83. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Laburpena, Eskubide Sozialetako kontseilariak apirilaren 8an emandako 190/2016 Foru Aginduarena. Horren bidez, garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten da.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; haren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). BDNS (identifikazioa): 304522.

Lehendabizikoa.–Onuradunak.

Deialdi honen xedeko diru-laguntzen onuraduna izateko, GGKEek eta unibertsitateek baldintza hauek bete beharko dituzte: Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentzian inskribatua egotea (GGKEen kasuan), egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, eta Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea. A modalitatean, nahitaezkoa da hiru GGKEko edo gehiagoko batasun gisa aurkeztea; B eta C modalitateetan, hiru GGKEko edo gehiagoko batasunak aurkezten ahalko dira. Unibertsitateen kasuan, C modalitatean bakarrik aurkezten ahalko dira, hau da, garapenerako hezkuntza esparru formalean izenekoan.

Bigarrena.–Helburua.

Nafarroan diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE) eta unibertsitateekin batera, garapenerako lankidetzaren eragile diren heinean, gizartea garapen bidean diren herrialdeen arazoekiko sentikorrago bihurtuko duen eta elkarren mende dagoen munduari buruzko kontzientzia eta ulermen kritikoa garatuko dituen esku-hartzeak finantzatzea, elkartasuna eta lankidetza aktiboa bultzatuz. Esku-hartzeak hiru mota edo modalitatetakoak izaten ahalko dira: A (sentsibilizazio ekintzak), B (garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean) eta C (garapenerako hezkuntza esparru formalean).

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Eskubide Sozialetako kontseilariak apirilaren 8an emandako 190/2016 Foru Agindua. Horren bidez, garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten da.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

445.000 euro daude deialdi honetarako. Horietatik, 245.000 euro 2016ko ekitaldiari dagozkio, 2016ko gastu aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004-91100-4819-143102 kontu-sailaren kargura, eta 200.000 euro 2017ko ekitaldiari. Zenbateko horiek honela banatuko dira hiru modalitateen artean:

A modalitatea: 80.000 euro 2016ko ekitaldian.

B modalitatea: 40.000 euro 2016ko ekitaldian.

C modalitatea: 125.000 euro 2016ko ekitaldian, eta 200.000 euro 2017ko ekitaldian.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2016ko apirilaren 8an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1604925