80. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak
arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Andosillako Udalak, 2016ko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Andosillako udal mugapeko laborantzarako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hura 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua:

Andosillan, 2016ko apirilaren 4an.–Alkate udalburua, José Manuel Terés Azcona.

LABORANTZARAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1.–Xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Andosillako udal mugapeko laborantzako herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

2.–Andosillako Udalari dagokio herrilurretako ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Andosillako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

3.–Herrilurretako ondasunen desafektazioa.

1. Herrilurretako ondasunak desafektatzen ahalko dira artikulu honetan aipatzen diren kasuetan.

2. Herrilurretako ondasunen desafektazioa egiteko, horien erabilpena lagatzea edo karga izanik arrazoi, honako hau bete beharko da:

a) Hasierako erabakia, Andosillako Udalak gehiengo osoz hartua.

b) Iragarkia argitaratzea eta jendaurrean hilabetez egotea.

c) Erreklamazioak ebaztea, osoko bilkuran gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez.

d) Nafarroako Gobernuaren onespena.

3. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Andosillako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela bertze bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Hona hemen horretarako prozedura:

a) Hasierako erabakia, Andosillako Udaleko kideen bi hereneko gehiengoaren bidez hartua.

b) Iragarkia argitaratzea eta jendaurrean hilabetez egotea.

c) Erreklamazioak ebaztea, udal honetako kideen bi hereneko gehiengoaren bidez erabakita.

d) Onura publiko edo sozialaren deklarazioa eta onespena Nafarroako Gobernuak emanik.

4. Herrilurretako ondasunen nahitaezko desjabetze kasuetan indarrean den legediari jarraituko zaio.

5. Desafektazioak foru lege bat beharko du onespena jasotzeko, jabetza kostu bidez edo irabazi asmoz aldatzeko eta lurzati txikia gainditzen duten lurrak trukatzeko egiten denean, bai eta aurreko zenbakietan aipatu ez diren gainerako kasuetarako ere.

6. Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Andosillako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

4.–Herrilurrak zaindu eta berreskuratzea.

1. Andosillako Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

2. Andosillako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

3. Andosillako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

4. Andosillako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herrilurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

5. Andosillako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

6. Andosillako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

7. Andosillako Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Andosillako Udalak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5.–Andosillako Udala ahaleginduko da herri ondasunen ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta ahalik egokien aprobetxatzen.

6.–Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak dira ordenantza honek aipatzen dituen aprobetxamenduak.

7.–Onuradunak:

1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Andosillako Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 6 urteko antzinatasunez.

c) Andosillan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Andosillako Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Andosillako Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

8.–Andosillako laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Andosillako Udalak zuzenean ustiatzea.

Andosillako Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

9.–Modalitate honen onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitatearen titular diren herritarrek 7. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

10.–Eredu-lotearen azalera.

1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

a) Landare bizia ureztalurrean: 5 hektarea.

b) Lehorreko lurra: 5 hektarea.

c) Landare emankorra lehorreko lurrean: 5 hektarea.

2. 9. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei aurreko puntuko loteetako bat emanen zaie aukeratzeko.

11.–Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Andosillako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honetako 10. artikuluan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

Halakoetan, Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

12.–Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da.

Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

13.– Esleitutako lotea titular partikular baten bazkaleku baten perimetralaren zati bada, bakar-bakarrik zerealak ereiteko eta lantzeko erabili daiteke eta inolaz ere ez da onartuko bestelako landaketa motarik, hala nola, mahastiak, olibondoak, edota landare biziko bestelako landaketa. Landaketa urtekoa eta txandakatua izanen da (urte batez landua eta hurrengoa landu gabea). Uztak eraman ondotik, bazkalekua duenak belarrak aprobetxatzen ahal ditu.

14.–Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

a) Landare bizia ureztalurrean: 35 euro/erregua.

b) Lehorreko lurrak: 7,10 euro/erregua.

c) Landare bizia lehorreko lurrean: 35 euro/erregua.

2015erako proposatu den kanonari dagozkio zenbateko horiek, eta urtero eguneratuko dira Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeetan oinarriturik.

15.–Laborantza zuzeneko eta pertsonala.

1. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

2. Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 7. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

3. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 7. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Andosillako Udalari, behar den baimena eman dezan.

4. Andosillako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

5. Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herrilurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honen 14. artikuluan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

c) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

e) Esleitutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

16.–Ezintasun fisikoa edo apartzeria.

1. Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, hurrengo puntuan xedatua aplikatuko da.

2. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Andosillako Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

3. Andosillako Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

4. Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

5. Herrilurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

17.–Lurzatiak Lehen Atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

18.–Esleipen hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 14. artikuluan xedatua bete beharko da.

19.–Loteen azalera.

1. Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskabide dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; esleipen-hartzaileak nekazariak badira, haien ustiategiaren tamainaren alderantzizko proportzioan.

2. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu mota honetan:

a) Landare bizia ureztalurrean: 5 hektarea.

b) Lehorreko lurra: 5 hektarea.

c) Landare bizia lehorreko lurrean: 5 hektarea.

3. Salbuespen gisa, eta lote independenteen moduan, herrilurrak esleitzen ahalko dira azalera txikiagatik (eredu lotearen azaleraren % 20, gehienez), lurzatiaren formagatik, tokiagatik edo bestelako arrazoi bereziengatik.

20.–Esleipen aldia.

1. Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da.

2. Landare bizirako esleipenak hiru zozketaren bitartez eginen dira.

21.–Mahastiak herrilurretan.

1. Erretiro, heriotza edo beste edozein arrazoirengatik esleipena mozten bada, ontzat emanen dira testamentu bidezko edo hori gabeko transmisioak, onuradunak hirugarren gradurainoko odol ahaideak edo ezkon ahaide badira eta herrilurretako aprobetxamendua izateko eskubidea badute. Ez bada ezagutzen eskubide hori duen legezko ondorengorik, Udalak eskua izanen du lur horiekin zer egin erabakitzeko. Edonola ere, adjudikazio epea ez da etenen.

2. Mahastietarako lurren esleipen-hartzaileek lurra esleitzen zaienetik hiru urteko epean landatu beharko dute mahastia, eta, egin ezean, lurrak Udalaren eskuan geldituko dira; esleipen-hartzaileak landatzeko eskubidea modu fede-emailean ziurtatzen badu, ez da halakorik gertatuko.

3. Mahastietako herri lurzatien egungo hartzaileek ez dute izanen eskubiderik herrilurretan bestelako aprobetxamendu bat izateko; laborearen azalera handitu ahalko dute, egiten ahal bada, eredu lotearen azalerara iristeraino.

4. Herrilurretako mahastietan landaketak, transmisioak eta erauzketak egiteko, Udalari eskatuko zaio, eta honek erabakiko du baimena eman ala ez.

22.–Urte bakoitzean, azaroan eginen dira herrilurretako aprobetxamenduen altak eta bajak. Eskuragarri dauden lurzatiak esleitzeko, zozketa eginen da eskatzaileen artean, hurrenkera kronologikoan, eskatzaileek aprobetxamendua izateko eskubidea badute, eta ondorioa hurrengo urtean izanen du; betiere errespetatu eginen da une horretan dagoen laborea, laborea urte batekoa izanez gero.

23.–Herrilurretako aprobetxamenduari uko egiten dion onuradunak ez du laborantzarako lurren herritarrendako esleipen gehiagorik izateko eskubiderik izanen hurrengo zozketa orokorra izan arte. Uko egiteak hura eman ondoko urteko urtarrilaren 1ean izanen du eragina.

24.–Herrilurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

a) Landare bizia ureztalurrean: 35 euro/erregua.

b) Lehorreko lurrak: 7,10 euro/erregua.

c) Landare bizia lehorreko lurrean: 35 euro/erregua.

2015erako proposatu den kanonari dagozkio zenbateko horiek, eta urtero eguneratuko dira Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeetan oinarriturik.

25.–Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

26.–Lurren eskuragarritasuna.

1. Esleipen guztietako eredu loteen azalera aldatu ahalko da, kontuan izanik zer lur diren eskura, lurzatien neurrira egokitzeko, dela lurzati berrantolamendu berrietan daudelako, dela zatitu ezin daitezkeen lurzati osoak direlako.

2. Lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, diru-sarrera edo ustiategi handiagoak dituzten familia unitateen titularrenak kenduko dira.

3. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 10.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publiko arrunta

27.–Enkante publikoa.

1. Laborantzako lurra soberan baldin badago, 9. artikuluan seinalatutako azalera gorde ondoren eta lehenengo eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, Andosillako Udalak enkante publikoan esleituko du eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

2. Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeetan oinarriturik.

3. Enkante bidez esleitutako lurrari uko egiten dion esleipen hartzailea ez da laborantzako bertze herrilur baten esleipen hartzaile izaten ahalko, inolako aprobetxamendu motatan, hurrengo zozketa orokorra egin arte.

Uko egileak bere gain hartuko du eskabidea egin den urtekoari dagokion gehi bi urteko gehiagokoak, eta denbora tarte horretan kanon gutiagoko lote bat esleitzen bada, uko egileak zenbatekoen arteko aldea ordaindu beharko du.

Lehentasunezko edo esleipen zuzeneko herrilur baten esleipen-hartzaileak eskatzen ahalko du, esleipenaren laborearen ordez, mahastia edo fruta-arbolak izateko, eta hori onartzen ahalko da eredu lotearen azaleraraino eta labore berriaren esleipenaren epea, lehenengo esleipenaren datatik aitzina zenbatua, amaitu arte.

Enkantearen bidezko herrilur baten esleipen-hartzaileak eskatzen ahalko du, esleipenaren laborearen ordez, mahastia edo fruta-arbolak izateko, eta hori onartzen ahalko da eredu lotearen azaleraraino eta labore berriaren esleipenaren epea, lehenengo esleipenaren datatik aitzina zenbatua, amaitu arte. Halaber, esleitzen zaion lehentasunezko edo zuzeneko beste edozein esleipeni uko egiten diola ulertuko da.

Kasu horretan Udalak zehaztuko du esleituriko lotearen zein lurzatitan onartuko den laborearen aldaketa.

28.–Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

29.–Andosillako Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten.

30.–Eskaerak.

1. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Andosillako bizilaguna izatea, gutxienez ere azkeneko sei urteetan, eta urtean egiazki eta jarraian bederatzi hilabete egitea, gutxienez.

b) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

2. Ondoko agiriak gehituko zaizkio:

a) Andosillako Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitzin ekitaldiko aitorpenaren fotokopia.

3. Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Andosillako Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 10.3 artikuluan zehazten den bezala.

31.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan.

2. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

3. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

4. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko du.

32.–Esleipena.

1. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 10. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak esleituko dira.

2. Laborantzako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, laborantzako loteak esleituko zaizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluaren araberakoak izanen dira.

3. Lurzatiak esleituta, onuradunen zerrenda eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatiena jendaurrean paratuko dira, 15 egunean, Udalaren iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu.

4. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Andosillako Udalak behin betiko onetsiko du laborantzako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

33.–Esleipenen bajen arrazoiak.

1. Andosillako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Andosillako Udalak onesten duen araubide berezia egokitu beharko da, arautu gogo den proiektuaren ezaugarrien eta xedearen arabera, eta iraunen du proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den denbora guztian. Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herrilurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

34.–Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

35.–Arau-hauste administratibotzat hartzen dira laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:

1. Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

2. Udalak esleitu gabe, herrilurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

3. Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

4. Nekazaritzako lanak ordenantza honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

5. Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

6. Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

7. Bideak nahiz altxonbideak lantzea.

8. Bideetan eta altxonbideetan harria edo bertzelako materialak botatzea.

9. Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.

10. Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

11. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

12. Esleitutako lotea abandonatzea, inolako justifikaziorik gabe.

13. Esleitutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

36.–Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

1. a), c), d), e) eta ll) arau-hausteetan, esleipena galduko da. a) letraren kasuan, esleipenak galtzearekin zehatuko da ere, halakorik izatekotan, lurra zuzenean lantzen duena, ezertan ukatu gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek paratzen ahal dituzten zehapenak.

2. j) eta l) arau-hausteetan, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzaile izateko desgaitzea.

3. Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 100 eurotik 1500 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

4. Hori guztia, ondasun publikoetan edo hirugarrenen ondasunetan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Andosillako Herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza, udal honek 2002ko azaroaren 28an onetsia, eta ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1604047