80. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

321E/2016 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batean onesten duena “Nafarroako Unibertsitateko Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z.5 jarduketa-unitateko 4. poligonoaren 781. katastro-lurzatiaren xehetasun azterlana. Sustatzailea Goimendi ikasle-egoitza nagusia da.

Espedientearen helburua da Iruñeko 1. poligonoko 781. lurzatiko eraikinen lerrokadurak zehaztea, Goimendi ikasle-egoitza nagusia handitu eta berritzeko obretarako lizentzia lortu ahal izateko.

Indarrean dago Nafarroako Unibertsitateko Campusaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuak 1990eko uztailaren 31n hartutako Erabakiaren bidez onetsia (1990eko abuztuaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Eremu horretan erabilgarri dagoen okupazioari eta azaleraren neurketari dagokienez, espedientean eragina dute, orobat, Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko asmoz tramitatutako xehetasun azterlanek, zeinak onetsi baitziren, hurrenez hurren, 2010eko martxoaren 4ko udal erabakiaren bidez eta Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak abuztuaren 17an emandako 169E/2012 Ebazpenaren bidez.

Hirigintza antolamendurako tresna honek “Nafarroako Unibertsitateko Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamendu xehakatuaren gaineko determinazio batzuk aldatzen ditu. Tramitazioari eta xedeari dagokienez, hirigintzako arloko legedian ezarritakoa betetzen du, hots, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 62. artikulua eta Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza-araudiaren 7. atala.

Xehetasun azterlan hau tramitatu eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat garatzen duen tresna delako.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batean onestea “Nafarroako Unibertsitateko Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z.5 jarduketa-unitateko 4. poligonoaren 781. katastro-lurzatiaren xehetasun azterlana. Sustatzailea Goimendi ikasle-egoitza nagusia da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1. 1. solairua, 31002, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da bidezkotzat jotzen den nahi adina alegazio idatziz aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 21ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1603544