82. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

111/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Haren bidez abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko arauak onesten dira, eta laguntzen deialdia onesten da 2016. urterako.

Desagerrarazte programei lotutako gaixotasunek murrizketak ezartzen dituzte maiz aziendaren mugimenduan eta hiltzean. Ustiategiak lehen zituen produktibitate eta errentagarritasun ratioak berreskuratu ahal izateko inbertsio handiak egin behar ditu hildako abereak ordeztearren.

Gaixotasun batzuen kasuan, badira eremuak non gaixotasunak prebalentzia handiagoa baitu, foku errepikatuak eraginda. Egoera horrek galera ekonomikoak sortzen ditu, bai eta merkatuko posiziokoak ere ugalketarako abereen salmentarako. Eremu horietako ustiategien bideragarritasun ekonomikoa eta belaunaldi aldaketa izugarri zailtzen dira fokuen detekzioaren ondoriozko jarduketengatik.

Indarra duen araudiak kalte-ordain batzuk ezarri ditu abere horiek hil beharrak sortzen duen galera ekonomikoa arintzeko. Dena dela, kalte-ordain horiek ez dituzte kontuan hartzen kasu bakoitzean ezarritako murrizketen ondorioz ekoizleek izaten dituzten urritze ekonomikoak, alegia, batzuetan ustiategiko diru-sarreren ehuneko handi bat galtzea ekartzen ahal dutenak, bereziki gaixotasun zehatz batek prebalentzia handia duen eremuetan.

Horregatik, ezinbestekoa da jabeari sortutako kalteengatik ordaina emateko bideak ezartzea, osasun egoeraren erantzuleak ez diren kasuetarako, neurri horien bidez kaltea jasan duen ustiategiaren jarraipena arriskuan jartzea saihestuz. Laguntza hauen bitartez, azken batean, jarduera ez uztea bultzatu nahi da.

Deialdi honetako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluko 9. puntuko b) idatz-zatian xedatutakoaren araberakoak dira, izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Era berean, Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen 39. artikuluko 5. puntuak dioenaren arabera, behar diren pizgarriak ezarriko dira nahitaez hil behar izandako abereen taldeak berriz eratzen laguntzeko.

Foru agindu honen helburua da laguntza horiek eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea. Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Arauen onespena.

Saneamendu kanpaina ofizialetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko arauak onesten dira, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. artikulua. Gardentasuna aitortzeko betebeharra.

Onuradunek gardentasuna aitortzeko betebeharrari buruzko eredua onesten da, eta foru agindu honen II. eranskinean jaso da.

3. artikulua. Saneamendu kanpaina ofizialetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzen zenbatekoak.

Saneamendu kanpaina ofizialetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzen zenbatekoak onesten dira, foru agindu honen III. eranskinean jasotzen den moduan.

Lehen xedapen gehigarria.–2016rako laguntzen deialdia.

1. Saneamendu kanpaina ofizialetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko abeltzaintzako ustiategiei diru-laguntzak emateko deialdia onesten da, 2016. urterako.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kredituak

50.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko Gastuen Aurrekontu Orokorretako “Nahitaez hil behar izandako behiak ordezteko laguntzak” izeneko 710004 71320 7700 412203 kontu-sailaren kargura, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Laugarren xedapen gehigarria.–Diru-laguntzen deialdiaren erregistroa.

Diru-laguntzen deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzeko agintzen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abuztuaren 5eko 391/2009 Foru Agindua, saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren eta osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko arauak ezarri zituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko apirilaren 12an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko deialdiaren
arau erregulatzaileak

1. artikulua. Xedea, iraupena eta diru-laguntzen xede izan daitezkeen egoerak.

1. Foru agindu honen xedea da behi-aziendako abeltzaintzako ustiategiak berriz eratzea ekonomikoki konpentsatzeko laguntzak ezartzea, abenduaren 20ko 2611/1996 Errege Dekretuan ezarritako planetan ageri diren gaixotasunak desagerrarazteko nahitaezko osasun neurriak aplikatzen direnean jarduera utzi ez dadin. Dekretu horrek gaixotasunak desagerrarazteko programa nazionalak arautzen ditu.

2. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau eta 2016tik 2020ra arte izanen du indarraldia; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3. Laguntza emanen da Abere Osasunaren Mundu Erakundeak (OIE) prestatutako abereen gaixotasunen zerrendan jasotako gaixotasunak direla-eta edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 15eko 652/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta II. eranskinetan aipatzen diren abereen gaixotasunak eta zoonosia direla-eta.

4. Abereak nahitaez hil behar izateagatik behien ustiategiek diru-sarreretan izaten dituzten galeren ondoriozkoak dira diruz lagundu daitezkeen egoerak. Ulertzen da hildako abereak ordeztearen ondoriozko gastuak betebehar horren barnean daudela, behi-taldeen tamainari eta produktibitateari eutsi ahal izateko egin baitziren.

5. Europar Batasuneko araudiak gaixotasun horien aurka borrokatzeko neurrietarako berariazko ordainarazpenak ezarri baditu, onuradunaren kargura baitira, ez da gaixotasun horietarako laguntzarik emanen.

2. artikulua. Zenbatekoa, diru-laguntzaren muga eta laguntzaren intentsitatea.

1. Agintaritza publikoak onartutako gaixotasunen ondoriozko galeretarako soilik izanen da laguntza eta diruz laguntzen ahal diren kostuen %100 izanen da.

2. Berreraketa gastutzat hartzen dira hildako abereak ordezteko azienda erostearen ondoriozko gastuak nahiz abere horiek ordezteko berezko berreraketa, ez saltzeak sortzen duen diru-sarreren galeragatik.

3. Laguntza zehazteko oinarri izanen dira aipatu foru aginduaren III. eranskineko taulan lortutako zenbatekoak, azienda mota, adina eta arraza garbia kontuan izanda.

4. Ustiategi bakoitzeko laguntzen zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da gehienez. Pertsona fisiko edo juridiko bat abeltzaintza ustiategi bat baino gehiagoren titularra bada, muga hori onuradunari aplikatuko zaio, ezin izanen baitu 30.000 eurokoa gainditu, ukituriko ustiategiak zenbat diren kontuan hartu gabe.

5. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ez da diruz laguntzen, salbu eta ezin bada berreskuratu dagozkion legeekin bat.

3. artikulua. Onuradunak eta laguntza jasotzeko betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunak izanen dira ETEaren izaera duten abeltzaintzako ustiategien titularrak, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ustiategiak ez daudela betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

b) Krisiak jotako enpresa ez izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan definitzen diren moduan.

c) Saneamendu kanpainak egitea Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako epean, eta lan hori egiteko ardura duten saneamendu ekipoei ahalik eta gehien lagunduz.

d) Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialei laguntza ematea, gaixotasuna desagerrarazteko eskatzen diren osasun jarduketa guztietan.

e) Ustiategia inskribatuta egotea, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera.

f) 18 hilabetetik gorako behi-azienda nahitaez hil behar izatea.

g) Abereen nahitaezko hilketa bukatzea deialdia argitaratu aurreko urtean.

2. Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 40 artikuluan aipatzen diren inguruabarren batean dauden eskatzaileek ezin izanen dituzte laguntza horiek jaso.

4. artikulua. Eskabideak aurkeztea eta eskatutako baldintzak frogatzea.

1. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura igorriko dira, eta departamentu horren Erregistroan aurkeztuko (González Tablas kalea, 9, Iruñea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Eskaerak telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, laguntzen urteko deialdia argitaratzen denetik hasita.

3. Laguntza eskaerekin batera, baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Nahitaez hil behar ziren abereetako azkena hil dela frogatzen duen agiria.

b) Nahitaezko hilketa eta abereak mugitu ezin diren aldia bukatuta, abere berriak sartu direla frogatzen duen agiria edo 12 hilabeteko epean hildako abereak ordezteko konpromisoa, horiek hil zirenetik hasita, azienda mota, adina eta arraza garbia adierazita.

c) Kasu guztietan, idatziz hitz eman behar dute ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantenduko dutela, laguntza eman zen egunetik hasita.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Izen-abizenak: ....................................., nire izenean/.............................. ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ....... urtean, Nafarroan ..................... diru-laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko”.

Aipatutako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean azaldu beharko du, zein agiri den eta zein artxibotan dagoen adieraziz. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena emanen dio datuak aztertzeko.

4. Onuradunak lehenbizikoz eskatzen badu laguntza edo hura ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, diru-laguntzaren eskabidearekin batera, laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia aurkeztu beharko du, behar bezala betea.

5. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Honako hauek izanen dira laguntza emateko lehentasun irizpideak:

1.–Kokapen nagusi motaren eta tuberkulosiaren prebalentziaren arabera azken 5 urteetan.

–%5etik gorakoa: 15 puntu.

–%1etik gorakoa: 5 puntu.

Halaber, puntuazio horri jarraituko diote prebalentzia duten herrien lurraldetik 3 kilometroko erradioko herrietako batean dauden ustiategiek.

Prebalentzia hori kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko kasuak non ikerketa epidemiologikoak ondorioztatu baitu fokua lotuta dagoela hori detektatu aurreko 12 hilabetean sartutako abereen erosketarekin, ezta zezenketa jaialdietan parte hartzen duten ustiategiak ere.

2.–Ustiategiaren orientazio nagusi motaren arabera:

–Haragitarako behiak: 15 puntu.

–Esnetarako behiak: 15 puntu.

–Zezenketarako behiak: 5 puntu.

3.–Ustiategiaren katalogazio motaren arabera:

–Ogibide nagusia nekazaritza duena edo, pertsona juridikoen kasuan, lehentasunezko ustiategia izatea, uztailaren 2ko 150/2002 Foru Dekretuaren arabera: 5 puntu.

–Nekazari gaztea, uztailaren 2ko 150/2002 Foru Dekretuarekin bat: 3 puntu.

Puntu-berdinketarik izanez gero, lehentasuna emanen zaio nahitaez hildako abereen kopuru handiena duen abeltzainari.

6. artikulua. Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

7. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

8. artikulua. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da aurkeztutako dokumentazioa 10. artikuluan eskatzen dena dela. Dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, egiaztatuko da baldintza guztiak betetzen dituztela. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen du.

4. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

5. Prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa da urte bakoitzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

6. Ez dira laguntzak emanen egiaztatzen denean aberearen gaixotasuna nahita eragin dela edo onuradunaren axolagabekeria dela-eta.

9. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Saneamendu kanpaina ofizialetan hildako abereen taldeak berriz eratzeko gastuen zati bat estaltzeko abeltzainendako laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, hildako abereak ordeztu dituela frogatu ondoren. Berreraketa hori egiten ahalko da abereak erosiz eta berezko berreraketaren bidez; bi kasuetan berreraketa hori justifikatu beharko da. Egiaztatuko da laguntza emateko baldintzak betetzen direla pagatu baino lehen.

2. Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa jaso ahal izateko onuradunek urte bakoitzeko azaroaren 15ean, beranduenez, II. eranskinean bildutako eskaera behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, baita erosketaren fakturak, ziurtagiri genealogikoak eta behar diren bestelako egiaztagiriak.

10. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Diru-laguntzaren onuradunek ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantendu beharko dute, laguntza eskatu zen egunetik hasita. Era berean, laguntza eskatu zen egunean zeuzkaten AzLUen %80 gutxienez mantendu beharko dute.

11. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Foru agindu hau aplikatuta ematen diren laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.

12. artikulua. Ez-betetzeak.

Arau hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntzak galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.

13. artikulua. Onuradunaren gardentasunerako betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orrialdeko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan.

II. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (PDF).

III. ERANSKINA

Saneamendu kanpaina ofizialetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzen zenbatekoak (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1604517