83. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

175/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak honako hau xedatzen du 21. artikuluan: legez eratutako kontsumitzaile elkarteek kontsumitzaileen interesak defendatzea izanen dute helburu. Haien onura publikoa deklaratu ahal izanen da eta onesten diren laguntza publikoak eman ahal izanen zaizkie beren xedeak betetzeko. Halaber, kontsumoko arbitraje sisteman parte hartu ahal izanen dute.

Kontsumitzaileen elkarteek Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideei buruz informatu, prestatu eta babesteko egiten dituzten jardueren garapena errazteko asmoz, 2016rako diru-laguntzen deialdia onetsi da, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako aurreikusi den kontsignazioaren kargura.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuaren 45.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea. Oinarri arautzaileak ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. 30.000 euroko gastua baimentzea 2016ko Aurrekontu Orokorretako “Kontsumitzaileen elkarteentzako diru-laguntzak” izeneko 830004 83320 4819 492300 kontu-sailaren kargura, deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Garapen Ekonomikorako Departamentuko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 14an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei kontsumoaren arloan 2016. urtean egiten dituzten proiektu eta jardueretarako emanen zaizkien diru-laguntzen araubidea ezartzea.

2. oinarria. Entitate onuradunak.

1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek: legez eraturik egotea, Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea, irabazi asmorik ez izatea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako bakar batean ere ez egotea.

2. Eskabidea aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatu baldintzak interesdunek, eta diru-laguntzaren xede den denbora guztian mantendu.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak, jarduerak eta gastuak.

Eskatzaile bakoitzak kontsumitzaileei informazioa eta prestakuntza emateko proiektu bakar baterako diru-laguntza jaso dezake, nahiz eta haren barrenean ekintza bat baino gehiago sartzen ahal diren, konparazio batera, jardunaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, mintegiak, mahainguruak edo kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko beste jarduera batzuk antolatzea.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak 2016an egin beharko dira, eta diruz lagunduriko jarduerari edo proiektuari zuzenean lotuak edo zuzenean egozteko modukoak izanen dira. Diruz laguntzen den jardueran aritzen diren entitatearen beraren langileen gastuak ere aintzat hartzen ahalko dira, eta, kasu horretan, egozpenaren portzentajea adierazi beharko da.

Ez da diru-laguntzarik emanen honako gastu hauetarako:

–Elkartean zuzendaritza edo ordezkaritza karguak dituzten langileen ordainsariei dagozkien gastuak (soldatak, gizarte segurantzako kotizazio gastuak, dietak etab.).

–Aktibo finko materialetan eginiko inbertsioen ondoriozko gastuak.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.

1. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideak, oinarri hauekin batera argitaratzen den I. ereduaren arabera prestatuak, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Amaia kalea, 2 A, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena, oinarri hauei atxikitako II. ereduaren arabera.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eskaera aurkeztean eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Eskabidea sinatzen duenaren ordezkaritza frogatzeko agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

d) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

e) Hala behar izanez gero, aurrerakina lortzeko eskaera, funtsak diru-laguntzaren helburuak betetzeko beharrezkoak direla justifikatuta. Horretarako, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du, non une horretan entitateak banku-kontuetan dituen saldoak agertuko baitira, ekitaldi horretako diruzaintza plana, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera ez geldiarazteko edo hasteko dirua behar dela frogatzen duen edozein agiri.

f) Diru-laguntzaren xede diren jarduerak, oinarri hauen III. ereduaren arabera.

g) Diru-laguntzaren xede diren proiektuetakoren bat Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzua ez den erakunde batek aurreko urtean diruz lagundu bazuen, diru-laguntza horiek eman eta ordaintzeari buruzko ebazpenak aurkeztu beharko dira.

4. Eskabidearekin batera aurreko atalean aipatutako agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, ebazpena jakinaraziko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

5. Oinarri hauetan aipatutako ereduak Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuaren bulegoetan egonen dira eskuragai, baita Nafarroako Gobernuaren webgunean ere (www.navarra.es).

5. oinarria. Diru-laguntza emateko prozedura eta irizpideak.

1. Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, eta aurkezten diren jarduerak eta proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

Proiektuaren kalitate teknikoa (100 puntu).

Honako hauen arteko koherentziaren analisia: oinarriak, helburuak, jarduerak eta lortu beharreko emaitzak: (50 puntu gehienez).

1.1. Oinarria eta jarduteko eremua: (13 puntu gehienez).

  • Guztiz koherentea da: 13 puntu.
  • Bi alderdietako batean bakarrik dago koherentzia: 6,5 puntu.
  • Inkoherentea da, edo oso gutxi zehaztuta dago: 0 puntu.

1.2. Helburuak: (10 puntu gehienez).

  • Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude: 10 puntu.
  • Inkoherenteak dira, edo oso gutxi zehaztuta daude: 5 puntu.
  • Ez dira bete: 0 puntu.

1.3. Jardueren deskribapena: (10 puntu gehienez).

  • Zehatz deskribatuak: 10 puntu.
  • Hala-hola: Ez daude zehatz deskribatuta: 5 puntu.
  • Ez dira bete: 0 puntu.

1.4. Espero ziren emaitzak: (10 puntu gehienez).

  • Zehatz deskribatuak: 10 puntu.
  • Hala-hola: Ez daude zehatz deskribatuta: 5 puntu.
  • Ez dira bete: 0 puntu.

1.5. Jardueren egutegia: (7 puntu gehienez).

  • Zehatz deskribatua: 7 puntu.
  • Hala-hola: Ez dago zehatz deskribatuta: 3,5 puntu.
  • Ez da bete: 0 puntu.

2.–Ebaluazioaren analisia (adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua): (15 puntu gehienez).

2.1. Adierazleak: (5 puntu gehienez).

  • Egokia: 5 puntu.
  • Hala-holakoa: 2,5 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

2.2. Egiaztapen-iturriak: (5 puntu gehienez).

  • Egokia: 5 puntu.
  • Hala-holakoa: 2,5 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

2.3. Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea (5 puntu gehienez).

  • Egokia: 5 puntu.
  • Hala-holakoa: 2,5 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

3.–Giza baliabideen eta baliabide material eta ekonomikoen analisia: (25 puntu gehienez).

3.1. Giza baliabideen egokitasuna: (8 puntu gehienez).

  • Egokia: 8 puntu.
  • Hala-holakoa: 4 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

3.2. Baliabide teknikoen egokitasuna: (8 puntu gehienez).

  • Egokia: 8 puntu.
  • Hala-holakoa: 4 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

3.3. Aurrekontuaren xehakatze zuzena: (9 puntu gehienez).

  • Egokia: 9 puntu.
  • Hala-holakoa: 4,5 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

4.–Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak diruz lagundutako proiektuen eraginkortasuna (emandakoaren eta gauzatutakoaren arteko balantzea): (10 puntu gehienez).

  • %90 eta gehiago: 10 puntu.
  • %60 eta %90etik behera: 5 puntu.
  • %40 eta %60tik behera: 2,5 puntu.
  • < %40: 0 puntu.

2. Guztira 45 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei baizik ez zaie emanen diru-laguntza; proiektu bakoitzaren kostuaren %100eko diru-laguntza emanen da.

3. Aurrekontuetan diru aski ez badago, diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa (30.000 euro) aurkezten diren proiektu guztien artean hainbanatuko da, bakoitzak lorturiko puntuen arabera, oinarri honen 1. atalean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Proiektu bakoitzari ematen zaion diru-laguntza ez da inola ere izanen proiektu horrek sortzen duen kostua baino handiagoa. Hala, hasierako hainbanaketak proiektu baten kostua baino handiagoa den diru-laguntza ekartzen badu, gehiegizko kopurua berriz esleituko da gainerako proiektuen artean, banaketarako irizpide berari segituz, deialdi honetan aurreikusitako diru guztia agortu arte.

6. oinarria. Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

1. Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

–Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko zuzendaria.

–Kontsumitzaileen Babeserako eta Kontsumoko Arbitrajerako Ataleko burua.

–Merkatua Kontrolatzeko, Sustapenerako eta Lehiaren Defentsarako Ataleko burua.

–Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko teknikari bat.

Batzorde horrek bereziki egiaztatuko du eskatzaileek deialdian eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu dutela, eta prozedura eta balorazioa haren arabera egiten direla begiratuko du.

2. Batzordeak organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela eta bakoitzari dagokion diru kopurua.

3. Deialdia ebazteko eskumena Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiari dagokio.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia argitaratzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak.

b) Garapen Ekonomikorako Departamentuarekin elkarlanean aritzea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko ekintzetan.

c) Emandako diru-laguntzen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko beharrezkotzat jotzen diren datuak, agiriak eta frogagiriak bidaltzea departamentu horretara.

d) Oinarri arautzaile hauetan aipatutako frogagiriak Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura igortzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

8. oinarria. Onuradunek egindako gastu eta ordainketak frogatzea.

1. Diru-laguntza justifikatzeko, gastuen frogagiriak eta informazio agiriak aurkeztuko dira, horrela frogatuko baita diru-laguntzaren xedea bete dela.

2. Frogagiriekin batera aitorpen bat aurkeztu behar da, horren bidez azaltzeko diru-laguntzaren kontzesio egintzan ezarritako xedeetarako erabili dela diru-laguntza; gainera, proiektu mota bakoitzerako agiri hauek erantsi beharko dira:

a) Jarduera bakoitzaren memoria, datu hauek zehaztuta: programaren edukia, iraupena, txostengileak, hartzaileak, parte-hartzaileen kopurua eta jarduera zein egun eta tokitan egin den.

b) Memoria ekonomikoa, jarduera bakoitza justifikatzen duena, gastuen eta ordainketen frogagirien zerrenda ordenatua barne.

c) Egunkariak, liburuxkak etab. argitaratu edo editatzen direnean, justifikazio memoria bat aurkeztuko da, argitaratutako aleen kopurua, banatzeko modua eta nori zuzenduta dauden azalduko duena.

d) Diruz lagundutako argitalpen bakoitzaren hiru ale.

Hala diru-laguntza jaso dezaketen gastuak nola horien ordainketa 2016. urtean egin beharko dira.

Gastuen eta horien ordainketen frogagiriak jatorrizkoak edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

Diruz lagundutako proiektuen edo jardueren arabera multzokatuta aurkeztuko dira, eta, horietako bakoitzaren barnean, diruz lagundutako kontzeptuen arabera, bakoitzak bere zenbakia duela. Gainera, agirien zerrenda bat erantsiko da kontzeptu bakoitzeko, non azalduko baitira emandako zenbaki korrelatiboa, hornitzailea, agirian ageri den kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna.

Gastuak justifikatzeko, fakturak erabiliko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordainagiriak ere, hala nola gordekinak eta bankuko letrak eta karguak.

Langileen gastuak justifikatzeko, nominak, Gizarte Segurantzako kotizazio orriak eta PFEZaren ordainagiriak aurkeztuko dira.

Fakturak edo nominak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikipen fiskalak eta, hala denean, BEZa.

3. Proiektu bakoitzerako arestian aipatu diren agiriez gainera, diruz lagundutako jarduerak finantzatu dituzten beste diru-sarrera eta diru-laguntza batzuen zerrenda zehatza aurkeztu beharko dute onuradunek, zenbatekoa, jatorria eta zein proiektu edo jarduerari aplikatu zaizkion adierazita.

9. oinarria. Diru-laguntza justifikatu eta ordaintzeko epeak.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko dira diru-laguntzak, jarduera egin dela justifikatu ondoren 8. oinarrian adierazitakoari jarraikiz, betiere 59/2013 Foru Dekretuan gardentasunaren inguruan ezarritako beharkizunak bete badira.

2. Esleitutako diru-laguntzaren %25erainoko aurrerakina egiten ahalko da, onuradunak funtsak behar dituela justifikatuz gero. Horretarako, 4. oinarriko 3.e) atalean aipatzen den justifikazio txostena aurkeztu beharko du.

3. Bigarren eta azken ordainketaren bidez falta den zenbatekoa osatuko da, edo, kasuaren arabera, zenbateko osoa ordainduko da, aurreko oinarrian aipatutako frogagiriak aztertu ondoren. Frogagiriak Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuan aurkeztu beharko dira 2016ko abenduaren 30eko 14:30 baino lehen.

Aurkezturiko agiriak aztertu ondoren, ordaintzeko ebazpena emanen da.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdiaren xede den diru-laguntza bateragarria izanen da helburu berarako ematen diren beste laguntza batzuekin, indarra duen araudiak ezartzen duenarekin bat.

2. Aurrekoa galarazi gabe, beste diru-laguntza bateragarri batzuk jaso ondoren, diru-laguntzak emateko deialdiaren xede diren jardueren eta gastuen kostua gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.

Dena dela, ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Bestela, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari itzuli beharko zaio soberakina.

3. Deialdi honen xedeko proiektuak eta jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatzen direnean, justifikazioan horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak diru-laguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

11. oinarria. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz laguntzen ahal diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

12. oinarria. Gardentasuna.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13. oinarria. Itzuli beharra.

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. oinarria. Baldintzen aldaketa.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diru-laguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak onartu ala ez, laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, bidezkoa denean, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharra ekarriko du.

15. oinarria. Administrazio errekurtsoak.

1. 4. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Deialdi hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazten denetik hilabeteko epean.

16. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak emandako diru-laguntzen berri emanen du Nafarroako Gobernuaren webgunean, honako hauek adierazita: deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

17. oinarria.–Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. EREDUA

Eskabide eredua.

II. EREDUA

Diru-laguntzak emateko erantzukizuneko aitorpena.

III. EREDUA

Proiektua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604623