77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

20/2016 FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, “Golem” Difusora Cultural Cinematográfica SA enpresari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Golem enpresa 1982an eratu zen Iruñean. Urte horretan abiarazi zuen lehen proiektu zinematografikoa, Golem Baiona. Areto anitzeko zinemaren kontzeptu berritzaile jaioberriaren aldeko apostua izan zen hura. Arrakastatsu errotu zen Nafarroan.

1996an eskaintza zabaldu zuen Iruñean, bost areto gehiago Golem Yamaguchin. Horrela, zinema alternatiboagoa jatorrizko bertsioan gozatzeko aukera jarri zuten nafarren eskuetan. Apostu gogotsu horrekin, laster bihurtu zen zenbait kultur ekitaldiren egoitz, hala nola Zinema Europarraren Astea edo Zinema eta Emakumeak Erakusketa.

2013an, Europa Cinemasek Urteko Ekintzaile Hoberenaren saria eman zion Golemi. Ospe handiko saria da, eta Golemek zinema europarra gure herrialdean zabaltzeko egiten duen lan bikaina nabarmentzen du. Aitorpen bat, zinema erakusteko Madrilen, Bilbon, Nafarroan eta Burgosen egiten duen lanagatik, baita Golem Distribución sailaren bidez europar zinema zabaltzeko emandako laguntzagatik ere.

Gisa horretan, Golemen babesa nahitaezkoa izan da Nafarroan zinemaren industria errotzeko eta indartzeko, eta ikus-entzunezko kultura bultzatzeko. Sektoreko zenbait sari jaso ditu eta, beraz, zinema erakusteko eta banatzeko foroetan eta nazioarteko jaialdietan marka sendo, fidagarri eta kalitatezko bihurtu da Golem. Gainera, Foru Komunitatea nazioartean ezagutarazten lagundu du.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Golem taldea saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. “Golem” Difusora Cultural Cinematográfica SA enpresari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunei jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko apirilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1604569