77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21/2016 FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, Javier Molina Garicano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Javier Molina Garicano (A Coruña, 1951), Nafarroako Ospitaleguneko pediatra, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatria Zerbitzuan sartu zen mediku alboko gisa, 1977an. 2013ko maiatzetik Nafarroako Ospitaleguneko Pediatria Zerbitzuko burua da, eta mugarria haurren onkologia eremuan.

Onkologiako, Hematologiako eta Erreumatologia Pediatrikoko kide da elkarte nazionaletan eta nazioartekoetan. Partaidea da, orobat, Onkologia Pediatrikoko Nazioarteko Elkartean; Onkologia Pediatrikoko Elkarte Nazionalean, non idazkari nazionala izan baitzen 1985etik 1991ra; Hematologia Pediatrikoko Elkarte Nazionalean; Erreumatologia Pediatrikoko Espainiako Elkartean eta Euskal Herriko Pediatria Elkartean, non lehendakariorde izan baitzen 1982tik 1988ra. Espainiako Pediatria Elkartearen kide izendapenduna da; gainera iaz ohorezko kide izendatu zuen. 1989an sortu zuen Nafarroako haur minbizidunei laguntzeko elkartea, minbizia duten haurrei eta haien familiei laguntzeko elkartea.

Beraz, lan profesionalaz eta borondatezko ekimenez, Javier Molinak ekarpen handia egin du haur horien eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko eta gizarteari jakinarazteko haur minbizidunak badirela, gaitz horrek eragina baduela eta sortzen dituen gatazken eta problemen berri eman du. Gainera, Nafarroako garapen medikoan, zientifikoan eta sozialean lagungarri gertatu da.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Javier Molina Garicano jauna saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Javier Molina Garicano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko apirilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1604570