2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DEIKAZTELU
Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen
ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena
Deikazteluko Udalak, 2015eko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza aldatzea.
Onespenaren erabakia 2016ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 235. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Deikaztelun, 2016ko martxoaren 31n.–Alkatea, Javier Oteiza Gurucharri.
HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
22. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar (10) urtekoa izanen da eta 2026ko ekainean bukatuko da. Deikazteluko Udalak egokitzat jotako fruta-arbolen edo mahastien kasuan, epe hori hogeita lau urte bitarte luzatu ahalko da, gehienez ere, eta hura iraganik, hondar-balorea (mahastien eskubideak barne) Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe.
23. artikulua. 1. eranskinean zehaztuko da aprobetxamendu mota honetako herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona.
Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta ordenantza honetako 18. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.
Urteko kanona azken hiruhilekoan ordainduko da, esleipena gauzatu ondotik, eta igo eginen da esleitutako aprobetxamenduak izan ditzakeen gastuekin, horiek esleipen-hartzaileari igorriko baitzaizkio. Dena den, kanonak toki entitateak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.
26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik esleipen-hartzaileak ezin baditu herrilurretako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu esleitzeko unean edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Deikazteluko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez, enkante publikoaren bidez edo Udalaren zuzeneko ustiapenaren bidez. Deikazteluko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokia iruditzen zaion dokumentazioa eskatuko du.
30. artikulua. Zuzeneko esleipena: banaketa modu honetan lote bat zozketatuko da, 9. poligonoan, familia unitateko. Horren azalera zehazteko 29. artikulua aplikatuko da, loterik txarrenak eta 38. artikuluko 2. puntuaren arabera esleitutako loteak kenduta.
32. artikulua. Aprobetxamendu modu horren bidez herrilurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek 1. eranskinean ezarritako kanonak ordainduko dituzte.
Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta ordenantza honetako 18. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratu ahalko dira.
37. artikulua. Zerealen herrilurretako lurzatien esleipen-hartzaileek ezin izanen dute behin uzta jasotakoan berriz ere lurzati horiek landu irailaren 15a baino lehen, salbu eta herrilurretako lurzatia kokatzen den bazkalekua esleitu gabe badago, orduan NPBk ezartzen duen araudiari jarraituko baitzaio. Zilegi izanen da tratamendu herbizidak egitea abuztuaren 15aren ondotik, beharrezkoa denean berazaina edo soberako belarkia dagoelako, bazkalekua aprobetxatzen duen abeltzainari horren berri emanda. Herbizidak aplikatzeko, lurra lantzeko, aprobetxamendua egiteko eta uztondoak erretzeko, NPBk edo Nafarroako Gobernuak ezarritako araudiari jarraituko zaio.
38. artikulua. Herrilurretako lurzatiak erreserbatzea.
1. Deikazteluko Udalak, beste xederik erabakitzen ez duen bitartean, 3. poligonoko 714, 715 eta 716. lurzatiak erreserbatuko ditu, “familia-baratzeak” ezarri nahi dituzten familia unitateen titularrei esleitzeko.
2. Herrilurretako larreen esleipen-hartzaileek aldez aurretik aukeratu ahalko dute lotea, esleitua duten bazalekuaren barnean. Horretarako eskabidea aurkeztuko dute Udalean, haien hautaketaren arrazoiak justifikatuz (bazka produzitzea, ukuilutik edo ura dagoen tokitik gertu egotea, itxitura egitea...). Udalak, begiratuta ez direla gainerakoan izan daitezkeen esleipen-hartzaileen eskubideak kaltetzen, eskatutako loteak esleituko ditu edo beste lote batzuk proposatuko dizkie artzainei.
3. Halaber, Udalaren ehiza barrutiaren esleipen hartzaileak Udalari aldez aurretik eskatu ahalko dizkio nahi dituen loteak, horretarako arrazoiak justifikatuz (ehizakiendako elikagaiak ereitea, babes eremuak, eremu horiek barrutian sakabanatzea...). Udalak larreen esleipen-hartzaileekin bezala jokatuko du.
46.6 artikulua. Kanona 16,58 eurokoa izanen da baratze eta urteko. Kanona urtero eguneratu ahalko da, gehienez ere KPIaren arabera.
Iragarkiaren kodea: L1603891