80. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

82/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, gora jotzeko errekurtsoen ebazpena eta lan auzibidearen aurreko erreklamazioena Osasuneko kontseilariaren esku uzten duena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen arloan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.c) artikuluaren arabera, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariari dagokio gora jotzeko errekurtsoen ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kontseilarietatik beherako edozein organok edo haren erakunde publikoek arlo horren gainean emandako egintzei dagokienez. Bestetik, aipatu foru legearen 115.4. artikuluaren arabera, lan auzibidearen aurreko erreklamazioak, langileriaren arlokoak badira, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariak ebatziko ditu. Antzeko esleipenak egiten dituzte otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren g) eta h) idatz-zatiek (dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehaztu ziren), bai eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 110. eta 111. artikuluek ere (dekretu horren bidez, erakunde autonomo horren estatutuak onetsi ziren).

Hala ere, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretu horren 9.h) artikuluaren arabera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokio, erakunde autonomo horri atxikiriko langileei dagokienez, gora jotzeko errekurtsoak eta lan auzibidearen aurreko erreklamazio administratiboak tramitatzea.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 3.2.f) artikuluaren arabera, arrazionalizazioa eta arintasuna administrazio-prozeduretan izanen dira gidari Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketan eta funtzionamenduan. Eskuratutako esperientziaren arabera, gora jotzeko errekurtsoen ebazpena eta lan auzibidearen aurreko erreklamazioena Osasuneko kontseilariaren esku uztea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen arloan, lagungarri izan daiteke prozedura horiek arrazionalagoak eta arinagoak izan daitezen, erakunde autonomo hori bere departamentuari atxikita baitago (irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 2. artikulua) eta kontseilari horrek esleiturik baitu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari lotutako gora jotzeko gainerako errekurtsoen ebazpena (abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.4 artikulua eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 110.1 artikulua).

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste baten esku uzten ahal dutela. Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.1 artikuluak ezartzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahal direla. Errekurtsoak ebazteko eskudantziari dagokionez, artikulu horren 2. idatz-zatiko f) lerroaldearen arabera, errekurritutako egintzen aurkako errekurtsoen ebazpena ezin da egintzak eman zituzten organoen esku utzi.

Azkenik, aipatu behar da eskuordetze honek ez duela galarazten Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik egin behar duen aginduzko txostena, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 4.o) artikuluan aurreikusia, eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduak, ondorio guztietarako, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emanak bailiran hartuko baitira, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.6 artikuluari jarraikiz. Horrenbestez, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txostena egin beharko du gora jotzeko errekurtso eta aurreko erreklamazio horien gainean, Osasuneko kontseilariari foru aginduaren proposamena igorri baino lehen.

Horrenbestez, aipatu legezko araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Osasuneko kontseilariaren esku uztea indarreko araudiak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari esleitzen dizkion eskumenak, gora jotzeko errekurtsoak eta lan auzibidearen aurreko erreklamazioak ebazteko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen arloan.

2. Eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduetan berariaz aipatuko da inguruabar hori, eta ondorio guztietarako, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emanak bailiran hartuko dira.

3. Foru agindu hau Osasuneko kontseilariari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2016ko apirilaren 19an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1604773