85. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

420/2016 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, untxien sektoreko abeltegietarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak, “de minimis” araubideari lotuak, ezarri eta 2016ko deialdia onesten duena.

Untxien sektorean ari diren abeltegiek bizi duten egoera kritikoak ezinbesteko egiten du zuzeneko laguntzako lerroak taxutzea; besteak beste, “de minimis” laguntzak emateko aukera, zailtasun ekonomikoak dituzten sektoreko ekoizleentzat.

Azterketa teknikoen emaitzak eta untxien sektoreko erakundeen datuek aho batez adierazten dute abeltzaintza sektore honek krisi oso larri bati egin behar diola aurre, prezioen igoerarekin zerikusia duena edo horrek larriagotua. Krisiak abeltegi ugariren desagertzea ekartzen ahal du, eta horrekin batera lanpostuak galtzea eta jarduera ekonomikoa murriztea. Krisia larriagoa da landa eremuetan batez ere gertatzen delako, eta horietan urriak dira bideragarritasun ekonomikoa duten jarduera alternatiboak.

Hori guztia dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak beharrezkotzat eta presakotzat jotzen du laguntza ematea Nafarroako untxien sektoreko abeltegiei egungo krisi egoeran, oinarrizko jarduera ekonomiko hau betirako desagertu ez dadin, Nafarroako landa eremuek bizirik iraun dezaten eta kontsumitzaileek eskura izaten jarraitu dezaten lur honetan kalitatez eta segurtasunez ekoizten diren elikagaiak.

Azaldutako egoerari aurre eginen dioten neurriak hartzea premiazkoa denez eta kontuan hartuta sinplifikazio administratiboaren eta zamak gutxitzearen printzipioa, Administrazioak laguntza horiek emanen ditu, hau da, ordainketa bakar bat eginen zaie untxien abeltegiei ebazpen honetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Untxien sektoreko abeltegientzako laguntzak, “de minimis” araubideari lotuak, emateko oinarri arautzaileak onestea.

2. Gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua onestea, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dena.

3. Untxien sektoreko abeltegiei laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

4 Laguntza hauetarako 50.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko aurrekontu orokorretako “Krisialdiko laguntza berezia” izeneko 710004 71310 4700 412207 (E) kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

5. Diru-laguntzetarako deialdi hau Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) erregistratzea.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 12an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, untxien sektoreko abeltegiei laguntzak emateko

Lehena.–Xedea.

1. Untxien sektoreko abeltegiak sustengatzeko laguntzak ematea du xede ebazpen honek, abeltzaintzaren sektore honek bizi duen krisi egoeraren ondorioz abeltegi horiek dituzten zailtasunak arintzearren.

2. Ebazpen honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten untxitegiek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak.

Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa 3 euroko prima izanen da aurrerako untxi bakoitzeko; gehienez ere, aurrerako 2.000 untxietarako.

2. Diru-laguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L 352 AO, 2013ko abenduaren 24koa.

3. Edozein onuraduni gehienez ere 15.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Abeltegien erregistro orokorrean (REGA) 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen inskribatuta dauden untxitegien titularrak izanen dira laguntza hauek onuradunak; horretarako, laguntza ematen duen ebazpena proposatzen den unean, baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Abeltegian aurrerako 100 untxi, gutxienez ere, izatea 2016ko martxoaren 31n.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

c) Diru-laguntza publikoak itzuli beharrik ez izatea.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura igorriko dira, eta departamentu horren Erregistroan aurkeztuko (González Tablas kalea, 9, Iruñea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Eskaerak telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroetan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa bada, entitatearen IFK eta eraketa eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek sinatu beharko dituzte, edo legezko ordezkariak edo administratzaileak; azken kasu horretan, ordezkaritzaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.

b) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleentzat.

Bosgarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

2.1. Ogibide nagusia nekazaritza duten ustiategien titularren eskaerak (pertsona fisikoa denean, eta lehentasunezko ustiategia, pertsona juridikoa denean).

2.2. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, hirugarren arauan ezarri diren baldintzak betetzen dituen eta laugarren arauan aurreikusten diren agiriak ekartzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko du Abere Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez eta tokian berean egindako jarduketen ikuskapen akten bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen-proposamena eginen du.

3. Laguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 EE Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga eta Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Gainera, abeltzaintzako ustiategia funtzionamenduan izan beharko dute gutxienez 2016. urtean.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasunerako betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak 20.000 euro gainditzea urtean.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20 gainditzea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala bada, diru-laguntza ematen duenean entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez pagatuko da, onartzen den momentuan, eta laguntza emateko Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onetsitako ebazpenean berean tramitatuko da.

Hamaikagarrena.–Diru-laguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

2016ko bigarren hiruhilekoan zenbat untxikume saldu diren egiaztatuta justifikatuko da laguntzen helburua bete ote den. Abeltzainak datu baseetan adierazten dituen azienda mugimenduetan oinarrituko da egiaztapena.

Hamabigarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da (www.navarra.es), zerbitzuen katalogoan, untxien sektoreko zailtasun ekonomikoak konpentsatzeko laguntzei dagokien fitxan.

II. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1604696