73. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Alloko Udalak, 2016ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzako aldaketa, eta hura argitaratu zuen 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 15ean, gisa hartara jendaurreko epea irekirik, hogeita hamar egun baliodunean interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epe horretan ez da inolako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, eta hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 325.1 artikuluari jarraikiz, urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak emaniko idazketaren arabera, hasierako onespena behin betiko bilakatu da.

Hona hemen ordenantzaren testu osoa:

ALLOKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Alloko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko. Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Alloko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herrilurretako ondasunen inguruan Alloko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Alloko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Alloko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Alloko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Alloko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Alloko Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Alloko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Alloko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Alloko Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, osoko bilkuran interpretatuko ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Alloko Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak.

b) Herrilurretako bertze aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Alloko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea 6 urteko antzinatasunez.

c) Allon urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Alloko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere beraien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Alloko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamenduak

16. artikulua. Alloko laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea.

Alloko Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

Alloko Udalak kalitateen arabera sailkatuko ditu esleitzeko dauden lurzatien loteak: lehen mailako lurra, bigarren mailakoa eta hirugarren mailakoa. Zuzenean eta lehentasunez esleitzeko orduan, esleipen-hartzaile bakoitzari dagokion lehenbiziko lotea lehen mailako lurrekoa izanen da. Bigarren lote bat eskatzen dutenei bigarren mailako bat emanen zaie. Hirugarren lote bat eskatzen dutenei hirugarren mailako bat emanen zaie.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen dirusarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 146. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, lotearen azalera 100 erregukoa izanen da (8,98 hektarea), gutxi gorabehera, zereala edo urteko beste labore batzuk landatzeko. Zenbateko horiek esleipen berri bakoitzean aldatzen ahalko dira. Udalak balorazioa emanen dio lote bakoitzari, eta horren arabera dagokion lur-saria ezarriko.

2. 17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, lote bat.

b) 4tik 6 kide bitarteko familia unitateak, 2 lote.

c) 7tik 9 kide bitarteko familia unitateak, 3 lote.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 lote.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Alloko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herrilurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da. Labore urte anitzekoen eta/edo ekologikoen kasuan, betiere Udalak baimena eman ondoren, epe hori beste 8 urtean luza daiteke, baldin eta esleipena jasotzeko baldintzak betetzen jarraitzen baditu.

Labore urte anitzekoen eta/edo ekologikoen aprobetxamendua luzatzen den bitartean, esleipen-hartzaileak adierazten badu ez duela jarraituko delako laborearekin, labore urte anitzekoarekin eta/edo ekologikoarekin jarraitu gogo duen bati eskainiko zaio lotea lehenbizi, ordenantza honetan jasotzen diren ondoz ondoko modalitateen arabera.

Ezarrita dagoen epea amaitzen denean, finketan emankor jarraitzen duen landarerik edo hobekuntza lanik gelditzen bada, finkaren eta udalerriaren mesederako geldituko da, inolako kalte-ordainetarako eskubiderik sortu gabe.

21. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herrilurretako lurzatien onuradunek urtean 81,42 euro ordaindu beharko dituzte lur hektarea bakoitzeko.

22. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu norberaren lana ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 17. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte. Ulertzen da adinagatik edo ezintasunagatik pentsioak jasotzen dituztenek ezin dituztela bere kasa lurzatiak zuzenean landu.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertzeko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 17. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritzako ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Alloko Udalaren Osoko Bilkurari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren Osoko Bilkuraren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

24. artikulua. Laborantza norberak zuzenean egiteko ezintasun fisiko hori osasun administrazioaren ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta esleipenaren unean nahiz lurrez baliatzen ari diren bitartean kasu horretan gertatzen diren titularren lurzatiak herrilurrak aprobetxatzeko hurrengo moduan esleituko ditu Udalaren Osoko Bilkurak, esan nahi baita, herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez, eta hala ez bada, beste modu batean, hau da, Udalak berak ustiapena eginez edo enkante publikoaren bidez. Udalak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Alloko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Udalaren Diruzaintzan.

25. artikulua. Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Nekazaritza Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

g) Erretiroduna eta pentsioduna denean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak Lehen Atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Lotearen azalera 100 eta 8,98 erregu artekoa izanen da, gutxi gorabehera, zereala eta urteko beste labore batzuk landatzeko. Zenbateko horiek esleipen berri bakoitzean aldatzen ahalko dira. Udalak balorazioa emanen dio lote bakoitzari, eta horren arabera dagokion lur-saria ezarriko.

28. artikulua. Familia unitate bakoitzari dagozkion loteak esleitzeko, alderantzizko proportzian hartuko dira kontuan esleipen-hartzailearen diru-sarrera garbiak. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

29. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

30. artikulua. Esleipen-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

31. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herrilurretako lurzatien onuradunek urtean 162,84 euro ordaindu beharko dituzte lur hektarea bakoitzeko.

3. ATALA

Alloko Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

32. artikulua. Alloko Udalak, aurreko banaketa prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra banatu gabe gelditu bada, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Gelditu diren loteak enkantean aterako dira, hala 24. artikulua aplikatu ondokoak nola onuradun berriei erantzuteko egindako erreserbak. Onuradun berriei erantzuteko erreserben enkantea halako moldez eginen da non beren xedeetarako behar diren mementoan kenduko baitzaizkio esleipen-hartzaileari.

Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Lehentasunezko eta zuzeneko esleipenerako prozedura

33. artikulua. Alloko Udalak osoko bilkuran aldez aurretik erabakia hartuta, 15 egun naturaleko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek herrilurretako lurzatien lehentasunezko eta zuzeneko esleipena eska dezaten, eta ediktua Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.

34. artikulua. 1. Lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ezarriko den ereduaren araberakoa, ondoko zehaztapenak bilduko dituena:

a) Alloko herritarra izatea, sei urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez udalerrian bizitzea.

b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Zein diren familia unitatea osatzen duten kideak eta, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

d) Udalerri honetan eta besteetan zenbat erreguren jabe diren, baita errentan edo beste titulu baten bidez dauzkatenak ere, eta laborantza motak.

e) Hirilur aberastasunaren zerga-oinarriak, Udal honetakoak eta besteetakoak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta.

f) Nekazaritzarako eskura duen makineriaren zerrenda zehaztua.

2. Aitorpen horri Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken ekitaldiko aitorpenaren kopia erantsiko diote.

3. Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Udalak ahalmena du eskatzaileari beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko, 17.3 artikuluan ezartzen den moduan. Eskatutako epean agiri horiek aurkezten ez badira, eskabidea ezetsi eginen da.

35. artikulua. Udalak esleipen modu bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du osoko bilkuran. Zerrenda hori Udalaren iragarki oholean emanen da argitara eta interesdunei jakinaraziko zaie, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, hamar eguneko epean. Alegaziorik aurkezten bada, haiek ebatzi eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe, eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.

36. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendurako eta herritarrendako esleipenerako eskubidea duten familia unitateko herritar titularren behin betiko zerrenda ateratakoan, Udalak zehaztu eginen ditu lurzatien loteak, haien ezaugarriak, azalerak, lur-saria eta abar.

37. artikulua. Loteak zozketaren bidez esleituko dira. Lehentasunez edo zuzenean esleitzeko prozeduraren bidez esleipena jaso duten onuradunek baino ez daukate aprobetxamenduari uko egitea. Urte bakoitzeko ekainean izanen da, Udalari idazki batean horren berri emanda. Aipatu epe hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute. Esleitutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute banaketa modu horretako lurretan beste lurzatirik hartzeko eskubiderik izanen, beste esleipen bat egiten den arte.

Halaber, uko egin nahi duten onuradunek uko eginen diete lehentasunez edo zuzenean esleitzeko modalitatean esleitu zaizkien lote guztiei.

Gainera, ez da zilegi aprobetxamenduaren titulartasuna partikularren artean eskualdatzea, esleitzeko modalitatea edozein dela ere.

38. artikulua. Alloko Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, lehentasuna duten onuradun berriei zuzenean esleitzeko.

39. artikulua. Zortzi urteko esleipenaldia hasi ondoren, aprobetxamendurako eskubidea dutela uste dutenek Udalari eskatu ahalko diote, uztailaren 1etik 20ra bitarte, urtero.

40. artikulua. Lehen bi aprobetxamendu moduetako lurzatiak esleitzeko gertatu diren baldintzei eutsi behar zaie esleipenaldi osoan eta gerta litezkeen aldaketen berri Alloko Udalari eman beharko zaio. Alde horretatik, Udalak noiznahi egin ahalko ditu beharrezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak.

41. artikulua. Ordaindu beharreko zenbatekoa lehenbiziko urterako proposatutako kanonari dagokio. Urtero eguneratuko da erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearekin bat eta esleitzeko modalitatearen arabera. Udalak urtero eguneratuko du kanona, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraituz. Kanona nekazaritzako urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari, abenduaren 20a baino lehenago. Ulertzen da nekazaritzako urtea irailean hasi eta bukatzen dela.

42. artikulua. Esleipen-hartzaileek esleipenaren %10 utzi beharko dute, fidantzatako, 10 eguneko epean.

Bermea aprobetxamenduaren epea bukatu ondoren itzuliko da.

5. ATALA

Zuzenean ustiatu eta enkante publikoan esleitzeko prozedura

43. artikulua. Udalak osoko bilkuran onetsiko ditu enkante eta loteetarako baldintzak, eta argitara emanen Udalaren oholean, gutxienez ere enkanteak egiteko data baino 15 egun lehenagotik.

Hastapenean banatzeko, hasierako prezioa 179,12 euro izanen da hektarea eta urte bakoitzeko. Urtero eguneratuko da erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearekin bat.

44. artikulua. Enkante irekiak izanen dira eta ahozko posturen bidez eginen dira. Bigarren eta hirugarren enkanteak egiten ahalko dira, %10 eta %20 merkeago. Udalaren iragarki oholean emanen dira argitara, gutxienez ere enkante bakoitza egin behar den data baino bost egun lehenagotik.

45. artikulua. 1. Enkanteen emaitza berehala jakinaraziko da Udalaren iragarki oholean.

2. Esleipenaren proposamena jasotzen duen eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seitik bat gehituz hobetzen ahalko da. Sesteoa emateko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunean egin beharko da, seigarren egunean ordu berean amaituko baita, jaiegunak ere barne direla.

b) Enkantean lehiatzaile izan ez bada ere, legezko ahalmena duen edonork egiten ahalko du; betiere, aurrez behin-behineko bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz idazkariarengana joz egiten ahalko da. Dena dela, interesdunak sinatutako eginbidea jaulkiko du idazkariak, aurkezpenaren eguna eta ordua bertan adierazita.

d) Sesteoa amaitu ondoren, beste enkante bat eginen da horretarako jarritako epea bukatu eta ondoko lau egun baliodunean. Toki entitateak esleipenaren proposamenaren hartzaileari bere postura seiren batean hobetua izan dela jakinarazi beharko dio eta behin betiko enkantea noiz eginen den espresuki adierazi.

e) Behin betiko enkantea egiteko tasazio preziotzat, egindako hobekuntzatik ateratakoa hartuko da eta dagokion iragarkia jarriko Udalaren iragarki oholean, hurrengo enkantea, ahozko posturen bidez eginen baita, zein egun eta ordutan izanen den gutxienez bi egun natural aurretik zehaztuta. Lehiatzailerik ez badago, kontratua sesteo-emaleari eslei dakiola proposatuko da.

f) Esleipen berriari dagokion akta prestatuko da eta artikulu honetako 1. zenbakian aurreikusi bezalaxe iragarriko da emaitza.

3. Esleitzeko proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunean edonork erreklamatzen ahalko du idatziz, lehiatzaile izan gabe ere, lehiaketaren baliogarritasunaren edo lehiatzaileen gaitasun juridikoaren kontra, eta bere iritziz esleipena egiteko bidezko den erabakia har dadila eskatzen ahalko du.

46. artikulua. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean esleitu ahalko da; betiere, prezioa azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa ez bada. Lehentasunezko eta zuzeneko esleipenak eta enkante bidezkoa egin ondoren, laborantzako lur sobera gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du osoko bilkuran erabakitzen den moduan.

47. artikulua. Esleipen-hartzaileek esleipen edo errematearen %10 utzi beharko dute, fidantzatako, 10 eguneko epean.

48. artikulua. Udalak urtero eguneratuko du errematea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz. Prezioa urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari.

III. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamenduetarako arauak

49. artikulua. Laborantzako herrilurrak Alloko ohiturei jarraikiz aprobetxatuko dira, eta baliatzen direnek kalterik sor ez dezaten, ondoko baldintzak ezartzen dira:

1. Zerealetarako herri-lurzatiak esleituak dituztenek, hiru moduetako edozeinetan, uzta bildu eta gero, ezin izanen dituzte landu edo tratamendu fitosanitariorik egin irailaren 15a baino lehen. Zilegi izanen da tratamendu fitosanitarioak egitea, abuztuaren 15etik aurrera, berazaina edo soberako belarkia dela kausa, aldez aurretik baimena eskatuta bazkalekua aprobetxatzen duen abeltzainari.

2. Edonola ere, herbizidak erabili, lurra landu eta aprobetxamendua egiterakoan, ENP arautzen duten xedapenei edo aplikagarria den maila altuagoko edozein araudiri jarraikiko zaie.

3. Debeku da herbizidak botatzea bideetan, areketan, larre-utzietan, altxonbideetan eta halakoetan, salbu eta Udalak espresuki baimendu badu, kasu berezietarako.

4. Ureztatzeko eta herbizidak botatzeko ura, horretarako bereziki prestatutako tokietatik eta idoietatik baizik ez da aterako. Ez da zilegi erabiltzea aziendak edan dezan prestatutako ura. Alloko udalerrian ez dago horretarako baimena duen tokirik edo idoirik.

5. Zerealetan lastoa uztaren partea da. Nekazariak 20 egun ditu, uzta bildu ondoren, lastoa fardeletan jasotzeko.

6. Herrilurretan, Udalak espresuki baimendu ezean, ez da zilegi lasto fardoak, simaurra, egurra edo bestelako materialak biltegiratzea.

7. Ezinbesteko arrazoi batengatik Udalak kontratua desegiteko beharra badu, esleipen-hartzaileak ez du inolako kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen. Gainera, ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izanen larreak galtzen badira edo belar gutxi izanez gero, lehortea edo naturaren bestelako fenomeno batzuk jasanez gero, aziendak hiltzen bazaizkio edo beste edozein istripu izaten badu.

IV. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

50. artikulua. Herrilurretako mendietako aprobetxamenduak beti egin beharko dira Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuak ezartzen dituen manu tekniko-fakultatiboen arabera.

51. artikulua. Horretarako baldintzak direnean, Udalak epaitzak esleitu ahalko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateei. Udalak finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

52. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

53. artikulua. Onuradunak: egurra banatzerakoan Alloko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanez. Familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko irizpide objektiboak erabiliko dira, ordenantza honen 17.3 artikuluan azaltzen den moduan.

54. artikulua. Udalak urtero finkatuko du etxerako egurren aprobetxamenduaren aldera ordaindu beharreko saria.

55. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

56. artikulua. Ordenantza honetan, IV. tituluaren II. kapituluaren laugarren atalean xedatuari jarraikiko zaio esleipena egiterakoan.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

57. artikulua. Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

58. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriek zuzenduko dituzte. Arloan indarra duten xedapenek arautuko dituzte erlauntzak jartzeari buruzko gorabeherak; betiere, Udalaren baimena beharko da, eta hark zehaztuko du non jarriko diren. Gainera, beharrezkoa izanen da kasu horietan jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuaren onespena, hala behar denean.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

59. artikulua. Alloko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu herrilurren gainean dauden aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

60. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen proiektuak Udalak berak edo herritar interesdunek sustatuko dituzte, eta lehentasunezkoak izanen dira.

61. artikulua. 1. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

2. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

3. Alloko Udalak onesten duen araubide berezia egokitu beharko da, arautu gogo den proiektuaren ezaugarrien eta xedearen arabera, eta iraunen du proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den denbora guztian. Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herrilurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

4. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

62. artikulua. Alloko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

63. artikulua. Esleipen-hartzaileari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea ezertan ukatu gabe, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

64. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauei jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua eta aplikatzekoa den araudia.

65. artikulua. Arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Aprobetxamenduaren lur-sariak Alloko Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

b) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

c) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

e) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, mahastiak, zainzuriak etab.) Udalaren baimenik gabe egitea.

f) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak lantzea.

g) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

h) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, altxonbideetan edo herrilurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

i) Finketan behar diren oharrak ez ematea edo seinaleak ez jartzea.

j) Nekazaritzako lanak egitea uzta biltzen dentik irailaren 15era bitarte.

k) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez dena.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Esleipena eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

b) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

c) Esleitutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan izan ezik.

d) Asmo gaiztoz, Alloko Udalari ez ematea esleipen baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

e) Abereek edateko idoietatik ura hartzea, ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

f) Arekak, erretenak eta abar inbaditzea.

g) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

66. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izanen da.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izanen da.

c) Arau-hauste oso larriak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izanen da.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

67. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Udalak, inguruabarrak aztertu ondoren, zehapen osagarri hauek ezartzen ahalko ditu:

Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, esleipena kendu eta beste bi esleipen alditan larreak eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da. Arau-hauste oso larri batzuen kasuan, inguruabarrak kontuan izanik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzaile izateko eskubidea kentzen ahalko da.

68. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

69. artikulua. Alkatea izanen da zehatzeko organo eskuduna.

70. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Alloko Udalaren laborantzako herrilurrak arautzen dituzten ordenantzak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ordenantza honetan xedatzen edo biltzen ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma, eta oro har eta kasu honetan berariaz aplikatzeko diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.

Bigarrena.–Alloko Udalak ordenantza hau eta honen babesean emandako esleipenak interpretatuko ditu, bai eta ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere. Interpretazioaren gainean hartzen diren erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Allon, 2016ko martxoaren 23an.–Alkatea, Javier Ignacio Munárriz Marturet.

Iragarkiaren kodea: L1603576