80. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2016 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateetan arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia onesten duena.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostenean proposatu du Nafarroako toki entitateek arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko diru-laguntzen 2016ko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 90.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau, oinarriak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateek arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea 2016rako.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honetan jasoak, onestea.

3. Diru-laguntza hauen zenbatekoa, gehienez ere 90.000,00 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko gastuen aurrekontuko “Udalen kultur ekintzetarako laguntzak” izeneko A-20002-A2510-4609-334100 kontu-sailaren kargura finantzatuko da.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko apirilaren 11n.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

NAFARROAKO TOKI ENTITATEETAN 2016. URTEAN ARTE ETA KULTUR JARDUERAK BATERA ANTOLATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.

1.1. Nafarroako toki entitateek arte eta kultur jardueren programak antolatzeari laguntza ematea dute xede diru-laguntzek. Programetan jasotzen diren jarduerak batera edo mankomunatuta antolatu beharko dira, proposatutako programak errentagarriak izan daitezen.

1.1.1 Batera egindako jardueratzat hartuko da zenbait toki entitatek arte programa bat egiteko adosten duten batasuna. Programan duten parte-hartzearen arabera banatzen da jarduera toki entitateen artean.

1.1.2 Mankomunatutako jardueratzat hartuko da zenbait toki entitatek arte eta kultur programa bat antolatzea. Programan parte hartzen duten toki entitate guztietan berdin errepikatzen da, eta gastuak banatzen dituzte.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, Nafarroako toki entitateek antolatzen dituzten arte eta kultur jarduerak (antzerkia, musika, dantza, erakusketak eta antzeko jarduerak) hartzen dira arte eta kultur jardueratzat, oinarri hauen 1.1 puntuan jasotzen den moduan.

1.3. Jarduera horiek 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 1a arte gauzatu beharko dira.

1.4. Toki entitate bakoitzak gehienez bi programa bateratu edo mankomunatutan parte hartzen ahalko du.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. Programa bereko toki entitateetako bat antolatzaile gisa aurkeztuko da deialdian, eta gainerakoak, parte-hartzaile gisa. Toki entitate bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak jaso beharko dira, bai eta haietako bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren portzentajea.

2.3. Proiektua antolatzaile gisa aurkezten duen udalerriak kultur kudeaketako teknikari bat izan beharko du, funtzionarioa edo lan-kontratuduna, eta kasu horretan, gutxienez ere, lanaldi erdiko kontratazioa izanen du; bestela, enpresa batekin kontratatuko ditu kultur zerbitzuak.

2.4. Toki entitateek zein erakunde edo entitaterekin kudeatzen dituzten zuzenean beren kultur jarduerak, haiexek ere onuradunak izaten ahalko dira.

3. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren diru kopurua 90.000 eurokoa izanen da, guztira.

3.2. Laguntzak, gehienez ere, onartutako aurrekontuaren %80 izanen dira, hau da, toki entitate antolatzaileak aurkezten duen aurrekontuari diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5.2. oinarriarekin bat. Laguntza horren banaketa zuzenki proportzionala eta bidezkoa izanen da onuradunen artean, eskaeren baremazioan lortutako puntuazioaren arabera. Horretarako, proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntza zehazteko, baremoan lortzen diren puntu guztiak batuko dira eta puntu bakoitzari ematen zaion balioaz biderkatuko dira. Puntu baten balioa lortzen da deialdian baimendutako gastua (90.000 €) barematutako proiektu guztien puntu kopuruaren artean zatituta.

4. Eskaeren aurkezpena eta eskatutako agiriak.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Turismo eta Gazteria Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Deialdi honi dagozkion agiriak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuarena ez den beste erregistro batean aurkeztuz gero, horren berri ematea gomendatzen da Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalera mezu elektronikoa igorriz (cooperacion.innovacion@navarra.es).

4.2. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatu beharko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.3. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.4. Diru-laguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko agiriak aurkezten ez badira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzala hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

5.1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueran ezaugarriak biltzen dituztenak dira, eta, ondorio horietarako, hauek jaso dezakete laguntza:

a) Talde profesionalen nahiz amateurren ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

b) Erakusketak programatu eta kontratatzeak eragindako gastuak.

c) Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak.

d) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak.

e) Programatutako jardueren zabalkunde gastuak.

5.2. Diru-laguntza hauen xedetik kanpo daude honako hauek:

a) Garraio, otordu, dieta eta ostatu gastuak.

b) Ikastaroak, lantegiak, hitzaldiak, sariak.

c) Toki entitateek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

d) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

e) Herri mankomunatuetako arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikari bat eta Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, eta, bera izan ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikari bat, hizpidea duena baina botorik ez.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (100 puntu).

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Programatutako jardueren interesa eta kalitatea, 50 puntu.

INTERESA

PROGRAMAREN HELBURUAK

4 PUNTU GEHIENEZ

Kalitatea

Programako jarduerak

10 puntu gehienez

Kalitatea

Programan parte hartzen duten arte entitateak

10 puntu gehienez

Kalitatea

Programako jardueren kopurua

10 puntu gehienez

Kalitatea

Jarduera osagarriak, ikusleak sortzeko eta ikusle berriak erakartzeko

10 puntu gehienez

Kalitatea

Programa sustatzeko jarduera osagarriak

4 puntu gehienez

Kalitatea

Proiektuaren egokitasuna xede dituen ikusleekiko

2 puntu gehienez

Atal honetan 25 puntu erdiesten ez dituzten programak kanpoan geldituko dira.

b) Tokiko arte eta kultur jarduerak garatzeko egiten dituen ekarpenak, 20 puntu.

Parte hartzen duten toki entitateen kopurua.

8 puntu gehienez

Parte hartzen duten toki entitateen inplikazio maila

8 puntu gehienez

Proiektuaren garrantzia edo berrikuntza azaltzea, parte hartzen duten herrien ohiko kultur jarduerari begira.

4 puntu gehienez

c) Aurrekontua proiektuari egokitzea, 25 puntu.

Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea.

10 puntu gehienez

Bermatutako finantzaketaren portzentajea

10 puntu gehienez

Proiektuaren sustapena eta zabalkundea egiteko komunikazio plan berariazkoa, sustapenari eta publizitateari dagozkion gastu/inbertsioetan neurtuta

2,5 puntu gehienez

Proiektuari esleitutako kontu-sail ekonomikoen koherentzia.

2,5 puntu gehienez

d) Euskarazko jarduerak programatzea, 5 puntu.

–0.5 puntu ekintza bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu.

7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpenak jakinarazteko, beti baliatuko da Nafarroako Gobernuaren web-orria: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

8.3. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

8.4. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek (merkataritza-sozietateen bidez zuzenean kudeatutakoak izan ezik) interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

9.2. Onuraduna toki entitatea bada, proiektu edo jardueraren berri emateko betebeharra (kultur mezenasgoaren araudian ezarritakoa) ez du bete beharko, hurrengo atalean ezarritakoa galarazi gabe.

9.3. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete behar dituzte:

–11.1 oinarrian ezarritakoari jarraikiz, mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea, eta haien eragina ebaluatzea diruz lagundutako proiektuaren garapenean.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da, erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen zaion proiekturako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak beteko dira.

10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko diote programaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako programan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak onetsitako programa funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Programan, kartelean, iragarkietan nahiz edozein motatako publizitatean agerrarazi behar da jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak programa eta jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Onuradunak jarduera gauzatu duela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa egiteko, entitateak proiektuarekin lotutako gastuen eta diru-sarreren zerrenda aurkeztu beharko du, diruz lagundutako proiektua hasten den unetik. Aurkezteko epea 2016ko abenduaren 9an amaituko da, egun hori barne.

Bukaerako justifikazioan agiri hauek eman behar dira:

a) Laguntza jaso duen programako jarduera bakoitzaren datu orria, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Jardueren fitxak (VI. eranskina), eremu guztiak beterik.

–Kontratatutako jarduera.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Gastuaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilizazio agiriaren data.

–Faktura zenbakia eta data (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Zenbatekoa (BEZa barne).

c) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskinaren arabera) edo, horri ez badagokio, entitateko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du jardueren fitxetako datuak egiazkoak direla.

d) Mezenasgoaren eta babesletzaren modalitate ezberdinen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da. Orobat, babesletza-kontratuen kopia igorri beharko da, 9.3 oinarrian ezarritakoarekin bat.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Diru-laguntzaren xedeko programaren gastu guztiak justifikatu beharko dira.

11.3. Benetan egindako gastuaren justifikazioa laguntza eskuratzeko kontuan hartu den aurrekontua baino txikiagoa denean, laguntzaren zenbatekoa benetan izandako gastuei egokituko zaie, haien gutxitzearen araberako proportzioan.

12. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Toki entitateak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu/programa bera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntza batzuk hartzen dituenean, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean diruz lagundutako programa gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

I. ERANSKINA

–Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

–Programatu beharreko jardueren taula.

III. ERANSKINA

–Ziurtagiriaren eredua.

IV. ERANSKINA

–Nafarroako toki entitateek 2016an batera antolatutako arte eta kultur jarduerak. Jardueraren datuak.

V. ERANSKINA

Proiektuaren laburpenerako eredua

Proiektuaren helburuak:

–Hartzaile berriak bereganatzeko eta proiektua edo/eta komunikazio plana sustatzeko egindako jarduera osagarriak, halakorik bada.

–Proiektua zer jenderi zuzendua dagoen, haien ezaugarriak.

–Toki entitate bakoitzak nola hartzen duen parte proiektuan, bai hura kudeatzen/gauzatzen, bai bere gain hartzen duen diru kopuruari edo proportzioari dagokionez.

–Proiektuaren garrantzia edo berrikuntza azaltzea, parte hartzen duten herrien ohiko kultur jarduerari begira.

–Eskatutako diru-laguntzaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu osoa kontuan hartuta.

–Proiektuari bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea (baliabide berekiak, beste diru-laguntza batzuk...).

–Programaren aurrekontua kontzeptuen arabera xehakatua, sustapenerako eta publizitaterako diru kopurua barne.

VI. ERANSKINA

–Gastuak justifikatzeko taula.

Behera kargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1604421