77. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

134/2016 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren Zuzendaritza Batzordea eta estatutuetako aldaketak inskribatzen dituena Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

Lehendakaritzako zuzendari nagusiak ekainaren 29an emandako 318/2004 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofiziala Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatu zen, 13 zenbakiarekin.

2015eko abenduaren 23an, elkargoak eskatu du bere Zuzendaritza Batzordeko aldaketak eta estatutuetako aldaketa partziala inskribatu daitezela. Dokumentazio hori zuzenduta, beste ziurtagiri bat igorri zen batzordeko eta estatutuetako behin betiko aldaketei buruz.

Zuzendaritza Batzordearen inskripziorako, ziurtatzen dute egungo batzordea Lehendakaritzako zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 870/2013 Ebazpenaren bidezko erregistrokoa zela, eta erregistratutako aldaketak dituela (bokal batek kargua utzi zuen dimititutakoan), baita ondoren gertatutakoak ere, igorritako dokumentazioan frogatzen dituztenak hain zuzen: Cristina Minguez Orayen buruordearen eta María Teresa Fuentes Ochoa bokalaren dimisioa, bi bokal berriren izendapena –Ignacio González Herrero jauna eta Elida Alicia Irisarri Ojer andrea–, eta bokaletako bat, Arantza Osinaga Erroz andrea, buruorde izendatzea.

Aldaketa horien ondorioz, kide berriek onartu ondoren, honako hauek osatzen dute batzordea:

Batzordeko burua: Carlos Sesma Sánchez jauna.

Buruordea: Arantza Osinaga Erroz andrea.

Idazkaria: María Isabel Gómez Muñoz andrea.

Diruzaina: Arantza Sistiaga Lopetegui andrea.

I. bokala: hutsik.

II. bokala: Ignacio González Herrero jauna.

III. bokala: María Cruz Elvira Fernández de Troconiz Crespo andrea.

IV. bokala: Élida Alicia Irisarri Ojer andrea.

V. bokala: Beatriz Erdozain Ríos andrea.

Estatutuei dagokienez, zenbait aldaketa partzial egin zitzaizkien, haietako batzuk hizkera egokiagoa izan zedin egungo garaiekin, 2015eko azaroaren 13ko batzarrak igorritako dokumentazioan jasotzen den bezala. Horiek ikusita, akats bat atzeman zen, zuzendu zena, eta martxoaren 4an estatutuen testu bategina aurkeztu zen, aldaketa guztiak dakartzana.

Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalaren txosten batean jasota dago egindako aldaketekin estatutuak bat datozela Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta lege hori garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuan ezarritakoarekin, baita abenduaren 22ko 25/2009 Legean xedatutakoarekin (lege horrek zenbait lege aldatzen ditu, zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko Legeari egokitzeko) eta indarrean dagoen araudiarekin ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa partziala inskribatzea Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan. Testu osoa, aldaketak barne, ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren Zuzendaritza Batzordeko aldaketak inskribatzea. Haren osaera ebazpen honen azalpen atalean dago jasota.

3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau, Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren Estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta adieraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko martxoaren 15ean.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Edurne Eginoa Antxo.

ERANSKINA

Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofiziala

Hitzaurrea

Azaroaren 8ko 1231/2001 Errege Dekretuaren bidez onetsi ziren Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen estatutu orokorren lehenbiziko artikuluaren hirugarren lerroaldean xedatzen da elkargo bakoitzak bere estatutuak prestatuko dituela funtzionamendua arautzeko, betiere estatuko Lanbide Elkargoei buruzko Legean eta kasuko autonomia erkidegoan horri buruz dagoen legedian xedatutakoari jarraikiz, eta Estatutu Orokorretan elkargoen eta Kontseilu Nagusiaren arteko harremanei buruz ezarritakoa errespetatuz.

Estatutu hauek errekerimendu hari erantzuna emateko asmoa dute. Horri esker, Erizaintzako lanbide elkargoen antolamendua Nafarroan garatuko da.

I. TITULUA

Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofiziala

1. artikulua. Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren izaera.

Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da. Nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere helburuak betetzeko.

Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialak lurralde eremu bikoitza dauka, probintziakoa eta autonomia erkidegokoa baita aldi berean.

Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofiziala arau hauen pean egonen da: Espainiako eta Nafarroako araudi aplikagarria, Espainiako Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen Estatutu Orokorrak, estatutu hauek eta, Elkargoaren zuzendaritza taldeek, beren eskumenen esparruan, onesten dituzten baliozko erabakiak.

2. artikulua. Elkargoaren helburu eta ahalmenak.

1. Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren funtsezko helburuak hauek dira: erizaintzako lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak defendatzea eta haien ordezkari bakarra izatea, elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea (gizartearen interes orokorrekin bat), erizaintzako profesionalen etengabeko prestakuntza sustatzea, eta lanbidearen jardunbidea antolatzea Nafarroan, Elkargoaren arauek eta lege-esparruak jartzen dituzten mugen barrenean, hori guztia Nafarroako administrazio publikoek beren menpeko langileen gainean dituzten eskumenak kaltetu gabe. Gainera, helburu hauek lortzen saiatuko da:

a) Elkargokideek lanbidean ematen dituzten prestazioak kalitatekoak izan daitezela begiratzea eta osasun sistemaren funtzionamendua sustatu eta hobetzeko lanetan laguntzea.

b) Elkargokideen jarduna, betiere, erizaintzako arau deontologikoen eta gizarteak eskatzen dituen arauen araberakoa izan dadila bermatzea.

c) Erizaintzako lanbidearen arloan dauden interes orokorrak egoki betetzen laguntzea.

d) Nafarroako administrazio publikoen lankide izatea.

2. Helburu horiek lortzeko asmoz, Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialak Espainiako eta Nafarroako arlo horretako legediak esleitzen dizkion ahalmenak izanen ditu bere lurralde eremuan, besteak beste, honako hauek:

a) Titulurik gabeko osasun lanbideen etengabeko prestakuntza bultzatzea, gizarteak eta Nafarroako osasun sistemak osasun arloan dituzten behar eta eskakizunei hobeki erantzun ahal izateko.

b) Gorte Nagusiak, Espainiako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak edo beste edozein erakundek eskaturik, haien proiektu eta ekimenei buruzko iritzia ematea, ahoz ala idatziz, kasuan kasuko eskumen esparruaren arabera.

c) Osasun administrazioarekin eta gainerako botere publikoekin lankidetzan aritzea, azterlanak eginez, txostenak eta estatistikak prestatuz edo bere helburuei loturiko beste jarduera batzuk eginez, haiek eskatuta edo Elkargoaren beraren ekimenez.

d) Laguntza zerbitzuak ezarri, antolatu eta kudeatzea, dela erizaintzako profesionalei lotuak, dela profesional horien zerbitzuak hartzen dituzten pertsonei lotuak.

e) Administrazioaren organo aholku-emaileetan, administrazio publikoetako langileak hautatzeko epaimahaietan eta lanbidearteko erakundeetan parte hartzea, lanbideari dagozkion gaietan laguntzeko.

f) Erizaintzako osasun kontseiluetan eta unibertsitateetako patronatuetan erizaintzaren ordezkaritza bermatzea, kasuan kasuko arauetan ezarri bezala.

g) Ikasketa planen prestaketan parte hartzea, erizaintzako ikastetxeen antolamendu arauen berri ematea, ikastetxeekin etengabeko harremanak izatea, Espainiako Erizaintzako Kontseilu Nagusia sortzea, mantentzea eta hari proposatzea Europar Batasuneko titulatu berriak lanean has daitezen erraztasunak emateko homologazioak egin ditzala, eta prestakuntzarako, hobekuntzarako eta lanbide karrera garatzeko ikastaro eta jarduerak antolatzea.

h) Elkargoko kideen lanbide jarduera antolatzea, zainduz, betiere, prestakuntza, etika eta duintasun profesionalak eta osasunaren erabiltzaileen eskubideak errespeta daitezela, eta horretarako diziplina ahalmena erabiltzea lanbidearen esparruan nahiz elkargoan.

i) Bere estatutuak prestatzea eta horien aldaketak egitea, eta Erizaintzako Kontseilu Nagusiari igortzea; barne araubidearen erregelamendua prestatu eta onartzea, baita eskumenak garatzeko gainerako erabakiak ere.

j) Lanbide jarduneko arauak eta estandarrak prestatzea erizaintzaren lanbidea antolatzeko eta egiaztapenerako lanbide sistemak sortu, garatu eta inplementatzeko, erizaintzaren lanbide jardunaren bikaintasuna lortzeko modua baita.

k) Elkargokideentzat interesgarriak diren jarduera eta zerbitzu komunak antolatu eta sustatzea, lanbideari lotuak, prestakuntzakoak, kultur arlokoak, laguntzakoak, gizarte babespekoak eta bestelakoak, lanbideko erantzukizun zibilerako nahitaezko asegurua barne.

l) Elkargokideen arteko harmonia eta lankidetza sustatzea.

m) Lanbidean intrusismoa galarazteko eta jazartzeko neurriak hartzea.

n) Eskatuz gero, arbitraje edo adiskidetze bidez, elkargokideen artean sortzen diren lanbide-auzietan parte hartzea, baita elkargokideek osasunaren erabiltzaileekin dituztenetan ere.

o) Eskatzen zaizkion gatazketetan, arbitraje lanak egitea, hala nola arbitrajerako erakundeak sustatzea eta haietan parte hartzea.

p) Elkargoko kideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, baita Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, eta bereziki honako hauek kontuan hartuta: kontrolak, ikuskapenak edo ikerketak egiteko eta informazioa lortzeko eskaerak behar bezala arrazoituak egotea, eta lortzen den informazioa eskatu den xederako soilik erabiltzea.

q) Legeetako eta estatutuetako xedapenak bete eta elkargokideei betearaztea, lanbideari dagozkionetan, bai eta Elkargoko organoek beren eskumeneko gaietan hartzen dituzten arau eta erabakiak ere.

r) Elkargoko aurrekontuak onestea; kideen diru-ekarpenak arautzea eta eskatzea.

s) Nafarroako administrazio publikoek esleitu dizkioten edo lankidetza hitzarmen baten bidez bere gain hartu dituen eskumenak erabiltzea.

t) Legeek bere helburuak betetzeko ezartzen duten ordezkaritza izatea; Nafarroako lurralde-eremuan, lanbidearen ordezkari eta defendatzailea izatea Administrazioan, erakundeetan, entitateetan eta partikularren aurrean legitimazioa izanik, lanbidearen interesak ukitzen diren auzi guztietan parte hartzeko eta, orobat, eskatzeko eskubidea erabiltzekoa, legeak xedatzen duenaren arabera.

u) Aldiro, egiten diren jardueren berri ematea elkargokideei, eta, orobat, interesgarria gerta dakiekeen edozein gairen berri.

v) Lanbidearen eta elkargokideen interesen, erizaintzaren helburuen eta elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesen babesaren onerako izan daitekeen beste edozein eginkizun eta, halaber, Espainiako edo Nafarroako arauetan xedatzen direnak.

3. Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialak honako tresna hauek izanen ditu:

a) Webgunea, Zerbitzuen jardueretara libreki iristeari eta gauzatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako leihatila bakarraren bidez, profesionalek, 25/2009 Legeak emandako testuaren arabera, 2/1974 Legearen 10. artikuluan aipatutako tramite guztiak doan egin ditzaten.

b) “Lanbide Sozietateen Erregistroa”, Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera. Lanbidean sozietate gisa aritzeko, aplikatu beharreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

c) Elkargokideen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori etengabe eguneratua egonen da, eta datu hauek bilduko ditu: kidetutako profesionalen izen-deiturak, titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide gaikuntzako egoera.

d) “Elkargokideentzako eta kontsumitzaile edo erabiltzaileentzako arreta zerbitzua”, 25/2009 Legeak emandako testuaren arabera, 2/1974 Legearen 12. artikuluan ezarri bezala.

3. artikulua. Eremua.

1. Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea da.

2. Nafarroako Foru Komunitatea probintzia bakarreko erkidegoa denez, Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialari dagokio, bai Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen eskumen probintzialak, bai eskumen autonomikoak gauzatzea.

Nafarroako Erizaintzaren Elkargoak Iruñean du egoitza: Maeztu pintorearen kalea, 4-1.a, A atea, 31008. Baina, Batzar Orokorrak erabakirik, ordezkaritzak ireki ditzake nahi beste tokitan.

4. artikulua. Protokoloa eta siglak.

1. Nafarroako Erizaintzaren Elkargoaren tratamendua izanen da kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudiak esleitzen duena.

2. Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren izendapen laburtua COENAV izanen da.

II. TITULUA

Elkargoko kideak

5. artikulua. Kidetasuna eskuratzea.

1. Baldintza hauek betetzen dituztenak nahitaez inskribatu beharko dira Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialean, denek eskubide korporatibo berberak izanen dituztela: Erizaintzako diplomadunaren titulua, OLTarena, praktikanteena, emaginena, erizainena eta erizainaren gradua, edo erizaintzako lanbideari loturik etorkizunean ezartzen den beste edozein titulu, lan horretan Nafarroan bakarrik edo Nafarroan nagusiki jarduteko asmoa izatea eta Kontseilu Nagusiak eta estatutu hauek finkatzen dituzten baldintzak betetzea.

2. Elkargokide izan daitezke, halaber, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko nazio bateko herritarrak eta elkarrekikotasun eta elkarren aitorpenerako hitzarmen edo itunak Espainiarekin sinatuak dituzten herrialdeetakoak, zainketa orokorretako erizain arduradunaren ziurtagiri, diploma edo titulu aitortu eta baliozkotua frogatzen badute.

3. Nahi izanez gero, titulu horietako bat izan baina lanbide horretan aritzen ez direnek ere zilegi izanen dute kidegoan sartzea.

4. Dena dela, lanbidean aritzeko eskatzen den titulazioa duten elkargokide guztiek, Elkargo honetan inskribatuta egon gabe ere, erizaintzako lana egiten ahalko dute, ondoko kasuetan:

a) Ahaideei laguntzeko, hain zuzen ere, laugarren maila bitarteko odol-edo ezkon-ahaideei.

b) Larrialdietan laguntzeko.

5. Nafarroako Foru Komunitatean noizbehinka lan egin behar duten profesionalek horren berri ematen ahalko diote Erizaintzaren Elkargo Ofizialari aurretik, erantzukizun zibil profesionaleko aseguruaren estaldura izateko eta lanbide jarduketetan elkargokidearen zenbakia erabiltzeko. Halaber, jatorrizko elkargo adskripzioari eusteaz gain, Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialean sartzen ahalko dira beren borondatez, Elkargo horren berariazko zerbitzuak eskuratu nahi badituzte.

6. artikulua. Kidetzea.

1. Elkargokide izateko, Elkargo honetako Zuzendaritza Batzordeko lehendakariari eskaera aurkeztu beharko zaio, ondoko agiri hauekin batera:

a) Lanbide-titulua eta horren fotokopia. Behin-behinekoz, ikasketak bukatu izanaren ziurtagiri akademikoa onartuko da, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren agiriarekin batera. Titulua jasotzen denean, aurkeztu beharko da, erregistratzeko.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren baliokidea den agiri baten fotokopia, jatorrizkoa erakutsita.

c) Elkargoan sartzeko kuota ordaindu izanaren agiria. Horren zenbatekoa inskripzioa tramitatzeari lotutako kostuei dagokiena izanen da, eta Batzar Orokorrak onesten dituen ekitaldiko aurrekontuetan finkatuko da urtero.

d) Erizaintzako lanetan edo horren espezialitateetan aritzeko desgaitua edo zigortua ez dagoela dioen zinpeko aitorpena.

e) Lehendik Erizaintzaren Elkargo Ofizial honetan edo beste batean sartua baldin bada, Elkargoarekiko beharkizunak beteta dituela adierazten duen zinpeko aitorpena.

f) Elkargoaren kuoten ordainketa bankura helbideratzeko baimena.

g) Erizaintzako espezialitateen lanbide tituluak, horiek baldin baditu.

2. Eskatzailea aurretik beste elkargo batean inskribatua izan baldin bada, e) letran adierazitako zinpeko aitorpenaz gainera, Elkargo horren ziurtagiri bat ekarri beharko du, besterik ez, Elkargoan eman duen denbora eta kuota guztiak ordainduak dituela adierazten duena. Espedientea Elkargo batetik bestera igorriko da eta Kontseilu Nagusiari horren berri emanen zaio.

3. Arestian aipatutako baldintzak betez gero, Zuzendaritza Batzordeak eskaera onartu beharko du; kontrakoa erabakiz gero, Elkargoan ez sartzeko arrazoiak adierazi eta interesdunari jakinaraziko dizkio, bidezko diren errekurtsoen berri emanda.

4. Elkargoan sartzeko eskaera aurkeztu eta bi hilabeteko epean Zuzendaritza Batzordeak haren gaineko ebazpenik ematen ez badu, eskaera erabat onartu dela ulertu beharko da.

7. artikulua. Elkargoko kideen eskubide eta betebeharrak.

1. Elkargoko kideek Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen estatutuetan eta Espainiak eta Nafarroak arlo horren gainean dituzten arauetan ezartzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

2. Erizaintzako lana indarra duten xedapenetan bildutako aurreikuspen orokor eta deontologikoei jarraikiz eginen da.

3. Elkargokideek egiten ahal dituzten merkataritza komunikazioek lanbidearen independentzia eta osotasuna errespetatu beharko dute.

8. artikulua. Kidetasuna galtzea.

Elkargokide izaera honako kasu hauetan galduko da:

a) Elkargoaren lau kuota, ohikoak zein bereziak, ordaindu gabe uzten direnean.

b) Epai irmo bat dagoenean, epai horrek berarekin badakar lanbidean aritzeko gaitasuna galtzea.

c) Diziplina espediente baten bidez Elkargotik bidaltzen dutenean.

d) Norberak baja eskatzen duenean, lanbidea aldi baterako edo betiko uzteagatik.

e) Lanbidearen helbidea aldatzen denean, edo hortik kanpora lau hilabete baino gehiago ematen baditu Elkargoari jakinarazi gabe.

f) Legezko ezgaitasuna dela arrazoia.

Betiere, elkargokide izaera a), b) edo c) letretan azaldutako arrazoiengatik galtzen bada, estatutuen 32.3 artikuluan adierazitako moduan jakinarazi beharko zaio interesdunari, eta erabakiak hortik aurrera izanen ditu ondorioak, errekurtsoa jartzen denean izan ezik.

Artikulu honetako b) eta c) lerroaldeetan adierazitako arrazoiengatik Elkargotik atera diren pertsonek Elkargoan berriz sartzea eskatzen ahalko dute, faltak preskribitu baldin badu edo zehapena edo desgaitze-aldia bete baldin bada.

Elkargoaren kuotak ez ordaintzeagatik Elkargotik atera eta Elkargoan berriz ere sartu nahi duten kide ohiek, lehen-lehenik, zor duten dirua ordaindu beharko dute, korrituak eta Elkargoari eragindako gastu eta kostuak barne. Edonola ere, berriz Elkargoko kide izateko, nahikoa izanen da lauhilekoko lau kuota ordaintzea, eta, gainerako zorra, halakorik balego, likidatzeko geldituko litzateke, Zuzendaritza Batzordeak ezarriko lukeen moduan, kasu bakoitzaren inguruabar guztiak kontuan harturik.

III. TITULUA

Elkargoko gobernu organoak

9. artikulua. Elkargoaren antolaketa.

1. Nafarroako Erizaintzaren Elkargoaren gobernuak demokraziaren eta autonomiaren printzipioak ditu oinarrian.

2. Batzar Orokorrak, Zuzendaritza Batzordeak eta burutzak gobernatuko dute elkargoa.

I. KAPITULUA

Batzar Orokorra

10. artikulua. Batzar Orokorra.

1. Batzar Orokorra behar bezala bilduriko elkargokideek osatuko dute, aurretik dagokion deialdia eginda. Batzar Orokorra biltzar orokorrak eginen ditu. Biltzar orokorrak arruntak edo bereziak izan daitezke.

2. Batzar Orokorrak urtean bitan eginen du biltzar orokor arrunta, bata bigarren hiruhilekoan eta bestea azkenekoan.

3. Horrez gainera, Batzar Orokorrak behar bestetan egin dezake biltzar orokor berezia, lehendakariak edo Zuzendaritza Batzordeak bidezko deialdia eginda edo estatutu hauetan ezartzen den elkargokide-kopuruak eskatuta.

4. Batzar Orokorrean parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da biltzar orokorrerako deialdia egin baino hilabete lehenagotik izatea Elkargoko kidea.

5. Bere eskumeneko gaietan Batzar Orokorrak hartzen dituen erabakiak kide guztiek bete beharko dituzte nahitaez, errekurtsoen bidea erabiltzea deusetan galarazi gabe.

11. artikulua. Batzar Orokorraren biltzarretarako deialdia.

1. Batzar Orokorreko biltzar arruntetarako deialdia Zuzendaritza Batzordearen erabakiaren bidez eginen da. Bertan, bilkuraren tokia, eguna eta ordua adieraziko dira, lehenbiziko deialdikoak eta bigarrenekoak, eta jorratu beharreko gaien zerrenda, eta hamabost egun natural aurretik jakinaraziko da, Elkargoko iragarki-oholean jendaurreko iragarkia jarriz eta elkargokide guztiei banaka-banaka jakinaraziz, idatziz edo posta elektronikoaren bidez.

2. Biltzar berezietarako deialdia hamabost egun aurretik eginen da, presako kasuetan izan ezik, lehendakariak uste badu epea murriztu behar dela. Horrelakoetan, banakako jakinarazpena egin ordez deialdia tokiko hedabideetan argitaratu daiteke.

3. Deitutako biltzarrean Batzarrak jorratu beharreko gaien aurrekariak Elkargoko Idazkaritzan izanen dira, bulego orduetan, elkargokideen eskuragai.

12. artikulua. Batzarren garapena.

1. Batzar Orokorra behar bezala eratuta egonen da, lehenengo deialdian, elkargokideen erdiak eta bat gehiago bertaratzen badira eta, bigarren deialdian, zeinahi delarik elkargokideen kopurua, lehenbiziko deialdiak finkatutako ordutik ordu erdi batera.

2. Batzar Orokorraren biltzarrak Elkargoko lehendakariak edo horren legezko ordezkariak zuzenduko ditu, Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideen laguntzaz, horiekin batera osatuko baitu Mahaia. Idazkari lanetan Zuzendaritza Batzordeko idazkaria arituko da.

3. Mahaiak biltzarrera bertaratu direnak zeintzuk diren jasoko du. Horretarako, nahikoa izanen da elkargokide zenbakia edo NANa jasotzea. Biltzarra hasi aurretik, orobat, bukatutakoan lehendakariarekin eta idazkariarekin batera bilkura-akta sinatuko duten bi elkargokide izendatuko dira, bertaratzen direnen artetik.

4. Deialdia irakurriz hasiko da biltzarra. Eztabaidak lehendakariak zuzenduko ditu; hitz egiteko txanda emateko eta kentzeko gaitasuna berak izanen du eta, gai-zerrendako puntu bakoitza nahiko eztabaidatu dela uste duenean, bozketari ekinen dio.

5. Erabakiak gehiengoaz hartuko dira, nahiz eta salbuespen gisa, estatutuak aldatu behar direnean edo legeak edo Elkargoaren arauek eskatzen dutenean, bertaraturikoen hirutik biren botoa eskatuko den horren alde.

6. Ez da zilegi gai-zerrendatik kanpora dauden gaiei buruz erabakirik hartzea.

7. Bozketak eskua jasoz eginen dira, salbu eta zentsura botorako ezarritakoa eta lehendakariak bozketa isilpean egitea erabakitzen duenean.

8. Ezin da inor eskuordetu biltzarrera joateko.

9. Batzarra akta irakurriz eta, bidezkoa bada, onetsiz bukatuko da.

13. artikulua. Batzar arruntak.

1. Urteko azken hiruhilekoan egin beharreko biltzar orokor arruntaren helburua gai hauek jorratzea da:

a) Hurrengo urterako diru-sarreren eta gastuen aurrekontua aztertzea eta bozkatzea.

b) Gertatutako hutsuneak betetzeko, Zuzendaritza Batzordean behin-behinekoz bete diren karguak berrestea.

c) Deialdian agertzen diren gaiak irakurri, eztabaidatu eta bozkatzea.

d) Galde-eskeak.

2. Urteko bigarren hiruhilekoan egin beharreko biltzar orokor arruntaren helburua gai hauek jorratzea da:

a) Aurreko ekitaldiko gastuen eta diru-sarreren kontu orokorra aztertu eta bozkatzea.

b) Deialdian agertzen diren gaiak irakurri, eztabaidatu eta bozkatzea.

c) Galde-eskeak.

14. artikulua. Batzar bereziak.

Batzar Orokorraren biltzar berezia egiteko deialdia egin beharko da lehendakariak edo Zuzendaritza Batzordeak erabakita edo elkargokideen ehunetik hamarrek edo gehiagok eskatuta.

15. artikulua. Zentsura mozioak.

1. Batzar Orokorraren biltzar berezia egiteko deialdia eskatzeko 14. artikuluan aipatutako betebeharrak betez gero, eguneko gai-zerrendan Zuzendaritza Batzordearen aurkako zentsura mozioa sartzea eskatzen ahalko da, argi eta garbi azalduz horren oinarrian diren arrazoiak. Zentsura mozioa onetsiz gero, Batzarreko kideek kargua utzi beharko dute, eta segituan egin beharko da beste kide batzuk hautatzeko deialdia.

2. Batzar Orokorraren biltzar berezi hori baliozkoa izateko, zentsuaren arabera boto eskubidea duten elkargokideen %20k agertu beharko dute gutxienez. Bozketa hori, nahitaez, isilpekoa izanen da.

16. artikulua. Elkargoaren estatutuak.

Elkargoaren estatutuak eta horien aldaketak Elkargoak berak prestatuko ditu. Horien proiektua Batzar Orokorrak onetsi beharko du, horretarako bereziki deitutako biltzar berezi batean. Estatutuen edo aldaketen proiektua Espainiako Erizaintzako Kontseilu Nagusira igorri beharko da, horren berri izan dezan.

17. artikulua. Agiri eta kontuen araubidea.

Elkargoaren agiri eta kontuen araubidea honako hauek osatuko dute:

a) Akta-liburuak, Batzar Orokorraren eta Zuzendaritza Batzordearen bilkuren berri jasoko dutenak. Organo horietako bakoitzak akta-liburu bat izanen du eta, bilkura bakoitzari dagokionez, eguna, bertaratutakoak, gai-zerrendaren edukia eta hartu diren erabakiak jaso beharko dira. Aktak lehendakariak edo, haren ordez, biltzarra zuzendu duenak, eta idazkariak edo biltzarrean idazkari lanetan aritu denak sinatu beharko dituzte.

b) Elkargokideen erregistro-liburua. Bertan honako datu hauek jaso beharko dira: izen-abizenak, NANa, lanbide titulua(k), elkargokide zenbakia, helbidea eta jardunean ari den edo ez. Elkargokideen erregistro-liburuan, orobat, alta eta bajen egunak zehaztu beharko dira.

c) Kontabilitate-liburuak, Elkargoaren diru-sarrera eta gastu guztiak jaso beharko dituztenak, sarreren jatorria eta gastuen destinoa azalduta.

d) Egoeraren balantzea eta diru-sarreren eta gastuen kontuak. Txosten horiek urte bakoitzeko lehenbiziko seihilekoan prestatu beharko ditu Elkargoak eta, gero, Batzar Orokorrari jakinaraziko dizkio, kontu horien gainean auditore profesional batek egin beharreko auditoriaren emaitzekin batera.

Elkargoaren agiri eta kontuen araubidea euskarri informatikoan jasotzen ahalko da, aplikagarri den araudiaren arabera.

II. KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordea

18. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

Zuzendaritza Batzordea organo betearazlea da. Lehendakaria du buru, eta Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren araubidean funtzionatu dezake.

Osoko Bilkura honako hauek osatuko dute: lehendakaria, lehendakariordea, diruzaina, idazkaria eta 5 bokal.

Batzordeko burua eta idazkaria Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialeko buru eta idazkari ere izanen dira.

19. artikulua. Kideen betekizunak.

Zuzendaritza Batzordeko kide izan daitezke Nafarroako Erizaintzaren Elkargoan gutxienez urte bat eman duten adinez nagusiko elkargokideak, baldintza hauek betez gero:

a) Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen interesekin bat ez datozen entitate edo korporazio batean erantzukizuneko postu edo karguekin bateraezintasunik ez izatea. Zehazki, Osasun Administrazioko zuzendaritza taldeko kide ez izatea, edo erakunde politikoetako edo sindikaletako ordezkaritza karguetan edo postuetan ez aritzea.

b) Epai irmoaren bidez kargu publikoetan jarduteko ezgaitasuna dakarren zigorrik jaso ez izana.

c) Arau-hauste larri edo oso larriengatik diziplina zehapenik jaso ez izana, iraungita dagoenean izan ezik.

d) Nafarroan kide izatea jarduneko zerbitzuan.

20. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eskumenak.

Hauexek dira Gobernuko Batzarraren eginkizunak:

a) Batzar Orokorrak harturiko erabakiak betearaztea.

b) Elkargoa zuzendu eta administratzea, korporazioaren onerako.

c) Elkargoaren interesen kudeaketa arrunta.

d) Elkargoaren ordezkari izatea auzitegietan eta administrazio publikoetan, lehendakariari dagozkion kasuetan izan ezik. Eskuordetzak egiteko eskudantzia izanen du, dela orokorrean, dela gai jakin baterako.

e) Elkargoaren eginkizunak hobeki betetzeko behar diren zerbitzuak ezarri eta antolatzea.

f) Elkargokideei sarrera onartu edo ukatzea.

g) Zehapenak jartzea, estatutuetan finkatzen denaren arabera.

h) Elkargoaren funtsak bildu eta administratzea.

i) Urteko aurrekontuak prestatu eta horien kontuen berri ematea.

j) Zuzendaritza Batzordean bete beharreko postuak betetzeko hauteskundeetarako deia egitea.

k) Beharrezkoak diren eskritura publiko eta kontratu pribatuak sinatu eta egilestea, ezartzen dituzten itun, klausula eta baldintzen bidez ematen diren ahalmenak erabiltzeko; hala nola aseguru-polizak sinatzea.

l) Zuzendaritza Batzordeko kideak behin-behinekoz izendatzea, karguak erregelamenduzko bidetik bete bitartean.

m) Batzar Orokorraren bilkura arrunt eta berezietarako deialdiak egitea; horien gai-zerrenda finkatzea; elkargokideek arlo horretan egiten dituzten eskakizunak onartzea, estatutu hauetan xedatuta dagoenaren arabera.

n) Elkargoaren gobernamendu-auziak eta arazo ekonomiko eta administratiboak konpontzea; banku-entitateekin kontratuei buruz erabakitzea; mota guztietako kontratuak sinatzea, hala ondasun higigarriei buruz nola zerbitzu-emateari buruz, Elkargoaren ohiko jardunbideei dagozkienak.

ñ) Elkargoaren instalazioak zorrotzago zaindu, hobetu edo handitu beharra dagoela uste badu, Elkargoaren egoitzan obrak eta konponketak egin edo zerbitzu berriak ezartzea erabaki dezake; ondasunak erosteko edo obrak egiteko kontratuak sinatzea, betiere kostua Elkargoaren guztirako aurrekontuaren ehuneko hogeitik gorakoa ez bada; horiek burutzeko aurrekontu eta proiektu teknikoak eskatzea.

o) Elkargoak egiten dituen edo egin ditzakeen jarduera eta zerbitzuei loturiko material eta elementuak erostea.

p) Pertsona edo erakunde publiko edo pribatuei diru-laguntzak eskatzea eta jasotzea, eta diru hori aplikatu edo bideratzeko behar diren erabakiak hartzea.

q) Zor eta obligazioak aitortzea.

r) Estatutuetan xedatutakoa aplikatzea eta aplikazioan sortzen diren zalantzak ebaztea.

s) Elkargo honen eta bere helburuen inguruko gainerako guztiak, Elkargoa eta Zuzendaritza Batzordea bide onetik joateko beharrezkoak direnak, estatutuen arabera Batzar Orokorrari dagozkionak izan ezik.

21. artikulua. Hauteskunde prozedura.

1. Zuzendaritza Batzordeko kideak hautatzeko, Elkargoko kideek bozketa zuzena eta isilpekoa eginen dute. Hautesle gisa Elkargoko kide guztiek har dezakete parte, hauteskundeen deialdia baino hilabete lehenago gutxienez sartu badira eta bozketa egunean kide badira.

2. Hautagai-zerrendek gutxienez 25 elkargokide haustesleren abala beharko dute. Zerrendetan, deitu diren Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak betetzeko proposatzen diren hautagaiek agertu beharko dute, baita gehienez ere 9 ordezkoren zerrenda zenbakitu bat ere. Hautagai bakoitzaren berariazko onarpena jasoko da berariaz.

3. Hauteskundeetarako deia Zuzendaritza Batzordeak eginen du. Bertan, hauteskundeak egiteko eguna finkatuko da (aurkezturiko zerrendak argitaratzen direnetik hogeita hamar egun natural igaro eta gero izan beharko dira, hurrengo lerroaldean adierazten den bezala kontatuta), baita bozketa hasi eta bukatzeko orduak eta batzarrean hautatu beharreko karguen zerrenda zenbakitua ere.

Uztaila eta abuztua baliogabeak izanen dira hauteskundeak deitu eta egiteko.

4. Hautagai-zerrendak hauteskundeetarako deia egin ondoko hamabost egun naturalean aurkeztu beharko dira. Egun horiek igarota, Zuzendaritza Batzordeak, hurrengo hiru egun baliodunean, argitaratu beharko ditu. Hautagaien izenak argitara ematearekin batera, Zuzendaritza Batzordeak elkargokideen behin-behineko zentsua ere argitaratu beharko du. Zentsu hori Elkargoaren iragarki-oholean argitaratu beharko da, interesdunek azter dezaten, hamar egun naturaleko epean. Epe horretan, egindako akatsak zuzentzeko erreklamazioak egiten ahalko dira. Akats horiek bost egun balioduneko epean zuzendu beharko dira. Gero, behin betiko zentsua argitara emanen da, aurrekoa bezala. Datu hauek agertuko dira zentsuan: izena eta bi abizenak eta elkargokide zenbakia. Hautagai-zerrenda bakoitzari zentsu horren kopia bat emanen zaio. Horixe izanen da hauteskundeak egiteko balioko duen zentsu bakarra. Hautesle-zentsu hori jasotzen duten hautagai-zerrendek datu pertsonalen tratamendu automatizatuari buruz indarra duten arauek ezarri bezala erabili beharko dute.

5. Hautagai-zerrenda bakar bat aurkezten bada, hautagai horiek zuzenean aldarrikatuko dira, bozketa egin beharrik gabe.

Hautagai-zerrenda batzuek boto-kopuru berbera lortzen badute, boto gehien lortu duten zerrendekin bigarren itzulia eginen da. Bigarren hauteskundeak lehenbizikoak egin eta gutxienez hogeita hamar egun natural igaro eta gero eginen dira. Berdinketak segitzen badu, sistema bera erabiliko da harik eta berdinketa hautsi arte.

6. Hautagai-zerrenda bakar bat ere aurkezten ez bada, hutsik dauden karguak zozketa bidez beteko dira hautatzeko baldintzak betetzen dituzten kideen artean, ados daudela adierazi badute hauteskundearen deialdian buru denak egin beharreko deialdiaren esparruan.

7. Deialdian finkatutako egunean eta orduan hauteskunde-mahaia eratuko da Elkargoaren egoitzan. Mahaian Zuzendaritza Batzordeko kide bat arituko da, hauteskunde-mahaiko burua izanen dena, bai eta mahaia eratzen denean aretoan dauden elkargokideetarik zaharrena eta gazteena ere. Gazteena mahaiko idazkari lanetan arituko da eta zaharrena mahaikide lanetan. Bestalde, hautagai-zerrenda bakoitzak elkargokide bat izendatzen ahalko du, hauteskundeen prozesuan ikuskatzaile gisa laguntzeko. Horren izena Zuzendaritza Batzordeari eman beharko zaio, hauteskundeak egin baino bost egun natural lehenago gutxienez. Hauteskunde-mahaiak akta egin beharko du eta bertan honako hauek bilduko ditu: mahaiaren eraketa, gertatutako gorabeherak, hartutako erabakiak ea hauteskundeetako azkeneko emaitzak.

8. Hauteskunde-mahaian bi hautestontzi izanen dira: lehenengoan, botoa ematera bertaratzen diren elkargokideen boto-paperak jasoko dira, eta bigarrenean, posta bidez bidaltzen direnak. Hautestontzi bakoitzaren edukia garbi adierazi beharko da kanpotik.

9. Hautestontziak itxita egonen dira. Boto-paperak sartzeko zirrikitu bat utziko da, ez besterik.

10. Hauteskunde-mahaia eratu ondoren, mahaiburuak, deialdian finkatzen den orduan, bozketari hasiera emanen dio. Bozketa, orobat, deialdian finkatzen den orduan bukatuko da eta halaxe jakinarazi beharko du mahaiburuak, kontaketari ekin aurretik.

11. Boto-paperak zuriak eta denak berdinak izanen dira. Alde batean, bete beharreko karguen zerrenda eta horietara aurkezten diren hautagai-zerrendetako izen-abizenak inprimatuko dira. Behar diren boto-paperak inprimatzeaz eta horren kostuaz Elkargoa arduratuko da.

12. Elkargoaren egoitzan, bozketaren orduan, behar beste boto-paper eta gutun-azal izanen dira, hautagai-zerrendaren arabera pilatuak.

13. Boto-eskubidea erabiltzera bertaratzen diren boto-emaileek nor diren kreditatu beharko dute hauteskunde-mahaian, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo Elkargoko txartela aurkeztuz. Mahaiak hauteskundeetako zentsuan dagoen egiaztatuko du eta boto-emailearen izena eta bi abizenak ozenki esanen ditu, botoa ematen duela adieraziz. Une horretan, boto-papera tolestu eta dagokion hautestontzian sartuko du.

14. Posta bidezko botoa.

1.–Elkargoko kideek, hala eskatzen dutenean, arau hauei jarraikiz eman dezakete botoa posta bidez:

a) Deialdian ezarritako epean, botoa posta bidez eman nahi duten kideek jarduneko idazkaritzari eskatzen ahalko diote hautesle erroldan daudela frogatzen duen ziurtagiria. Eskaera hori egiteko, Elkargoaren egoitzara joan beharko da, edo sinadura elektronikoa dakarren posta elektroniko bat bidali.

b) Jarduneko idazkaritzak eskatzen zaion ziurtagiria igorriko du, aurkeztu diren hautagaitza zerrendekin eta hauteskunderako boto-paper eta gutun-azalekin batera.

c) Honela emanen da botoa:

I.–Hautesleak boto-papera gutun-azal normalizatuan sartuko du.

II.–Gutun-azala itxi beharko da eta, ondoren, beste gutun-azal baten barrenean sartu. Horretan, hautesle erroldan egotearen ziurtagiria sartuko da, baita nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo pasaportearena ere.

III.–Bigarren gutun-azal hori, lehenago aipatutako edukia duena, posta ziurtatu bidez igorriko zaio Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren hauteskunde-mahaiari, Elkargoaren helbidera, igorlea nor den garbi adierazita, baita ondoko hau ere: Nafarroako Erizaintzaren Elkargo Ofizialaren hauteskundeetarako, ...........(e)ko ........................aren ......(e)an eginen baitira.

IV.–Posta bidezko botoak konputatzeko, lehenago aipatutako baldintzak bete behar dituzte eta hauteskundeak egin aurreko egunean 20:00etan baino lehenago sartu behar dute hauteskunde-mahaian.

d) Elkargoko kidea hauteskunde egunean bertaratzen bada botoa zuzenean emateko, posta bidez igorritako botoa indarrik gabe geldituko da, besterik gabe.

e) Aurreko betekizunak konplitzen ez dituzten posta bidezko botoak ez dira onartuko hauteskunde mahaian.

2.–Aurrerapen teknologikoek bide ematen duten heinean eta Elkargoaren baliabide materialen eta giza baliabideen arabera, hauteskunde-mahaiak gaitasuna dauka bide informatikoen bidez bozkatzeko prozedura arautuko duten jarraibideak emateko. Bermatuko da sufragio aktiboa unibertsala, librea, berdina, zuzena eta isilpekoa izanen dela.

15. Gutun-azalak jasotakoan Elkargoko idazkariak gorde eginen ditu, ireki gabe, eta hauteskunde egunean mahaiburuari emanen dizkio, ezarritako unean irekitzeko.

16. Hauteskunde-mahaiak bozketaldia itxi dela adierazten duenean, hautestontziak jendaurrean irekitzeko ekitaldia eginen da, ondotik ematen den ordenari jarraikiz. Lehenik, posta bidezko botoen hautestontzia irekiko da eta, ondoren, egiaztatuko da boto-emailea Elkargoko kidea dela eta inskribaturik dagoela eta ez dela bertaratu botoa ematera. Egiaztatzen bada bertaratu dela botoa ematera, posta bidez jasotako botoa suntsituko da. Botoa zuzenean eman ez duela egiaztatu ondoren, boto-papera zuzeneko botoak biltzeko hautestontzian sartuko da eta hauteskunde-zentsuan botoa eman duela adieraziko da. Hasierako lan hori bukatuta, boto-paperak dituzten gutun-azalak irekiko dira, banan-banan, eta boto-paper bakoitzean agertzen den hautagai-zerrenda ozenki irakurriko da, kontaketari ekiteko.

17. Artikulu honetan agertzen diren ezaugarriak ez dituzten boto-paperak, sinatuak agertzen direnak, nolabaiteko urradura edo zirriborroak dituztenak eta bozketaren berezko edukiaz kanpoko adierazpenak dituztenak baliorik gabekotzat hartuko dira. Halaber, irekita agertzen diren posta bidezko botoak baliorik gabekotzat joko dira.

18. Kontaketa bukatutakoan, boto kopuru gehien lortu duen hautagai-zerrendako izenak jendaurrean irakurriko dira eta emandako boto kopurua adieraziko da, hala nola boto zuriena eta baliorik gabekoena. Horren ondotik, aukeratutako hautagaiak aldarrikatuko dira.

19. Gero, boto-paperak deuseztatuko dira, aurkezturiko hautagai-zerrendetako ikuskatzaileek mahaian inpugnatutakoak izan ezik, horiek Elkargoaren egoitzan gordeko baitira erreklamazioa ebatzi arte.

20. Elkargoko karguen jabetza hautatu ondoko hamar egunean eginen da. Epe horretan berean, 10 egunean, jabetza hartzen denetik kontatzen hasita, organo hautatuaren eraketaren berri eman beharko zaie kasuko administrazioei eta Kontseilu Nagusiari.

22. artikulua. Agintaldiaren iraupena.

Zuzendaritza kargu guztien izendapenak 4 urterako izanen dira. Karguan daudenak beste bi aldiz berraukeratu daitezke ondoz ondoko deialdietan, edo beste hiru aldiz, ondoz ondokoak ez badira, betiere hautagai-zerrenda aurkeztu eta bozketetan hautatua izanez gero.

23. artikulua. Kargu hutsak eta ordezpenak.

1. Zentsura mozio batek aurrera egiten badu, hauteskundeetarako deialdia egin beharko da, mozioa onartu eta bi hilabeteko epean gehienez.

2. Zuzendaritza Batzordeko karguen erdiak edo gehiago hutsik gelditzen badira, kargu horiek betetzeko hauteskundeetarako deialdia, gehienez, hamabi hilabeteko epean egin beharko da, eta batzarkide horiek kasuko agintealdia bukatu arte hautatuko dira.

3. Zuzendaritza Batzordean hutsik dauden karguen kopurua aurreko lerroaldean aipatutakoa baino txikiagoa baldin bada, ordezkoek eginen dute ordezkapena, hautagaitzako hurrenkeraren arabera, eta, edozein arrazoi dela-eta hori posible ez bada edo zerrendak kide gehiagorik ez badu, lehendakariak edo estatutuen arabera haren ordez jarduten duenak ahalmena izanen du ordezkari bat izendatzeko, hauteskundeetarako erregelamenduzko deialdia egin arte karguan aritu dadin.

24. artikulua. Funtzionamendu araubidea.

1. Elkargoko Batzorde Iraunkorra lehendakariak, lehendakariordeak, diruzainak eta idazkariak osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak Batzorde Iraunkorra eskuordetzen ahalko du zenbait ahalmenetarako, dagozkion eginkizunak arinago betetzeko asmoz.

3. Zuzendaritza Batzordeak hilabetean behin eginen du ohiko bilkura, baina lehendakariak erabaki dezake maizago biltzea, jorratu beharreko gaien arabera.

4. Osoko bilkuretarako deialdiak idazkariak eginen ditu, lehendakariak aginduta, bilkura baino hiru egun natural lehenago gutxienez. Deialdia idatziz eginen da eta kasuko gai-zerrenda erantsi beharko zaio. Gai horiez landara ezin izanen da beste gairik eztabaidatu, lehendakariak presakotzat hartzen dituenak izan ezik.

5. Lehendakariak eztabaidak bideratuko ditu, eguneko gai-zerrendaren arabera; hitz egiteko txandak antolatuko ditu, eta egoki edo beharrezkoa iruditzen bazaio, gaiaren inguruko eztabaida bukatutzat eman eta bozketari ekinen dio. Lehendakariak erabakiko du bozketa izenez izen egiten den edo isilpean.

6. Erabakiak bertaratzen diren kideen gehiengoaz hartuko dira. Lehenbiziko deialdian osoko bilkura osatzen duten kide gehienak bildu beharko dira. Bigarren deialdian hartzen diren erabakiak baliozkoak izanen dira zeinahi delarik bertaraturiko kideen kopurua. Lehendakariak kalitatezko botoa izanen du. Batzarreko bilkuretan gai-zerrendan agertzen diren auziak jorratuko dira. Gai-zerrendako azken puntuan, beti, “galderak eta eskaerak” izenekoa sartu beharko da, eta orduan erabakitzen ahalko da hurrengo bilkurako gai-zerrendan beste edozein eztabaidagai sartzea.

7. Zuzendaritza Batzordeko bilkurak bakar-bakarrik Batzar Orokorraren eskumenekoak ez diren gai guztiak ebazteko izan daitezke. Erabakiak akta-liburu batean jasoko dira, eta lehendakariak eta idazkariak sinatu beharko dituzte.

8. Zuzendaritza Batzordeko bilkuretara Zuzendaritza Batzordeko kide direnak joan daitezke bakar-bakarrik, edo hark deitzen dituenak.

25. artikulua. Lehendakaritza.

Lehendakaria Elkargoaren ordezkaria izanen da mota guztietako agintari eta erakundeen aurrean eta erregelamenduzko eta estatutuetako aginduak betetzen direla begiratuko du, bai eta administrazio eskudunek, Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen Kontseilu Nagusiak, Batzar Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak hartzen dituzten erabaki edo xedapenak ere. Horrez gain, honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Elkargoaren organo guztien buru izatea.

b) Bilkurak irekitzea, zuzentzea eta bukatutzat ematea, eta berdinketa izanez gero kalitatezko botoa erabiltzea.

c) Erakunde edo pertsonei bidaltzen zaizkien txosten eta komunikazioak baimentzea.

d) Bankuko kontu korronteak irekitzeko, dirua sartzeko eta dirua ateratzeko taloiak edo txekeak egiteko baimena ematea, diruzainarekin batera.

e) Elkargoko idazkariak egiten dituen ziurtagiri guztiak ikus-onestea.

f) Ordainketak, ordainketa-aginduak eta kontabilitateko liburuak onestea, diruzainarekin batera.

g) Zuzendaritza Batzordearen menpe atalak edo batzordeak eratzea edo sortzea, zeini eginkizun, lan edo zerbitzu berariazkoak aginduko baitzaizkie, Elkargoaren jarduera arindu edo hobetzeko.

h) Egintza, kontratuak eta polizak esleitu eta sinatzea; Elkargoaren sinadura erabiltzea eta ordezkaritzari dagozkion kontu guztiak bere gain hartzea. Elkargokideen, Elkargoaren eta lanbidearen eskubideak defendatzeko, epaitegietan eta nolanahiko agintarien aurrean beharrezkoak diren ekintzak egitea, horretarako beharrezkoak diren botereak emanez eta ezeztatuz.

i) Lehenbailehen hartu beharreko presako erabakiak hartzea. Horrelakoetan, dagokion Elkargoko organoari horren berri eman beharko dio, hurrengo bilkuran erabakia berrets dezan.

Ahalmen horiek guztiak Elkargoaren hobe beharrez erabiliko dira, eta haren jarduera, zerbitzu eta helburuen onerako.

26. artikulua. Lehendakariordetza.

Lehendakariordeak lehendakariak ematen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu, eta harenak ere hartuko ditu bere gain hura gaixo dagoenean edo, edozein arrazoi dela-eta, bertan ez dagoenean.

27. artikulua. Idazkaritza.

Idazkariak egiteko hauek edukiko ditu:

a) Lehendakariaren aginduei jarraikiz, Elkargoaren egintza guztietarako zitazio-ofizioak idatzi eta bideratzea, behar den denborarekin.

b) Batzar Orokorraren aktak eta Zuzendaritza Batzordearenak eta Batzorde Iraunkorrarenak idaztea.

c) Zerbitzu hobea eta antolatuagoa eskaintzeko beharrezkoak diren liburuez arduratzea. Behar-beharrezkoak izanen dira elkargokideei jarritako zehapenen liburua, elkargokideen erregistro-liburua, sarreren liburua eta irteeren liburua.

d) Elkargora iristen diren eskaera eta komunikazio guztiak jasotzea eta horien berri lehendakariari ematea.

e) Interesdunek eskatzen dituzten egiaztagiriak ematea, lehendakariaren ikus-onespena emanda.

f) Elkargoaren bulegoak antolatzea eta zuzentzea, Batzorde Iraunkorraren aginduei jarraikiz. Bisitak hartzeko eta idazkaritzako lanak egiteko ordutegia finkatzea.

g) Langileen buru izatea.

h) Urteko memoria egitea aurrekontu-ekitaldiaren bukaeran.

i) Elkargoaren artxiboa eta zigilua bere ardurapean izatea.

j) Elkargoaren eginkizunekin eta elkargokideen lan-jarduerarekin zerikusia duten agiriak konpultsatzea.

28. artikulua. Diruzaintza.

Diruzainari eginkizun hauek betetzea dagokio:

a) Elkargoaren funtsak bildu eta gordetzea.

b) Lehendakariak emandako ordainketa-aginduak ordaintzea.

c) Aldian behin, sarreren eta gastuen kontua egitea eta, urtean behin, bukatutako ekitaldi ekonomikoen kontuak prestatzea.

d) Zuzendaritza Batzordeak Batzar Orokorrean onartzeko aurkeztu behar dituen urteko aurrekontuak prestatzea.

e) Banku kontuetan dirua sartzea eta ateratzea, lehendakariarekin batera.

f) Elkargoaren ondasunen inbentario zehatza egitea eta ondasunok administratzea.

g) Kontabilitatea kontrolatzea eta kutxa ikuskatzea.

h) Elkargoaren kapitalaren korritu eta errentak kobratzea.

i) Erizaintzako Kontseilu Nagusiari Elkargoaren urteko aurrekontuen kopia bidaltzea, Batzar Orokorrak onartu eta hurrengo hilabetean.

29. artikulua. Bokalak.

1. Bokaleek estatutuek eta legeek esleitzen dizkieten batzarraren eginkizunak beteko dituzte.

2. Batzarkideak zenbakituak izanen dira, kategoriaren arabera lehendakariordea, diruzaina eta idazkaria ordezteko, eri edo kanpoan daudenean edo kargua hutsik dagoenean, titularra itzuli bitartean edo, bestela, kargua erregelamendu bidez bete bitartean.

3. Batzarrak egoki edo beharrezkoak iruditzen zaizkion batzorde delegatuak edo informazio batzordeak era ditzake, Elkargoaren funtzionamenduaren onerako.

4. Nolanahi ere, honako batzorde hauek egonen dira:

a) Batzorde Deontologikoa, Zuzendaritza Batzordeak propio izendatutako eta Batzarrak berretsitako Elkargoko kideek osatua. Batzordeak ezarriko duen funtzionamendu erregelamenduari jarraituko dio, eta, halakorik ezean, administrazio araubideari.

Batzorde Deontologikoak 6 urteko agintaldia izanen du eta bere kideen artean burua eta idazkaria hautatuko ditu.

b) Batzar Orokorrak proposatuta erabakitzen dituen besteak Zuzendaritza Batzordeak.

IV. TITULUA

Elkargoaren egintzen araubide juridikoa
eta haiek inpugnatzeko bidea

30. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Elkargo honi aplikatu beharreko araubide juridikoa estatutu hauen 1. artikuluan aipatzen diren arauen ondoriozkoa da, estatutuetan beretan ezarritakoarekin batera, eta Zuzendaritza Batzordea da haiek interpretatzeko organo eskuduna. Estatutu hauek Elkargoak hartzen dituen baliozko erabakien bidez garatu eta betearaziko dira, bere eskumeneko esparruaren barrenean. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean edo 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da aplikazio ordeztailea, aplikagarria den orotan.

2. Prozedurari dagokionez, administrazio prozedura erkideari buruzko araudia izanen da aplikazio ordeztailea, batik bat Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 edo 30/1992 Legea, aplikagarria den orotan.

3. Elkargokideei zuzenean jakinarazi beharreko erabakiak, zeinahi delarik haien edukia, baita diziplina arlokoa ere, Elkargoari adierazi zioten lanbidearen helbidean jakinaraz daitezke. Jakinarazpena administrazio prozedurari buruz indarra duen legediak ezarritako moduan egin beharko da. Elkargoko langile batek egin dezake. Jakinarazpena egiten saiatuta ere, ezinezkoa izan baldin bada, Elkargoaren iragarki-oholean hamabost egun egondakoan jakinarazpena egintzat hartuko da. Horrelakoetan, argitalpen horrek interesdunen legezko eskubide edo interesak ez urratzeko behar diren neurriak hartuko dira.

31. artikulua. Gardentasunaren araubidea.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean xedatutakoari jarraituz eginen du elkargoak bere jarduna, zuzenbide publikoko korporazioa den aldetik aplikagarri zaion orotan.

32. artikulua. Aurkaratzeko araubidea.

1. Legezko interesa duten pertsonek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Orokorraren erabakien aurka, Espainiako Erizaintzako Kontseilu Nagusiari zuzendua, erabakia jakinarazi edo elkargokideei edo ukitutako pertsonei jakinarazten zaienetik hilabeteko epean. Zuzendaritza Batzordearen erabakien kontra, berraztertzeko errekurtsoa paratzen ahal da aukeran administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik.

2. Errekurtsoa Zuzendaritza Batzordean aurkeztuko da eta honek, beharrezkoak diren aurrekari eta txostenak bildu ondoren, Kontseilu Nagusiari bidaliko dio, errekurtsoa jarri eta hurrengo hamabost egunean, salbu eta epe horretan berean bere erabakia ofizioz aldatzen badu.

3. Zuzendaritza Batzordeak, bestalde, Batzar Orokorraren erabakien aurkako errekurtsoa jartzen ahalko du, Espainiako Erizaintzako Kontseilu Nagusiari zuzendua, erabakia hartu eta hilabeteko epean. Zuzendaritza Batzordeak uste badu errekurritutako erabakia erabat deuseza edo Elkargoaren interesentzako oso kaltegarria dela, erabakia etetea eska dezake.

4. Batzar Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak emandako egintzak, zuzenbide administratiboari lotuak daudenez, auzi-administrazioarekiko jurisdikzioan errekurritu daitezke zuzenean, errekurtso korporatiboen bidea bukatu eta gero.

5. Zuzenbide administratiboari lotuta ez dauden gainerako egintzak kasuan-kasuan eskumena duen jurisdikzioan errekurritu daitezke.

V. TITULUA

Araubide ekonomikoa

33. artikulua. Araubide ekonomiko-finantzarioa.

1. Nafarroako Erizaintzaren Elkargoaren ekitaldi ekonomikoa urte naturalarekin bat etorriko da.

2. Elkargoaren funtzionamendu ekonomikoa urteko aurrekontuari egokituko zaio. Kontabilitate egokia eginen da eta, urtero, legezko gaitasuna duen profesional batek auditoria eginen du.

3. Elkargoaren kontuak onesteko Batzar Orokorraren bilkura egin aurreko hamabost egun naturalean, elkargokide guztiek kontuak aztertzen ahalko dituzte.

4. Nafarroako Erizaintzaren Elkargoko Zuzendaritza Batzordeak urteko memoria eginen du, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 11. artikuluak (25/2009 Legeak horri emandako gaur egungo testuari jarraikiz) adierazitako informazioa bilduko duena. Memoria hori Batzar Orokorrak onetsi beharko du hurrengo urte naturaleko bigarren hiruhilekoan egin beharreko biltzar arruntean, Elkargoaren webgunean argitaratuko da, eta Erizaintzako Kontseilu Nagusiari bidaliko zaio.

34. artikulua. Elkargoaren diru-sarrerak.

1. Hauek dira Elkargoaren baliabide arruntak:

a) Elkargoaren ondarea osatzen duten jarduera, ondasun edo eskubideek sortzen dituzten era guztietako etekinak, bai, halaber, Elkargoaren kontuetan edo inbertsio-zorroetan jarritako funtsen etekinak.

b) Elkargoan sartzeko kuotak.

c) Ziurtagiriak egiteagatik, Zuzendaritza Batzordeak finkatzen dituen eskubideak.

d) Irizpenak, ebazpenak, txostenak edo edozein gairi buruzko jarduerak egiteagatik edo Elkargoaren beste zerbitzu batzuk emateagatik, Zuzendaritza Batzordeak finkatzen dituen eskubideak.

e) Elkargokide izaera eta mota bakoitzerako kuota arruntak –finkoak edo aldagarriak, orokorrak edo espezifikoak izan–, eta Batzar Orokorrak onesten dituen kuota bereziak.

f) Entitate, elkarte edo enpresetan duen parte-hartzearen ondoriozkoak (ondasun higigarrietan edo higiezinetan), indarra duten legeek ezarritako moduan.

g) Legez zilegi den beste edozein kontzeptu.

2. Ondoko hauek dira Elkargoaren baliabide bereziak:

a) Estatuak, Nafarroako Foru Komunitateak edo beste administrazio publiko batzuek, korporazio ofizialek, entitateek edo partikularrek Elkargoari ematen dizkion diru-laguntzak eta dohaintzak.

b) Oinordekotzan hartzeagatik, legatu bidez edo beste edozein titulurengatik Elkargoaren ondare bihurtzen diren ondasun eta eskubideak.

c) Elkargoak, aldi baterako edo betiko aginduren bat betetzeko, are kulturakoak, irakaskuntzakoak edo ongintzakoak ere, ondasun edo errenta jakin batzuk administratzen dituenean edozein kontzepturengatik jasotzen dituen kopuruak.

d) Legez zilegi den beste edozein.

35. artikulua. Elkargoaren aurrekontua eta administrazioa.

1. Elkargoaren urteko aurrekontuetan ekitaldi horretarako aurreikusitako diru-sarrera eta gastuak zehaztuko dira, organo eta jarduera guztiak harturik.

2. Ekitaldi ekonomiko bat aurreko aurrekontua onetsi gabe hasten bada, aurreko ekitaldiko aurrekontua luzatuko da besterik gabe, harik eta berria onetsi arte, eta lan arloan edo bete beharrekoak diren beste arlo batzuetan indarra duten xedapenen ondoriozko kontu-sailak egokituko dira.

3. Elkargoaren ondarea Zuzendaritza Batzordeak administratuko du. Eginkizun hori diruzainari dagokio, eta horretarako beharrezkoa den lankidetza teknikoa izanen du.

4. Lehendakariari dagokio ordainketak egiteko agindua ematea eta diruzainari, berriz, agindu horiek betearaztea eta ordainketak kontabilizatzea.

VI. TITULUA

Diziplina ahalmena eta aipamen eta sarien araubidea

36. artikulua. Diziplina araudia.

1. Elkargoko kideek eta Elkargoko organoetako kideek diziplina bidez zehapena jaso dezakete lanbidean dagozkien betebeharrak, estatutu hauek, Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen estatutuak, lanbidearen kode deontologikoa edo Elkargo honetako organoen erabakiak urratzen badituzte, Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen estatutuen I. tituluaren V. kapituluan ezarritako araubideari eta prozedurari jarraikiz.

2. Elkargo honek diziplina bidez zehatzen ahal dituen jarduketetan delituzko jokabidearen arrazoizko zantzuak baldin badaude, agintari judizialari horren berri eman beharko zaio.

3. Arau-hausteak tipifikatzeko, zehapenak ezartzeko eta diziplina prozedurari buruzko kontuetarako, Erizaintzaren Elkargoen Erakundearen estatutuetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

37. artikulua. Ohoreen araubidea.

Zuzendaritza Batzordeak ahalmena du merezi duten pertsonei sariak, ordainak eta dominak emateko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena.–Zuzendaritza Batzordeari ahalmena ematen zaio estatutu hauetan ezarritakoa osatu eta garatzeko arauak emateko, betiere estatutuak errespetatzen badira eta arau horiek Elkargoa zuzen aritzeko beharrezkoak baldin badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Estatutu hauek Batzar Orokorrak onetsi eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iragarkiaren kodea: F1603379