81. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

112/2016 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, kontratu-programen deialdia arautzen duena Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta DBHko ikastetxeetan, 2016-2017 ikasturtean, hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko.

Europako Batzordeak honela definitzen du eskola-arrakasta: eskola-uzte tasak jaistea, derrigorrezko ez den bigarren hezkuntza bukatzea eta goi mailako hezkuntzan parte hartzea. Esparru horretako desparekotasunak zerikusi handia du familien jatorri sozialarekin eta haien baldintza ekonomikoekin. Horregatik, Hezkuntza Departamentuak orientabideak proposatu eta baliabideak jarri behar ditu Nafarroako ikasle guztien hezkuntza-bikaintasuna sustatzeko.

Ildo horretatik, Nafarroako Gobernuaren 2015-2019 legegintzaldiko Akordio Programatikoak helburu hau ezartzen du 32. puntuan: “Eskolako curriculuma irekia eta malgua izan dadin, aniztasuna barnean har dezan eta doktrinatzailea izan ez dadin bultzatzea, ikaskuntzak gizartean bizitzeko gaitasuna duten herritar libre, aktibo, kritiko eta arduratsuak heztea bermatzeko.”

Nazioarteko ikerketek eta ikastetxeetako praktika askok argitu dituzte zein hezkuntza-estrategia diren onak eskola-arrakasta lortzeko, desparekotasunak gainditzeko eta kohesio soziala sustatzeko eta, aldiz, gizarte-bazterketa sortzen dutenak. Hala ere, estrategia eta praktika positiboak ikastetxeetako eskola-bizitzan txertatzea ez da erraz eta azkar egiten den zerbait.

Kontratu-programaren helburua da ikastetxeei bide bat eskaintzea, ikerketa eta praktika horiek kontuan hartuta ikastetxe bakoitzak berezko proiektu malgua egin dezan ikasleen aniztasun osoari arreta emateko. Horretarako, hezkuntza-erkidegoak parte eta konpromiso hartuko du, eta Hezkuntza Departamentuak laguntza emanen du.

Komenigarria da Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza-inklusioa sustatzea, eta horregatik Hezkuntza Departamentuak deialdi publiko hau egiten du programan parte hartu nahi duten ikastetxeetan printzipio hori garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Kontratu-programen deialdia onestea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta DBHko ikastetxeetan hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasoak, onestea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Prestakuntza Atalari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

I. ERANSKINA

Kontratu-programen deialdiaren oinarriak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta DBHko ikastetxeetan hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko

Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea.

Programaren helburu orokorra hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta sustatzea da, hobekuntza proiektu bat ezarriz eta gauzatuz, ikastetxe bakoitzaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez. Kontratu horretan ikastetxeak konpromisoa hartzen du ikasleen inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzen dituzten neurriak hartzeko, eta administrazioak konpromisoa hartzen du prozesu horri laguntzeko, aholkularitza eta prestakuntza emanez, bai eta proiektua garatzeko behar diren baliabideak ere.

Kontratu-programak ikastetxeen autonomia aitortzen du eta, aldi berean, hezkuntza administrazioaren betebeharra, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzen dieten hezkuntza praktikak bideratzeko. Horregatik, programa honetan ikastetxeek prestatuko dituzten hobekuntza planetako jarduketek helburu hauek sustatuko dituzte: hezkuntza inklusiboa, familien parte-hartzea, ikastetxeetako bizikidetza eta gaitasunen araberako lanerako berrikuntza metodologikoa.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikastetxe publikoak dira.

Hirugarrena.–Helburuak.

Hauexek dira kontratu-programaren helburuak:

1. Antolaketa eta metodologia aldaketak sustatzea, ikasle guztien hezkuntza premiak asetzeko, ikuspuntu inklusibo batetik.

2. Ikasle guztien eskola-errendimendua hobetzea.

3. Ikastetxeko profesionalen koordinazioa eta talde-lana sustatzea.

4. Familiak ikastetxeko bizitzan benetan parte har dezatela sustatzea, bai eta ikastetxearen eta ingurunearen arteko koordinazioa ere.

5. Gelan eta ikastetxean bizikidetza positiboa garatzea, eta, horretarako, irakasleek, ikasleek, familiek eta gainerako eragile sozialek parte hartzea.

Laugarrena.–Programaren garapena..

Kontratu-programan parte hartzen duten ikastetxeek bi modalitate hauetako bat aukeratuko dute:

A modalitatea: Ikastetxea ikaskuntza-erkidego bihurtzea, prozesu horren berezko etapak gauzatuz:

1. Sentsibilizazioa eta prestakuntza: proiektua eta esperientziak azaltzea hezkuntza-erkidegoko kide guztiei.

2. Hausnarketa egitea proiektuari eta irakasleen eta familien konpromisoei buruz.

3. Ametsa: guztientzako nahi dugun eskolari buruz pentsatzeko denbora. Proposamenak prestatzea.

4. Erabakiak hartzea. Lehentasunak aukeratzea.

5. Ekintzen plangintza egitea, batzorde mistoen bidez (irakasleak, familiak, ikasleak, erkidegoko beste kide batzuk).

6. Proiektua abiaraztea:

–Erabakiak gauzatzea, eta batzordeek jarraipena egitea.

–Talde interaktiboak.

–Solasaldi literario eta pedagogikoak.

–Senideak prestatzea.

Ikaskuntza-erkidegoa ikastetxea eta bere ingurunea (herria, auzoa...) eraldatzeko proiektua da, eskola-porrota gainditzeko eta hezkuntza eta gizarte parekotasuna lortzeko, hezkuntza prozesuen aldaketen bidez. Proposamen horretan amets egiten da testuinguru bakoitzean lortu nahi den eskolarekin. Horretarako, jarduketa batzuk proposatzen dira, hala nola ikasketak azkartzea elkarrekintza eta elkarrizketaren bidez, ikasleen gaitasun guztiak garatzea parte-hartzaile guztiek (irakasleek, familiek, ikasleek) itxaropen handiak mantentzearen bidez, eta ingurunea eraldatzea.

Proiektua abiaraztean, funtsezkoa da elkargoaren parte-hartzea: parte hartzeko bideak ireki behar dira, hezkuntza elkargoko kide guztiek erabakiak hartzean parte-hartze aktiboa izan dezaten, eta erabaki horiek gauzatzeko eta baloratzeko konpromisoa har dezaten.

B modalitatea: Ikastetxea eraldatzeko eta hobetzeko plan bat garatzea, jarduketa-ildo hauei jarraikiz:

1. Gelan metodologia aktibo, parte-hartzaile eta inklusiboak erabiltzea edo orokortzea. Hauexek dira metodologia horietako batzuk:

–Ikaskuntza kooperatiboa.

–Proiektuen bitartez ikastea eta ikaskuntza-zerbitzua.

–Berdinen arteko tutoretza.

–Ikasketa dialogikoa.

2. Taldea eta gelako giro positiboa sortzea. Harreman pedagogikoa zaintzea.

3. Aniztasunaren arretaren antolaketa inklusiboa: laguntza inklusiboak, irakaslan partekatua, etab.

4. Ikastetxeko profesionalen koordinazioa eta talde-lana.

5. Familiak ikastetxean parte hartzea eta ingurunearekin lankidetzan aritzea.

Bosgarrena.–Programaren faseak.

Bi modalitateetan, prozesuak hiru fase izanen ditu, oro har honela laburbiltzen direnak: a) plangintza egitea, b) abiaraztea, eta c) sistematizatzea. Fase bakoitzaren iraupena zehazteko, autodiagnostikoan atzemandako abiapuntuak eta aurreko faseetako aurrerapenak hartuko dira kontuan.

Lehen fasea hasi baino lehen, kontratu-programa sinatuko dute ikastetxeak eta Hezkuntza Departamentuak. Bertan alde bakoitzak hartzen dituen konpromisoak (gero zehazten dira) ezarriko dira.

1. fasea. Gauzatu beharreko ekintzak:

–Ikastetxearen egoera, premiak, ahalmenak eta nahiak diagnostikatzea.

–Programan lortu beharreko helburuak ezartzea.

–Programaren laguntzako prestakuntzan parte hartzea:

1. Batzordeei prestakuntza ematea, autoebaluazioa eta ikastetxea hobetzeko planaren prestaketa errazteko.

2. Klaustroari prestakuntza ematea berrikuntza metodologikoari eta gelaren kudeaketari buruz.

–Hobekuntza plana prestatzea, hurrengo faseetan gauzatu beharreko jarduketak zehaztuta. Jarduketa horiek programaren hiru ekintza-ildoetakoak izan behar dira: metodologia inklusiboak, gelaren kudeaketa eta familien eta erkidegoaren parte-hartzea.

Fase honen amaieran kontratu-programa eguneratu eta zehaztuko da, lehen fasean prestatutako jarduketa plana kontuan hartuta, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Ikastetxearen autodiagnostiko prozesuaren emaitza.

b) Bi edo hiru urteko hobekuntza plana.

c) Plan horren zehaztapena hurrengo faserako.

2. fasea:

Ikastetxeak hobekuntza plana abiaraziko du, fase honetarako ekintzen zehaztapenarekin bat, eta jarduketak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen dituen prestakuntza diseinatuko du. Jarduketa horiek eta haiei lotutako prestakuntza programaren oinarrizko hiru arlokoak izanen dira: metodologia, gelaren kudeaketa eta familien eta ingurunekoen parte-hartzea.

Fase honetako jarduketak gauzatu eta ebaluatu ondoren, hobekuntza planaren zehaztapen berri bat eginen da hurrengo faserako, fase honen memoriak jasoko duena.

3. fasea:

Antolaketa neurri iraunkorrak hartzea ikastetxeetan, bere premietara egokitutako kudeaketa eta antolaketa ereduak sustatzeko.

Azken fase honetan ikastetxeek arreta berezia emanen diote jardunbide egokien egonkortze eta definitzeari (aurreko fasean hasiak). Jardunbideak behar bezala dokumentatuko dira, eta eredu eta esperientzia gisa hartuko dituzte ikastetxeko irakasle berriek eta beste ikastetxeek. Programaren hiru arloetako jarduketak berariaz jaso beharko dituzte. “Ikastetxearen kulturaren” parte izanen dira, eta ikastetxearen hezkuntza proiektuan jasoko dira programa bukatu ondoren.

Aurrekoaz gain, fase honetan dauden ikastetxeek aholkularitza ematen ahal diete programaren aurreko faseetan dauden ikastetxeei, aholkuak eta laguntza emanez autoebaluazioaren prozesua gauzatzeko, hobekuntza plana diseinatzeko eta jarduketak zehazteko.

Seigarrena.–Aldeen konpromisoak.

Hautatutako ikastetxeek lankidetza hitzarmen bat sinatuko dute Hezkuntza Departamentuarekin, alde bakoitzak hartzen dituen konpromisoak zehaztuta.

Ikastetxeak ondoko konpromisoak hartzen ditu:

1. Gutxienez bi batzorde eratzeko (familia/erkidegoa eta metodologia/gelaren kudeaketa). Programa dinamizatu eta sustatuko dute, eta programaren jarraipena egin. Ikastetxeko irakasleek osatuko dute, eta lehenbizikoan, talde sustatzailea izanen baita, zuzendaritza taldeko kide bat izanen da gutxienez.

(Ahal bada, batzorde bakoitzean parte hartzen dute etapa eta/edo mailetako irakasleak izanen dira eta, aurrerantzean, familien eta erkidegoaren ordezkariak sartuko dira).

2. 2016-2017 ikasturtean autodiagnostiko bat egiteko, gelako eta ikastetxeko dinamikei buruz, bai eta gaitasunak lortzeko, aniztasunari arreta emateko eta ikastetxeko bizikidetza bultzatzeko duten eraginkortasunari buruz ere.

Ikastetxeek beren indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatu beharko dituzte. Horretarako, eskola bizitzaren osagai batzuk ebaluatuko dituzte, hala nola aniztasunari eta hezkuntza-inklusioari emandako arreta, eragileen (ikasleen, irakasleen, familien) espazioak eta parte-hartze maila, gelako eta ikastetxeko eguneroko bizitzaren harremanen kalitatea, gatazken konponketa positiboa edo ingurunearekiko lankidetza.

Diagnostikoaren fidagarritasuna eta erabilgarritasuna bermatzeko, ikastetxeek tresna batzuk erabiliko dituzte, betiere informazioaren bilketan irakasle, ikasle eta familia gehienen parte hartzeari bide emanez.

Autodiagnostiko horren emaitzak erabiliko dira ikastetxean arlo honetan egiten diren jarduketak baloratzeko, eta oinarriak izanen dira hobekuntza planean, jarduketa eremu horietan, sartu beharreko proposamenak egiteko.

3. Programaren laguntzako prestakuntza jasotzeko.

Ikastetxeko zuzendaritzak bermatuko du batzordekideek laguntzako prestakuntza jasotzen dutela. Prestakuntza horrek autoebaluazioa eta ikastetxea hobetzeko planaren prestaketa erraztuko du.

Orobat, ikastetxean bertan irakasle guztientzako prestakuntza proiektu bat gauzatuko da, kontratu-programari lotua, hobekuntza planeko jarduketak ardaztzat hartuta.

4. Batzordekideek konpromisoa hartzen dute koordinazio eta/edo prestakuntza bileretara joateko, irakastorduetatik kanpo beharrezkoa bada. Ordain gisa, irakastorduen kopurua murriztuko zaie.

5. Berrikuntza metodologikorako diziplinarteko proiektu batean parte hartzeko. Hezkuntza Departamentuko esleitutako prestakuntza taldearekin batera diseinatuko da proiektua. Espazioak eta denborak ezarriko dira profesional guztien arteko koordinazioa errazteko.

6. Programa sartzea eta horren ondoriozko jarduketak erregistratzea ikastetxearen agiri instituzionaletan, hezkuntza erkidegoak partekatzen eta beretzat hartzen duen proiektu bat baita, eta programatutako jarduketa guztiak biltzen dituen proiektu integratzailetzat azaltzea.

Hezkuntza administrazioak konpromiso hauek hartzen ditu:

1. Irakasleei prestakuntza emateko, gai hauei buruz: azterketa eta diagnostikorako prozedurak, kudeaketa eta antolaketa ereduak, jarduketa plan koordinatuen garapena eta ezarpena, eta prozesu osoaren ebaluazioa.

2. Ikastetxeen hobekuntza planen garapena errazteko, deialdi honek jasotzen dituen eremuetan.

3. Aholkularitza eta adituen kanpoko laguntza emateko, prozesuaren fase batean edo programaren garapenari lotutako gai batean beharrezkoa bada.

Aurreko puntuak gauzatzeko, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza talde bat izendatuko du, ikastetxeei prozesu osoan laguntza eta aholkuak emateko.

4. Batzordeetan parte hartzen duten irakasleei ordu batzuk esleitzeko, jarduketak koordinatu eta diseinatu ditzaten. Arreta zuzeneko orduen kopurua eta/edo ordu osagarriena murriztuko zaie irakasle horiei.

5. Beharrezko baliabide materialak emateko, betiere hobekuntza planak eta horren ebaluazioak behar bezala justifikatzen badituzte.

6. Parte-hartzaile guztiei jasotako prestakuntza egiaztatzeko, eta berrikuntza proiektu batean egindako ekarpena ofizialki aitortzeko, koordinatzaile gisa (batzordekideei) edo parte-hartzaile gisa (parte hartzen duten irakasle guztiei).

7. Ikastetxeen autonomia errazteko, ikastetxearen antolaketa irakasleen premietara egoki dadin.

8. Ikastetxeen sareko lana sustatzeko, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak zabaltzeko.

Zazpigarrena.–Batzordeak ikastetxeetan eratzea.

Gutxienez bi batzorde eratuko dira:

1. Familien eta erkidegoaren batzordea. Zuzendaritza taldeko kide bat izanen da, gutxienez, eta talde sustatzailea izanen da programaren 1. fasean.

2. Metodologiaren eta gelaren kudeaketaren batzordea.

3 edo 4 irakaslek osatuko dute, ikastetxean (edo, hala bada, proiektuaren hasieran dauden maila edo etapetan) matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera.

IKASLE KOPURUA

BATZORDEKIDE KOPURUA (irakasle kopurua)

IKASTETXEARI ESLEITUTAKO ORDU KOPURUA

300 baino gehiago

4

10 ordu

100 eta 300 bitarte

3

8 ordu

100 baino gutxiago

3

3 ordu

Halaber, ahaleginak eginen dira familia/erkidegoa batzordean familien eta erkidegoaren (auzoaren edo herriaren) ordezkariak sar daitezen, prozesuan zehar, eta bileretan parte har dezaten, ahal bada.

Zortzigarrena.–Baliabideak esleitzea.

Lehen fasean, baliabide ekonomikoak esleituko dira batzordeen lana errazteko eta irakasleen prestakuntza premiak asetzeko.

Hurrengo faseetan, programan parte hartzen duten ikastetxeei, aurreko lerroaldean aipatutakoaz gain, baliabide gehiago esleituko zaizkie, lortutako emaitzen, proposatutako helburuen eta ikastetxearen profilaren arabera, eta funtzionamendu gastu osagarritzat hartuko dira.

Bederatzigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Kontratu-programaren deialdian parte hartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko Prestakuntza Atalari zuzenduko zaizkio eskaerak.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Hamargarrena.–Ikastetxeak hautatzea.

1. Gehienez ere 6 ikastetxe hautatuko dira A modalitatean, eta beste 6 B modalitatean. Modalitate batean 6 ikastetxe hautatzen ez badira, beste modalitatearen eskaerekin bete daiteke, guztira 12 egin arte. Eskaera baliozkoen kopurua 12tik goraxeagokoa bada, eskaera guztiak onartuko dira. Aurkeztutako eskaeren kopurua 12tik nabarmenki gorakoa bada, puntuazio handiena lortu duten 12 ikastetxeak hautatuko dira, irizpide hauen arabera:

a) Egoera ahulean dauden ikasle kopurua eta/edo portzentajea (EDUCAko erroldan erregistratuak).

b) Programan parte harten duten irakasle portzentajea.

c) Programaren hartzaile diren ikasle kopurua.

2. Hautapen prozesuan parte hartzeko, ikastetxeek II. eranskina bete beharko dute, bai eta baldintza hauek betetzen dituztela deklaratu ere:

a) Ikastetxe osoan gauzatuko da programa, edo, bestela, gutxienez Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru maila osotan edo Bigarren Hezkuntzako maila batean (talde guztietan).

b) Ikastetxeko (edo 2016-2017 ikasturtean programan hasiko diren etapetako edo mailetako) egungo irakasle plantillaren bi heren (emandako botoen bi heren), gutxienez, ikastetxea programan hasteko erabakiaren alde egonen dira.

c) Ikastetxeko Eskola Kontseilua erabakiaren alde egonen da (gehiengo soilaz).

II. ERANSKINA

–Kontratu-programak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta DBHko ikastetxeetan hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1604605