84. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2016an diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, Nafarroan enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko ekitaldiak, jaialdiak eta/edo lehiaketak egiteko.

Erreferentzia: Espediente kodea: 0011-1398-2016-000000.

Unitate kudeatzailea: Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentua.

Kultur Ekintza Zerbitzua.

Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atala.

Telefonoa: 848.42.46.75 - Fax-a: 848.42.46.24.

Helbidea: Navarrería kalea, 39. 31001 Iruña.

Helbide elektronikoa: seccion.creacion.artistica@navarra.es.

Espedientea:

Espediente mota: 2016an Nafarroan enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko ekitaldiak, jaialdiak eta/edo lehiaketak egiteko diru-laguntzak.

Aplikazio arauak: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

Kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela, Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatzen du 2016an diru-laguntzak emateko deialdia, Nafarroan enpresa eta profesionalek antolatuta, arte eszenikoen eta musikaren arloko ekitaldiak, jaialdiak eta/edo lehiaketak egiteko, eta deialdiaren oinarri arautzaileak onesteko, 60.000 euroko gastua baimentzeko 2016ko gastuen aurrekontuko “Enpresa eta profesionalentzako laguntzak, arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko” izeneko G/A20002/4709/334103 kontu-sailaren kargura, eta foru agindua, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2016an diru-laguntzak emateko deialdia onestea, Nafarroan enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko ekitaldiak, jaialdiak eta/edo lehiaketak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak, foru agindu honetan jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da.

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334103: (E) Enpresa eta profesionalentzako laguntzak, arte eszenikoen, musikaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko

2016

60.000,00

4. Foru agindu hau, oinarri arautzaileak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 8an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRI ARAUTZAILEAK, 2016AN NAFARROAN ENPRESA ETA PROFESIONALEK ANTOLATUTAKO ARTE ESZENIKOEN ETA MUSIKAREN ARLOKO EKITALDIAK, JAIALDIAK ETA/EDO LEHIAKETAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIARENAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da enpresa eta profesionalek antolatutako arte eszenikoen eta musikaren arloko ekitaldiak, jaialdiak eta/edo lehiaketak egiteko laguntzak arautzea, betiere Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira eta Kultur Ekintza Zerbitzuari dagozkion eskumenen barruan badaude.

1.2. Ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak dira Nafarroan arte eszenikoen eta musikaren arloko ekoizpenak sustatu eta zabaltzeko xedea duten adierazpideak, agerpenak eta antzeko ekitaldi guztiak.

1.3. Ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 9ra bitarte egin beharko dira, eta izaera eta eduki kultural eta/edo artistikoa izan beharko dute.

1.4. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako betebehar orokorrak.

2.2. Honelakoren bat izatea: pertsona fisikoak, ondasun komunitateak, nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, merkataritza sozietateak, edo merkataritza sozietateen formarik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak.

2.3. Forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera eta helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean behar dituzte izan, gutxienez 2015eko urtarrilaren 1etik.

2.4. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

2.5. Berariaz uzten dira deialdi honetatik kanpo toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa arloko entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak, zeinetan partaidetza gehiena haien eskura baitago.

3. Diru-laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 60.000 euroko diru kopurua izanen du, Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuen kargura.

3.2. Ekitaldi/jaialdi/lehiaketa bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Bestetik, ekitaldi/jaialdi/lehiaketa bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa eskatzaileek eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, 7.3. puntuan ezarritakoari jarraikiz onartu diren baina diru-laguntzarik eskuratu ez duten onuradunei ere ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Emandako dirua handitzen ahalko da soilik justifikatzeko epea amaitu aurretik gertatzen bada.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.6. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezan, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.

Balorazio Batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Deialdi honetan aurkeztutako ekitaldi, jaialdi eta/edo lehiaketa proiektuan 8. oinarrian aipatzen diren atalak jasoko dira (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, edozein kasutan, gutxienez hiru zati hauek.

–Deskribapen zehatza.

–Zabalkunde plana.

–Diru aurrekontua.

Deskribapenari dagokionez: atal honetan ekitaldi/jaialdi/lehiaketaren helburuak jasoko dira (orokorrak eta partikularrak), eta horiek lortzeko beteko diren ekintzak eta/edo jarduerak. Horrez gain, hauek ere jasoko dira: taldearen osaketa/gaitasuna, ekitaldia/jaialdia/lehiaketa egiteko datak, onuradunen ezaugarriak eta kopurua, lortu nahi den emaitza ebaluatzeko bide emanen duten adierazleak, kultur zabalkundearen testuinguruan ekitaldia/jaialdia/lehiaketak duen garrantzia eta egokitasuna, alderdi berritzaileak eta pedagogikoak eta euskara erabiliko den edo ez.

Zabalkunde planari dagokionez: atal honetan ekitaldia/jaialdia/lehiaketaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehatz-mehatz jasoko dira.

Aurrekontuari dagokionez, ekitaldia/jaialdia/lehiaketaren aurrekontu osatua aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla, ekitaldia/jaialdia/lehiaketari aurre egiteko. Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

Oro har, ekitaldia/jaialdia/lehiaketa proiektuaren deskribapena II. eta III. eranskinetan jasotako ereduko zehaztapenei jarraikiz aurkeztu beharko da.

5. Eskaeren aurkezpena eta eskatutako agiriak.

5.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

5.2. Eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko da (CD-Rom edo USB memoria), aiseago tramitatu eta baloratu dadin.

5.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Profesionala izan edo enpresa izan, agiri hauetako bat (eta horrekin batera, bertan jasota ez badago, jardun profesionalean 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik ari dela frogatzen duen agiria):

a.1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

a.2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskalaren kodearena.

a.3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eraketa eskrituraren kopia; Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren estatutuena eta identifikazio fiskalaren kodearena.

b) 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako profesional edo enpresa bat dela frogatzen duen agiria.

c) Ekitaldi/jaialdi/lehiaketaren azalpen memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa (zabalkunde/merkaturatze plana barne).

d) Ekitaldi/jaialdi/lehiaketaren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko a.1, a.2 eta a.3 eta b ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

5.6. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.7. Diru-laguntza eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

6.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek kontuan hartuko dira:

a) Zuzeneko kostuak:

–Ekitaldi/jaialdi/lehiaketan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen eta artisten lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak. Lehenbiziko kasuan, benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio ekitaldi/jaialdi/lehiaketari.

–Dieta, ostatu, joan-etorrien gastuak, aparkaleku eta bide-sarienak, onuradunarenak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola, agertokien eta entseguetarako lokalen alokairuak (3 hilabete gehienez), ekipo eta bitarteko materialen alokairuak, talde artistikoaren eta antzezlari taldearen ordainsariak, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, eta beste batzuk, ekitaldi/jaialdi/lehiaketaren ekoizpenera bideratuak.

–Ekitaldi/jaialdi/lehiaketan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

–Promozioko materialetan egindako gastuak, hala nola, eskuorriak, kartelak, argazkiak, prentsako dosierrak, ikus-entzunezko materialaren edizioa, irrati, telebista eta Interneten eta abarretan hedatzeko, ekitaldia dela-eta beharrezko diren kopuruak baino ez.

–Egile-eskubideen gastuak.

Diru-laguntzaren xedeko ekitaldi/jaialdi/lehiaketa gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (282/1997 Foru Dekretua).

b) Zeharkako kostuak:

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

Proiektu bakoitzean diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira ekitaldi/jaialdi/lehiaketaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

6.2. Gastu hauentzat ez da diru-laguntzarik emanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Ekitaldi/jaialdi/lehiaketa garatzeko zentzuz beharrezkoak ez diren gastu kontzeptuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

6.3. Koprodukzioen kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egindakoak bakarrik jaso dezake diru-laguntza. Egiaz egindako gastua izanen da diru-laguntzaren onuradunak zuzenean egindakoa.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria,

eta, bera izan ezean, Liburutegien edo Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe. Hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

–Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta gai kultural eta/edo ekonomikoetako adituak diren bi pertsona.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. Batzordeko kideek ekitaldi/jaialdi/lehiaketa proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte baloratzeko.

2. Eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren ekitaldi/jaialdi/lehiaketak, 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, hala eskatu beharko dute I. eranskineko dagokion laukitxoan.

3. Batzordeak, edozein unetan, eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, aurkeztutako ekitaldi/jaialdi/lehiaketaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta diru-laguntza banatuko du 8. oinarrian aipatzen diren irizpideak betetzen dituzten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

5. Batzordeak irizpen loteslea emanen du.

7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Ekitaldi/jaialdi/lehiaketa proiektuen balorazioa.

8.1. Proiektuei gehienez ere 100 puntuko balorazioa emanen zaie, irizpide hauei jarraikiz:

8.1.1 Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (35 puntu arte).

a) Proiektuaren kalitate orokorra. Ebaluazioa Batzordeak ondoko alderdiak hartuko ditu kontuan: proiektuaren laburpena, proiektuaren interes kulturala (helburuak, ikuspegia, kalitatea, berrikuntza, berezitasuna, ...), proiektuak duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia, proiekzioa, eta abar (30 puntu arte).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (5 puntu arte).

8.1.2 Entitate eskatzailearen ibilbidea, egitura eta gaitasuna (15 puntu arte).

a) Entitatearen ibilbidea: jarduera antolatzen emandako urte kopuru osoa (4 puntu arte).

–15 urtetik gora: 4 puntu.

–11 eta 15 urte bitarte: 3 puntu.

–5 eta 10 urte bitarte: 2 puntu.

–1etik 4 urte bitarte: puntu bat.

b) Entitatearen jarduna: azkeneko hiru urte naturaletan egindako ekitaldiak, jaialdiak eta/edo lehiaketak (8 puntu gehienez).

Diru-laguntza honen xede den jarduera bakoitzeko puntu bat, 8 puntu arte.

c) Egindako ekitaldi, jaialdi eta/edo lehiaketa edizioen kopurua (3 puntu arte):

–10 edizio baino gehiago: 3 puntu.

–6 ediziotik 10 arte: 2 puntu.

–2 ediziotik 5 arte: puntu bat.

8.1.3 Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu arte).

a) Marketin eta komunikazio ekintzak (5 puntu arte).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak (5 puntu arte).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituen jendea hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza hauetan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukietara iristeko berdintasuna sustatzen duten guztiak (5 puntu arte).

8.1.4 Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (25 puntu arte).

8.1.4.1. Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea (5 puntu arte).

–%55 arte: 5 puntu.

–%55etik %60 arte: 3 puntu.

–%60tik %65 arte: 2 puntu.

8.1.4.2. Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea, diru-laguntza hau kenduta: baliabide berekiak, maileguak, babesleak, diru-laguntza berretsiak, eta abar (10 puntu arte).

–%41etik %50 arte: 10 puntu.

–%31tik %41 arte: 8 puntu.

–%21etik %31 arte: 6 puntu.

–%11tik %21 arte: 4 puntu.

–%11 baino gutxiago: 2 puntu.

8.1.4.3. Diru-sarreren eta gastuen egituraren koherentzia (10 puntu arte).

8.1.5 Nafarroako ondarearen zabalkundea eta/edo gaur eguneko egile nafarren sustapena (5 puntu).

8.1.6 Euskararen erabilera (5 puntu).

8.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberako eskabidea (I. eranskina) aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.

8.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, 100 puntu gehienez emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez ere 50 puntura iristen ez diren proiektuak. “Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” ataleko puntuazioaren erdia (22,5 puntu) lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

8.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9. Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuz jakinaraziko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios). Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

9.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4. eta 5.1.b) artikuluetan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere, onuradunak baldintza hauek betetzen baditu:

Helbide fiskala Nafarroan izatea, jarduera artistikoak ohikotasunez garatzea eta aurre-aurreko urtean negozio zifraren zenbateko garbia 200.000 eurokoa baino handiagoa ez izatea.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeari jarraikiz, jarduera artistikotzat hartuko dira ondoko hauek:

–Bigarren sekzioan sartutakoak (jarduera profesionalak), 86 multzoa, 861 eta 862 taldeak.

–Hirugarren sekzioan sartutakoak (jarduera artistikoak), 01, 02 eta 03 multzoak.

Pertsona fisiko batzuek batera aurkezten badute diru-laguntza eskaera, horiek guztiek bete beharko dituzte aipatu baldintzak.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga pizgarriak aplikatzeko, hurrengo oinarrian ezartzen diren betebeharrez gain, onuradunek hau ere bete beharko dute:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 13. oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Onuradunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen zaion proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

11.5. Proiektua garatzean hura aldatzen duen edozein gertaeraren berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari, hura gertatu bezain laster; atal horrek bere adostasuna emanen du baldin eta aldaketak, ebaluazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

11.7. Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

11.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

11.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

11.11. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.12. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-ean eta beste baliabide batzuetan zabal dadin.

11.13. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, ekitaldi/jaialdi/lehiaketaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

12. Ordainketa.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har, diruz lagundutako ekitaldi/jaialdi/lehiaketa egin ondoren eta entitate onuradunak hura egin dela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %25, %50, %75 eta %100 betetakoan, hurrenez hurren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan:

–Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta (kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak), eta ordainketa data. Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

–Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien jatorrizko fakturak/frogagiriak aurkeztuko dira, aipatu zerrendan duten ordena berean.

–100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. 100 eurotik beherako gastuen ordainketa, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten dokumentuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

–Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

–Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, baliabide berekiekin, besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

–Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, paperean edo formatu digitalean, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:

–Diruz lagundutako jarduera dela-eta egindako gastu guztien faktura/frogagirien zerrenda, zenbakitua eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta (kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak). Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

–Orobat, diru-laguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien fakturak/frogagiriak aurkeztuko dira.

–Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, baliabide berekiekin, besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

–Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, paperean edo formatu digitalean, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %25 aurreratuta, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio hau aurkeztuz: Diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa eta ordaintzeko edo kobratzeko dauden gastuen eta diru-sarreren zerrenda bat, diruz lagundutako proiektuari dagozkionena.

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako entitateek ordainketarako eskaera eta ondotik aipatzen diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte ekitaldia/jaialdia/lehiaketa amaitu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2016ko abenduaren 9 (data hori barne) izanen da. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Dokumentazio hau paperean eta formatu digitalean aurkeztuko da, ziurtagiri hauek alegia:

–Azken memoria.

–Proiektuko ebaluazio txostena.

–Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

–Onartutako ekitaldia/jaialdia/lehiaketa egiteko egindako gastuaren frogagiriak. Faktura horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

–100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. 100 eurotik beherako gastuen ordainketa, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten dokumentuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

–Diruz lagundutako jardueren kontuak: diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. Aurrekontuaren aurreikuspenerako III-1 eranskinean eskatzen diren atalak eta kontzeptuak kontuan hartuta aurkeztu beharko dira, baina kasu honetan exekutatutako zenbatekoekin.

–Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZ zehaztuta, kontuan hartuta diru-laguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek proiektuko gastuaren zenbateko osoa jaso beharko dute.

13.4. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.

14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten den ekarpena bateragarria da helburu bera duten beste diru-laguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea. Diru-laguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutza interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Ekitaldia/jaialdia/lehiaketaren proiektua deskribatzen duen memoria.

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa.

Deskargatu beherrako fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604653