77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko martxoaren 23an hartua, Azkoiengo Cascajo alderdiko Baiunga erreteneko herri ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onesten dituena.

Azkoiengo Udalak, Baiunga erretenaren eremuko berrantolamenduan sortutako arazoak konpontzeko eta hasiera batez herrilurtzat hartzen diren lurzatien titulartasunaren gainean sor daitezkeen erreklamazio auziak saihesteko asmotan, herri ondasunak berreskuratzearen gaineko transakzio hitzarmena egiteko oinarri orokorrak prestatu ditu; haien bidez konpentsatu eginen da partikularrek ondasun horiek aprobetxatzeko duten eskubidea.

Azkoiengo Udalak 2014ko ekainaren 30eko osoko bilkuran onetsi zituen hitzarmenaren oinarriak, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko apirilaren 29ko Erabakia hartu zuen Azkoiengo Corraliza del Cascajo alderdiko Baiunga erreteneko herri ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onesteko. Aipatu hitzarmenak 2015eko apirilaren 30ean hartu zuen indarra, eta hiru hilabeteko indarraldia izan zuen; jabe batek ere ez zion hitzarmenari atxiki epe horretan.

Horregatik, 2016ko otsailaren 17an Azkoiengo Udalak berriz onetsi zituen Azkoiengo Corraliza del Cascajo alderdiko Baiunga erreteneko herri ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak, eta Nafarroako Gobernuak hura onesten zuenetik hiru hilabeteko epe berri bat ireki zen erabaki horri atxikitzeko.

Aipatu hitzarmena Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 30., 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz prestatu da. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen erregelamendu horrek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen zati bat garatzen du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Azkoiengo Cascajo alderdiko Baiunga erreteneko herri ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak onestea, erabaki honen I. eranskinean ageri direnak.

2. Oinarri orokor hauek erabaki honen onespenaren biharamunetik hasita aplikatuko dira.

3. Baimen hau emateak ez du galarazten beste baimen batzuk ere eskatu behar izatea aplikatu beharreko berariazko legeriaren arabera, ez eta agintaritza eskudunek kasu bakoitzean eskatzen dituzten baldintzak erabat bete behar izatea ere.

4. Erabaki hau Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari igortzea eta Azkoiengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

I. ERANSKINA

Corraliza del Cascajo alderdiko (Baiunga erreteneko berrantolamenduko) herri ondasunen transakzio hitzarmenaren oinarri orokorrak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluari jarraituz

1. artikulua.–Oinarri hauen xedea da transakzio hitzarmenak arautzea, Azkoiengo Udalak eta Azkoiengo Corraliza del Cascajo alderdiko (Baiunga erreteneko) lurzatietako herri ondasunak aprobetxatzeko eskubidea duten partikularrek sinatu beharrekoak.

2. artikulua.–Azkoiengo Udalak, zuzenbidean oinarritutako bestelako arrazoiak galarazi gabe, eta orotariko arau gisa, uste du Azkoiengo Corraliza del Cascajo alderdiko (Baiunga erreteneko) lurzatiak herrilurrak direla eta partikularrek horiek aprobetxatzeko eskubidea baizik ez dutela.

Iritzi hori defendatu eta aplikatuko du eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliz, batez ere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean oinarrituta.

3. artikulua.–Aitzineko artikuluan ezarritakoa gora behera, Azkoiengo Udalak, herri ondasunen gaineko aprobetxamenduaren arazoa konpontzeko eta partikularrek (herriko bizilagunak, gehienak) zein Udalak berak ere auzi astunik izan ez dezaten, erabaki du Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluan ematen zaion transakzio ahalmena erabiltzea. Horiek horrela, transakzioak egiteko oinarri orokor hauek onetsi ditu, Nafarroako Gobernuak ere onets ditzan, haren onespenik gabe ez baitute baliorik.

4. artikulua.–Lurzati berrantolamenduaren oinarrietan titular beraren izenean dauden katastroko lurzatiak hartuko dira hitzarmenaren unitatetzat.

Hala ere, titulartasun horiek aldatzen ahalko dira, eskualdaketa aipatu egunean baino lehenagoko agiri publiko baten bidez frogatzen bada, edo Azkoiengo Udalak bidezkotzat jotzen badu titulartasunaren aldaketa.

5. artikulua.–Ez dira hitzarmen honen xedea izanen katastroko azalerak baldin eta frogatzen ahal bada Azkoiengo Udalak eman zuela haien aprobetxamenduen eskurapen titulua; orobat, aprobetxamendu baten azalera eskrituratua ezin da hitzarmenaren xedekoa izan haren gainean epai irmoa eman bada Azkoiengo Udalaren alde.

6. artikulua.–Azkoiengo Udalak, lurzati berrantolamenduaren oinarrietan zehazten diren titularren edukitza konpentsatzeko, eskubide horiek bidegabeki dituztenei proposatzen die partikularrari lurzati berrantolamenduaren oinarrietan bere katastro-titulartasuneko herri ondasunen gaineko eskubideen azaleraren %86,85 aitortzea eta bere jabetzara pasatzea.

7. artikulua.–Azkoiengo Udalak erabilera libre eta osoa izanen du herrilurrentzat aprobetxamenduen gainerako azaleraren gainean (%13,15), eta partikularrak ezin izanen dio aurrerantzean inolako eskubideri heldu.

Portzentaje hori ureztalurreko lurzatien azaleran gauzatuko da, partikularrei esleitzen zaien lurzatien antzeko nekazaritza balioa dutenak.

Lurzati horiek Baiunga erreteneko lurzati berrantolamenduan edo Azkoien aldean berrantolamendu beharreko “Arga-Aragoi ureztalurrak” eremu berrian izanen dira.

Baiunga erreteneko eremuan badira, 2-3 hektareako azalera izanen dute.

8. artikulua.–Hitzarmenaren oinarri orokor hauek eta Azkoiengo Udalak eta eskubideak bidegabeki dituztenek sinatutako hitzarmen partikularrek ez dute inolako baliorik izanen, harik eta aurreko artikuluan zehaztutako azalerak herri ondasuntzat eman arte.

9. artikulua.–Transakzio hitzarmen bat eskatzen duen partikularrak identifikatu, zehaztu eta mugatu beharko ditu lursailean, Azkoiengo Udalarekin batera baina bere kontura, hitzarmenaren xede diren aprobetxamenduak. Udalak du identifikatutako eremu erreala hitzarmenaren unitatetzat hartzeko ahalmena, hitzarmenaren ondorioetarako.

10. artikulua.–Oinarri hauek aplikatuz eskatzen diren hitzarmenak, 30 egunean jendaurrean egon ondoren, Azkoiengo Udalak onetsiko ditu lehenik, eta ondotik Nafarroako Gobernuak, bestela ez baitute baliorik izanen.

11. artikulua.–Arau hauek indarrean jarriko dira Nafarroako Gobernuak onetsi eta biharamunean, eta hiru hilabeteko indarraldia izanen dute, aipatu egunetik hasita. Epe horren barrenean transakzio hitzarmena eskatzen ez dutenak oinarri orokor hauetako 2. artikuluan ezarritakoari lotuak geldituko dira.

12. artikulua.–Oinarri hauei jarraitzen dieten partikularrek dagokien hitzarmenaren onespena eskatu beharko dute, aurreko artikuluan finkatutako epearen barnean, Azkoiengo Udalari zuzendutako idazkiaren bidez. Hartan, oinarri hauek onartzen dituztela adierazteaz gain, zehaztuko dute zein aprobetxamenduren gainean eskatzen duten hitzarmena. Eskabidearekin batera eskatzaileak zinpeko aitorpena aurkeztuko du, eskatzen diren aprobetxamendu guztiak bere eskrituretan ageri direla dioena, eta Baiunga erretenaren eremuko aprobetxamenduaren gainean izan dezakeen bestelako edozein eskubideri uko egiten diona. Halaber, notario-eskrituren fotokopia kautotua aurkeztu beharko du.

13. artikulua.–Hitzarmenaren xede diren lursailen artean Udalaren esku oso-osorik gelditzen direnak Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, herri ondasun gisa.

14. artikulua.–Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren hitzarmena eskritura publikoan jarriko da, eta eskriturak egiteko gastuak erdi bana izanen dira partikularraren eta Azkoiengo Udalaren artean.

Iragarkiaren kodea: F1603639