82. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114/2016 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak Eskola Seguruen Sarean sartzeko deialdia arautzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 2012ko abenduaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategia onetsi zuen 2013-2020 aldirako.

2004ko apirilaren 6an izenpetu zen Bide Segurtasuneko Europako Gutuna, Dublinen. Europako Gutuna elementurik garrantzitsuena da Europako Bide Segurtasunaren Ekintza Programan, eta helburu gisa ezartzen du Europan hildakoen kopurua murriztea, %50 gutxienez, 2010. urterako, horretarako hainbat sektore sozial inplikatuz.

Nafarroako Gobernuak, 2005eko uztailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategia onetsi zuen 2005-2012 aldirako.

2005-2012 aldirako Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategiak baterako lanaren oinarriak ezarri zituen, administrazioak eta gizartea koordinatu zituen, eta Nafarroako Foru Komunitateko gizarteko eta zirkulazioko eragile guztien informazioa bateratu zuen, baita Nafarroako istripuen zergatiei buruzko informazioa ere. Horri esker, ekintza koordinatuak antolatu ziren, eta horrek konponbideak ekarri zituen eta egoera hobetu zuen, bideko segurtasunari dagokionez, horrela arlo honetan bikoizketarik eta hutsunerik izan ez zitezen. Gainera, herritarrek parte hartzea eta laguntza ematea sustatu du estrategia horrek. Beraz, tresna eraginkorra izan da helburu nagusia betetzeko, hots, Nafarroan zirkulazioko istripuek ekarritako heriotzen indizea franko murrizteko.

Estrategiaren indarraldia bukaturik, eta istripu kopuruei buruzko datuak azterturik, dokumentu horren eraginkortasuna frogatzen baitute, bidezko da estrategia berri bat diseinatzea, 2020. urterainokoa, halako moldez non bat egiten duen Trafiko Zuzendaritza Nagusiak Bide Segurtasuneko Estrategia Nazionalerako ezarritako aldiaren bukaerarekin.

Estrategia honen bidez Nafarroako Gobernuak bultzatu nahi dituen ekintza ildoak Espainiako bide segurtasuneko testuinguruan daude kokaturik, Europako bide segurtasunerako politiken barnean. Hala, bukatu den estrategiak bere egiten zuen Europar Batasunaren funtsezko helburua, ekintza programetako batean ezarria: 2001eko datuen aldean, 2010ean istripuetan hildakoen kopurua %50 murriztea.

Aldi honetarako, bide segurtasunerako eremu bateratua sortzeko helburuz, batzordeak proposatzen du 2010etik 2020ra Europar Batasuneko errepideetan erdira murriztu dadila hildakoen kopuru osoa. Helburu horrek berarekin dakar aurrekoa baino eginahal handiagoa egin behar izatea, kontuan harturik azkeneko hamarkadan hainbat estatu kidek jadanik aurrerapen handia egin dutela. Europak bide segurtasunarekin duen konpromisoaren seinale argia izanen da. Estatu kideei gonbita egiten zaie baterako helburua betetzen laguntza eman dezaten, bide segurtasuneko estrategia nazionalen bidez, aintzat hartuz haien abiapuntuak, beharrak eta inguruabar bereziak. Emaitzarik okerrenak izandako eremuetan bildu behar dituzte indarrak estatuek; horretarako, adierazle gisa erabiliko dituzte eremu horietan hobekien ibili direnek erdietsitako emaitzak. Modu horretan, helburu nazional zehatzak ezar litezke.

2005-2012 aldirako Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategiak baterako lan horren oinarriak jarri zituen, eta erabilgarritasun handiko elementua izan zen Nafarroako bide segurtasunaren datuak hobetzeko. 2013-2020 aldirako estrategia berriak bat egiten du aldi bererako Bide Segurtasuneko Estrategia Nazionalaren xede eta helburuekin, eta jarraitasuna eman nahi dio lan ildo horri, azken urteotan eraginkorra izan baita.

Dokumentu hori antolamendu tresna da, eta Nafarroako Gobernuak, beste administrazio publikoekin koordinaturik, 2020. urtera arte bide segurtasunean garatu nahi dituen 200 ekintza biltzen ditu.

Ekintza horietatik asko hezkuntza eta prestakuntzaren arlokoak dira. Nafarroako Gobernuak, 2012ko abenduaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategia onetsi zuen 2013-2020 aldirako. Haren babesean, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak Eskola Segururen Sarea sortu eta bultzatu nahi dute, helburutzat baitute Nafarroako jendeak bide segurtasunaren arloko hezkuntza eta sentsibilizazio esku-hartzeak hobetzeko batera jokatzea, ezinbesteko lan ildoa izanik hezkuntza formalean lan koordinatua egitea eta irakaskuntzako profesionalak prestatzea.

Programa honen helburua da Nafarroako ikastetxeek bide segurtasuna sartzea zeharka ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta curriculum proiektuan. Bide segurtasuna etengabeko hezkuntza prozesua da, eta mugikortasun seguruagoa eta iraunkorragoa sustatu nahi du ezagutzen, jarreren eta balioen bidez.

Helburu honetan ikastetxeei laguntza emateko, programak aholkularitza, prestakuntza, koordinazioa eta parte-hartzea eskaintzen ditu, halako moduz non beren artean eta ingurunearekin jokatuko duten Eskola Seguruen Sare bat eratuko baita, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eta hezkuntza erkidegoaren arteko lankidetzan.

Bide segurtasunaren arloan Hezkuntza Departamentuak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak duten lankidetza hitzarmenak helburu du behar diren elkarlan eta koordinazio mekanismoak ezartzea, arlo teknikoan eta irakasleen prestakuntzan, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren artean, Nafarroako Gobernuan dauden baliabideak optimizatzeko eta hezkuntzako jarduketak bateratzeko, bide segurtasuna ikastetxeetan txertatzeari begira.

Komeni da Eskola Seguruen Sarea bultzatzea Nafarroako Foru Komunitatean. Horrek deialdi publiko bat egitera behartzen du Hezkuntza Departamentua, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori gauzatzeko modua izan dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Eskola Seguruen Sarean sartzeko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

I. ERANSKINA

Eskola Seguruen Sarean sartzeko 2016ko deialdiaren oinarriak

Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie, bide segurtasuneko proiektuak aurkez ditzaten, Eskola Seguruen Sarean sartzeko, 2016. urtean.

Bigarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Eskola Seguruen Sarean sartzeko proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) IV. eranskinean zehazten diren bide segurtasunaren helburuak eta edukiak lantzea, hiru urtean gutxienez.

b) Bide segurtasunaren batzordea sortzea, irakasleek eta ikasleek osatua. Positiboki baloratuko da honako hauek parte hartzea: familiak, ikastetxeko irakaslez bestelako langileak, toki entitateak eta proiektua garatzeko elkarlanean ari diren beste erakunde batzuen ordezkariak.

Batzorde horren zereginak izanen dira proiektua dinamizatzea, hezkuntza erkidegoaren ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntzak proposatzea.

Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko, eta pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginetarako.

c) Azaroaren 1a baino lehen sarean parte hartuko duten irakasleen zerrenda aurkeztea urtero (ikusi III. eranskina).

d) Era berean, ikasturte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, urteko txostena aurkeztea Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuan. Txosten horri esker, amaitzen den ikasturtean egindakoaren memoria jakinaraziko da (ikusi V. eranskina).

Baldintza horiek bete ezean, Eskola Seguruen Saretik baztertuko da.

e) Hiru urteak bukatutakoan, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikusi VI. eranskina), aplikazioko aldi osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.

f) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.

Hirugarrena.–Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Eskola Seguruek laguntza hauek izanen dituzte: sareko batzorde teknikoaren aholkularitza eta jarraipena, baita Nafarroako Hezkuntza eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuena eta laguntzen ari diren erakunde eta toki entitateena ere; baliabide eta material didaktikoak; prestakuntzarako berariazko jardueren eskaintza, ikastetxeko irakasleek bide segurtasunaren arloan prestakuntza izan dezaten; sareko eskolek esperientzien jarraipen eta trukerako urtero egiten dituzten topaketak; eta Eskola Seguru gisa egiaztatzea, proiektuaren hirugarren urtea bukatutakoan eta batzorde teknikoak aldeko txostena eman ondoren.

Eskola Seguruaren egiaztagiria lortu ondoren, ikastetxeek sarekoak izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta hirugarren oinarriko a), b), c) eta e) ataletan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Eskaera orria, II. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela azaltzen duten aktak.

–Eskola Seguruen Sarean parte hartzeko eskaeraren justifikazioa, III. eranskinaren araberakoa.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Nafarroako Eskola Seguruen Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eskaerak.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Seigarrena.–Ikastetxeak hautatzea.

Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Ataleko bi teknikarik eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Trafiko eta Bide Segurtasunaren Ataleko bi teknikarik osatutako batzorde tekniko batek eginen du eskaeren balorazioa.

Ikusirik Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako proposamena, eta, halaber, ikusirik sareko batzorde teknikoaren txostena, Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, Nafarroako Eskola Seguruen Sarekoak izateko hautatzen diren ikastetxeen zerrenda onetsiko duena.

Zazpigarrena.–Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Sareko batzorde teknikoak proposaturik, eta urteko txostena ontzat jotzen bada (txosten horretan proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda agertuko da), ikastetxe bakoitzeko Eskola Seguruaren lan taldean parte hartu duten irakasleei 2016-2017 ikasturtean hezkuntza berritzeko proiektuan parte hartzearen gaineko ziurtagiria emanen zaie, gehienez 35 orduz, egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da: berrikuntza proiektuko 50 orduko partaidetza, gehienez ere.

Zortzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

II. ERANSKINA

Nafarroako Eskola Seguruen Sarean parte hartzeko eskabidea(PDF).

III. ERANSKINA

Nafarroako Eskola Seguruen Sarean parte
hartzeko eskaeraren justifikazioa

1. Ikastetxearen testuinguruaren eta aurrekarien analisia bide segurtasunaren arloan.

2. Parte hartuko duten eskola etapak.

3. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

4. Ikastetxeko bide segurtasunaren batzordea.

5. Aurreikusitako antolamendu mota eta funtzionamendua.

6. Hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea: ikasleak, irakasleak, familiak eta irakaslez bestelako langileak.

7. Lankidetza, tokiko eragileekin eta elkarteekin.

IV. ERANSKINA

Zeharkakotasunak, bide segurtasunaren arloan, erantzuna ematen die eguneko gizartearen gai eta premiei. Defendatzen du arloetako edukien eskolako ezagutzak eskolaz kanpoko errealitatearekin lotzea, jarrerazko alderdiei eta ohiturak hartzeko alderdiei lehentasuna emanez. Halaber, gogoeta kritikotik, konpromisoak hartzea nahi du, ikastetxeko jarduketetan zehaztuko direnak. Azkenik, gai guztietan balioen hezkuntza eta ohitura eta jarrera positiboak daude atzean, eta, horren ondorioz, hezkuntzaren helburu bera dute.

Bide segurtasunaren helburu orokorrak

a) Haurrak herritar-kontzientzia har dezala sustatzea bide publikoen erabilerari eta trafikoari dagokienez.

b) Ohiturak hartu eta garatzea, bidean behatzeko sena eta espazioa eta denbora nozioei lotutako ohitura psikomotorikoak sortzeko.

c) Kalean ibiltzen direnak (gidariak eta oinezkoak) errespetatzea, eta laguntza ematea inguruneko erabiltzaileen zirkulazioa errazagoa izan dadin.

d) Ikaslearengandik hurbil dagoen ingurune fisikoa ezagutzea, bere elementuak identifikatuz, bai eta trafikoarekin duten harremana ere.

e) Trafikoko arau eta seinaleen garrantzia ezagutzea, eta horietako batzuen esanahia ikastea, haiek errespetatzeko jarrerak sortuz.

f) Komunitate bateko kideak direla kontzientzia hartzea, bete behar dituzten arauak, segurtasun ohiturak eta bideko portaera dituena.

g) Trebetasunak eta portaera seguruak bereganatzea, eta gogoeta piztea ohiko joan-etorrietan izan dezaketen arrisku egoerak saihesteko.

h) Zirkulazioko oinarrizko arauak ezagutu eta betetzea, oinezkoak eta bizikleten gidariak diren aldetik.

i) Prebentzioko jarrerak sortu eta bereganatzea trafikoarekiko.

Bide segurtasunaren berariazko helburu
eta edukiak hezkuntza etapetan

Haur Hezkuntza.

a) Aurrera egitea bideko sena sortzeko ohiturak (ikusmenezko eta entzumenezko behaketa, ohitura psikomotorikoak, etab.) hartzen.

b) Aurrera egitea bideko sena sortzeko ohiturak (ikusmenezko eta entzumenezko behaketa, ohitura psikomotorikoak, etab.) hartzen.

c) Soinu eta argi seinaleak ezagutzea eta haien aurrean azkar erantzutea.

d) Prebentzioko jarrerak sortzea trafikoarekiko.

e) Portaera egokia izatea bide publikoetan oinezkoa (arduradun batek lagunduta) denean.

f) Arauak eta zirkulazioko agenteak errespetatzeko jarrerak sortzea, trafikoa zaintzen eta antolatzen baitute.

Lehen Hezkuntza.

d) Ikaslearengandik hurbil dagoen ingurune fisikoa ezagutzea, bai eta trafikoarekin duten harremana ere.

b) Herritar-kontzientziako ohiturak plazaratzea zirkulazioarekiko.

c) Oinezkoak errepideetatik ibiltzeko arauak ezagutzea, eta oinezko gisa bide publikoak gizabidez eta zuhur erabiltzeko ohiturak bereganatzea.

d) Bidaiari gisa garraiobide partikularrak eta kolektiboak egokiro eta erantzukizunez erabiltzea.

e) Trafikoko seinaleen garrantzia ezagutzea eta haien esanahia ikastea.

f) Bizikletaren printzipio fisiko eta mekanikoak ezagutzea.

g) Bizikleta erantzukizunez gidatzeko zentzua garatzea eta bere arriskuez kontzientzia hartzea.

h) Bizikleten zirkulazioaren arauak eta seinaleak ezagutzea.

i) Bizikleta gidatu eta erabiltzeko toki egokiak aukeratzea.

j) Istripuetan lehenbiziko segurtasun neurriak ezagutu eta hartzea.

k) Arrisku talde nagusiak identifikatzea, eta aztertzea trafikoko istripuak non, nola eta noiz diren.

l) Bideko sena sortzeko ohiturak bereganatu eta garatzea: distantziak, denbora-tarteak, etab.

Bigarren Hezkuntza.

a) Herritar-kontzientziako ohiturak hartzea zirkulazioarekiko.

b) Trafikoko arauak eta seinaleak errespetatzearen garrantzia baloratzea, eta haien esanahiaren ezagutza interpretatzea.

c) Bizikletak eta ziklomotorrak erantzukizunez gidatzea, haiei lotutako arriskuez kontzientzia hartzea eta ibilgailu horien zirkulazioari lotutako arauak eta seinaleak errespetatzea.

d) Istripuen arrazoi nagusiak identifikatzea, batez ere 12 urtetik 16ra bitarteko adin-tarteari dagokionez.

e) Oker eta bereizi gabe erabiltzeagatik ondorio negatiboak izan ditzaketen objektu eta baliabide teknologikoak identifikatzea.

f) Gizabidez eta zuhur jokatzea bizikleten eta ziklomotorren abiadurari dagokionez.

g) Ziklomotorraren nozio mekanikoak eta mugimendu-nozioak ezagutu eta azaltzea.

h) Istripuetan lehenbiziko segurtasun neurriak ezagutu eta hartzea.

V. ERANSKINA

Ikasturte bakoitzean egindako lanaren memoria prestatzeko gidoia

1. Proiektuaren datu orokorrak: izenburua, helburuak, edukia eta zer ikaslerentzat den.

2. Ikastetxearen antolamendua bide segurtasunaren proiektua garatzeko.

3. Egindako jarduerak. Hasiera bateko asmo eta epeak noraino bete diren.

4. Baliabide materialak eta giza baliabideak. Proiektuan esku hartu duten irakasleen zerrenda.

5. Proiektuaren ebaluazioa eta hark behar dituen doiketak.

VI. ERANSKINA

Hiru urteko proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko gidoia

1. Proiektua garatu deneko egoeraren ezaugarri orokorrak eta kasuan kasukoak.

2. Proiektuko helburuak betetzea:

–Hasiera batean proposatuak.

–Proiektua bukatzean lortuak.

3. Proiektuko partaideak: ikasleak, elkarteak, erakundeak, tokiko eragileak, etab.

4. Egindako jarduerak.

5. Proiektuan egindako aldaketak hura gauzatu bitartean:

–Helburuak.

–Edukiak.

–Jarduerak.

–Metodologia.

–Baliabideak.

–Ebaluazioa.

–Beste batzuk.

6. Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak, eta zabalkundea.

7. Prestatutako materialak.

Iragarkiaren kodea: F1604564