84. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, enpresa eta profesionalei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, Nafarroan egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatu eta garatzeko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Enpresa eta profesionalei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, Nafarroan egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatu eta garatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334103: (E) Enpresa eta profesionalentzako laguntzak, arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko

2016

20.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 8an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

“NAFARROAN EGITEN DIREN ZINEMAGINTZAKO JAIALDI ETA LEHIAKETAK ANTOLATU ETA GARATZEKO, ENPRESA ETA PROFESIONALEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Nafarroako Foru Komunitatean 2015eko abenduaren 1etik 2016ko azaroaren 18ra, biak barne, egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatzeko, enpresa eta profesionalentzako laguntzak arautzea du xede deialdiak.

1.2. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak dira, zinemagintzaren ekoizpena eta ikus-entzunezkoak Nafarroan sustatu eta hedatzeko asmoz, egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak.

1.3. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketek izaera kultural edo/artistikoa izan beharko dute, eta gutxienez bi edizio eginak izan beharko dituzte.

1.4. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Profesional bat, edo merkataritza-sozietate bat izatea, edo merkataritza-sozietatearen itxura izan gabe nortasun juridikoaren jabe den sozietate zibil bat.

b) 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen eratu izana.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

2.3. Berariaz uzten dira deialdi honetatik kanpo toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa arloko entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak, zeinetan partaidetza gehiena haien eskura baitago.

3. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honen zenbatekoa 20.000 eurokoa izanen da guztira, 2016rako onartutako aurrekontuko “Arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldi, jaialdi eta lehiaketetarako laguntzak” izeneko A20002 A2530 4709 334103 kontu-sailaren kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %65 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarriarekin bat.

Bestetik, proiektu bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 9.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.

Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskaeren aurkezpena eta eskatutako agiriak.

4.1. Laguntza eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri diren ereduen araberakoak izanen dira, eta, bertan aipatu dokumentazioa nahitaez erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Eskabideari erantsiko zaion dokumentazioa paperean eta bertsio digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen N.A.N.a.

b) Sozietatearen eskriturak.

c) 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako enpresa bat dela frogatzen duen agiria.

d) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

e) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa. Proiektuaren datu ekonomikoak II-a eranskinean bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

4.4. Eskabide ereduak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/servicios.

4.5. Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.6. Diru-laguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

5.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Sustapeneko materialetan egindako gastuak, hala nola, esku-orriak, kartelak, argazkiak, prentsako dosierrak, laburpenak egitea irratian, telebistan, Interneten eta abarretan hedatzeko, ekitaldia dela-eta beharrezko diren kopuruak baino ez.

b) Publizitate eta sustapen kanpainetan hedabide hauetan egindako gastuak:

–Irratia eta Internet, haietan iragarkiak eta banner-ak sartuta.

–Zinemagintzaren edo ikus-entzunezkoen sektoreko aldian aldiko Espainiako edo atzerriko argitalpen idatzi espezializatuak.

–Espainiako eguneroko prentsa idatzia, ekitaldia dagoen egunetan.

–Kanpoko publizitatea, ekitaldia gertatzen den hirian.

c) Emanaldiko aretoak alokatzeko gastuak.

d) Proiekzioko edo/eta azpititulazioko ekipamendua alokatzeko gastuak.

e) Filmen eskubideei lotutako gastuak.

f) Parte-hartzaile gonbidatuen bidaia gastuak: joan-etorrien gastuak, bi lagunenak gehienez ere film bakoitzeko, turista klasean, ekonomikoan edo antzekoan.

g) Parte-hartzaile gonbidatuen ostatu gastuak, dietak eta otorduak, bi lagunenak gehienez film bakoitzeko, pertsona eta egun bakoitzeko 150 euroko muga gainditu gabe.

h) Hitzaldietan edo antzeko ikuskizunetan parte hartzen duten gonbidatuen eskersariak, bost lagunenak gehienez, pertsona bakoitzeko 250 euroko muga gainditu gabe.

i) Sariak emateko ekitaldiak antolatzeko gastuak, azkenik emandako laguntzaren %30 gehienez ere.

j) Sariak.

5.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

–Ekipamendu ondasunen, ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

–5.1 puntuan adierazitako eremuei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, proiektuarentzat zentzuz beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeko burua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien/Ondare Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: ikus-entzunezkoen edo/eta kultur kudeaketaren arloko bi aditu, eta Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko goi mailako teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea.–Ebaluazio Batzordeko kideek onartutako proiektuak jaso eta aztertuko dituzte, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 7. atalean aipatzen diren irizpideak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

Azkenik, irizpen loteslea emanen du.

6.4. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa (100 puntu arte).

7.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

7.1.1 Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea, egitura eta gaitasuna (15 puntu arte).

a) Enpresa edo profesionalaren ibilbidea: jarduera antolatzen emandako urte kopuru osoa (4 puntu arte):

–15 urtetik gora: 4 puntu.

–11 eta 15 urte bitarte: 3 puntu.

–5 eta 10 urte bitarte: 2 puntu.

–1etik 4 urte bitarte: puntu bat.

b) Enpresa edo profesionalaren jarduera: ikus-entzunezkoen arloarekin zerikusia duten zabalkunde eta trebakuntza jarduerak, azken hiru urte naturalean egindakoak (8 puntu arte).

c) Egindako jaialdi edizioen kopurua (3 puntu arte):

–10 edizio baino gehiago: 3 puntu.

–6 ediziotik 10 arte: 2 puntu.

–3 ediziotik 5 arte: puntu bat.

7.1.2 Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu arte).

a) Proiektuaren kalitate orokorra. Ebaluazioa Batzordeak ondoko alderdiak hartuko ditu kontuan: proiektuaren laburpena, proiektuaren interes kulturala (helburuak, ikuspegia, kalitatea, berrikuntza, berezitasuna, ...), proiektuak Espainiako zinemaldien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukien eta helburuen arteko barne-lotura, proiekzioa, eta abar (30 puntu arte).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (10 puntu arte).

c) Zinemagile nafarren sustapena (5 puntu arte).

7.1.3 Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu arte).

a) Marketin, komunikazio, merkaturatze eta salmenta ekintzak (5 puntu arte).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak (5 puntu arte).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituen jendea hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza hauetan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukietara iristeko berdintasuna sustatzen duten guztiak (5 puntu arte).

7.1.4 Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (25 puntu arte).

7.1.4.1. Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea (5 puntu arte).

–%55 arte: 5 puntu.

–%55etik %60 arte: 3 puntu.

–%60tik %65 arte: 2 puntu.

7.1.4.2. Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea, diru-laguntza hau kenduta, (baliabide berekiak, maileguak, babesleak, diru-laguntza berretsiak, eta abar). (10 puntu arte).

–%41etik %50 arte: 10 puntu.

–%31tik %41 arte: 8 puntu.

–%21etik %31 arte: 6 puntu.

–%11tik %21 arte: 4 puntu.

%11 baino gutxiago: 2 puntu.

7.1.4.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren koherentzia (10 puntu arte).

7.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa II-a eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, 100 puntu gehienez emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez ere 50 puntura iristen ez diren proiektuak. “Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” ataleko puntuazioaren erdia (22,5 puntu) lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios). Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

8.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Onuradunen betebeharrak.

9.1. Interesdunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

9.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen zaion proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

9.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

9.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan.

9.5. Proiektua garatzean hura aldatzen duen edozein gertaeraren berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster; atal horrek bere adostasuna emanen du baldin eta aldaketak, ebaluazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

9.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

9.7. Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

9.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

9.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

9.11. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

9.12. Enpresa edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

10.1. Oro har, behin entitate onuradunak proiektua gauzatu izana justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak, 10.2 puntuan ezarri bezala.

10.2. Onuradunek bi hilabeteko epea izanen dute, gehienez, dokumentazioa aurkezteko, jaialdia bukatzen den egunetik hasita. Nolanahi ere, aurkezteko azken eguna 2016ko abenduaren 9a izanen da, hura barne. Laguntza ematea onartzen den unean jaialdia bukatua badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da.

Dokumentazioan honako hauek sartu beharko dira:

a) Proiektuaren azken txostena eta proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena.

b) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

c) Proiektu osoko diru-sarreren eta gastuen zerrenda, zenbakituta eta zehaztuta. Gastuen zerrenda eskabidean kalkulatutako kontzeptuei jarraikiz aurkeztuko da, honako hauek azalduz: faktura zenbakia, fakturaren jaulkitzailea den enpresaren edo profesionalaren izena eta IFK, faktura bakoitzaren zenbatekoa eta gastua eta ordainketa eguna zehaztuta.

d) Proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Faktura horiek Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak beharko dira. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

e) Diruz lagundu daitezkeen proiektuaren gastuekin lotutako ordainketen bankuko frogagiriak (5.1 puntuan zehaztutakoak). Egindako gastutzat hartuko da ordaindu izanaren ziurtagiria daukana.

10.3. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

10.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den ehunekoa aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren ziurtagiria baldin badute, jarduera egin eta gero onartutakoak.

10.5. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

10.6. Salbuespenez, jaialdia edo lehiaketa egin aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuta. Horretarako, onuradunek Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu beharko diote aurrerapen hori, eta bidezko dokumentazioa aurkeztuz (diruzaintzako egoera-orria eta ordaintzeko eta kobratzeko dauden gastuen eta diru-sarreren zerrenda, proiektuarekin lotura dutenena) frogatu beharko dute ez dutela funts likidorik diruz laguntzen den jarduera gauzatzearen ondoriozko gastuen ordainketari aurre egiteko.

11. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

11.1. Deialdi honetan aurreikusten den ekarpena bateragarria da helburu bera duten beste diru-laguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12. Dirua itzultzea.

12.1. Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

14. Diru-laguntzen araubide orokorra.

14.1. Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

15.1. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. eranskina

Proiektua azaltzen duen txostena.

II-a ERANSKINA

Proiektuaren datu ekonomikoak.

Deskargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604655