76. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilaren 6an hartua, jendaurreko beste epe bat irekitzen duena “Nafarroako proiektu eolikoa” (San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Rasoko parke eolikoek osatua) proiektuarentzat eta berriz entzutea ematen diena hark ukitutako udalei. Agrowind Navarra 2013 SLk sustatzen du proiektua, eta udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez.

Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez (2016ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 25ekoa), “Nafarroako proiektu eolikoa” (San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Rasoko parke eolikoek osatua) udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen. Agrowind Navarra 2013 SLk sustatzen du proiektua.

Espedientea, hogeita hamar eguneko epean, jendaurrean jarri eta jarduketa horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzutea eman zaie, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2016ko martxoaren 18an, Ramón Elósegui Borinaga jaunak, SEO/BirdLife ordezkatuz, eskatu du jendaurreko epea luzatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49. artikuluan xedatutakoaren babesean. Eskatzaileak alegatzen du aldi berean parke eolikoen gaineko hiru espediente tramitatzen ari direla (aipatutakoa da horietako bat), eta haien jendaurreko epeek bat egiten dutela. Interesdunaren arabera, espedienteen konplexutasuna kontuan hartuta, “ezinezkoa da informazio teknikoa zehazki aztertzea eta argudioak azaltzea Nafarroako Gobernuari erabaki egokiak hartzen laguntzeko”.

Gero, 2016ko apirilaren 1ean, María Consuelo Ochoa Resano andreak, Leringo Udaleko alkate-udalburuak, epea luzatzeko eskatu zuen “Nafarroako proiektu eolikoa” proiektuari alegazioak aurkezteko.

Ondorio horietarako, ezin da aplikatu aipatu 49. artikulua, hasieran emandako 30 eguneko epea agortu baitzen epea luzatzeko eskaera ebazteko erabakia hartu baino lehen.

Hala ere, kontuan hartu behar da epea luzatzeko eskaera legezko epean aurkeztu zela, eta kudeaketa administratiboko arrazoiek eragotzi dutela eskaera jendaurreko epea bukatu baino lehen ebaztea.

Ildo horretatik, nabarmendu behar da abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 7.1 artikuluan (herritarren parte-hartzea arautzen duena) xedatutakoa. Horren arabera, Administrazio publikoak saiatuko dira lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko jarduera izan dadin Nafarroako Foru Komunitateko gizartearen behar eta asmoen araberakoa. Horretarako, lurraldearen nahiz hirigintzaren garapen jasangarria sustatuko dute, herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena bultzatuko dute eta partikularren eta beren interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak bermatuko dituzte.

Legezko arauak eskatzen duen parte-hartze zabal hori bermatzeko, herritarrek defentsarik gabekotzat hartzen ahal dituzten egoerak edo inguruabarrak saihestuz, bidezko da jendaurreko beste epe bat irekitzea aipatu proiektuarentzat. Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluak aurreko interpretazioa indartzen du, jendaurreko epea eta ukitutako udalei entzutea emateko epea gutxieneko epeak baitira.

Jendaurreko epe berrian enpresa sustatzaileak proiektua osatzen ahalko du, Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartutako Erabakian adierazitakoaren arabera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Jendaurreko beste epe bat irekitzea, hogeita hamar egunekoa, “Nafarroako proiektu eolikoa” (San Marcos, Jenáriz, Linte, Tres Hermanos, Corraliza de Paulino eta El Rasoko parke eolikoek osatua) proiektuarentzat eta berriz entzutea ematea hark ukitutako udalei. Agrowind Navarra 2013 SLk sustatzen du proiektua, eta udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen Nafarroako Gobernuak 2016ko otsailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, agiria Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, baita Lurraldearen Antolamenduko eta Hirigintzako Zerbitzuaren “Jendaurreko epea” izeneko atalean ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Territorio/Urbanismo/Exposicion+publica.htm.

2. Era berean, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko zehaztapenekin bat.

Ondorio horietarako, ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña).

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki hau Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Babes Zibilerako Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzura igortzea.

5. Erabaki hau Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Trenbideen Zuzendaritza Nagusiari, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari, Red Eléctrica de Españari, Berbintzanako, Faltzesko, Larragako, Leringo, Miranda Argako, Erriberriko, Oteitzako eta Tafallako Udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan dezan.

Iruñean, 2016ko apirilaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1604344