77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24/2016 FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, Koldo Rodero Armendáriz jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Koldo Rodero Armendáriz (Tolosa, 1963) 1975ean Iruñean sortutako familiaren jatetxean hazi zen. Laster erakutsi zuen sukaldaritzarako etorria eta grina. Jesús Roderoren agindupean (aita eta maisua), prestakuntza hasi zuen. Gaur egungo Rodero jatetxeko sukaldea zuzentzen du.

Jatetxeak Repsol Gidaliburuaren hiru eguzki ditu eta Michelinen izar bat: Koldo Roderok eta haren familiak Nafarroako gastronomia berritzeko egiten duten ahalegina aitortzen dute.

Sukaldaritzako lanbidean eta Foru Komunitateko gastronomiaren zabalkundean nabarmendu da; bikain lotu ditu zientzia eta Nafarroako sukaldaritzako usadioa, bertako produktuetan oinarriturik.

Bada, Koldo Roderok Nafarroako gastronomia erabat bultzatu du, eta giltzarri gertatu da bertako produktuen aniztasuna eta kalitatea ezagutaraztean, gisa horretan Nafarroako gastronomiari laguntzen diola Komunitatearen balio garrantzitsuenetako bat bihurtzen.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Koldo Rodero Armendáriz jauna saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Koldo Rodero Armendáriz jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko apirilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1604573