84. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

713/2016 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Administrazio Publikoko teknikarien (arlo juridikoa) lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretan trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat Administrazio Publikoko teknikarien (arlo juridikoa) lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatu lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorrak ezartzen duenez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu diren langile finkoei araubide hori bera aplikatuko zaie, non eta 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean agortu ez badituzte aipatutako apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sei eta lau urteko gehieneko prestakuntzaldiak.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, gehienez ere lau urte iraunen duen bigarren prestakuntzaldian sartzeko, langileek kasuan kasuko deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak edo hautaprobak egin beharko dituzte (199/2004 Foru Agindu horren bidez, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zen).

Hori guztia ikusita, bidezkoa da Administrazio Publikoko teknikari gisa (arlo juridikoa) trebatzeko, lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko probetarako deialdia onestea.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Administrazio Publikoko teknikari gisa (arlo juridikoa) aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdia egiten da Administrazio Publikoko teknikarien (arlo juridikoa) lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko (Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Zuzenbideko lizentziadun edo diplomadun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Parte-hartzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahal diote haien identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Eskabide ereduan (II. eranskinekoa) ematen ahal dute baimen hori. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kontsulta baimentzen ez bada, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, errekerimendua eginen da, 30/1992 Legearen 71. eta 76.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.–Administrazio Publikoko teknikari gisa (arlo juridikoa) prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Deialdia egiten da Administrazio Publikoko teknikarien (arlo juridikoa) lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Prestakuntzaldian aritzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da ezin bada erabili azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatzen den langileen zerrenda. Foru dekretu haren bidez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatu zen.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Zuzenbideko lizentziadun edo diplomadun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Administrazio publikoko teknikari gisa (arlo juridikoa) lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–Administrazio publikoko teknikari gisa (arlo juridikoa) trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko probarako deialdia

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Betekizunak.

Administrazio Publikoko teknikari gisa (arlo juridikoa) trebatzeko, lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen ahalko dute lanpostu honi dagokion prestakuntza zerbitzu berezietan egiteko izangaien indarreko zerrendan ageri diren langileek, betebehar hauek betetzen badituzte:

–Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuen egunerako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu izana apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan gutxienez ere lau urtez aritu izana, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean. Betekizun hau eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko da.

–Eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

Bigarrena.–Bigarren prestakuntzaldian sartzeko probak.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Hirugarrena.–Izangaiei deitzeko hurrenkera.

Administrazio Publikoko teknikari gisa (arlo juridikoa) aldi baterako aritzeko deitzen ahalko zaie lau urteko bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera proba gainditzen duten izangaiei. Horrelako lanpostuetan hasita, zerbitzu berezietako egoerara igaroko dira, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoarekin bat.

IV.–Hiru deialdietarako balio duten arauak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Hiru deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien eskabideek II. eranskineko ereduarekin bat etorri beharko dute, prestakuntzaldirako izangaienek III. eranskineko ereduarekin eta lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen dutenen eskabideek, berriz, IV. eranskineko ereduarekin. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Administrazio publikoko teknikarien lanpostuetan (arlo juridikoa) aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera aitortzen zaienean.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onetsi diren deialdietan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onetsitako deialdietarako hautapen prozesua proba praktiko baten bidez eginen da. Epaimahaiak zehazten dituen kasu praktikoei buruzko bi irizpen edo txosten juridiko erredaktatu beharko dira, 5 ordu gehienez, I. eranskinean aipatzen diren gai zerrendako arloen eta lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzen gainekoak izanen baitira. Ariketa hau egiteko, izangaiek lege-testuak kontsulta ditzakete.

Eskatzen diren arau juridikoak deialdi hau argitaratzen den egunean indarra dutenak izanen dira.

Proba praktikoa egin ondoren, izangaiei deituko zaie Epaimahaiaren aurrean irakurtzeko. Halaber, ekitaldi horretan ahoz erantzun beharko diete Epaimahaiak kasu praktikoen gainean egingo dizkien galderei.

4.2. Ariketaren balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere; txosten bakoitzean gehienez ere 50 puntu. Administrazio Publikoko teknikarien (arlo juridikoa) lanpostuetan aldi baterako aritzeko zerrendetan sartuko dira hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak, hau da, gutxienez 30 puntu.

Bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiten dutenei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Horretarako, arau honetan ezarritako balorazioa hartuko da kontuan. Deialdi honetan “gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak berriz aurkezten ahalko dira Administrazioak, bigarren prestakuntzaldian sartzeko, aurrerago antolatzen dituen probetan.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Amaia Goñi Lacabe andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko zuzendari nagusia.

Ordezko epaimahaiburua: Cristina Zozaya Iribarren andrea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoaren Antolamenduko Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: José Contreras López jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: María Maider Setuain Chourraut andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Lan Harremanen Ataleko burua.

Mahaikidea: Pilar Álvarez Asiain andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Ordezko mahaikidea: Olga Artozqui Morrás andrea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide-idazkaria: María Pilar Goñi Muro andrea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Virginia Marín Fernández andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Hautapenaren, Hornikuntzaren eta Administrazio Egoeren Ataleko burua.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.

6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditzen dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera proba “gai” kalifikazioarekin gainditu duten izangaien zerrenda.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Administrazio Publikoko (arlo juridikoa) teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.navarra.es).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Zuzenbideko lizentziadun edo diplomadun tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Administrazio Publikoko teknikarien lanpostuak (arlo juridikoa) aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra eta kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko martxoaren 30ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia ez egoteagatik (irailaren 28ko 214/2015 Foru Agindua). Funtzio Publikoaren Antolamenduko Zerbitzuko zuzendaria, Cristina Zozaya Iribarren.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Espainiako zuzenbide publikoaren iturburuak: aipamena, antolaketa eta printzipioak. Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2. gaia.–Nafarroako foru araubidea. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa. Nafarroako Foru Komunitateko erakundeak eta hori garatzen duen araudia.

3. gaia.–30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

4. gaia.–14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

5. gaia–15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

6. gaia.–Kontratazio publikoa. Foru Komunitatearen eskumenak. 6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

7. gaia.–Administrazio publikoen diru-laguntzen araubide orokorra. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

8. gaia.–Langile publikoak. Printzipio konstituzionalak. Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan duen eskumen historikoa. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 31koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. Lege hori garatzen duen araudia.

9. gaia.–Toki entitateak. Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Lege hori garatzen duen araudia.

10. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

11. gaia.–29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzkoa.

II. ERANSKINA

Eskabidea (Aldi baterako kontratazioa).

III. ERANSKINA

Eskabidea (Prestakuntzarako zerbitzu bereziak).

IV. ERANSKINA

Eskabidea (Lau urteko bigarren prestakuntzaldirako eskabidea).

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604658