85. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGA

Aldaketa xehakatua Hirigintzako Udal Planean. Behin betiko onespena

2016ko martxoaren 31ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi da Larragako Hirigintzako Udal Planeko aldaketa (hirigintzako antolamendu xehakatuko determinazioak), hirigintza araudiaren 71. artikuluari dagokienez, José Ángel Rodríguez Hermoso de Mendozak eta Elena Alfaro Ausejok sustatua. 2016ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18an, eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan iragarkia jarriz hasi zen jendaurreko epea, eta epe horretan ez da alegaziorik jaso. Beraz, argitara ematen da orain haren eduki arauemailea, bat etorririk Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70. artikuluarekin eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 8. artikuluarekin.

Larragan, 2016ko apirilaren 6an.–Alkatea, Carlos Suescun Sotés.

LARRAGAKO UDAL PLANEKO ALDAKETA XEHAKATUA HIRIGINTZA ARAUDIAREN 71. ARTIKULUA

71. artikulua. Eraikuntza motak.

Eraikinen eredu edo mota batzuk zehaztu dira eta, horietan oinarriturik, eraikuntzako eremu homogeneo batzuk planteatu dira, eta horiek Larragako eraikuntzari, aldi berean, batasun eta aukera aski ematen diote.

–Etxebizitza kolektiboak. Berariaz seinalatutako eremuetan soilik egin daitezke.

–Familia bakarreko etxebizitzak. Edozein bizitegi eremutan egin daitezke, betiere honako irizpide hauei jarraikiz:

Beheko solairuko eta lehen solairuko lerrokadurak bat etorriko dira lau fatxadetan. Salbuespen gisa, baimena emanen da terraza egiteko atzealdeko fatxada osoan, gehienez ere 3 metroko sakonerarekin, edo, bestela, alboko fatxada osoetan estalki maldadunarekin, gehieneko luzera fatxada nagusiaren luzeraren erdia baino txikiagoa dela.

Patioak etxesail baten barnealdera ematen duen lurzatietan, baimena emanen da, lurzatiaren hondoan, itxiturari atxikitako eranskin bat egiteko, gehienez ere 4 metroko sakonerakoa (etxebizitzatik hurbilen dauden fatxadetatik hiru behintzat libre uzten badira); gehieneko garaiera 3 metrokoa izanen da eta gutxienekoa 2,50 metrokoa, eta estalkiak isurialde 1 edo 2 izanen du, itxitura dagoen ala ez, horren arabera.

Bizitegi erabilerako planeamenduan aurreikusitako jarduketa unitateetan, atzealdeko fatxadako terrazek gehieneko 3 metroko sakonera gainditzen ahal dute, baita zerrenda eraikigarria ere, baldin eta azalera horren soberakinak gainerako eraikigarritasun osoa edo zati bat ordezten badu (1eko baliokidetasuna), aurreko lerroaldean aipatu den eraikuntza osagarria barne. Udalak baloratuko du ea beharrezkoa den xehetasun azterlan bat tramitatzea.

Atzealdeko lorategi pribatua eremu publiko baten edo lurzoru urbanizaezinaren aldera badago, eremu eraikigarriaren barnean soilik eraikitzen ahalko dira eranskinak, betiere eraikin nagusiarekin konposizio unitate bat osatuz.

Ondoko eraikinekiko erlazioaren arabera, bizitegi eraikinak azpitipologia hauetan sailkatzen dira:

–Etxebizitza bakartua.

–Binakako etxebizitza.

–Etxebizitzak ilaran edo atxikiak.

Unitate bakoitzaren araudi partikularrean azpitipologia zehatz bat ezartzen bada (bakartua, binakakoa edo ilaran) lurzati bakoitzerako, huraxe izanen da ezarritakoa.

Halakorik zehazten ez bada, edo planeamenduak aurreikusitako tipologia aldatu nahi bada, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

–Lurzatiaren zabalera 11 metrokoa edo txikiagoa bada, ilarako etxebizitzak bakarrik eraikitzen ahal dira. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen Xehetasun Azterlanaren tramitea, mugakideekiko atzeraemangune gutxienekoa saihesteko (68.4 artikuluan aurreikusia), eta ulertuko da eraikitzea aldi berean egiten dela, nahiz eta faseka gauzatu.

–Etxebizitza bakartuak eraiki daitezke baldin ondoriozko fatxada, 68.4 artikuluak ezarritako mugakideekiko atzeraemangune gutxienekoak betez, 10 metrokoa edo handiagoa bada.

–Binakako etxebizitzak eraiki daitezke baldin bi lurzatietako bakoitzaren gutxieneko fatxada 8 metrokoa edo handiagoa bada.

–Bi lurzati mugakideren eraikuntza binakako etxebizitza gisa egin daiteke, hau da, bolumen batu bat sortuz, 73. artikuluan aurreikusi bezala, edo ilarako etxebizitza gisa, 74. artikuluan aurreikusitako parametroei eutsiz.

–Etxebizitzak beste etxebizitza bati edo zenbaiti atxikirik badaude mehelinen bidez, faseka egin ahal izanen dira.

Udalaren irizpidearen arabera, alde zaharretik kanpo dauden etxebizitza bakartuendako azpitipologia definituen konposizio eta bolumen baldintzak egokitzen ahal dira, Xehetasun Azterlanaren tramitearen bidez.

Iragarkiaren kodea: L1604130