83. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Udal ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2016ko otsailaren 4an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizarrako Udalak Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza (2016ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 19an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, agindu da ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizarran, 2016ko martxoaren 31n.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan, testu beraren 10., 14. eta 49. artikuluei dagokienez, biltzen da, argi eta zuzen bildu ere, herritar guztiendako oztoporik gabeko esparru bat lortzeko jarduera publiko guztiak berezko duen xedea, alegia, guztiendako bizi kalitate duinaren berme egiazko eta benetakoa. Halaxe adierazten da Konstituzioko atarian eta halaxe garatzen Lehen Tituluan; bata nahiz bestea legearen alderdi dogmatikoaren osagai dira, horrek dakarren funtsezko garrantziarekin.

Administrazio publikoek, ikuspegi ezberdinetatik, baldintza egokiak sortu dituzte, behar diren berme osagarriak garatu daitezen desgaitasuna dutenek gainerako herritarren hein berean parte hartzeko herriko ekonomia, gizarte eta kultur bizian. Hartara, ikuspegi arauemaile batetik, Gorte Nagusiek 1982ko martxoaren 23an onetsi zuten Minusbaliatuak Gizarteratzeko 13/1982 Legea; lege ingurumari garrantzitsu horren osagarria izan da, berrikitan, Ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeria ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluak aditzera ematen du zein diren, lege horri dagokionez, udalerrien eskuetan uzten diren eskumenak; zehatz-mehatz, hala dio haren b) atalak: “Zirkulazioko Udal Ordenantzen bidez, herri barruko bideetako erabilpenak arautu behar dituzte, eta hiru puntu ezkondu ondo: berdin banatu behar dituzte erabiltzaile guztien artean aparkalekuak; ibilgailuen trafikoa nahitaez erraza izan behar da, betiere oinezkoak kaleetatik ibili ahal izateko moduan, eta aparkaldi mugaturako neurriak ere ezarri behar dituzte, aparkaldiak txandaka egingo direla bermatzeko. Gainera, bereziki erreparatuko diete ibilgailuak erabiltzen dituzten mugikortasun urriko ezinduen beharrei, horien gizarteratzea errazteko.”

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatzen duen abenduaren 19ko 19/2001 Legeak udalerriak behartu zituen desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematera, Estatu osorako balioa izanik.

Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legeak kontzeptu horien berriskupen sakona egin zuen. Hala, orokorki artikulu guztietan sartzen da “desgaitasuna duen pertsonaren” kontzeptua, aurreko terminologia ordeztuz, eta argitzen da izaera hori dela ingurune sozialaren ondorio, faktore banakoen ondorio izateaz gain.

Irisgarritasun unibertsala, ororentzako diseinua, gizarteratzea bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean, aukera berdintasuna, bizitza beregaina, elkarrizketa zibila, arrazoizko egokitzapenak, normalizazioa eta zeharkakotasuna: guztiak ere foru lege horretan indarrez agertzen diren kontzeptu eta printzipioak dira, eta horien esanahia hobeki egokitzen da nazioarteko desgaitasun politika berrietara, eta printzipio modernoagoak hartzen dituzte beren baitan, desgaitasun bat daukaten pertsonei buruzko ikusmolde berriarekin loturik.

Ildo horretan, foru lege horren aplikazio-esparrua honako hau izanen da: a) Telekomunikazioak eta informazioaren gizartea, b) Urbanizatutako gune publikoak, azpiegiturak eta eraikuntzak, c) Garraiobideak, d) Jendearentzat eskuragarri dauden ondasunak eta zerbitzuak, e) Administrazio publikoekiko harremanak eta f) Unibertsitateak eta hezkuntza-sistema.

Abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuak oinarrizko baldintza batzuk ezartzen ditu, bermatzeko lurralde osoan berdintasuna izanen dela aparkatzeko txartelak erabiltzeko, behar bezalako arauketarekin, bermatzeko segurtasun juridikoa izanen dela desgaitasuna edukirik mugikortasun murriztua duen edozein herritarrendako, lurralde nazional osoan mugitzen denean.

Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an gomendio bat onetsi zuen Estatu kideentzat, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela sortzeko. Estatu kide guztiek onartutako eredu europar bakar baten araberakoa izan behar du, txartelen titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz. Lizarrako Udalak, sentiberatasuna erakusten ari baita aspalditik arazo honi dagokionez, txartelak ematen dizkie minusbalioa dutenei, eremu guztietan aparkatu ahal izateko, betiere ibilgailuen nahiz oinezkoen trafikoari traba egiten ez badiote; hain zuzen ere, horiek 1056/2014 Errege Dekretura egokitu beharrak ekarri du ordenantza hau.

Ordenantzak 11 artikulu ditu, honako hauek arautzen dituztenak: xedea, titularrak, erabiltzeko baldintzak, balio epea, aparkatzeko behin-behineko txartela, txartela eskatzeko eta emateko prozedura, txartelaren lurralde esparrua, titularren eskubideak eta erabiltzeko mugak, titularren betebeharrak, arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste batzuk sailkaturik daude jada Bide Segurtasunari buruzko Legean eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean; hortaz, ez daude sarturik ordenantza honetan. Ildo horretan, aparkatzeko txartela erabiltzean, ibilgailua iritsitakoan edo ateratakoan, hartan txartelaren titularra sartzen ez bada, ibilgailuaren titularra/gidaria zehatuko da, Bide Segurtasunari buruzko Legearen eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren arabera.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota (haren bidez Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

2.1. Desgaitasunen bat duten pertsona fisikoak, Lizarran erroldatuak, ondoko egoera hauetakoren batean badaude:

a) Mugikortasun murriztua dutenak, Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin bat, betiere aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera; nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoera batean egotea, edo gutxienez 7 puntu lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan, eta, osasun egoera dela edo beste arrazoi batzuk direla eta, etxetik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez egotea.

b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago dutenak leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde profesionalen irizpena jaso behar dute.

2.2. Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak (Lizarran erroldatuak) edo juridikoak (Lizarran alta emandako ibilgailuen titularrak), autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenak, eta, halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.

3.1. Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

3.2. Aurreko artikuluko 2. atalean jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

3.3. Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

4.1. Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: bost urte.

4.2. Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

4.3. Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

5.1. Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

5.2. Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.

6. artikulua. Txartela eskatu eta emateko prozedura.

6.1. Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

6.2. Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Txarteletarako argazki bat.

–NANaren fotokopia.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde profesionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

6.3. Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

6.4. Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko.

6.5. Dagoen dokumentazioa egiaztatu eta azterturik, Udaltzaingoak aldeko edo kontrako txostena igorriko dio alkateari, eta hark ebazpena emanen du, aparkatzeko eskatu den txartela eman ala ukatu den adierazteko. Ebazpena arrazoitua izanen da kasu batean zein bestean.

6.6. Txartela ematearen aldeko ebazpena igorririk, Udaltzaingoak aparkatzeko txartela luzatuko du, eta Udaltzaingoaren bulegoetan jaso beharko da.

Berritu behar denean, txartel zaharra utziko da berria jasotzean.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

8.1. Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatutakoa bada eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna dutenendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Lizarran denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea. Alde horretatik, eta 1056/2014 Errege Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat, txartelen erabiltzaileek informazioa eskuratu beharko dute desgaitasuna dutenendako txartelen erabiltzaileei beste herri batzuetan aplikatzen zaizkien irizpideei eta/edo tarifei buruz.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea, gehienez ere 15 minutuz; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; betiere, helmuga aipatutako eremu horren barnean badago.

8.2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio errailak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

9.1. Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, 3. artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-panelean jartzea, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea aparkatzeko txartela erabiltzeak berarekin dakartzan eskubideak betetzeak sor ditzakeen trafiko arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.

f) Txartela eskuratzeko eskatu ziren baldintzak aldatuz gero, horiek jakinaraztea, horren arabera berritu edo deuseztatzeko.

9.2. Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horretaz gain, hurrengo artikuluetan eta legezko eta erregelamenduzko xedapenetan aurreikusitako zehapenak ekar ditzake.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deuseztatu edo aldi baterako kendu daiteke aldez aurretik espedientea tramitatuta, eta bertan interesdunei entzutea emanda.

Zehapenetarako prozedura

10. artikulua. Arau-hausteak.

10.1. Ordenantza honek ezarritakoari kontra egiten dioten eginak eta ez eginak arau-hauste izanen dira eta ondoko artikuluetan ezarri bezala zehatuko dira.

10.2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

10.3. Arau-hauste arinak. Batzuk aipatzearren, honako hauek:

1.–Txartela estaltzea, bertako daturen bat ezkutatzeko.

2.–Ibilgailua aparkatzeko toki batean utzi, hala jatorrikoa nola helmugakoa, eta 48 orduko epean handik ez mugitzea.

3.–Ordenantza honetako beste edozein arau-hauste, baldin larria edo oso larria ez bada.

10.4. Arau-hauste larriak.

Hauek izanen dira arau-hauste larriak:

1.–Mugikortasunean izandako hobekuntzen berri ez ematea.

2.–Txartela ez itzultzea, horretarako errekerimendua egin bazaio.

3.–Txartel iraungia erabiltzea.

4.–Bizitokia herritik kanpo aldatu izanaren berri ez ematea.

5.–Urtean hiru arau-hauste arin egitea.

10.5. Arau-hauste oso larriak.

Hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:

1.–Txartel faltsutu eta/edo manipulatu bat erabiltzea, hortik etor daitezkeen erantzukizun penalez aparte.

2.–Titularra ez den beste norbaiti txartela lagatzea, mailegatzea edo uztea.

3.–Urtean hiru arau-hauste larri egitea.

10.6. Arau-hauste arinak hiru hilabetean preskribatuko dira, larriak sei hilabetean eta oso larriak urtebetean, gertaerak izan diren egunetik. Salatua jakinaren gainean egonik, edo salatuaren identitatea edo helbidea helburu izanik, edozein jarduketa administratibok preskripzioa etenen du, eta berriz ere epea iraganen da, baldin prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

11. artikulua. Zehapenak.

11.1. Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie, Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

11.2. Arau-hauste arin bat egiteagatik, zehapena 100 euro artekoa da.

11.3. Arau-hauste larri bat egiteagatik, zehapena 101 eurotik 200 eurora bitartekoa da.

11.4. Arau-hauste oso larri bat egiteagatik, zehapena 201 eurotik 500 eurora bitartekoa da.

11.5. Aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiltzen bada, aldi baterako kentzen ahalko da, hilabetez.

Bi urtez bigarren arau-hauste oso larri bat egiten bada, gerta daiteke aparkatzeko txartela bertan behera uztea eta betiko kentzea.

11.6. Zehapenen zenbatekoa honen araberakoa izanen da: egitatearen larritasuna eta garrantzia, arau-hausleak gai horretan dituen aurrekariak edo behin baino gehiagotan egin ote duen, zuzenean nahiz zeharka egin duen kaltea, eta proportzionaltasun irizpidea.

11.7. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenen preskripzio epea lau urtekoa izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du, eta berriz ere epea iraganen da, baldin prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

Xedapen iragankor bakarra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

ERANSKINA

Eskabide eredua

Aparkatzeko txartelaren eskaera, desgaitasuna dutenentzat (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1604100