2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CAPARROSO
Terrazak eta beladoreak paratzea eta erabiltzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Caparrosoko Udalak, 2016ko urtarrilaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Terrazak eta beladoreak paratzea eta erabiltzea arautzen duen udal ordenantza.
Aitzineko erabakia 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 15ean, argitaratu ondotik, hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluei jarraituz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da Caparroson terrazak eta beladoreak paratzea eta erabiltzea arautzen duen udal ordenantzaren testu osoa.
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Caparroson, 2016ko martxoaren 29an.–Alkatea, Aquilino Jiménez Pascual.
TERRAZAK ETA BELADOREAK EZARRI ETA ERABILTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Xedea
1. artikulua.
Ordenantza honen xedea da terrazen eta beladoreen instalazioa arautzea, horiek ostalaritzako establezimendu legeztatu batean aldi baterako osagarri direnean, Caparrosoko udal mugapeko eremu publikoetan eta jabari publikoko ondasunetan.
2. artikulua.
Oro har, terraza non jarri nahi den, kale horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak jartzeko. Ohiz kanpoko ezaugarriak dituzten kaleetan, bestelako kokalekuak ere onartu ahalko dira, eta eremu horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.
3. artikulua.
Establezimenduko fatxadaren zabalera nolakoa, halakoa edo txikiagoa izanen da terraza edo beladorea, eta haren aurrean kokatuko da, 1,20 m-ko gutxieneko tartea utzirik. Hori libre egonen da beti jendearen joan-etorrietarako.
Erabilera publikoko eremuetan mahaiak eta kadirak paratzean errespetatu behar da haietan lehentasuna duen erabilera komun orokorra; beraz, ez zaio trabarik eginen oinezkoen joan-etorriari ez hiri irisgarritasunari, eta ez dio kalterik eginen haren segurtasunari ez ibilgailuen trafikoari.
Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzuek erabakita, beste toki batean jarri ahalko da, irizpide orokorrari jarraitzea ezinezkoa baldin bada.
Terraza edo beladore eremuak, erabilera publikokoak baino ez dira izanen. Baldintza horren ondorioz, debekatuta dago horiek ataripeetan eta eraikin pribatuetako elementu komunetan ezartzea.
Espainiako plazako arkupeak libre geldituko dira. Zilegi da, hala ere, mahai altuak edo kupelak jartzea, hormaren ondo-ondoan.
4. artikulua.
Terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 2 × 2ko modulu bakoitzeko (mahai batek eta 4 aulkik 4 m² hartzen dute).
Eremuak markatuko dira, udal zerbitzuek horiek zoruan margotuz, lizentzia eman duenarekin adostuta. Eremu horietan aurreko kalkuluan agertzen den mahai kopurua jartzen ahalko da, beladorea jartzeko baimena duten lekuetan. Beladoreak ezin izanen dituzte markatutako mugak gainditu.
Horiek ere hesien eta loreontzi-euskarrien bidez mugatzen ahalko dira, udal zerbitzuek baimena eman ondoren. Kasu horretan, terrazaren kontzesio hartzaileak arduratuko dira instalazioaz, udal zerbitzuek onetsi eta konprobatuko baitute.
Ibilgailuen trafikoko eremuetan terraza duten establezimenduek terraza modu horretan mugatu beharko dute nahitaez.
Herriko bestetan eta gazteriaren bestetan, paratzen ahalko da, tarifa handitu gabe, baimendutako mahaien eta aulkien halako hiru. Kopuru hirukoitz horren gainetik, tarifen eranskinean ezarritako prezioaren arabera kobratuko da.
5. artikulua.
Terraza edo beladorearen jabea arduratuko da bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.
6. artikulua.
Terrazako elementuak (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, etab.) aise desmuntatzeko modukoak izanen dira.
7. artikulua.
Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta eta altzariak bildu beharko dira, haren abiadura baldin bada egileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.
8. artikulua.
Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak.
Jabearen erantzukizuna izanen da terraza edo beladore eremuan baldintza horiek mantentzea, baita higiene eta garbiketa baldintza egokiak ere.
9. artikulua.
Aulkiak, mahaiak eta eguzkitakoak, erabiltzen ez direnean, lokalaren kanpoaldean pilatu beharko dira, horretarako mugatutako eremu batean, baldin eta ez bada oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa trabatzen. Ongi lotuta egon beharko dute, eta ahal delarik ez dira ordutegitik kanpo erabiliko.
10. artikulua.
Terraza eta beladoreak erabiltzeko ordutegia tabernak erabiltzeko ordutegia bezalakoa izanen da, horretarako eman den alkatetzaren ebazpenaren arabera.
Bi denboraldi desberdin ezartzen dira baimenari eta tasen kobrantzari dagokienez:
A) Neguko denboraldia: urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila eta martxoa.
B) Udako denboraldia: apirila, maiatza, ekaina, uztaila, abuztua eta iraila.
11. artikulua.
Lokalen jabeen erantzukizuna izanen da trabak saihestea, terraza edo beladoreko bezeroek ozenki hitz egiteagatik edo bestelako arrazoiengatik sor ditzaketenak.
Beladoreen baldintza bereziak
12. artikulua.
Beladoreek haiei buruzko foru araudia bete beharko dute. Uniformetasun estetikoa izanen dute, eta integratuta egon behar dute bai hiri-ingurunean bai beste establezimenduetako beladoreen artean.
Beladoreak jartzeko baimena duten establezimenduen jabeek beladore eredua adostu behar dute, eta Udala izanen da, azken batean, ikus-onetsia emanen duena.
Establezimenduek, hasiera batean ez badute beladorerik jartzen baina beste une batean egin nahi badute, daudenetara egokitu beharko dituzte.
13. artikulua.
Baimena emanen da beladoreetan honako material hauek erabiltzeko: aluminioa, altzairua eta olanak (zuriak edo artile kolorekoak).
Material guztiek EBko araubidea bete beharko dute, segurtasunari, suteei, etabarri dagokienez.
14. artikulua.
Elementu desmuntagarriek osatuko dituzte beladoreak.
Beladoreak lurrari lotuak egonen dira, segurtasunez eta erraz desmuntatzeko moduan.
Udalak baimendu beharko du ainguratze-sistema.
Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari edo bestelakoei dagozkien aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.
15. artikulua.
Beladore estalia paratzeko eskaerarekin batera, honako hau aurkeztu beharko da: oinplanoak, altxaerak eta instalatu beharreko sekzioa, elementuen EBko ziurtagiriak, zorura ainguratzeko sistema, baita erabili beharreko koloreak ere. Eskaerarekin batera, onartuko da katalogoko beladoreen argazkiak.
16. artikulua.
Beladore estaliak okupatuko duen gehieneko azalera kasu bakoitzean zehaztuko da, eta gehieneko garaiera 2,80 m-koa izanen da.
17. artikulua.
Oro har, terraza eta beladoreetan debekaturik dago honako hau jartzea:
–Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak, baita ateratzeko eta girotzeko edozein instalazio finko ere beladorean.
–Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak.
–Musika eta/edo soinu erreproduzigailuak instalatzea.
–Josteta makinak instalatzea.
18. artikulua.
Terrazako eremua berotzeko, berogailuak instalatzen ahalko dira, Nafarroako Gobernuan industria, energia eta berrikuntza arloetan eskumena duen departamentuak homologatuta egon beharko dutenak. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da ingurumenaren jasangarritasuna ardura handiz zaindu beharra dagoela.
Tasak
19. artikulua.
Tasen zenbatekoa ordenantza honen tarifen eranskinean jasotzen da. Denboraldi bakoitzari dagokio.
Terraza paratzeko tasarako, mahai kopuruaren sistemari jarraituko zaio.
Beladoreen kasuan, okupatutako azaleraren metro koadro bakoitzeko ezartzen da tasa.
Tasaren zenbatekoa urtean bitan kobratuko da, lur-ondasunen gaineko kontribuzioarekin batera.
Zenbatekoak urtero alda daitezke Udalak osoko bilkuran erabakita.
20. artikulua.
Interes publikoaren arrazoiak direla eta, Udalak edozein unetan balio gabe uzten ahalko du baimena, baina horrek ez dio konpentsaziorik ekarriko baimendutako establezimenduari.
Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira lizentziak. Lizentziak prekarioan emantzat jotzen dira eta noiznahi baliogabetzen ahalko dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122.4. artikuluari jarraikiz.
Indarraldia
21. artikulua.
Terraza eta beladoreen kontzesioak urtebeteko indarraldia izanen du, eta urtero eskatu beharko da kontzesio berria.
Arau-hausteak
22. artikulua.
Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Eremua ez zaintzea eta ez garbitzea.
b) Onartu dena baino eremu handiagoa okupatzea.
c) Dagokion udal tasa ez ordaintzea.
d) Terrazako elementuak (aulkiak, mahaiak, eguzkitakoak, etab.) lokalaren barruan ez jasotzea erabiltzeko ordutegitik kanpo.
Honako hauek dira arau-hauste larriak:
a) 6 hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.
b) Terrazan edo beladorean EBko araubidea betetzen ez duen edozein elementu jartzea, segurtasunari, suteei, eta abarri dagokienez.
c) Terraza edo beladorea jartzea, Udalaren baimenik gabe.
Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) 6 hilabetean bi arau-hauste larri edo gehiago egitea.
b) Arau-hauste arin edo larritzat hartzen ez den edozein artikulu ez betetzea.
Zehapenak
23. artikulua.
Arau-hauste arinen zehapena 100 eurorainoko isuna izanen da; larriena, 150 eta 250 euro bitarteko isuna eta lizentzia urtebetez kentzea, eta oso larriena, 300 eta 500 euro bitarteko isuna eta lizentzia 5 urtez kentzea.
24. artikulua.
Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 47/1999 Legeak aldatua) eta Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamenduan (1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsia) aurreikusitakoaren arabera.
Erantzukizun zibila
25. artikulua.
Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditzen dira Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien prezio publikoak arautzen dituen indarreko ordenantzako ondoko puntu hauek, mahai, aulki eta beladoreen bidez irabazi asmoz egiten den okupazioaz jarduten baitute eta hura ordenantza honen xedekoa baita: 2. artikuluan, 6. puntua; 9. artikuluan, 2. puntua; tarifen eranskinean, I.1 epigrafea.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
TARIFEN ERANSKINA
I. epigrafea.–Terrazak mahaiz eta aulkiz okupatzea: 20 euro, mahai eta denboraldi bakoitzeko.
II. epigrafea.–Beladorez okupatzea: 5 euro, metro koadro eta denboraldi bakoitzeko.
III. epigrafea.–Lurzorua terrazaz okupatzea gazteriaren eta herriko bestetan: tarifa bakarra, 100 euro urtean.
IV. epigrafea.–Terrazan herriko bestetan eta gazteriaren bestetan baimendutako mahaien eta aulkien kopurua halako hiru paratzeagatik, 5 euro erantsiko zaizkio tarifari aparteko mahai bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: L1603734