77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

22/2016 FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, Manuel Torres Martínez jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Manuel Torres Martínez (Murtzia, 1938) beti egon da lotua enpresa alorrarekin, ekimen berritzaile ugariren bultzatzaile izan baita. 1975ean MTorres industria taldea eratu zuen. Gaur egun sei enpresak eta goi mailako prestakuntza duten ia 500 langilek osatzen dute talde hori.

Patente bidez babestutako berrikuntzan oinarritzen den arrakasta adibide bat da MTorres taldea. Taldeak 168 patente-familia ditu; horietatik 24 ekoizten dira gaur egun. Taldeak zinez sinesten du ikerkuntzaren, garapenaren eta berrikuntzaren alde egin behar dela, eta bere negozio-zifraren %15 sartzen du I+G+Bn. Emaitzak berrinbertitu ditu bere ibilbidean, eta fakturaren %80 datorkio 70 herrialde baino gehiagora egiten duen esportaziotik.

Bizitza guztian Manuel Torresek konpromiso handia izan du berrikuntzarekin, baita gaitasun handia ere transferentzia teknologikoko jarduerak garatzeko sektore oso ezberdinetan, aeronautikakoa edo energetikoa adibidez.

Beraz, Manuel Torresek irmo bultzatu du ekonomiaren, enpresaren eta I+G+Baren garapena Nafarroan.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Manuel Torres Martínez jauna saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Manuel Torres Martínez jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko apirilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1604571