77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23/2016 FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, Oberena Dantza Taldea erakundeari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

1941ean Oberenako zortzi gizonek Oberena Dantza Taldea eratu zuten. Lehen emanaldia Elon egin zuten, abuztuaren 15ean, eta Iruñean abenduaren 3an, Perkain pilota-lekuan. Azken data hori garrantzitsutzat hartu zuten eta, geroztik, Oberenaren dantzari eguna data horretan ospatzen da urtero. Urte bukaeran oinarrizko zerbait falta zitzaiela nabaritu zuen taldeak, emakumezkoak alegia, eta handik aurrera taldean sartu ziren. Ilusioz betetako urte haietan Zozodantza, Ezpatadantza, Eskudantza eta Larraindantza berreskuratu ziren, besteak beste.

Jarduera horretan 75 urte beterik, Iruñeko Oberena Dantza Taldearen ibilbide luze eta eredugarria nabarmendu da. Gainera, lana handitu eta sendotu du. Urte hauetan dantza asko berreskuratu, mantendu eta zabaldu ditu, Nafarroa guztiko folklore aberatsaren usadioan eta ikerketan oinarriturik, ahaztu gabe berrikuntza, indarra eta gaztetasuna.

Gaur egun taldeak jarraitzen du dantzak berritzen, errepertorioa zabaltzen, emanaldiak eta ikuskizunak ematen, eszenaratzea berritzen, jantziak berreskuratzen eta, batez ere, harrobia lantzen: 100 haur eta gazte baino gehiagok ikasten eta gozatzen dute folklorea. Lan oparo honek emanaldi ugaritan du isla.

Gisa honetan, Oberena Dantza Taldea luzaz saiatu da Nafarroako historia, musika eta kultura ondarea garatzen, bultzatzen eta zabaltzen.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Oberena Dantza Taldea saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Oberena Dantza Taldea erakundeari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunei jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko apirilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1604572