobat, onuradunen batek uko egiten badio programa baterako eman zaion laguntzari deialdi honek hartzen duen epean, zein bere tipologian finantzatu gabe gelditu diren osoko programak finantzatzeko izanen da kopuru hori. Tipologia horretan finantzatu gabeko programa proposamenik ez bada, uko egitetik heldu diren kopuruak 4.1. tipologiako laguntza gabeko programak finantzatzeko erabiliko dira.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ezin izanen da inoiz merkatuko balioa baino handiagoa izan, ez eta diru-laguntzaren zenbatekoa gastu horien guztirakoa baino handiagoa ere.

Zuzeneko kostuei (langileen gastuak barne) eta zeharkako kostuei buruzko gastuak, entitateak proiektua garatzean egindakoak, hartuko dira kontuan.

6.1. Zuzeneko gastuak. Diru-laguntzaren xedeko ikus-entzunezkoaren produkzioaren emanaldiari zuzenean lotutakoak jotzen dira zuzeneko gastutzat, ikus-entzunezko edukiak sortzeko beharrezkoak diren langileenak barne. Langileen gastu horiek ezin izanen dira onuradunari aplikatzen zaizkion enpresa edo sektoreko hitzarmenetan jasotzen direnak baino txikiagoak izan.

Onuradunak baliabide horiek diru-laguntzaren xedeko programazioa ekoizteko ez, beste batzuetarako erabili eta dituen gastuen kasuan, diruz laguntzen den proiektuan erabilitako denbora zati proportzionala baino ez da egotziko.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera.

Era berean, zuzeneko gastuak dira ikus-entzunezko edukien ekoizpen enpresekin edo ikus-entzuneko edukien ekoizpenerako beharrezkoak diren lan lagungarrien enpresekin azpikontrataturiko lanak. Azpikontratazio hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

6.2. Zeharkako kostuak. Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera jakin bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Proiektu bakoitzean diruz lagundu ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %12tik gorakoak izanen; betiere, frogatu egin beharko da zergatik egozten zaizkion diru-laguntzaren xedeko programari.

6.3. Diruz laguntzen ahal diren zuzeneko zein zeharkako gastuetatik kanpo daude telebistaren egoitza nagusia alokatu edo amortizatzeko direnak, garraioa eta telebista seinalearen hedapena, lege edo/lan arloko aholkularitza zerbitzuaren prestazioak eta azpikontratazioak, eta diruz lagundutako programazioaren produkzioari lotu gabeko jarduketei buruzko langileen gastuak (ordezkaritza gastuak, dieta eta bidaiak, eta abar.).

7. Prozedura.

7.1. Eskaerak eta dokumentazioa.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira diru-laguntzak jasotzeko eskaerak.

Eskaerek, gutxienez ere, hurrengo dokumentazioa beharko dute aurkeztu deialdi honetan aurkezten diren edukietako bakoitzeko:

–Diru-laguntzaren eskabidea, oinarri hauen I. eranskinaren araberakoa, zer eduki edo programatarako eskatzen den laguntza eta zer programazio tipologiatarako aurkezten den, haien izenak adierazita.

–Proposatutako edukia deskribatzen duen txostena, 7.4.1. klausulan jasotako balorazio elementuetarako behar adinako informazio emanda.

–Edukiak sortzeko erabili diren giza zein teknika baliabideak deskribatzen dituen txostena, behar adinako informazioa emanez atal horiei buruz 2 klausulan jasotako balorazio elementuetarako.

–Proposatzen den edukiaren txosten ekonomikoa eta haren finantzaketari buruzkoa, gastuen gaineko informazioa emanda, 6. klausulan jasotakoarena arabera; finantzaketari buruzkoak behar adinako informazioa izanen du atal honetako 2. atalaren arabera baloratu ahal izateko.

–Erantzukizuneko aitorpena, II. eranskinaren araberakoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eskatzen duena.

Prozedura hasteko, eskaera eta dagokion dokumentazioa telematika bidez erregistratuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektroniko Orokorrean, bai eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako beste edozein bide baliatuz.

Aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa osatu gabe daudela ikusten bada edo beharrezkotzat jotzen bada datu edo dokumentu osagarriak eskuratzea, gehienez ere 5 egun naturaleko epea emanen zaio eskatzaileari haiek aurkezteko, eta hala egiten ez badu, eskaera bertan behera uzten duela ulertu eta artxibatzeko ebazpena emanen da. Hori guztia jakinaraziko zaio.

7.2. Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizuneko aitorpenean emandako datuak, bai eta diru-laguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa tratatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari jarraituko zaio. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan.

7.3. Instrukzioa.

Komunikazio Zerbitzuak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

Organo instruktoreak 7.4 oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak. Betiere, eskatzaileek aurkeztutako aurrekontuak ikus-entzunezkoen merkatuko prezioen errealitatearen araberakoak ote diren ebaluatuko du, hala nola proposatutako langileak eta baliabideak aurkeztutako proiektuaren tamainaren araberakoak ote diren.

Gero, txosten bat igorriko dio Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiari, non, zein den kasua, eskatzaileak laguntzak eskuratzeko beharrezko baldintzak guztiak betetzen dituela zehaztuko baita; orobat, laguntza horiek deialdian ezarritako tipologia bakoitzean puntuazio handiena lortu duten proiektuei emateko proposamena.

7.4. Balorazioa.

Eskaerak ebaluatzeko, ondoren zehazten diren irizpideei jarraituko zaie; guztira, 100 puntu dira.

1. Programen diseinua, 40 puntu arte.

Honako hauek baloratuko dira:

–Programen sormena eta barietatea, eta haiek azaltzeko eta planteatzeko berrikuntzak egitea, Nafarroako gaur egungo telebista parrilen aldean: 20 puntu.

–Parte hartzera edo elkarrizketara gonbidatu gogo diren protagonisten aniztasuna eta zer ordezkatzen duten: 10 puntu.

–Interes publikokotzat jotako Nafarroako herritar elkarteen lankidetza eta parte-hartzea: 5 puntu.

Genero ikuspegiaren ikuspuntua sartu izatea edukiak diseinatu eta garatzeko, eta hizkera inklusiboa erabiltzea: 5 puntu.

2. Erabilitako baliabideak eta proposatu diren edukien finantzaketa, 60 puntu arte.

Honako hauek baloratuko dira:

–Erabilitako giza baliabideak eta enpleguaren kalitatea: 25 puntu.

+ 10 puntu, edukiaren produkzioari atxikitako langile gehien dituen eskaintzarako, tipologia bakoitzean; hiruko erregelaren bidez emanen zaie diru-laguntza gainerako eskaintzei. Programa bakoitzari atxikitako giza baliabideen proposamenak aurkezten den txosten ekonomikoan beharko dira islatu, eta arrazoien gaineko proportzioa izan beharko dute lanpostu bakoitzerako deskribatzen diren zereginekin, deskripzio txostenean.

+ 5 puntu, 2016ko irailaren 1a baino lehen gizon eta emakumeen arteko berdintasun planak ezarrita dituzten edo ordurako konpromisoa hartu duten enpresen eskaintzetarako; gutxienez ere, ordutegia malgutzeko eta lanaldia murrizteko neurriak izan beharko dituzte, bai eta plantilla guztia arlo horretan prestatzeko berariazko planak ere.

+ 5 puntu, 2016ko martxoaren 31n, plantillaren behin-behinekotasun indize txikiena duen onuradunarentzat (plantilla guztian, ez laguntzaren xedeko programari atxikitako langileetan), tipologia bakoitzean. Gainerako eskaintzak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

+ 5 puntu, gizarteratze errentaren hartzaileen kontratazioa sustatzeko: 2,5 puntu emanen dira lanaldi osorako eta gutxienez 6 hilabeterako kontratatzen den hartzaile horietako bakoitzeko.

–Aurkeztutako edukiak elkarrekin finantzatzea: 15 puntu arte emanen zaizkie elkarrekin finantzatutako zenbateko handiena duten edukiei proposatutako programak egiteko, hau da, diru-laguntza baino finantzaketa handiagoa, telebistak edo operadoreak deialdi honek sortutako diru-sarrerekin ez, beste b batzuekin beteko duena. Gainerako eskaintzak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

–Baliabide teknikoak, programa hauetarako eskaintzen den kalitate teknikoa bermatuko dutenak: 10 puntu arte.

+ 5 puntu, eskaintza onenentzat, proposatzen den produkzioan eta produkzio-ondoan erabiliko diren baliabide teknologikoei dagokienez (kameren kalitatea, ibilgailuak eta unitate mugikorrak, instalazioak eta platoak...).

+ 5 puntu, edukiaren produkziorako aurreikusitako ikus-entzunezko hizkuntzaren eskaintza onenari (grafismoak, teknologia berriak, alde biko komunikazioa ikusleekin...); eta produkzio-ondorako aurreikusitako lanetan.

–Aurkeztutako edukiak Nafarroatik kanpoko telebistetan ematea: 5 puntu arte.

+ 5 puntu, nazioko edo nazioarteko kanaletan emateko akordioak aurkezten dituztenentzat.

+ 3,5 puntu, Nafarroatik kanpoko kanal autonomikoetan emateko akordioak aurkezten dituztenentzat.

+ 2 puntu, Nafarroatik kanpoko tokian tokiko kanaletan emateko akordioak aurkezten dituztenentzat.

–Diru-laguntzaren xedeko edukien emanaldi iraunkorra: 5 puntu emanen zaizkie proposamenei, diruz laguntzen diren edukiak Internet bidez eta sare sozialetako bideo kanalen bidez hedatuko direla bermatzen badute, haiek telebistaz lehen aldiz eman eta ondoko 12 hilabetean, gutxienez ere.

7.5. Ebazpena.

Organo kudeatzaileak egindako proposamena ikusirik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, laguntzak emanen ditu. Bertan, ordaintzeko modua zehaztuko da, bai eta onuradunek haietaz baliatzeko bete beharreko baldintza eta betebeharrak ere. Tipologia bakoitzean aurrekontuko kreditu eskasiagatik diru-laguntzarik gabe gelditu diren programen zerrenda ere jasoko du ebazpenak, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, deialdi honen oinarrietako 5. klausula aplikatu ahal izateko.

Ebazpena emateko epea hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezetsitzat joko da epe horretan ebazpenik espresuki eman ez bada.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

7.6. Telebista onuradunen betebeharrak.

a) Programak haien lizentziako LTDko kanal nagusiaren bidez emititzeko baldintza nahitaezkoa betetzea (kanal batean baino gehiagotan aritzen direnentzat), eta adierazitako epean eta aldizkakotasunean egitea.

b) Ikusleei grafikoki adieraztea, “Nafarroako Gobernuaren lankidetzaz eta finantzaketaz” egindako emanaldiak direla, bai eta programa horien sustapenetan ere. Informazio grafiko horren formatua Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiarekin adostuko da.

c) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela frogatzea, bai eta laguntza emateko erabakigarriak diren betebehar eta baldintzak eta helburua bete direla ere.

d) Nafarroako Gobernuak emandako laguntzari buruz egiten dituen egiaztapen guztiak onartzea.

e) Onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa organo emaileari idatziz jakinaraztea.

f) Diru-laguntza emateko ebazpena proposatzen den egunean, onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

g) Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari, haiek jaso direla jakin bezain pronto eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

h) Jasotako diru-laguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

i) Laguntzaren xede den proiektua edo jarduketa egoki egin dela eta laguntza egoki erabili dela aztertzeko egiaztapenak egiteko bidea erraztea. Hori helburu, lanak nola doazen aztertzeko eskatzen zaizkion datu, dokumentu eta txostenak aurkeztu beharko ditu.

j) Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zerbitzuak eskatuz gero, diru-laguntzaren xedeko programen kopia aurkeztea, hark erabakitzen duen formatuan eta modu elektronikoan. Kopia hori gordetzeko izanen da eta ikus-entzunezko artxibo publiko batean sartuko da; jendaurrean erakusten ahalko da, betiere merkataritza helbururik gabe.

k) Proiektu edo jarduketaren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabehera organo emaileari jakinaraztea.

l) Diru-laguntzarako deialdi honen onuradun diren telebista operadoreek Estatuko araudia bete beharko dute entzumen desgaitasuna dutenentzat programak irisgarriak egiteko. Diru-laguntzaren xedeko programei azpitituluak jartzea galarazten duten arrazoi teknikoak emanez gero, operadoreak alternatiba bat aurkezten ahalko du Komunikazio Zerbitzuaren araua betetzeko; betiere, deialdi honen bidez finantzatzen diren programetako bat, gutxienez ere, irisgarria dela bermatu beharko du.

m) Autonomia erkidegoen eremuko telebista operadoreen kasuan, eta Iruñeko barrutiko tokian tokiko operadoreen kasuan, diruz lagundutako euskarazko programetako bat gutxienez ere ematea bere lizentziako LTDko kanal nagusian, lehen emanaldian edo lehendik gaztelaniaz emandako programak orain euskaraz emanez.

8. Gardentasun eta publizitaterako betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betez, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen deialdi honen onuradunek telematika bidez, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa baliatuz eta Komunikazio Zerbitzuari zuzenduta, aurkeztu beharko dute ondoren aipatzen den informazioa, haien legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Urteko azken kontu auditatuen kopia.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da 59/2013 Foru Dekretuaren 9. artikuluan aipatu moduan eta epean.

9. Laguntzak ordaintzea.

Diruz laguntzen den programako edo produkzioko jardueren txostena eta diru-sarreren eta gastuen frogagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da diru-laguntzaren zenbatekoa, deialdi honen 11. oinarrian azaldutako moduan.

Onuradunek diru-laguntzaren %25 aurreratzeko eskatzen ahalko dute. Horretarako, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsez aldez aurretik hornitu beharra frogatu beharko dute. Finantzaketa baliabide egokirik ez izatea frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak aurkeztuta egiaztatuko da. 60.000 eurotik gorako diru-laguntzaren aurrerakina jaso baino lehen, diru-laguntzaren onuradunak bankuaren abala, aurreratu zaion kopuruaren adinakoa, aurkeztu beharko du (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikulua).

10. Diru-laguntza justifikatzeko modua.

Diruz laguntzen diren jarduerak eginik, eta diru-laguntza kobratzeko, onuradunek hurrengo dokumentazioa aurkeztuko diote laguntzak ematen dituen organoari 2016ko abenduaren 30a baino lehen, diruz laguntzen zaizkien programetako bakoitzeko.

Honako hauek erantsi beharko zaizkio ordaintzeko eskaerari:

a) Diru-laguntzaren xedeko proiektuaren bukaerako txostena, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Diru-laguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako laguntzen eta diru-sarreren gaineko adierazpena; zein den kasua, zenbatekoa, jatorria eta funtsak diruz laguntzen den jardueran aplikatu izana frogatu beharko dira.

c) Gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat prestatu beharko dute; hartan, gastuen zerrenda jasoko da, kontabilitateko taldeetan banaturik, eta horietako bakoitzean hauek zehaztuko dira: dagokion kontzeptua, hartzekoduna, zenbateko osoa (BEZa kanpo), proiektuari egozten zaion ehunekoa, proiektuari esleitutako zenbatekoa (BEZa kanpo) eta ordainketa eguna. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren (dok. zk.: 1, 2, 3...).

Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

Fakturen fotokopiak eta gastuak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak hurrenkeran zenbakituko dira (dok. zk.: 1, 2, 3...) eta gastuak justifikatzeko taulan ageri den ordena berean aurkeztuko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

Gizarte Segurantzako gastua justifikatzeko, TC1 eta TC2 ofizialak aurkeztuko dira.

Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

2016ko abenduaren 30a arte egindako gastuek bakarrik izaten ahalko dute diru-laguntza, baina geroago ordaintzen ahalko dira.

11. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

11.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, onartutako laguntza gutxituko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

12. Laguntzen itzulketa eta arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

Organo emaileak laguntzaren jarraipena eta kontrola eginen du eta, horretarako, egoki deritzen txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak ikertzen ahalko du onuradunak adierazitako datuak egiazkoak ote diren eta, gezurrezkoak badira, emandako diru-laguntza eta kasuan kasuko berandutza interesak itzul daitezela eskatuko du, eta arau-haustea oso larria bada, zehapen espedientea irekiko du.

Jasotako dirua itzultzeko prozedurak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio.

Hortaz, administrazioaren aldez aurreko baimena izan gabe diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiten badira, bidezkoa izanen da emandako laguntzaren zenbateko osoa eta berandutze-interesa itzultzea.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

I. ERANSKINA

Ikus-entzunezkoetarako diru-laguntzaren eskaera aurkezteko fitxa (PDF).

II. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena, 11/2005 Foru Legearen araberakoa (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1605023