82. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65E/2016 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Esteribarko 6. poligonoko 200. lurzatian dekantazio putzu batzuk betetzeko proiekturako, Ilurdotzen, Esteribarko udal mugapean. Sustatzailea Apezetxea Anaiak SL da.

2016ko otsailaren 26an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Hauxe da proiektaturiko jarduketa: Eugin sareak eta zoladura berritzeko egiten ari diren lanetatik sobratzen diren lurrak (1.700 m³ gehienez) erabiltzea andeatua dagoen eremu bat berreskuratzeko; izan ere, eremu hori eskutik utzia dago Esteribarko 6. poligonoko 200. lurzatian kare-harria ateratzeko zegoen harrobia abandonatu ondoren, instalazioen hondakin batzuk bertan gelditu direlako.

Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituenak, 5. artikuluan ezartzen du horrelako hondakinak dituztenen betebeharrak, eta horien artean zehaztua dago, besteak beste, hondakinak haiek beraiek kudeatzen ez badituzte, behartuak egonen direla hondakinen kudeatzaile bati ematera. Ezartzen du, halaber, hondakinak, ahal dela, berrerabilpen eragiketetarako, birziklapenerako edo bestelako balorizazio modu batzuetarako erabiliko direla, hurrenkera horretan.

9. artikuluan aurreikusten da hondakin inerteak, desagerrarazi beharrean, lehengoratze, egokitze edo betelan obretan erabiltzen ahal direla, balorazio lan gisara, baldintza hauek betez gero:

–Ingurumenaren arloan eskumena duen organoak hala deklaratzea; kasu honetan, Landa Garapeneko, Industriako, Enpleguko eta Ingurumeneko Departamentuak.

–Lan horiek administrazio baimena duen hondakinen kudeatzaile batek egitea.

–Lan horien ondorioa izatea baliabide naturalak ordeztea, hots, lortu nahi den helburua lortzeko erabili beharko liratekeen baliabide naturalak ordeztea.

Egindako eskaera aztertuta, jarduera 9. artikuluan aipatutako horien artean sar daiteke, balorizaziotzat hartzeko modua dagoelako, izan ere, artikulu horretan aipatutako lehengoratze baldintzak betetzen dira. Beraz, behar den ingurumen ukipenetarako baimena tramitatzen hasi da.

Espedienteari Lurraldearen Antolamenduko Zerbitzuaren aldeko txostena erantsi zaio, martxoaren 10ekoa. Horren arabera, tramitatzen ari den jarduera baimentzeko modukoa da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hortaz, ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar, deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia, baimena edo txostena lortu behar izatea.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jarduketaren aldeko txostena eman du, betiere ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Esteribarko 6. poligonoko 200. lurzatian dekantazio putzu batzuk betetzeko proiekturako, Ilurdotzen, Esteribarko udal mugapean. Sustatzailea Apezetxea Anaiak SL da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–”Eugiko sareak eta zoladura berritzeko proiektua” izeneko obretatik datozen hondeaketa-lurrak pilatzen ahal dira bakar-bakarrik (LER kodea: 170504). Gainera, lur horiek 2003/33/EB Erabakian hondakin inerteetarako zehaztutako ezaugarriak bete beharko dituzte.

–Lurrak Esteribarko udal mugapeko 6. poligonoko 200. lurzatian botako dira (A, B eta C azpilurzatiak), han kokatzen baitira harria ateratzeko erabiltzen zen jarduera baten dekantazio putzu hormigoiztatuak.

–Lehengoratzeko helburua lortzearren, lurrak bota, zabaldu eta trinkotuko dira: lehenbizi, putzuetako zuloak beteko dira, gainazalean topografia berdintsua lortu arte, inguruetako lurren azaleko mailarekin gutxikako trantsizioa osatuz, eta maila desberdineko eremuak bereizten dituzten ertz eta ezpondak sortu gabe.

–Putzuetako zuloak bete ondoren, soberako lurrik gelditzen bada, putzuen aldetik hasi eta Beltzunegiko errekako zubira doan biderantz zabalduko dira, baina inoiz ez erreka aldera, harekin 10 metroko tartea utziko baita non-nahi ere. Lan horietan, lurra 1 eta 2 metroko altuerako pilatan metatuko da, makina egokien bidez ongi trinkotuak. Eremu libreetan ezponda bat utzi beharko da, gehieneko 3H/1V malda izanen duena, landareztatzeko modukoa.

–Adierazitako azken topografiara iritsita, bukatutako gainazalak berriz profilatu eta harriak kendu ondoren, landare-lurreko geruza bat zabalduko da, 20 cm-koa. Horrelako materialik ez badago, putzuen inguruan okupatu beharreko eremuetan lur geruzak kenduz lortuko da. Azkenean, gainazalaren kalitatea aski ona ez bada materia organikoari dagokionez, gainazala osatuko da materia organikoa zabalduz.

–Landareztatze lanetan, belar-espezieetako haziak ereinen dira, lurzatia belardi gisa erabili ahal izateko, lehen bezala.

–Sustatzaileak eraikuntza eta eraispen obretako hondakinen kudeatzaile baimena atera beharko du, eta, lurrak hondakindegian pilatzen hasi aurretik, ziurtatu beharko du bertatik kendu direla eraikuntza eta eraispen obretako hondakinen harri zatiak, lurren jatorrizko obretan sortu direnak, eta fluxutik kenduko ditu hondeaketa lurren definizioa betetzen ez duten hondakin guztiak.

–Lanak 3 hilabeteko epean eginen dira gehienez, andeatutako eremua itxi eta lehengoratzeko obrak hasten direnetik. Obra bukaerako txostena aurkeztu beharko da, harrobia lehengoratzeko lanen azken emaitza erakusten duen dokumentazio grafiko nahikoa erantsita.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Esteribarko Udalari, Aezkoa-Kintoa eremuko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 18an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1603530