82. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AUZA

Herrilurretako aprobetxamenduen ordenantza.
Behin betiko onespena

Auzako Kontzejuak, 2014ko urtarrilaren 16an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2014ko 33. eta 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, urriaren 18an eta 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Auzan, 2016ko martxoaren 30ean.–Burua, José Ramón Berasain Berasain.

AUZAKO KONTZEJUAREN JABETZAKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUEI BURUZKO ORDENANTZAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Auzako Kontzejuko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3 artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren aldaketa, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean jasoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Auzako Kontzejuaren herrilurretako ondasunei dagozkie, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Auzako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Auzako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Auzako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Auzako Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Auzako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Auzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien inguruko erabakia hartuko du Udalak.

10. artikulua. Auzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Auzako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina emanen da edo ez, Zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua. Auzako Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Auzako Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den gisan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

1. Herrilarreen aprobetxamendua.

2. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

15. artikulua. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Auzako Kontzejuko Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunez.

c) Auzako Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Auzako Kontzejuarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Auzako Kontzejuak argituko ditu.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Aprobetxamenduaren ondorioetarako, Auzako Kontzejuak kudeatzen dituen herrilarreak hauek dira:

Goiko larreak edo irekiak, honako paraje hauetan daudenak: Suarbealdea, Bagadia, Gaztaindegia, Makurra, Etxolazar eta Errebizkar.

PARAJEA

POLIGONOA

LURZATIA

Suarbealdea, Bagadia

14

63

Etxolazar, Gaztaindegia

14

61

Makurra

14

58 eta 59

17. artikulua. Herri larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunaren arabera eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez esleituz.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Auzako Udalaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan kontzejuaren mugapean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Herritarrei zuzenean esleitzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Auzako Kontzejuaren kalkuluen arabera, 0,7ko azienda larriko unitatea da (AzLU = behi bat) herri larreek jasan dezaketen batez besteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko, edo bestela esanda, AzLU bat 1,4 hektareako.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek erabiliko dira:

a) Behi bat, zaldi-abelburu bat adina da.

b) Behi bat, zortzi ardi adina da.

Herri larreak erabiltzen dituen aziendak Azienden Osasun Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea bete beharko du. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu aziendak.

Azienda larria identifikatzeko (zaldi eta behi aziendak), markatu eginen da kanpaina bakoitzaren hasieran, Udalak ezartzen dituen egunetan.

19. artikulua. Debekatua dago ahuntzak eta txerriak larratzea.

Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.

Halaber, debeku da arras inolako aziendarik larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, eta adierazita zehapenak ezarriko dira.

20. artikulua. Abere mota bakoitza larratzeko, 16. artikuluko bazkalekuetarako tarifa hauek ezartzen dira:

Goiko larreak edo irekiak: zaldi-azienda, urtebetetik gorakoa, 15 euro buruko; behi-azienda, urtebetetik gorakoa, 12 euro buruko, eta 2 euro ardi-aziendako buruko.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Kontzejuak egokitzat jotzen duenean, behin teknikari eskudun batek baloratu ondoren larreen benetako balioa eta egiten ahal diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostua, eta betiere aldatzeko erabaki den urte naturala amaitu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran indarrean jar daitezen. Nolanahi ere, kanona benetako balio horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluak adierazten duenaren arabera.

Aipatutako kuoten ordainketa urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herrilurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da esleipenaren prezioa, abeltzainek hautematen dituzten prezio aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin, kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako animalia bat ez badute beste batekin ordezten. Kontzejuaren aldetik pertsona bat izanen da, bere gain izanen duena herrilarreetako abelburuak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko ardura.

21. artikulua. Abeltzain esleipendunen artean banatuko da herrilarreen azalera, bakoitzaren abere saldoaren tamainaren arabera. Larreak banatzeko, larreen 1,4 hektarea emanen dira AzLU bakoitzeko, jasan daitekeen azienda-kargara iritsi arte.

Herritarrei zuzenean esleitu ondoren, azaleraren bat soberan gelditzen bada, Kontzejuak hala erabakita lurra erreserba modura gelditzen ahalko da beste eskabide batzuei erantzuteko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Auzako Kontzejuak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2. ATALA

Larreak herritarrei esleitzeko prozedura

22. artikulua. Kontzejuko Batzarraren erabakiaren bitartez, epe bat emanen da larreen esleipena eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, betiere Udalaren iragarki oholean ediktua atera ondoren.

23. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

24. artikulua. Kontzejuak behin-behineko esleipena eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia unitateei.

b) Lurzoruak esleitzean kontuan hartuko da jasan dezaketen batez besteko azienda-karga (Ordenantza honen 18. eta 21. artikuluetan agertzen dena).

25. artikulua. 1. Behin-behineko esleipena eginda, erakundearen oholean iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko esleipena behin betikoa izanen da.

Bestelakoetan, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko esleipenari buruz.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Auzako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei. Horretarako, Oihangintzako Administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta esleipena interesdunen artean zozketatuko du.

27. artikulua. Auzako Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

28. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, gutxienez 4 hilabete. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita epaitzak entregatzeko eguna eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

29. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Auzako Kontzejuak aurrekontu arruntean.

30. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere landazainek eta Kontzejuak ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendua.

31. artikulua. Epaitzan adierazitako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, kontsulta eginen zaie Basogintzako Administrazioari eta Kontzejuko arduradunari edo udal basozainari. Kontzejuaren adostasuna beharko da ez bada zehapenik nahi.

32. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsiak etxerako egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta uste bada egurra beste erabilera batzuetarako aprobetxatzerik ez dagoela. Betiere, Oihangintzako Administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena beharko da. Udalak udal basozainaren txostena edukiko du. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izaten ahal dira urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin aurreko urteetako egurra atera gabe utzi duten herritarrek.

33. artikulua. Kontzejuak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Aitzinetik, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta oihanean dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira. Kontzejuak zozketak egin ditzake taldeka, kontuan izanik epaitzen kokapenak, herriekin eta bizilagun eskatzaileekin loturik.

34. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

35. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu proiektuen eraginpean dauden herrilurren gaineko aprobetxamenduen esleipenak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

Oihan bideen eta herrilurretako finketara sartzeko bideen erabilera

36. artikulua. Auzako Kontzejuaren herrilurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haien kontserbazio egokia.

37. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako, industriarako edo aisiarako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

38. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, kontuan hartuta zoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

39. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua baldin badago, udal basozainaren oharrei jarraituko zaie.

40. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herrilurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo oihangintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

41. artikulua. Debeku dira ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Kontzejuak baimena ematen badu, eta, behar izanez gero, Udalak.

42. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, haien eginkizunak betetzen dituztenean.

43. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaie Kontzejuari eta Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko dio Udalari bere jardunean bidearen erabilera intentsiboa edo berezia egin behar duenak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

44. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batez bestekoak, eta zenbat denborarako den.

45. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo esleitutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezartzen ahal du Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten esleipen-hartzaileek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

46. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuetarako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta oihanzainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

47. artikulua. Udalak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Bestetik, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokituko ditu bere ahalen heinean.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

48. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira ondoren adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua esleipendunak berak behar bezala eta modu zuzenean ez egitea.

Larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea galtzea hiru urtean.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5, gehienez

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Ondorio horretarako, gordailuzainak dauden zordunen idatzizko zerrenda aurkeztuko du, borondatez ordaintzeko aldiaren akaberan nahiz errekarguarekin ordaintzeko epearen akaberan.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

Larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da, epaitzaren balorazioa halako 5, gehienez.

d) Animalia helduek (zaldi-azienda eta behi-azienda) markarik ez izatea edo nolanahi ere aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, baita azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi-aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

f) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe Udalaren herrilurretan larratzen den azienda bakoitzagatik, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi bakoitzeko. Kopuru horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

g) herrilurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Kopuru horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du udal basozainak edo kontzejuburuak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei, eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua aplikatzen ahalko zaie, zehazki ondoko hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60tik 12.000,02 euro bitartekoa izanen da.

Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak bahituko dira.

Xedapen indargabetzailea

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1604103