72. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60E/2016 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Barasoiango udal mugapean energia metatzeko zentro pilotu baten proiekturako. Sustatzailea Acciona Energía, S.A. da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da energia elektrikoaren metaketak (bateriekin) etorkizunean instalazio eoliko handien integrazioari begira eskaintzen dituen aukerabideak analizatzea, betiere sare elektrikoaren egonkortasunari kalterik eragin gabe. Energia elektrikoa metatzeko sistema bat (baterien bidez) instalatu nahi da Barasoiango Parke Eoliko esperimentalean (Nafarroa). Baterien sistema hori parke eolikoan sortzen den energiarekin kargatuko da bakar-bakarrik. Energia baterien bidez metatzeko instalazioa turbinek bat egiten duten tokian jarriko da; hortaz, ekipoak azpiestaziotik hurbil egonen dira, berariaz prestatuko den zabalgune batean. Proposatzen den instalazioak metalezko 5 edukiontzi independente izanen ditu, 6.05 x 2.43 x 2.58 metroko altuerakoak, eta horien barrenean behar diren ekipo guztiak sartuko dira. Aurreikusitako instalazioa 3. poligonoko 88. lurzatian dagoen azpiestazio elektrikotik hurbil egonen da. Eskatutako kondukzioen trazadurak poligono bereko 153. lurzatiari eraginen dio.

Barasoaingo Udalak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, baldintza batzuk ezarrita, proiektuaren alde emandako txostenak espedientean jaso dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Barasoaingo udal mugapean energia metatzeko zentro pilotu baten proiekturako. Sustatzailea Acciona Energía, S.A. da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Udalaren txosten teknikoarekin bat, ingurunea berriz landareztatu beharko da, eta neurri txikiko zuhaixkak eta zuhaitz autoktonoak landatu beharko dira instalazioaren ikusizko inpaktua gutxiagotzeko.

Hirigintza arloko edukiak:

–Herrilur Atalak 2016ko urtarrilaren 26an egindako txostenarekin bat, 3. poligonoko 153. lurzatiari dagokionez (kondukzioak hortik igarotzen dira), beharrezkoa izanen da Barasoaingo Udalak okupazio espediente bat tramitatzea, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legean ezarrita dagoen bezala.

–Lurretik ateratzen diren instalazioek, euskarriek edo eraikuntzek bidearen zortasun eremu bat errespetatu beharko dute, 3 metrokoa, haren kanpoko ertzetik neurtuta, 35/2002 Foru Legearen 112. artikuluaren arabera.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Baimendutako jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Barasoaingo Udalari, Tafalla aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko martxoaren 14an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1603324