83. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, hautaproben bitartez Udal Kontu-hartzailetzaren eta Diruzaintzaren Alorrari atxikitako administrari laguntzaile lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Alkatetzak 2016ko apirilaren 5ean hartutako erabakiaren bidez onetsi ziren izangaien zerrenda bat osatzeko deialdiaren oinarriak, ondotik argitaratzen direnak, Udal Kontu-hartzailetzaren eta Diruzaintzaren Alorrari atxikitako administrari laguntzaile lanpostua hautaproben bidez eta aldi baterako kontratazioaren bidez betetzeko, Antsoaingo Udalean sortzen diren beharrei erantzun beharrez.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Noain Elortzibarren, 2016ko apirilaren 5ean.–Alkatea, José Ignacio Erro Lacunza.

OINARRIAK

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdia egiten da Udal Kontu-hartzailetzaren eta Diruzaintzaren Alorrari atxikitako administrari laguntzaile izateko lanposturako izangaien zerrenda hautaproben bidez eratzeko, Noain Elortzibarko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Udalaren erakunde autonomoek hautatu diren izangaien zerrendari heltzeko aukera izanen dute, kontularitza lanetan aritzen diren administrazio langileen lanpostuak betetzeko.

Deialdi honen babesean osatzen den zerrendak bost urteko indarraldia izanen du gehienez, indarra hartzen duen egunetik hasita, edo beste deialdi bat onesten den arte.

Izangaien zerrenda honek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda Udal Kontu-hartzailetzaren eta Diruzaintzaren Alorrari atxikitako administrari laguntzaile izateko lanposturako aldi baterako kontratatzeko.

1.1. Lanpostuek D mailako ordainsariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta Noain Elortzibarko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.2. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:

Kontu-hartzaileari laguntzea oro har, batik bat erakunde autonomoen informazioaren koordinazioan.

Oro har, gastu eragiketak kontabilizatzea, eta kontularitzako agirien txukuntasunaz eta zaintzaz arduratzea.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.”

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean titulazioaz eskatzen diren betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira.

2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Noain Elortzibarko Udaleko Erregistroan (Noaingo Foruen plaza, 3, 31110) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Noain Elortzibarko Udalaren Erregistro Orokorrean. Erregistro hori Noain Elortzibarko Udalaren egoitza elektronikoan dago (www.noain.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.noain.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek honako hau aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

–Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

–Azterketaren eskubideen tasa 2100 5264 49 2200065040 kontuan ordaindu izanaren ziurtagiria, edo, bestela, frogatzea lanik gabe dagoela, prestaziorik kobratu gabe.

  • Ordaindu beharreko zenbatekoa:
  • 13,27 euro, oro har.
  • Doakoa, prestaziorik kobratu gabe lanik ez dutenentzat.

Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, edo, ziurtagiria aurkezten ez bada, kasua zein den, izangaia baztertu eginen da.

Kontratua egiteko deitzen zaien pertsonek bakarrik aurkeztu behar dute eskatzen diren titulazio baldintzak eta deialdian eskatzen diren bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Noain Elortzibarko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Noain Elortzibarko Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web-orrian (www.noain.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.noain.es Udalaren web orrian eta iragarki oholean bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren, eta ezin dira, inola ere, 2016ko ekainaren 10a baino lehenago izan.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Bosgarrena.–Probak.

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata psikoteknikoa izanen da, eta bestea teorikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira.

5.1. Proba psikoteknikoa.

Proba psikoteknikoan, zenbakizko eta hitzezko arrazoibideari buruzko 40 galdera erantzun beharko dira 45 minutuan gehienez. Galdera bakoitzak 4 erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia.

Aldi hau gehienez ere 50 punturekin baloratuko da, eta okerreko erantzunei 0,25 puntuko zigorra ezarriko zaie. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (25 puntu). 25 puntu eskuratu ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

5.2. Proba teorikoa.

Proba teorikoa, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 25 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere bi orduz. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Aldi hau gehienez ere 50 punturekin baloratuko da, eta okerreko erantzunei 0,50 puntuko zigorra ezarriko zaie. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (25 puntu). 25 puntu eskuratu ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

5.3. Probak egun berean eginen dira. Deialdi bakarra eginen da, eta parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

5.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Ignacio Erro Lacunza, Noain Elortzibarko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: Alberto Ilundain Avellaneda, Noain Elortzibarko Udaleko alkateordea.

1. bokala: Isabel García Layana, Noain Elortzibarko Udaleko idazkaria.

Ordezko mahaikidea: Uxue Cilveti Zazpe. Noain-Elortzibarko Udaleko administrari ofiziala.

2. bokala: Jerusalem Yárnoz González, Noain Elortzibarko Udaleko administrari laguntzailea.

Ordezko mahaikidea: Nuria Sarasa Amatriain, Noain Elortzibarko Udaleko administrari-ofiziala.

3. bokala: María Ángeles Cuesta Márquez. Noain-Elortzibarko Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezko mahaikidea: Nieves Beloqui Ros. Noain-Elortzibarko Udaleko ordezkari sindikala.

Epaimahaikide idazkaria: Carlos Revilla Pascual, Noain Elortzibarko Udaleko kontu hartzaile-diruzaina.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Alfonso Arizcuren Sánchez. Noain-Elortzibarko Udaleko administrari ofiziala.

6.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik probako bigarren zatian (praktikoa) zein den puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Zozketaren emaitzak web orrian (deialdiaren aipuan) eta Noain Elortzibarko Udaleko iragarki-oholean argitaratuko dira.

7.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Noain Elortzibarko Udalaren iragarki oholean eta webgunean (www.noain.es) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

Bi probetan bazterturik gelditu ez direnak sartuko dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendetan.

7.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, alkate udalburuari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onetsia izan dadin.

Zortzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

8.1. Gainditu duten izangaiei Noain Elortzibarko Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Noain Elortzibarko Udalak egiaztatuko ditu.

8.3. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

8.4. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Deialdiaren xedeko izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraietan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saioarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori egiten denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremana izanik, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.5 atalean xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, eskaera egin duen toki entitateak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

8.5. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Non eta jakinarazpen hori egiten ez den, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.6. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan aurreikusi den kasuetan.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

8.7. Deia jasotzen dutenek aurkeztu behar dute eskatzen diren titulazio baldintzak eta deialdian eskatzen diren bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

8.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

1. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

2. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako Toki Entitateen Aurrekontu Egitura onesten duena.

3 gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan garatzen duena.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1604053