77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18/2016 FORU DEKRETUA, apirilaren 13koa, Mario Gaviria Labarta jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Mario Gaviria Labartak (Cortes, 1938) Zaragoza, Ingalaterran eta Frantzian ikasi zuen. Henri Lefebvreren ikasle, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan joera aurreratuak sartu zituen Soziologian, bai Landa eta Hirikoan, bai Aisiakoan eta Turismokoan. Zentral nuklearren aurkako mugimenduak bultzatzen aitzindari Espainian, hiri, landa, aisia eta ingurumen alorretako zenbait belaunalditako soziologoen irakasle izan zen Espainian.

Nafarroako Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan da, eta jaso ditu Ingurumeneko Sari Nazionala (2005), Gizartea eta Giza Balioak Saria (2006) eta Zahorí de Plata Saria (2008). NBEko eta Frantziako nazioarte aholkularia izan da eta hogeita hamar ikerketa baino gehiago zuzendu ditu. Urtetan jardun zuen gizarteratzeko gutxieneko errenten programen garapenean Madrilen eta Aragoin, eta gizartean esku-hartzeko proiektu berritzaileen garapenean, alor hauetan: HIESaren prebentzioa, gizarteratzea eta lan munduan txertatzea eta ijitoen gizarteratzea.

Gisa honetan, Mario Gaviriak erruz saiatu da berdintasunaren, giza eskubideen eta ingurumenaren alde Nafarroan. Gainera, Soziologia bihurtu du diziplina aitzindari, eztabaidagune eta gizarte aldaketen iturri. Beregan lotzen dira zorroztasuna eta jardun eredugarria.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezko jo du Mario Gaviria Labarta jauna saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, honetarako sortu baitzen apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaz kondekorazio hau: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen, nor bere jardueraren esparruan, nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Mario Gaviria Labarta jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko apirilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1604567