72. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

7E/2016 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, arte plastikoetako, ikusizko arteetako eta berrikuntzako proiektuetarako diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostenean proposatu du arte plastikoetako, ikusizko arteetako eta berrikuntzako proiektuetarako 2016ko laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 90.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Arte plastikoetako, ikusizko arteetako eta berrikuntzako proiektuetarako diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA
KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4809-334103: arte plastikoetako, ikusizko arteetako eta berrikuntzako proiektuetarako laguntzak

2016

90.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko martxoaren 23an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ARTE PLASTIKOETAKO, IKUSIZKO ARTEETAKO ETA BERRIKUNTZAKO PROIEKTUETARAKO 2016KO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea arte plastikoetako, ikusizko arteetako eta berrikuntzako proiektuak sortzeko laguntzak arautzea da, 2016ko ekitaldian egiten eta 2016ko azaroaren 9a baino lehen bukatzen diren proiektuak alegia; laguntzen helburua, berriz, nafar sortzaileei sostengua ematea, haien karrera hedatu eta egonkortzea eta haien lan artistikoa ezagutzera ematea da.

1.2. Deialdiaren helburu nagusia da laguntzea Nafarroan sorkuntza sektore egonkor, berritzaile eta lehiakorra handitu dadin, sortzaileei bereziki interesgarritzat jotzen diren eta deialdiaren helburua betetzen duten proiektu artistikoak egiten lagunduz.

1.3. Banako proiektuak nahiz kolektiboak, artista baten baino gehiagoren parte-hartzearekin, aurkeztu beharko dira, argitara eman gabekoak eta arte plastikoetako, ikusizko arteetako edo berrikuntzaren arloko sormenekoak: pintura, eskultura, marrazketa, grabatua, argazkilaritza, prozedura mistoak, bideo kreazioa edo mintzaira plastikoko beste edozein modalitate.

Film luzeak eta laburrak ekoitzi eta egiteko proiektuak ez dira deialdi honen xede izanen.

1.4. Eskatzaile bakoitzari proiektu bakarra onartuko zaio.

1.5. Deialdi honetan diru-laguntza hartzen dutenek ezin izanen dituzte diru-laguntzak eskatu hurrengo bost urteetan onesten diren xede bereko deialdietan.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Nafarroan sortua izatea edo 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Nafarroan erroldaturik egotea. Inguruabar hori erroldatze-agiriaren bidez frogatu beharko da eta laguntzak irauten duen bitartean eutsi beharko zaio.

2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

2.3. 2013ko, 2014ko eta 2015eko deialdietan laguntza jaso ez izana.

3. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 90.000 euroko diru kopurua izanen du, Nafarroako Gobernuko 2016ko aurrekontuen kargura.

3.2. Banaka egindako proiektu bakoitzerako, gehieneko diru-laguntza 9.000 eurokoa izanen da. Muga ekonomikoaren baldintza hori beteta, proiektu bakoitzerako zenbat eskatzen den, horrenbestekoa izanen da laguntza.

3.3. Artista batzuen artean modu kolektiboan egindako proiektu bakoitzerako, gehieneko diru-laguntza 12.000 eurokoa izanen da. Muga ekonomikoaren baldintza hori beteta, proiektu bakoitzerako zenbat eskatzen den, horrenbestekoa izanen da laguntza. Proiektua modu kolektiboan aurkezten denean, pertsona bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak jaso beharko dira, bai eta haietako bakoitzagatik aplikatu beharreko diru-laguntzaren portzentajea ere

3.4. Orobat, aurrekontu erabilgarria ekitaldian zehar handitzen bada, edo hasiera batean emandako kopuruak askatzen badira, diru-laguntzarik eskuratu ez duten onuradunei ematen ahalko zaie, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.6. Diru-laguntzaren xedea denean eskatzaileak garatu beharreko jarduerak finantzatzea, eta instrukzioa egin duen organoak proposatzen duen diru-laguntza txikiagoa denean aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, onuradunari eskatzen ahalko zaio, oinarri arautzaileetan hori aurreikusi bada, eskaera berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak doitu ditzan balizko diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren ondoriozko diru-sarreren aurreikuspenak modu proportzionalean murriztea.

3.7. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

3.8. Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskaeren aurkezpena eta eskatutako agiriak.

4.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat eta bertan aipatzen diren agiriak erantsita, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

4.2. Dokumentazioa bertsio digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazteko.

4.3. Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren fotokopia edo Nafarroan 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen erroldatuta egotearen ziurtagiria.

b) Proiektuaren azalpen txostena, II. eranskineko ereduaren araberakoa. Proiektua modu kolektiboan aurkezten denean, pertsona bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak jaso beharko dira, bai eta haietako bakoitzagatik aplikatu beharreko diru-laguntzaren portzentajea ere.

4.4. Eskabide ereduak, azalpen txostena eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/servicios.

4.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.6. Diru-laguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako posta elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

5.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak hauek dira: inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriak biltzen dituztenak, diruz lagundutako proiektua egiteko behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan ezarritako epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Eskatzaileak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

–Proiektuaren ekoizpenerako behar diren materialak erosteko gastuak.

–Mantenu, ostatu eta joan-etorrien gastuak, onuradunarenak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).

–Proiektuko ekintzak egitera zuzendutako kanpoko baliabideak, hala nola lantegi, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak eta beste batzuk, kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak. Gastu horietan lagun baten mantenu, ostatu eta joan-etorrien gastuak sartuko dira, proiektua gauzatzeko beharrezkoa baldin bada. Gastu horiek onuradunari ezartzen zaizkion baldintza berdinen menpean egonen dira.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko behar diren ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat hartuko da horien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua)

5.2. Gastu hauentzat ez da diru-laguntzarik emanen:

–Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak, salbu eta diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarrien erosketarako 5.1 puntuan ezarritakoa.

–Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Erakusketaren eta katalogoaren ekoizpen gastuak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Kide hauek osatuko dute batzordea:

a) Batzordeburua: Museoen Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordekideak: arte plastiko eta ikusizko arteen arloan entzute handia duten hiru pertsona, eta Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat.

c) Idazkaria: Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Hizpidea du baina botorik ez.

6.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea. Onartutako proiektuak jaso eta aztertuko dituzte Ebaluazio Batzordeko kideek, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea. Eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, I. eranskinean adierazi beharko dute, dagokion laukitxoan. Era berean, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak eskatzaileen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea. Ebaluazio Batzordeak puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, Ebaluazio Batzordeak diru-laguntzak banatuko ditu balorazio handiena izan duten proiektuen artean.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

Azkenik, irizpen loteslea emanen du.

6.4. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proiektuaren kalitate artistikoa (60 puntu).

a) Interesa, eta ideia kontzeptualaren eta hura garatzeko proposamen plastikoaren arteko koherentzia (35 puntu).

–Proiektuaren oinarri diren kontzeptuak. Garatu gogo dituen kontzeptuak: berritasuna, gaurkotasuna, sakontasuna, ikuspegi partikularra, berrikuntza.

–Aukeratutako teknikak eta forma plastikoak: kontzeptuekiko egokitzapena, eskakizun teknikoa...

b) Eskatzailearen ibilbidean izandako bilakaera eta aurrerapena (15 puntu).

–Aurkeztutako proiektuaren aurrerapen teknikoa edo/edo kontzeptuzkoa, aurreko proiektuen aldean.

c) Proiektuaren aurkezpena eta formulazioa (10 puntu).

–Azalpenaren egitura, zuzentasuna eta argitasuna, irudiak eta batzordeari proiektua ulertzen eta baloratzen laguntzen dioten beste alderdi batzuk.

2. Curriculum vitae-a (20 puntu).

a) Prestakuntza akademikoa eta teknikoa (10 puntu).

Titulua (3 puntu gehienez):

Goi mailako ikasketak:

Arte Ederrak, 3 puntu.

Antzeko beste lizentziatura batzuk, 1,5 puntu.

Beste lizentziatura batzuk, 0,5 puntu.

Erdi mailako ikasketak:

Zerikusia duen erdi mailako titulazioa, puntu bat.

Bekak (3 puntu gehienez).

Beste merezimendu batzuk (4 puntu gehienez):

Doktoretza, 2 puntu gehienez.

Masterra/D.E.A., 0,5 puntu gehienez.

Zerikusia duen prestakuntza osagarria, 3 puntu gehienez.

b) Ibilbidea eta esperientzia (10 puntu).

Zerikusia duen laneko esperientzia, 2 puntu gehienez.

Erakusketa kolektiboak, 1,5 puntu gehienez.

Banakako erakusketak, 2,5 puntu gehienez.

Sariak / egonaldiak, 2 puntu gehienez.

Bildumetan eta lan publikoetan agertzea, 2 puntu gehienez.

Artista batzuen artean modu kolektiboan egindako proiektu bat aurkezten bada, partaide guztien balorazioa eginen da eta batez bestekoa ezarriko da.

3. Proiektuaren bideragarritasuna (20 puntu).

a) Proiektuak erakutsia izateko dituen bideragarritasuna eta moldagarritasuna (10 puntu).

–Gauzatu eta erakusteko aukerak, arrazoi teknikoengatik.

b) Bideragarritasun ekonomikoa eta aurrekontuaren egokitasuna (10 puntu).

–Proiektua egiteko kalkulatzen den aurrekontu osoa, bertan kontzeptuak eta dagozkien kontu-sail ekonomikoak zehaztuta, proiektuaren alderdi ekonomikoa argi ebaluatzeko aukera emanez.

–Proiektuaren aurrekontuaren eta xedearen arteko proportzionaltasuna, bai eta zehaztapena eta argitasuna ere aurrekontuko kontu-sailen kontzeptuetan.

7.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, deialdi honen II. eranskinean ageri den azalpen txosteneko ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko da; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, 100 puntu gehienez emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez ere 50 puntura iristen ez diren proiektuak. “Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa” ataleko puntuazioaren erdia lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

7.4. Batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eska diezazkie eskatzaileei, bai eta haiek ager daitezela ere.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere sei hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_es/servicios). Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kulturako, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

8.3. Bekak eman direla jakinarazi ondoren, esleipen-hartzaileek gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen dute laguntzarekin ados daudela edo uko egiten diotela adierazteko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean. Epe hori iragan eta adostasuna idatziz adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

8.4. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruzko jakinarazpen guztiak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko dira (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen den proiektuak interes soziala du foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, bai eta sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere, onuradunak baldintza hauek betetzen baditu:

Helbide fiskala Nafarroan izatea, jarduera artistikoak ohikotasunez garatzea eta aurre-aurreko zergaldian negozio zifraren zenbateko garbia 200.000 eurokoa baino handiagoa ez izatea.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeari jarraikiz, jarduera artistikotzat hartuko dira ondoko hauek:

–Bigarren sekzioan sartutakoak (jarduera profesionalak), 86 multzoa, 861 eta 862 taldeak.

–Hirugarren sekzioan sartutakoak (jarduera artistikoak), 01, 02 eta 03 multzoak.

9.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Eta zehazki, diruz laguntzen diren proiektuei dagokienez, hurrengo oinarrian ezarritakoez gain, betebehar hauek bete beharko dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 11.1 oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, alegia, frogagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.

10.2. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den. Proiektua bukatutzat hartzeko, lanak erakusteko moduan egon behar du.

10.3. Laguntza jasotzen duten proiektuak onuradunaren eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan.

10.4. Egindako proiektua Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako datak eta baldintzak betez azaltzea. Erakusketa 2017an eginen da.

10.5. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa deskribatzen duen testu bat ezarri. Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

10.9. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.10. Onuradunak justifikazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako azalpen txostenean jasotakoarekin alderatuta.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Oro har.

Oro har, laguntzak proiektua amaituta ordainduko dira, eskatzaileak proiektua egin izana justifikatu ondoren.

Laguntza ordaintzeko ezinbestekoa izanen da ondoko frogagiriak aurkeztea 2016ko azaroaren 21a baino lehen:

a) Proiektua egin izana frogatzen duen txostena.

b) Gastuen zerrenda, zeinean faktura bakoitzeko enpresa, data, zenbatekoa eta zenbakia agertuko baitira diruz lagundutako kontzeptuen arabera.

c) Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuaren ziurtagiriak. Faktura horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Ez da onartuko ez ordainagiririk, ez aurrekonturik eta ez albaranik. Baldintza horiek betetzen ez dituzten fakturak ez dira kontuan hartuko.

d) Proiektuaren gastuekin lotutako ordainketen bankuko frogagiriak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzaren zati bat jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko da, emandako diru-laguntzaren %75 aurreratuta, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazioa aurkeztuz (bankuko kontuen egoera, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak). Gainerako diru-laguntza proiektua amaituta ordainduko da, Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman eta onuradunak eskatutako frogagiriak aurkeztu ondoren, 11.1 puntuan ezarritakoarekin bat.

11.3. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

11.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Egindako gastutzat hartuko da ordaindu izanaren ziurtagiria daukana. 100 eurotik gorako ordainketa guztiak bankuko transferentziaren edo txartelaren bidez eginen dira. Hartu-agiriak ez dira onartuko.

12. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Diru-laguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

WORD formatuko artxiboa (pantailan bete daiteke).

PDF formatuko artxiboa.

II. ERANSKINA

Proiektua azaltzen duen txostena

PDF formatuko artxiboa.

Iragarkiaren kodea: F1603795