77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

293/2016 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Iruñerriko garraio terminala ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialari (terminalaren lehenengo eta bigarren faseak) eta haren aldaketei dagozkien araudiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzen duena. UPS hori Nafarroako Gobernuaren 1991ko abenduaren 23ko Erabakiaren bidez onetsi zen, eta hari egindako aldaketak, berriz, Nafarroako Gobernuaren 1996ko apirilaren 15eko eta 2000ko maiatzaren 22ko erabakien bidez.

Nafarroako Gobernuak 1991ko abenduaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Imarkoainen (Elortzibar) Iruñerriko garraio terminala ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, “Terminal de Transportes de la Comarca de Pamplona SAk” sustatua. Erabaki hori 1992ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13koan.

Nafarroako Gobernuak 1996ko apirilaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez behin betiko onetsi zen “Iruñerriko Garraio Terminala” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, baina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzekotan eskatu zen testu bategin bat aurkeztea, erabaki hartan adierazitako determinazioak jaso beharko zituena. Testu bategina baliozkotu ondoren, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 424/1996 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 1996ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, maiatzaren 6koan.

Ondoren, Nafarroako Gobernuak, 2000ko maiatzaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, “Iruñerriko Garraio Terminalaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Bigarren Fasearen Garapena” izeneko espedientea onetsi zuen, Ciudad del Transporte de Pamplona SA sozietateak sustatua. Erabaki hori 2000ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 16koan.

Aipatutako tresnen ondoren onetsi diren arauak, zehazki, Iruñerriko garraio terminala handitzeari buruzkoak (hirugarren eta laugarren faseak), Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu izan dira, eta hala jasota dago. Alabaina, horien aurreko tresnei buruzko arauak (terminalaren lehenengo eta bigarren faseei dagozkienak), ebazpen honetan aipatu direnak, ez dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu. Hortaz, bidezkoa da araudi hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 29.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñerriko garraio terminala ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialari (terminalaren lehenengo eta bigarren faseak) eta haren aldaketei dagozkien araudiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea. UPS hori Nafarroako Gobernuaren 1991ko abenduaren 23ko Erabakiaren bidez onetsi zen, eta hari egindako aldaketak, berriz, Nafarroako Gobernuaren 1996ko apirilaren 15eko eta 2000ko maiatzaren 22ko erabakien bidez. Araudi horien testu osoa ebazpen honi gehitutako eranskinean jaso da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Noain-Elortzibarko Udalari eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 12an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Iruñerriko garraio terminala ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1604553