77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2016 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariak emana, gizarte boluntarioen arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onesten duena.

Erreferentzia:

Espedientearen kodea: 0011-1009-2016-000000.

Unitate kudeatzailea:

Eskubide Sozialetako Departamentua.

Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetza.

Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atala.

Telefonoa: 902165170. Faxa: 948240108.

Helbidea: González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña.

Helbide elektronikoa: inbtered@navarra.es.

Espedientea:

Espediente mota: gizarte boluntarioen arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko deialdia.

Araudia:

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan (“Gizarte zerbitzuen arloko politiken helburuak”) ezartzen du botere publikoek gizarte zerbitzuen arloan egiten dituzten jarduketen funtsezko helburua izanen dela, besteak beste, sustatzea komunitatearen parte-hartzea gizarte premiak asetzeko lanetan, batez ere gizatalde behartsuenen ordezkari diren entitateen parte-hartzea.

Foru lege horren 5. artikuluaren arabera (“Gizarte zerbitzuen sistema gidatzen duten printzipioak”) gizarte zerbitzuen sistema gidatzen duten printzipioetako bat boluntarioen sustapena da, eta hala, n) idatz-zatian ezartzen du botere publikoek herritarren elkartasunezko lankidetza sustatuko dutela gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, betiere parte-hartze horrek ekartzen ez badu behar diren zerbitzu profesionalak ordeztea.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak, II. eranskinean, gizarte zerbitzuetako boluntarioen entitateentzako diru-laguntzak jasotzen ditu bermatu gabeko prestazioen zerrendan. Diru-laguntza horiek aipatu arauaren a-16 eta b-13 ataletan aurreikusita daude, eta baliabide horren helburua da gizarte zerbitzuetako entitateek gizarte arloko boluntario lana bultzatzeko jarduerak egitea.

Nafarroako Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 14. artikuluak xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateak diruz lagunduko dituela boluntariotza arloko programa eta jarduerak, eta, horretarako, behar diren kontu-sailak jasoko direla aurrekontuetan eta diru-laguntzak emanen direla deialdi publikoen bidez.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluan norgehiagokako araubidea ezartzen da. Bertan agertzen den definizioaren arabera, araubide horretan diru-laguntzak ematen dira aurkezten diren eskaerak konparatuz, eta horrela, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarritako balorazio-irizpide batzuen arabera, lehentasun zerrenda ordenatu bat ezartzen da. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, diru-laguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.

Irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte boluntarioen arloko programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei 2016an diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

2. 125.000 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2016ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko Funtsa. Boluntario lanak” izeneko 920005-93100-4819-231B34 kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu kontu-sailean aurrekontu erabilgarririk badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 6an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Gizarte boluntarioen arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak 2016. urterako

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da gizarte boluntarioen arloan programak garatzen dituzten gizarte zerbitzuen entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea 2016. urterako.

Diru-laguntza horien bidez helburu hauek lortu nahi dira: batetik, herritarrei aukera ematea boluntariotza lanetan parte har dezaten eta parte-hartze hori sustatzea eta bideratzea, eta bestetik, arreta hartzen duten pertsonen eta giza-taldeen beharrak asetzeko ekintzak sustatzea eta bultzatzea.

2.–Programen tipologia.

Aurkezten diren programak tipologia hauen barrenean sartuko dira:

–Boluntarioak erakartzera eta haien lana hedatu eta sustatzera bideratutako programak, eta, orobat, arlo horretako sentsibilizazio eta koordinazio programak.

–Boluntariotza arloko prestakuntza programak.

–Berdinen arteko autolaguntza taldeak sustatzen dituzten programak bultzatzea arazo berberak dituzten pertsona boluntarioentzat.

–Gizarte zerbitzuen arloan beharra duten pertsonei edo giza-taldeei zuzeneko sostengu eta laguntza emateko programak.

3.–Entitate onuradunak.

Gizarte zerbitzuen arloko elkarte eta entitate irabazi-asmorik gabeak izan daitezke diru-laguntza hauen onuradun, baldin eta, Nafarroan helbideratuak egonda, gizarte zerbitzuen arloko programak garatzen badituzte boluntarioen bidez pertsonen edo giza-talde batzuen alde.

Toki administrazio publikoak ezin dira diru-laguntza hauen onuradun izan, ezta haien menpeko edo haiei lotutako entitate, erakunde edo sozietateak ere.

4.–Betebeharrak.

4.1. Entitate eskatzaileen betebehar orokorrak.

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izatea edo ordezkaritza iraunkor bat izatea lurralde horretan. Azken kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik egon behar dute gutxienez 3 urteko antzinatasunarekin, eta behar adinako egitura eta antolaketa izan behar dute, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko eta deialdi honetan aurkeztutako proiektuak autonomiaz kudeatzeko.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen estatutuen arabera, haren helburuetako bat izatea gizarte-boluntariotzari zuzendutako edo lan horri lotutako jarduerak egitea, edo boluntariotza lanak egiten dituzten entitateen erroldan inskribaturik egotea (ekintza boluntarioko entitateen errolda onesten duen Gizarte Politiketako kontseilariaren maiatzaren 13ko 306/2014 Foru Aginduaren bidez onetsi zen errolda hori).

e) Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekurik ez urratzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira aipatutako baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

4.2. Diru-laguntzaren xedeko programek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jasotzeko, programek baldintza hau bete beharko dute:

–Funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

5.–Eskaeren aurkezpena.

5.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu diren ereduen araberakoa. Ereduak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren web orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak toki hauetan aurkez daitezke: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulegoen bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan edo telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari igorrita.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

a) Dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta dauden elkartearen edo entitatearen estatutuen kopia.

b) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitateak, administratzaileak eta ordezkariak ez dutela urratzen diru-laguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Diru-laguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretiko funts-horniduraren beharra azaltzen duen aitorpena, deialdi honen 13. oinarrian ezarri bezala.

h) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabeteko epean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

i) Diru-laguntzarako eskabidea.

j) Entitatearen memoria teknikoa, eskaeraren aurreko urtean eginiko proiektua azaltzen duena.

k) Entitateak eskaeraren aurreko urtean izandako emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

l) Entitatearen proiektu teknikoa.

m) Entitatearen aurtengo diru-sarrera eta gastuen aurrekontua.

n) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskaerarekin batera, I. eranskin honen hamahirugarren oinarrian araututa dagoen gardentasun-betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez dago a), b), c), d), e), j) eta k) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute horien ziurtagiria edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

5.3. Proiektuen berariazko dokumentazioa.

a) Diru-laguntza jaso duen programa bakoitzaren memoria teknikoa, pertsona onuradunen kopurua adierazita, generoaren arabera.

b) Diru-laguntza jaso duen programa bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantzea.

c) Diru-laguntza zer programatarako eskatzen den, haien deskribapen teknikoa.

d) Diru-laguntza zer programatarako eskatzen den, haien diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

Eskaera aurkeztu aurreko urteari buruzko agiriek, a) eta b) puntuetan aipatutakoek, abian den urteko deialdi guztietarako balio dute. Ez da beharrezkoa agiri horiek aurkeztea baldin eta aurreko ekitaldiko diru-laguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu badira, edo abian den urteko deialdi batean, hau baino lehen. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkaritza duen pertsonaren aitorpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzeko eta noiz aurkeztu zen zehazteko.

Entitatearen programa orokorrerako, hau da, jarduera guztietarako diru-laguntza eskatzen duten entitateen kasuan, 5.2 oinarrian aipatutako ereduak baizik ez dituzte bete behar.

5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean edo oso-osorik ez badaude, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

8.–Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

8.1. Kontzeptuak.

Entitateek aurkezten duten programari dagozkion langileen, jardueren eta funtzionamenduaren gastuak sartzen ahalko dituzte aurrekontuan.

Desgaitasuna duten pertsonen edo adinekoen arloan lan egiten duten entitateen artean elkartegintza sustatzeko deialdien bidez aurten diru-laguntza jaso duten entitateek ezin dute laguntzarik eskatu funtzionamendu gastuetarako.

8.2. Onartuko diren gehieneko aurrekontuak.

Programa bakoitzari onartzen zaion aurrekontua zehazteko, proiektuan sartutako kostu ekonomikoen ebaluazioa eginen da. Aurreikusitako gastuak hanpatuak daudela ikusiz gero, diru-laguntza eman aitzin, programaren kostu ekonomikoaren beste balorazio bat eginen da prezio errealak erabiliz. Betiere, onartzen den aurrekontuko gastua ezin izanen da izan aurreko urtean programa berean egindako gastuaren %5etik gorakoa, non eta, salbuespen gisa, ez den erabat justifikatzen hortik gorako gehikuntzaren beharra, eta instrukzio organoak horrela baloratzen badu.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa instrukzio organoak onetsitako programa bakoitzaren aurrekontuaren %80 izanen da.

9.–Balorazioa.

Balorazioa bi fasetan eginen da. Lehenbizikoan entitate eskatzailea diru-laguntzaren xede den proiektuaren arduraduna den aldetik baloratuko da, alegia, programak garatzeko duen gaitasuna; bigarrenean, aurkezten den programa baloratuko da.

Bi faseak zein bere aldetik baloratuko dira, hurrengo oinarrian aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabilita. Fase bakoitzean gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

Bi faseak baztertzaileak dira; hortaz, haietako bakoitzean, entitateek 60 puntu gutxienez eskuratu beharko dituzte. Beraz, diru-laguntza jasotzeko, programa bakoitzeko gutxieneko batura 120 puntukoa izanen da, bi faseak kontuan harturik.

9.1. Lehenbiziko fasea: entitatea baloratzeko irizpideak.

–1. irizpidea: Proiektuaren kalitate teknikoa: 45 puntu arte.

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1.1.–AZPIEGITURAK (5 PUNTU ARTE).

1.1.1 Entitateak behar diren baliabide materialak ditu bere programak garatzeko: lokal egokiak, irisgarriak eta egokituak

1

1.1.2 Entitateak behar diren baliabide tekniko orokorrak eta berariazkoak ditu bere programak garatzeko

2

1.1.3 Entitateak giza baliabide nahikoak, gaitasun desberdinetako profesionalak eta profil profesional egokiak ditu, baita langile boluntarioak ere, koordinaturik lan egiten dutenak, aurreikusitako helburuak lortzeko

2

1.2.–BARNE EGITURA ETA ANTOLAKETA (7 PUNTU ARTE):

1.2.1 Entitateak bere proiektua garatzen du lan batzordeen bitartez

2

1.2.2 Entitatearen programak garatzeko, aldez aurretik ezarritako jarduketa protokoloak erabiltzen dira

2

1.2.3 Entitatearen eraginpeko lurralde eremua:

Lokala

1

Eskualdekoa

2

Foru Komunitatekoa

3

1.3.–BOLUNTARIOTZAREN ESPARRUAN AURRETIK ZUEN ESPERIENTZIA (8 PUNTU ARTE).

1.3.1 Entitatearen antzinatasuna:

Eratu berria

0

Hiru urtetik beherakoa

2

Hiru urte edo gehiago

3

1.3.2 Entitateak boluntariotzaren eta/edo gizarte zerbitzuen arloan aurretik zuen esperientzia frogatzen du, bere proiektuak gauzatzeko bideragarritasuna bermatzen baitu:

Entitatearen jarduera nagusia da boluntariotzako programak egitea

4

Entitateak boluntariotzaren inguruko programak egin ohi ditu

3

Entitateak noizean behin egiten ditu boluntariotzaren inguruko programak

2

1.3.3 Entitateak bestelako programak egiten ditu, diru-laguntzarik eskatu gabe

1

1.4.–KAUDIMEN TEKNIKO ETA EKONOMIKOA (25 PUNTU ARTE).

1.4.1 Proiektuaren beharra justifikatzeko gaitasuna (3 puntu):

Proiektuaren beharraren inguruko arrazoi argiak

3

Informazio osatugabea aurkeztu du

1

Ez du inolako deskripziorik egin

0

1.4.2. Programatzeko gaitasuna (13 puntu arte):

Xede orokor argiak eta arrazoituak

3

Proposatutako helburuen eta horiek lortzeko proposatutako ekintzen arteko egokitzapen zuzena

5

Entitateak proiektua gauzatzeko duen aurrekontua arrazoitua eta orekatua da (helburuei begira)

5

1.4.3 Gauzatzeko gaitasuna (5 puntu arte):

Zehaztasuna eta zorroztasuna teknikoki eta ekonomikoki gauzatzean

5

Zehaztasuna eta zorroztasuna teknikoki gauzatzean

3

Zehaztasuna eta zorroztasuna ekonomikoki gauzatzean

2

1.4.4. Proiektuak ebaluatzeko gaitasuna (4 puntu):

Entitateak ebaluazio eta kalitate sistemak eta/edo proiektuak dituela frogatzen du

4

Entitateak ez du frogatzen ebaluazio eta kalitate sistema eta/edo proiekturik duenik

0

–2. irizpidea. Barne koherentzia: 20 puntu arte.

AZPI-IRIZPIDEAK

Entitateak aurreikusten du bere proiektua iritzi publikoari zabaltzea; horrela sentsibilizazio lana eginen du, hala taldearen beharrei buruz nola haren potentzialtasunei buruz

Entitateak bere elkartze ekintzaren xede diren pertsonen beharrei eta interesei erantzuten die: interesak zundatzeko inkestak eta gogobetetze inkestak egiten ditu

Antolakundearen konpromisoa: entitatea prest dago onuradun diren pertsonen irisgarritasuna sustatzeko, haiek benetan parte har dezaten proiektuen garapenean

Antolakundearen konpromisoa: entitatea prest dago boluntarioen irisgarritasuna sustatzeko, haiek benetan parte har dezaten proiektuen garapenean

Entitateak batez ere boluntarioen bidez gauzatzen ditu bere programak

Hasierako aurrekontua eta aurreko urteko azken balantzea koherenteak dira

Diru-sarreren eta gastuen balantzea koherentea da eskaeraren xedeko urterako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuarekin

Entitateak proiektuak berriro formulatzeko gaitasuna erakutsi du bere finantzaketaren arabera

Ardurakidetza finantzaketan: entitateak barneko eta/edo kanpoko ekintzak egiten ditu bere jasangarritasuna bermatzeko eta independentzia indartzeko

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

BAT DATOR BI AZPI-IRIZPIDEREKIN EDO GUTXIAGOREKIN

0

BAT DATOR HIRU AZPI-IRIZPIDEREKIN

2,85

BAT DATOR LAU AZPI-IRIZPIDEREKIN

5,70

BAT DATOR BOST AZPI-IRIZPIDEREKIN

8,55

BAT DATOR SEI AZPI-IRIZPIDEREKIN

11,40

BAT DATOR ZAZPI AZPI-IRIZPIDEREKIN

14,25

BAT DATOR ZORTZI AZPI-IRIZPIDEREKIN

17,10

BAT DATOR BEDERATZI AZPI-IRIZPIDEREKIN

20

–3. irizpidea. Entitateekin edo elkarteekin koordinatzea: 15 puntu arte.

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

3.1. Beste entitate batzuekin harremanetan jartzeko gaitasuna, ezagutzen eta esperientzien trukaketa erraztearren.

1

3.2. Gaitasuna baterako proposamenak edo interes komunei buruzko konpromisoak formalizatzeko beste entitate bereizi batzuekin, pertsona onuradunen alde.

2

3.3. Elkarteen batasuna: entitateak eta beste elkarte bereizi batzuek batera garatzen dituzte programak eta/edo jarduerak.

5

3.4. Koordinatzea eta partekatzea behar diren baliabide ekonomikoak eta teknikoak optimizatuz: entitateek aukera ematen dute beste elkarte bereizi batzuetako pertsonak jarduera jakin batzuetara sartzeko

7

–4. irizpidea. Kofinantzaketa: 20 puntu arte.

Kofinantzaketatzat jotzen da entitateak diru-sarrerak izatea, Eskubide Sozialetako Departamentuari eskatutakoarekin konparatuta.

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

KOFINANTZAKETA EZDEUSA (%0tik %9ra arte)

0,00

GUTXIENEKO KOFINANTZAKETA (%10etik %19ra arte)

2,90

KOFINANTZAKETA URRIA (%20tik %29ra arte)

5,75

KOFINANTZAKETA MODERATUA (%30etik %39ra arte)

8,60

KOFINANTZAKETA ONARGARRIA (%40tik %49ra arte)

11,45

KOFINANTZAKETA ONA (%50etik %59ra arte)

14,30

OSO KOFINANTZAKETA ONA (%60tik %69ra arte)

17,15

KOFINANTZAKETA EZIN HOBEA (%70etik gorakoa)

20,00

9.2. Bigarren fasea: programak baloratzeko irizpideak.

1. irizpidea. Programaren kalitate teknikoa: 55 puntu arte.

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1.1.–Programa osoa teknikoki, barne egitura argi, koherente eta sendoa duena: helburuen, jardueren, giza baliabideen, baliabide material eta teknikoen eta aurrekontuaren arteko egokitzapena: 15 puntu arte

Arrazonamendu argia eta zehatza, programa egiteko beharrari buruzkoa.

3,0

Helburuak zehaztasunez adieraztea

3,5

Aurreikusitako jarduerak egokiak dira proposatutako helburuetarako

3,5

Giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak, planteatutako helburuen eta jardueren araberakoak

2,0

Proiektua gauzatzeko aurrekontu arrazoitu eta orekatua, proposatutako helburuen araberakoa

3,0

1.2.–Aurreikusitako jardueren definizioaren zehaztasuna; kronograma, metodologia eta helburuak lortzeko garatu beharreko protokoloak: 12 puntu arte

Proposatutako jardueren deskribapen zehatza

3,5

Metodologiaren deskribapena

3,0

Kronograma

3,0

Jarduketa protokoloak

2,5

1.3.–Jarduketak Foru Komunitateko herrietan gauzatzeko duen gaitasuna baloratzen da: 3 puntu arte.

Bere herrian bakarrik garatzen dute jarduera

1,0

Jarduera bi herritan garatzen dute

2,0

Jarduera hiru herritan edo gehiagotan garatzen dute

3,0

1.4.–Programaren edukiak aspektu berritzaileak aurreikusten ditu: 6 puntu arte.

Programa garatzeko aspektu berritzaileak aurreikusten dira.

3,0

Teknologia berrien erabilera bultzatzen duen programa.

2,0

Programak aurreikusten du sare sozialetatik sartzea programan

1,0

1.5.–Programa ebaluatzen da aldez aurretik ezarritako kalitate adierazleak eta egiaztapenerako aldagaiak oinarri harturik: 5 puntu arte.

Ez da ageri programa ebaluatzeko kalitate adierazlerik eta egiaztapenerako aldagairik

0,0

Programa ebaluatzeko kalitate adierazleak eta egiaztapenerako aldagaiak adierazten dira

2,0

Programa ebaluatzen da aldez aurretik ezarritako kalitate adierazleen eta egiaztapenerako aldagaien arabera

5,0

1.6.–Zehaztasuna eta zorroztasuna programa teknikoki gauzatzeko aurreikuspenetan: 14 puntu arte.

1.6.1. Boluntarioen prestakuntza (5 puntu arte):

Programak berariazko prestakuntza ikastaroak aurreikusten ditu programa eta/edo jarduera gauzatzeko

5,0

Programak ez du berariazko prestakuntza ikastarorik aurreikusten programa eta/edo jarduera gauzatzeko

0,0

1.6.2. Programaren eraginkortasuna: espero diren edo lortu diren emaitzak (4 puntu arte):

%25 baino gutxiago

0,0

%26tik %50era bitarte

2,0

%51tik %75era bitarte

3,0

%75etik gora

4,0

1.6.3. Programaren ondorioak: espero den edo lortu den parte-hartzea (4 puntu arte):

%25 baino gutxiago

0,0

%26tik %50era bitarte

1,0

%51tik %75era bitarte

2,0

%75etik gora

4,0

1.6.4. Justifikazioa (puntu bat):

Justifikazio egokia

1,0

–2. irizpidea. Programaren koherentzia: 25 puntu.

AZPI-IRIZPIDEAK

Programak onuradunen beharrei eta eskakizunei erantzuten die.

Onuradunek modu aktiboan parte hartzen dute programa prestatzeko eta abian jartzeko.

Onuradunek parte hartzen dute programako jardueren antolaketan.

Programak planteatzen du jarduerak egitea esku-hartze integrala laguntzen duten beste entitate batzuekin batera.

Programak departamentuaren beste programa bat osatzen du.

Programak beste programa batzuk osatzen ditu Foru Komunitatearen esparruan.

Koordinazioa eta osagarritasuna beste entitate batzuekin, programaren garapena errazteko.

Programaren hasierako aurrekontua eta/edo birformulatua eta bere azken balantzea koherenteak dira.

Aurreko urteko gastu erreala eta abian den urterako aurkeztutako aurrekontua koherenteak dira.

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

BAT DATOR BI AZPI-IRIZPIDEREKIN EDO GUTXIAGOREKIN

0,00

BAT DATOR HIRU AZPI-IRIZPIDEREKIN

3,57

BAT DATOR LAU AZPI-IRIZPIDEREKIN

7,14

BAT DATOR BOST AZPI-IRIZPIDEREKIN

10,71

BAT DATOR SEI AZPI-IRIZPIDEREKIN

14,28

BAT DATOR ZAZPI AZPI-IRIZPIDEREKIN

17,82

BAT DATOR ZORTZI AZPI-IRIZPIDEREKIN

21,39

BAT DATOR BEDERATZI AZPI-IRIZPIDEREKIN

25,00

–3. irizpidea. Kofinantzaketa: 20 puntu.

Baloratuko da eskura dauden baliabideen araberako programa bat gauzatzeko gaitasuna.

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

KOFINANTZAKETA EZDEUSA (%0tik %9ra arte)

0,00

GUTXIENEKO KOFINANTZAKETA (%10etik %19ra arte)

2,90

KOFINANTZAKETA URRIA (%20tik %29ra arte)

5,75

KOFINANTZAKETA MODERATUA (%30etik %39ra arte)

8,60

KOFINANTZAKETA ONARGARRIA (%40tik %49ra arte)

11,45

KOFINANTZAKETA ONA (%50etik %59ra arte)

14,30

OSO KOFINANTZAKETA ONA (%60tik %69ra arte)

17,15

KOFINANTZAKETA EZIN HOBEA (%70etik gorakoa)

20,00

Kofinantzaketaren portzentajea goitik edo beheitik biribilduko da, kasuaren arabera.

10.–Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortzen diren puntuen, diru-laguntza eskaeraren eta aurrekontuan erabilgarri dagoen kredituaren arabera esleituko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Programa bakoitzean, diru-laguntzaren zenbatekoa lortutako puntuen eta diru-laguntza eskaeraren arabera esleituko da, eta onartutako programaren aurrekontuaren gaineko portzentaje hauek ezarri dira gehieneko diru-laguntza gisa, deialdiaren 8. oinarrian ezarritakoa kontuan hartuz:

Gehieneko diru-laguntzaren portzentaje taula:

PUNTUAZIOA

DIRU-LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA AURREKONTUAREN GAINEAN (%)

120 baino gutxiago

%0

120 eta 200 bitarte

(lortutako puntuazioa - 120) = aplikatu beharreko portzentajea

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, hori justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehalakoan, eta, nolanahi ere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu aurretik. Betiere, bermatu beharko da aldatutako programak jatorrizko programaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Halaber, aldatutako proiektuaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino, salbu eta instrukzio organoak onartutako aurrekontura egokitzen bada.

11.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, puntuazioa emanen da, behin betiko balorazioa zehaztuko duena, eta horren ondoren diru-laguntzaren zenbatekoa finkatuko da.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adierazita. Diru-laguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta diru-laguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpenak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako iragarki oholean (González Tablas kalea, 7; Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren webean argitaratuko dira. Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpen espresaren edo ustezkoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera.

12.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako ematen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, 8.1. oinarrian xedatua izan ezik. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Kasu guztietan, diru-laguntza ordaintzeko, gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua bete beharko da aldez aurretik.

Oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, oinarri hauen 14. atalean xedatutakoari jarraikiz.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatu zuen apirilaren 14ko 5/2014 Foru Legearen 4. artikuluan aurreikusten denarekIn bat, zilegi izanen da diru-laguntzaren aurrerakinak ematea, baldintza hau betez gero:

Entitateak ordainketa aldez aurretik egiteko eskatu izana. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena, entitatearen ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen izenean dauden banku kontuak agertzen dituena, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

Aurreko atalean eskatutako baldintza betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

a) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzen denean.

b) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da: lehenbizikoa, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera, eta hurrengoa edo hurrengoak, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokion exekuzioaren justifikazio ekonomikoa egin ondoren.

14.–Justifikazioa.

14.1. Gastuak frogatu ondotik diru-laguntzaren ordainketa jasotzen duten entitateek gastu horien azken justifikazioa aurkeztu beharko dute abian den urteko abenduaren 31 baino lehenago.

Diru-laguntza ordainketa aurreratu bakar baten bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztu beharko dute, aurtengo irailaren 30a baino lehen.

Diru-laguntza zatikako ordainketa aurreratuen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean. Lehendabiziko justifikazio partziala abian den urteko irailaren 30a baino lehenago aurkeztu beharko da.

Azken ordainketa egiteko, aurretiko justifikazioa urteko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

Justifikazio partzialetarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen tarteko txosten labur bat.

b) Aurkezpen egunera arte diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei egozten zaizkien gastuen eta diru-sarreren zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Egiaztagiri gisa, banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu izanaren frogagarri gisa.

Diru-laguntza guztia ordainketa aurreratu bakar batean jaso duten entitateen justifikazio partzialetan, dagokion dokumentazioa fotokopien bidez aurkezten ahalko dute erregistro elektronikoaren bidez. Jatorrizko faktura eta ordainketa-agiriak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian zigilatzeko aurkezten dituztenean eskatuko zaizkie.

14.2. Azken justifikazioa.

2017ko urtarrilean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu jarduera egin dela justifikatzeko:

a) Lehenago aurkeztu ez badu, eta azken ordainketa justifikatzeko, kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, oinarri honen 14.1.c) puntuan azaltzen den bezalaxe prestatua.

b) Entitatearen memoria teknikoa.

c) Entitatearen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Gastuen kapituluan gastu guztiak zehaztuko dira, honela banatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

–Funtzionamendua.

d) Diruz lagundutako programen exekuzioaren gaineko memoria teknikoa.

e) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren diru-laguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan gastu guztiak zehaztuko dira, honela banatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

–Funtzionamendua.

f) Diruz lagundutako programen guztirako gastuaren zerrenda, euskarri informatikoan.

Halaber, entitateak instrukzio organoaren eskura utziko ditu jatorrizko fakturak.

Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, entitatearen zerbitzuen exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

15.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea.

b) Eranskin honen 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programa edo jarduerei buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate lan guztiek uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko dute.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

f) Diru-laguntza jasotzen duen jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16.–Gardentasuna.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Entitateek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako diru-laguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

17.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du entitate onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten entitateak behar adina ez direnean.

18.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntza jasotzen duten entitateek diruz lagundutako programen edukia aldatzeko eskatu beharko dute, baita hura gauzatzeko modua eta epeak ere, kasu hauetan:

a) Programaren garapena aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak agertzen direnean.

b) Baliabideak egoki erabiltzearen ondorioz, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabeko gerakinak daudenean eta, gerakin horiek laguntza jasotzen duen proiektuko jarduerak zabaltzeko erabili nahi direnean.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira eta, betiere, diru-laguntzaren xede diren programak gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

19.–Dirua itzultzea.

Proiektua gauzatu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak bete ezik, jasotako laguntza itzuli beharko da, osorik edo partez. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko diru-laguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Kasu horretan, ez da aplikatuko berandutze-interesik eta ekarriko du entitateak espresuki uko egitea itzulitako zenbatekoari.

Era berean, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

20.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

21.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

22.–Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan aurreikusita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1604192