82. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

66E/2016 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Oibarko udal mugapean Oibarko hondakindegiko lurrak bere onera ekartzeko proiekturako. Sustatzailea Oibarko Udala da.

2015eko azaroaren 19an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Kasu honetan, jarduera baimentzen ahal da, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostenaren arabera.

Proiektaturiko jarduketa honetan datza: Oibarko 1. poligonoko 258. eta 1.333. lurzatietan dagoen herriko hondakindegiak andeatutako eremua egokitu eta berreskuratzea.

Hondakindegia herritik ekialderantz ateratzen den mendilerro txiki baten (La Sierra izenekoa) hegoaldeko mazela aldetik handitu egin da, eta Oibarko 1. poligonoko 1.333. lurzatiaren 13.450 m² inguru hartu ditu. Mendilerroaren goi aldetik, Oibarko 1. poligonoko 1.333. lurzati horren parean, "43 Iraganbidea" izeneko abelbidea igarotzen da ekialdetik mendebalderantz, Oibarko 1. poligonoko 258. lurzatian barna hain zuzen, eta lurzati horren 1.600 m² inguru hondakindegiak hartu ditu. Hondakindegia partez berreskuratu da, eta, hala, eremuak alde desberdinak ditu, egindako berreskuratze-lanen eta tokian tokiko arazoen arabera: Sasiakaziekin landareztatutako eremua; sasiakazien artean lur pilaketekin landareztatutako eremuak abelbidearen barnean eta kanpoan; berriz landareztatu den zelaigune bat, egokitu gabe dagoena oraindik, lur gainean hondakinak baititu; zelaigune soildu bat eta mazela fronte bat alde erregularizatu batzuekin baina landareztatu gabe; eta zenbait alde irregular, lur gainean hondakinak dituztenak. Hondakindegiaren perimetroa hesitua dago. Hortaz, ipar aldean itxitura aipatutako abelbidearen barnean dago.

Oibarko Udalak proposatu du kabailoietako 750 m³ lur kentzea zelaigunea berreskuratzeko lanetan erabiltzeko, eta lur hori zabaldu ondoren, eremua egokitu, ereitea eta ongarritzea. Proposatu du, orobat, hondakindegiaren frontean dagoen ezpondako gainaldea profilatzea eta maila leuntzea, hondakindegiaren frontetik 20 m³ hondakin kentzea, ezponda horren behealdean 950 m²-ko eremu batean larizio-pinuak sartzea eta, azkenik, hondakindegitik kanpora lur naturaletan erori diren hondakinak eskuz jasotzea. Egokitu ondoren, eta behin eremuan kontrolik gabeko hondakin gehiago izanen ez direla bermatu ondoren, itxitura guztia kenduko da, edo, gutxienez, aldatuko da, abelbidearen barnean sar ez dadin.

Espedientean Biodibertsitate Zerbitzuaren 2015eko abenduaren 30eko txostena jaso da, abelbideen babesari buruzkoa.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin dio proposamenari, eta hura garatzeko irizpide egokiak ezarri ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Oibarko udal mugapean Oibarko hondakindegiko lurrak bere onera ekartzeko proiekturako. Sustatzailea Oibarko Udala da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Hondakindegiaren fronteko ezponda ere erein eta ongarritu beharko da, egokitu ondoren.

–Hasiera batean, betiere landare-estalkia egoki birsortzen bada eta berreskuratzen den eremurako beste berariazko erabilera bat erabakitzen ez bada (gaur egungo erabilera "naturala-basoa" da), ez da beharrezkoa izanen zelaigunean landaketa gehiago egitea. Beraz, hilabete batzuen buruan, eremua artzaintzarako erabiltzen ahalko da, tarteka, hango itxura eta substratua hobetzeko eta bertan sortuko diren larre eta sastraken konposizio botanikoa naturalizatzeko asmoz.

–Eremu horren itxiturari dagokionez, eta obrak egitean abelbideak babesteari begira hartu beharreko neurriez den bezainbatean, Biodibertsitate Zerbitzuak 2015eko abenduaren 30ean egindako txostena bete beharko da. Sustatzaileari haren berri eman zaio. Bereziki, baldintza hau bete beharko da: sustatzaileak abisua eman beharko dio, gutxienez 72 ordu lehenago, 10. eremuko Basozaintzari (ogfoeste10@navarra.es), obren zuinketa egiten denean bertan egon daitezen.

–Lanak hastean, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari jakinarazi beharko zaio.

–Lanak burutzeko gehieneko epea 2 urtekoa da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Biodibertsitate Zerbitzuari (Abelbideak), 10. eskualdeko Basozaintzari (Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 18an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1603526