82. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

102/2016 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarea sortu eta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak sarean sartzeko deialdia arautzen duena.

Hezkuntza sozioemozionala etengabeko hezkuntza prozesua da, curriculum akademiko osoan zehar eta bizitza osoko etengabeko prestakuntzan garatu beharrekoa.

Hezkuntza sozioemozionalaren xedea garapen emozionala eta pertsonen arteko harremanetarakoa sustatzea da, garapen kognitiboaren ezinbesteko osagarriak eta, harekin batera, nortasun integrala garatzeko oinarrizko elementuak baitira. Horretarako, emozioen gaineko ezagutzak eta trebetasunak garatzea proposatzen da, norbanakoari gaitasunak emateko, eguneroko bizitzaren erronkei hobeki aurre egin dezan. Horren guztiaren helburua ongizate pertsonala eta soziala handitzea da.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarea sortzen da 2016-2017 ikasturtean. Guretzat, ikastetxe sozioemozional bat da ikaskuntzaren bidez eta hezkuntza erkidego osoaren parte-hartzearen bidez garapen pertsonal, sozial eta emozionalerako hezkuntza bultzatzen duena.

Komeni da Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarea bultzatzea Nafarroako Foru Komunitatean, eta, horregatik, deialdi publiko bat egin behar du Hezkuntza Departamentuak, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori gauzatzeko modua izan dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarean sartzeko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasoak, onestea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Prestakuntza Atalari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

I. ERANSKINA

Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarean sartzeko 2016-2017ko deialdiaren oinarriak

Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie hezkuntza sozioemozionaleko proiektuak aurkez ditzaten, Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarean sartzeko, 2016-2017 ikasturtean.

Bigarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Ikastetxe bat Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarean sartzeko proposatua izan dadin, hezkuntza sozioemozionaleko proiektu bat aurkeztu beharko du, baldintza hauek betetzen dituela:

a) Orotariko printzipio hauek kontuan hartzea:

–Hezkuntza emozional eta sozialeko edukiak sartzea zeharka ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta curriculum proiektuan.

–Hezkuntza emozional eta sozialaren gaineko informazioa eta baliabideak ematea hezkuntza erkidegoko kide guztiei.

–Pertsonen hezkuntza emozionala eta soziala bultzatzen duten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.

–Gaitasun sozialak eta emozionalak kontuan hartzen duen lan eta ikasketa giroa erraztea:

  • Kontzientzia emozionala: norberaren emozioez kontzientzia hartzea, horiek identifikatu eta izendatzea, besteen emozioak ulertzea eta emozioaren, kognizioaren eta portaeraren arteko erlazioaz kontzientzia hartzea.
  • Erregulazio emozionala: adierazpen emozional egokia, emozioen eta sentimenduen erregulazioa eta aurre egiteko trebetasunak.
  • Autonomia emozionala: autoestimua, automotibazioa, autoefikazia emozionala, erantzukizuna, jarrera positiboa, arau sozialen azterketa kritikoa eta erresilientzia.
  • Gaitasun sozialak: oinarrizko gaitasun sozialak menperatzea, besteak errespetatzea, hartze-komunikazioa eta emate-komunikazioa, emozioak partekatzea, portaera prosoziala eta lankidetza, asertibitatea, gatazkak prebenitzea eta konpontzea eta karga emozianala duten egoera sozialak kudeatzeko gaitasuna.
  • Bizitzarako eta ongizaterako gaitasunak: bizitza-helburu positibo eta errealistak finkatzea, erabakiak hartzea, laguntza eta baliabideak bilatzea eta ongizate emozionala.

–Ikastetxearen, familiaren eta hezkuntza erkidegoaren arteko lankidetza-harreman estuak bultzatzea.

–Irakasleei erreferentziako papera ematea hezkuntza sozial eta emozionalari buruzko kontuetan, baita prestakuntza egokia ematea ere.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo lehentasun sozial eta emozionalei buruz.

b) Lanerako plan bat jasotzea, III. eranskinaren araberakoa, hiru urtean garatzeko.

c) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen Klaustroak onetsia izatea, eta irakasleen eta ikasleen gutxienez %25en inplikazioa proposatzea proiektuaren jarduketetan (II. eranskina).

d) Hezkuntza erkidegoko estamentuek, ikasleek batez ere, zer ekintzatan parte hartuko duten zehaztea.

Hirugarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarean sartzea proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Eskola sozioemozionaleko proiektu bat garatzea hiru urtean, gutxienez.

b) Ikastetxeko batzorde sozioemozionala eratzea, irakasleek, ikasleek eta familiek osatua. Ongi ikusiko da ikastetxeko irakaslez bestelako langileen parte-hartzea eta, ahal dela, herriko erakundeen ordezkariena.

Batzorde horren ardura izanen da proiektu sozioemozionala hezkuntza erkidegoan aurkeztu eta zabaltzea; baita proiektua dinamizatzea eta erkidegoaren ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntzak proposatzea ere.

Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko, eta pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginetarako.

c) Azaroaren 15a baino lehen hurrengo ikasturterako lan proiektua aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartuko duten irakasleen zerrendarekin batera (ikusi IV. eranskina).

Era berean, ikasturte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, urteko txostena aurkeztea Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuan. Txosten horri esker, amaitzen den ikasturtean egindakoaren memoria jakinaraziko da (ikusi V. eranskina).

Baldintza horiek bete ezean, saretik baztertuko da.

d) Hiru urteak bukatutakoan, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikusi V. eranskinean gehitu den 8. puntua), aplikazioaren epe osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.

e) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.

Laugarrena.–Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sareak berariazko prestakuntza jarduerak izanen ditu ikastetxeko irakasleentzat hezkuntza emozionalari buruz, bai eta gai sozioemozionalen gaineko baliabide eta material didaktikoak ere. Bizikidetza Atalak aholkuak emanen dizkio, eta haren jarraipena eginen du. Urtero deialdi bat izanen da sareko eskoletako esperientzien jarraipen eta trukerako. Bestetik, ikastetxeak eskola sozioemozionalaren egiaztagiria izanen du proiektuaren hirugarren urtea bukatzean, batzorde teknikoak aldeko txostena eman ondoren.

Eskola sozioemozional gisa egiaztaturik, ikastetxeek sarekoak izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta deialdian urtero eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Bosgarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Eskaera orria, II. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela eta ikastetxeko batzorde sozioemozionala eratu dela azaltzen duten aktak.

–Hezkuntza sozioemozionaleko proiektua, hiru urterako, aurreko oinarrietan aipatutako baldintzak biltzen dituena (III. eranskina).

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eskaerak.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Zazpigarrena.–Ikastetxeak hautatzea.

Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Ataleko eta Bizikidetza Ataleko teknikariek osatutako batzorde tekniko batek eginen du proiektuen balorazioa, irizpide hauei jarraikiz:

a) Hezkuntza erkidegoko sektoreen inplikazio maila.

b) Proiektua ikastetxearen premietara eta egoerara egokitzea.

c) Proiektuaren eragina hezkuntza erkidegoko eragileen gaitasun sozial eta emozionalen garapenean.

d) Proiektuaren alderdi berritzailea.

Ikusirik Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako proposamena, eta, halaber, ikusirik batzorde teknikoaren txostena, Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, Nafarroako Eskola Sozioemozionalen Sarekoak izateko hautatzen diren ikastetxeen zerrenda onetsiko duena.

Zortzigarrena.–Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Batzorde teknikoak proposaturik, eta urteko txostena ontzat jotzen bada (txosten horretan proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda agertuko da), ikastetxe bakoitzeko Eskola Sozioemozionalaren lan taldean parte hartu duten irakasleei ziurtagiria emanen zaie, frogatzen duena 2016-2017 ikasturtean hezkuntza berritzeko proiektuan parte hartu dutela, gehienez ere 35 orduz, egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da: berrikuntza proiektuko 50 orduko partaidetza, gehienez ere.

Bederatzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

II. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea (PDF).

III. ERANSKINA

Hiru urteko proiektuaren lanerako plana prestatzeko gidoia

1.–Aukeratu den proiektuaren justifikazioa.

2.–Ikastetxearen testuinguruaren eta aurrekarien analisia hezkuntza sozioemozionalaren arloan.

3.–Helburuak.

4.–Aurreikusitako jarduerak eta denboran nola bana daitezkeen.

5.–Metodologia.

6.–Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

7.–Hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea: ikasleak, irakasleak, familiak eta irakaslez bestelako langileak.

8.–Aurreikusitako antolamendu mota eta funtzionamendua.

IV. ERANSKINA

Ikasturte bakoitzeko lanerako plana prestatzeko gidoia

1.–Proiektuaren titulua.

2.–Ikasturtean garatu beharreko helburuak.

3.–Jarduerak eta haiek denboran nola banatu.

4.–Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

5.–Zer ikaslerentzat den.

6.–Hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea.

7.–Lan taldearen kideak.

V. ERANSKINA

Ikasturte bakoitzean egindako lanaren memoria prestatzeko gidoia

1.–Proiektuaren datu orokorrak.

2.–Aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren.

3.–Egindako jarduera guztien deskripzioa eta denboran nola banatu diren.

4.–Ikasleek, irakasleek eta hezkuntza erkidegoko gainerakoek zenbateraino hartu duten parte. Proiektuak ikastetxean izan duen eragina.

5.–Proiektuaren ebaluazioa eta bertan egindako doiketak.

6.–Proiektuan esku hartu duten irakasleen behin betiko zerrenda.

7.–Eranskina, argazkiekin eta proiektuan garatutako jarduerak erakusteko aurkeztu nahi den gainerako materialarekin.

Proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko gidoia
(aurreko puntuei gehitu beharrekoa)

8.–Ondorioak:

–Proiektuaren lorpenak eta balorazio orokorra.

–Ondorioak eta jarraitu eta hedatzeko perspektibak.

Iragarkiaren kodea: F1604425