85. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

720/2016 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Ogasuneko teknikarien lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, Ogasuneko teknikarien lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak betetzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat, deialdi hau iragartzen da:

DEIALDIA

Deialdia, Ogasuneko teknikarien lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdia egiten da Ogasuneko teknikarien lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, bederatzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

4.2. Eskabidea II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu beharko zaio. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Ogasuneko teknikarien lanpostuetan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, prestakuntzarako zerbitzu berezien adierazpena egiten denean.

4.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Bosgarrena.–Izangaiak onartzea.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda behin betiko onetsiko da zuzenean.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Seigarrena.–Proba.

6.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 50 galdera erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Kalifikazio epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik. Erantzun oker bakoitzak erantzun zuzenaren balioaren erdia kenduko du.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

6.2. Proba horrek 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.

6.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

6.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Luis Esain Equiza jauna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailea.

Ordezko epaimahaiburua: Oscar Martínez de Bujanda Esténoz jauna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Zerga Kudeaketa Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: José Javier Zabaleta Zúñiga jauna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikidea: Celia Esther de Vicente Semberoiz andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ogasuneko teknikaria.

Epaimahaikidea: Javier Miguéliz Andueza jauna, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Enpresa Handien Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Marta Eufemia Bernat Las andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ez-egoiliarren Errentaren, Sozietateen eta Saltoki Handien gaineko Zergen Ataleko burua.

Epaimahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko epaimahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Langileen Batzordeak proposatua.

Epaimahaikide idazkaria: Ana Rubio Suescun andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Ogasuneko teknikaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Raquel Segura Rodrigo andrea, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Bulegoko burua.

7.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera ebatziko da, antzinatasun handiena duena lehenetsiz.

Berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira.

8.2. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus), hautapen prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Bederatzigarrena.–Ogasuneko teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda.

9.1. Behin betiko zerrenda.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.nafarroa.eus).

9.2. Deia.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: deialdi hau; apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia jasotzen dutenek eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Ogasuneko teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Hamargarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko.

10.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

10.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko apirilaren 4an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoa. 28/1990 Legea, abenduaren 26koa.

2. gaia.–Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusitako Arbitraje Batzordearen Erregelamendua. 353/2006 Errege Dekretua, martxoaren 24koa.

3. gaia.–Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra.

4. gaia.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina. 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua, ekainaren 2koa.

5. gaia.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua. 174/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 24koa.

6. gaia.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. 176/2004 Foru Agindua, maiatzaren 25ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren erregistro liburuak eraman eta eginbidetzeko modua ezartzen duena.

7. gaia.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. 8/2016 Foru Agindua, urtarrilaren 29koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboko araubidea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erraztua garatzen dituena 2016. urterako.

8. gaia.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Konturako atxikipenen eta diru-sarreren urteko laburpena. 190 eredua. 219/2008 Foru Agindua, abenduaren 16koa.

9. gaia.–Ondarearen gaineko Zerga. 13/1992 Foru Legea, azaroaren 19koa.

10. gaia.–Sozietateen gaineko Zerga. 24/1996 Foru Legea, abenduaren 30ekoa.

11. gaia.–Sozietateen gaineko Zerga. Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua. 282/1997 Foru Dekretua, urriaren 13koa.

12. gaia.–Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga. Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bategina. 5/2004 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 5ekoa.

13. gaia.–Balio Erantsiaren gaineko Zerga. 19/1992 Foru Legea, abenduaren 30ekoa.

14. gaia.–Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 37/1992 Legearen artikulu hauek (araubide erkidea): 3.a, 17.etik 19.era bitartekoak, 27.etik 72.era bitartekoak, 77.a, 83.a, 86.a, 177.bis-etik 119.bis-era bitartekoak, 167.a eta V. eranskina.

15. gaia.–Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua. 86/1993 Foru Dekretua, martxoaren 8koa.

16. gaia.–Balio Erantsiaren gaineko Zerga. 8/2016 Foru Agindua, urtarrilaren 29koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboko araubidea eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erraztua garatzen dituena 2016. urterako.

17. gaia.–Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Europar Batasunaren barneko operadoreen Erregistroa. 227/2004 Foru Agindua, ekainaren 29koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana.

18. gaia.–Balio Erantsiaren gaineko Zerga. 8/2009 Foru Agindua, urtarrilaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro liburuetan sartutako eragiketei buruzko informazio aitorpena egiteko 340 eredua onesten duena.

19. gaia.–Zerga bereziak. 20/1992 Foru Legea, abenduaren 30ekoa.

20. gaia.–Zerga bereziak. Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea (lurralde erkidean).

21. gaia.–Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga. 29/1999 Legegintzako Foru Dekretua, apirilaren 26koa, zergaren gaineko xedapenen testu bategina onesten duena.

22. gaia.–Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendua. 165/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 17koa.

23. gaia.–Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. 250/2002 Legegintzako Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Oinordekotzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren xedapenen testu bategina onesten duena.

24. gaia.–Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua. 16/2004 Foru Dekretua, urtarrilaren 26koa.

25. gaia.–Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua. 23/2013 Foru Dekretua, apirilaren 10ekoa.

26. gaia.–Hirugarren pertsonekiko eragiketen urteko aitorpena. 69/2010 Foru Dekretua, azaroaren 8koa.

27. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua. 177/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa.

28. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua. 152/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa.

29. gaia.–Zerga gaietako diru-sarrera bidegabeak nola itzuli eta tributupekoen tributu jardunen gaineko zuzenketa eskaerak, inpugnazioak eta eztabaidak arautzea. 188/2002 Foru Dekretua, abuztuaren 19koa.

30. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Berraztertzeko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamendua. 178/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa.

II. ERANSKINA

Eskabidea (Prestakuntzarako zerbitzu bereziak) (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1604677