83. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

189/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako 2016ko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, 2002. urtetik hasita, laguntza humanitarioa ematen die saharar errefuxiatuen Tindufeko (Aljeria) kanpalekuei, giza talde horrek oinarrizko elikagaien horniduran duen defizita arintzen laguntzeko.

Nafarroako instituzioek, bereziki Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa (GLO), herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko. Zehazki, sahararrei laguntza humanitarioa ematen diete, intsumo, produktu, material edo ekipamendu behar-beharrezkoen hornidurako defizita arintzea helburu.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatutakoak, nazioarteko ekintza solidarioaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Bereziki 13. artikuluan, beste ekintza arlo batzuen artean, laguntza humanitariorako programa eta proiektuak aipatzen ditu, larrialdian edo berehalako arrisku larrian dauden gizataldeei laguntzekoak eta horiek berregokitzekoak. Halaber, laguntza humanitarioaren berezko helburuak aipatzen ditu: arreta ematea, babesa eta prebentzioa. Era berean, foru lege horren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla, besteak beste, garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Ondorioz, beharrezkoa da saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuak egiteko diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, bermatzearren diru-laguntza horietan publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasunaren printzipioa eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimenaren printzipioa ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.–Saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako 2016ko diru-laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileak onestea. Oinarriok foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.–200.000 euroko gastua baimentzea 2016ko gastuen aurrekontuko “Laguntza humanitarioa Mendebaldeko Saharan” izeneko 900004 91100 4819 143104 (E) kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Laugarrena.–Foru agindu hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Bosgarrena.–Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 8an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako 2016ko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Eskubide Sozialetako Departamentuak diru-laguntzen deialdia egin du, Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan errefuxiaturik bizi diren sahararrei oinarrizko elikagaien hornidurako defizita arintzen laguntzeko ekintza humanitarioak finantzatzea helburu.

Diru-laguntzen xedea izanen da elikagai behar-beharrezkoak erostea eta errefuxiatuen kanpalekuetaraino garraiatzea. Jarduketa urtebeterako diseinatu beharko da.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horretara, guztira, 200.000 euro bideratu dira 2016ko gastuen aurrekontuko “Laguntza humanitarioa Mendebaldeko Saharan” izeneko 900004 91100 4819 143104 (E) kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdiaren xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Entitatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

c) Helburu sozialak bete ahal izateko behar besteko egitura izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira aipatutako baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xedeari eta helburuari eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Jarduerak 2016an hastea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz.

c) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren berariazko oniritzia izatea.

d) Tindufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek berariazko oniritzia ematea proiektuari.

e) Zeharkako kostuak ez dira izanen esku-hartzearen kostu osoaren %10etik gorakoak.

f) Gehienez ere 200.000 euro emanen dira esku-hartze bakoitzeko.

Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Diruz laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira deialdiko lehen oinarrian adierazitako ekintza humanitarioak gauzatzeko beharrezkoak direnak. Kontu-sail hauek ezarri dira:

a) Materialak eta hornidurak: atal honetan biztanleriaren elikadura-defizita arintzen laguntzeko intsumoen erosketa sartzen da. Era berean, hori guztia erosten den tokitik esku-hartze tokiraino garraiatzeko gastuak sartzen ahalko dira.

b) Langileen gastuak, honako hauek alegia: lansariak, esku-hartzeari atxikitako langileen gizarte aseguruak (entitatearen kontura direnak) eta langileen izenean sinatzen den beste edozein aseguru; langileen lehen mailako senitartekoak ere izaten ahalko dira aseguru horien onuradun. Bi kategoria bereiziko dira:

–Herrialdeko langileak. Diru-laguntzaren xedeko esku-hartzea burutzen den eta lanean ari diren herrialdeko lan arloko legeen mende dauden langileak dira, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak esku-hartzeari lotuak egonen dira zuzenean.

–Langile erbesteratuak. Entitate onuradunekoak, Espainiako legeen mende daudenak eta esku-hartzea burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izan beharko da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.

c) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Langileen eta esku-hartzearen onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, esku-hartzerako behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, esku-hartzearen berri ematean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lana, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatu hartzea.

2. Proiektuaren zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

3. Gastu finantzarioek, notario-gastuek eta erregistro-gastuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.

4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

5. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpenik baldin bada, onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta eskulanaren gaineko balorizazioak onartuko dira, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Balorizazio horiek egiaztatu egin behar dira tokiko bazkidearen edo partaidearen, proiektuaren onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa adieraziko dira. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.

6. Ez dira inola ere diruz lagunduko protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du. Horren ondorioetarako, entitateen batasun bat eta haren barreneko entitate bakoitza entitate desberdinak direla ulertuko da.

3. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusian (Iruñeko González Tablas kalea, 7; 31005), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan; azken kasu horretan, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, posta elektronikoaren bidez (servcoopdes@navarra.es), eskaera igorri dela. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu baino lehen.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute:

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean. Gainerako kasuetan, kasuan kasuko erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo ordezkaritza iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

a.2) Hirugarren oinarriaren d) eta e) atalen arabera onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek programako zikloaren faseren batean parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta proiektuan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateragarria dela dioena.

c) Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako diru-laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

d) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Laugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

b.1) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren Aljeriako Lankidetzarako Bulego Teknikoak proiektuari berariazko oniritzia eman diola frogatzeko agiria.

b.2) Tindufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek berariazko oniritzia eman dutela frogatzeko agiria.

C) Proiektua baloratzeko dokumentazioa.

c.1) Proiektuaren oroitidazkia, honako hauek adierazteko: proiektua gauzatuko den tokiko egungo egoera soziala, politikoa eta ekonomikoa, lortu nahi diren helburuak, garatuko diren jarduerak, eman beharreko intsumoen zerrenda eta aurrekontu zehatza.

c.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko aurkeztu nahi diren bestelako agiriak.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A) eta B) ataletan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea.

c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.

d) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein kasu.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzaren eskaera aintzat hartua izateko, gutxienez ere 70 puntu lortu beharko ditu.

3. Eskatzen den adinako diru-laguntza emanen da, betiere 200.000 eurokoa gehienez ere; alabaina, zilegi izanen da aurrekontuko kontu-sail batzuk baztertzea, baldin eta instrukzio organoak deialdiaren helburu eta xedeekin bat ez datozela irizten badio.

4. Balorazio positiboa lortzen duten eskaerek, guztira, deialdi honetako aurrekontu-muga gainditzen badute, diru-laguntzak puntuazioaren araberako ordenan esleituko dira muga horretaraino iritsi arte.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzutea emateko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den diru-laguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta sei hilabetean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.

Gardentasun betebeharra bete ondoren, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarri arautzailean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio-kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontuen auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola frogatzeko, bai eta, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada, zer truke tasa aplikatu den frogatzeko ere; bestelako kasuetan, erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen jatorrizko dokumentua edo fotokopia konpultsatua; bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten bankuko dokumentuak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzeari buruzko txosten teknikoa, non lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko diren gutxienez; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

f) Txosten ekonomikoa, esku-hartzearen aurrekontu-exekuzioari buruzko azalpen memoria bat ere izanen duena, Excel formatuan egina, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa (www.cooperacion.navarra.es).Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Gastuak Espainian eginez gero, frogagiriak jatorrizkoak izanen dira, eta gainerakoan, fotokopiak, tokiko bazkideak edo partaideak behar bezala frogatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

h) Kontu-auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, auditorea Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da; kontu-auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, proiektua gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontuen auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, diru-laguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontuen auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio-kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontuen auditoreek diru-laguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira.:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” atala: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” atala: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. Aipatu EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gain, honako hauek aztertuko dira berrikuspenean: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza ordaindu egin dela, eta gastuak oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera izaten ahal duela diru-laguntza.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen diru-laguntzaren gastuaren frogagiriak onuradunaren kontabilitate erregistroetan jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako finantzabiderik bada, beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendak datuak osorik dituela eta oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela egiaztatuko du.

i) Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz besteko finantzabidea izanez gero, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia, zenbatekoa eta proiektua adierazita, bestelako diru-laguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 5. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskubide Sozialetako Departamentuari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, diru-laguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.

b) Proiektua diru-laguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea. Entitate onuradunak berariaz jakinarazi ezean, laguntza ematen duen ebazpenekoa izanen da hasiera-data.

c) Eskubide Sozialetako Departamentuari baimena eskatu eta hura eskuratzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak barne; kasu horietan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskatu beharko dute. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, honako hauetan izan beharko du eragina: helburuetan, emaitzetan, xedeko populazioan, lurralde kokapenean, tokiko bazkidean edo diruz lagundutako aurrekontuko kontu-sailetan; azkeneko kasu horri dagokionez, halakotzat hartuko da aurrekontuko aldaketa, guztira, emandako diru-laguntzaren %20 baino handiagoa bada, edo 20.000 eurotik gorakoa, edo guztirako kostua %10 edo gehiago gutxitzen bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpena txikiagoa izateagatik, horrelakorik bada. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoi bidez adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura egiten diren hornidura guztiak proiektua egiten deneko herrialdean erostea, edo ingurukoetan, eta bertako produktuekin egitea. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaldurik.

e) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

f) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa diru-laguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

g) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen arlokoak eguneratuak izatea.

h) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

i) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

j) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

l) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdiaren hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzeagatik dagozkion legezko interesak barne.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharrak

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.

2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarriko b) atalean aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat hartuko da. Orobat, behin esku-hartzea bukaturik eta ezinbesteko kasuetan salbu, alderdi teknikoak eta aurrekontua %50 baino gutxiago gauzatzen badira ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen gauzatze maila baxua eragin duten inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izan den erabakitzeko.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

–Frogatutako arrazoirik izan gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.

–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.

5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Deialdiaren berariazko edo ustezko aplikazio egintzen eta ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen (apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.

II. eranskina

Sahararrei laguntza humanitarioa emateko
proiektuak baloratzeko irizpideak

a) Barne koherentzia (40 puntu bitarte):

a.1) Diagnostikoaren analisia eta eskualdean nola egokitzen den (10 puntu bitarte):

–Proposamena nola egokitzen zaion proiektua garatuko den testuinguruari (5 puntu bitarte).

–Esku-hartzeari jarraipena ematea (2 puntu bitarte).

–Toki eragileen parte-hartzea (3 puntu bitarte).

a.2) Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentzia (15 puntu bitarte):

–Helburu orokorraren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (2 puntu bitarte).

–Emaitzen analisia (kuantifikazioa, errealismoa) (5 puntu bitarte).

–Emaitzen eta jardueren arteko koherentzia (3 puntu bitarte).

–Jardueren analisia (zehaztapena, egokitasuna) (5 puntu bitarte).

a.3) Baliabideen eta aurkezturiko esku-hartzearen aurrekontuaren egokitasuna (15 puntu bitarte):

–Giza baliabideak eta baliabide teknikoak egokiak izatea esku-hartze horretarako (3 puntu bitarte).

–Aurrekontua nola aurkezten den eta jarduerak zenbateraino xehakatzen diren (2 puntu bitarte).

–Aurrekontuaren eta jardueren arteko koherentzia (5 puntu bitarte).

–Gastuen kontu-sailak zenbateraino diren beharrezkoak, eta aurrekontuaren azalpen memoria (5 puntu bitarte).

b) Laguntza humanitarioaren arloko ekintzetan esperientzia izatea (30 puntu bitarte):

b.1) Laguntza humanitarioaren arloko proiektuetan esperientzia izatea, urtetan neurtua (10 puntu bitarte):

–Batere ez: 0 puntu.

–1etik 5 urte bitarte: 5 puntu.

–5 urtetik gora: 10 puntu.

b.2) Egindako esku-hartzeen kopurua (20 puntu bitarte):

–Bat ere ez: 0 puntu.

–1 eta 5 esku-hartze bitarte: 5 puntu.

–6 eta 10 esku-hartze bitarte: 10 puntu.

–11 eta 15 esku-hartze bitarte: 15 puntu.

–15 esku-hartze baino gehiago: 20 puntu.

c) Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuentzako garapenerako lankidetzako eta laguntza humanitarioko proiektuetan esperientzia izatea (30 puntu bitarte).

c.1) Saharar errefuxiatuekin egindako proiektuetan esperientzia izatea, urtetan neurtua (10 puntu bitarte):

–Batere ez: 0 puntu.

–1etik 5 urte bitarte: 5 puntu.

–5 urtetik gora: 10 puntu.

c.2) Eskualde geografiko horretan egindako esku-hartzeen kopurua (20 puntu bitarte):

–Bat ere ez: 0 puntu.

–1 eta 5 esku-hartze bitarte: 5 puntu.

–6 eta 10 esku-hartze bitarte: 10 puntu.

–11 eta 15 esku-hartze bitarte: 15 puntu.

–15 esku-hartze baino gehiago: 20 puntu.

Iragarkiaren kodea: F1604621