69. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIAN

Akats zuzenketa, udal hilerriko
zerbitzua arautzen duen ordenantzan

Akatsa atzeman baita, eranskina ez zelako argitaratu 128. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 3an, hain zuzen ere “Ordenantza, Udal hilerriko zerbitzua eta hilerriari dagozkion zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena” izeneko iragarkian. Beraz, hura zuzentzeko, hona ematen da agertu ez zen eranskina:

SAN ADRIANGO UDAL HILERRIKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA ETA HILERRIARI DAGOZKION
UDAL ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN
DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarriak eta zioen azalpena

Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen (1995eko 36. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20a) Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Kontuan izanik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, eta aintzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoa.

Kontuan izanik Hilotzen gaineko Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua, hilerriari buruzko udal arauketarik ez dagoenez, beharrezkotzat jotzen da udal hilerriari buruzko ordenantza onestea, erantzunak emateko behar tekniko berrien aurrean, eta eremu honetan aldatu diren behar sozialei heltzeko.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Zerbitzuaren xedea eta edukia.

1.1. San Adriango udalerrian hilerriko udal zerbitzu publikoa arautzea da arau honen xedea.

1.2. Zerbitzuak honako prestazio hauek ditu bere gain: hilerriaren antolaketa, banaketa eta administrazioa, baita haren zainketa, garbiketa eta mantentzea ere, eta orobat zaintzea eskubide eta eginbeharrak, bai erabiltzaileenak bai hilobi edo hobi, nitxo edo bertzelako ehorzketa unitateen gainean edozein eskubide mota dutenenak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 25.2.j) artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Nafarroan hilotzen gaineko osasuna arautzen duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua aplikatuko da ordenantza honetan arautzen ez den orotan. (Bereziki 40. artikulua eta ondokoak).

2. artikulua. Izena: Jabari publikoari egiten zaion ukipena.

2.1. San Adriango udal hilerria katastroko 1. poligonoko 1002. lurzatian dago.

2.2. Udal hilerria kokaturik dagoen lurra Udalaren ondasun publikoa da, eta ehorzketa zerbitzuetarako da; beraz, haren gainean onartzen diren okupazioak edo erabilerak kontzesio administratiboen kalifikazio juridikoa dute, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 3.3, 97. eta ondoko artikuluetan, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan jasota baitago.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, gorpuak, gorpuzkiak eta gorpu hondakinak dira urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 3. artikuluan definitzen direnak, eta hobiak, horma-hilobiak, panteoiak eta kolunbarioak, berriz, 44. eta 45. artikuluetakoak.

4. artikulua. Zuzendaritza, gobernua eta administrazioa.

4.1. San Adriango Udalari dagozkio instalazioaren zuzendaritza, gobernua eta administrazioa, hori guztia ukatu gabe legez dagokion agintari judizial, gobernuko edo osasunekoaren esku hartze administratiboa.

4.2. Aitzineko atalean definitu diren eskumenak honela zehazten dira:

a) Zerbitzuen kudeaketa, administrazioa eta antolaketa.

b) Hilobi, horma-hilobi eta bertze ehorzketa unitateen eraikuntza, halakorik bada, banaketa eta kontzesioa.

c) Hilerriko instalazioak zaindu, garbitu eta egokitzea.

d) Hilerrian jarduketak egiteko edozein motatako lizentziak ematea.

e) Dirua jasotzea ehorzketa unitateen gainean ehorzketa eskubideak emateagatik eta ordenantza honetan arautzen diren era guztietako lizentziak emateagatik, edo bertze edozein arrazoirengatik komenigarri ikusten bada eta Udalbatzak arautzen badu.

f) Hilerriko zaintza eta mantentze zerbitzuak, baita zerbitzu horien funtzionamendu egokirako behar den bertze edozein.

I. TITULUA

Instalazioak eta sailak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Instalazioak eta sailak.

Nafarroako Foru Komunitatean Hilotzen gaineko Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 43. artikuluan xedatuari jarraikiz, udal honek honako hauek izanen ditu, hilerriko zerbitzua egiteko:

–Gorpuzkiak ehorzteko aldea.

–Kolunbarioa, errausketatik heldu diren errautsak dauzkaten kutxatilak gordetzeko.

–Hezurtegi orokorra, gorpu hondakinak ateratzen direneko hondarrak biltzeko.

–Gorputegitako lokala, gutienez ere bi sail izanen dituena, beren artean lotuak, bat behin-behineko gorputegitako eta bertzea jendearendako sarrera librea duena.

6. artikulua. Eremuen banaketa.

6.1. Hilerria eremuka banatu da, eta eremu horietan daude panteoiak, horma-hobiak, hilobiak eta kolunbarioak, bakoitzaren kokagunearen araberako zenbakiekin.

6.2. Hilerria handituz gero ere, banaketak aitzineko puntuan ezarritakoari jarraituko dio.

7. artikulua. Hilerriko erregistro liburua.

San Adriango Udalak hilerriko erregistro liburua izanen du, betiere eguneratua, ordena kronologikoari jarraikiz ondoko jakingarri hauek jasotzeko:

a) Zenduaren eta heriotzaren inguruko datuak: izen-deiturak, IFZ, helbidea, heriotza gertatu zeneko tokia, data eta ordua; orobat jasoko da hilotza I. taldekoa edo II. taldekoa ote den.

b) Familiaz edo izatez zenduari loturiko eskatzailearen datuak: izen-deiturak, IFZ eta helbidea.

c) Ehorzketaren datuak: ehorzketa unitatearen kokalekua eta haren ezaugarriak; ehorzketaren data eta ordua, eta ehorzketa eskubidearen titularraren baimena.

d) Errausketaren datuak, errautsak zer erraustegitatik heldu diren, haren erregistro liburuko datuak bilduko dituena.

e) Gorpuak, gorpu-hondakinak edo gorpuzkiak txikitu, atera eta aldi baterako edo behin betiko lekualdatuz gero, hori ere jasoko da, zer egunetan egin diren, adierazirik zer tokitatik eta zein tokitara.

f) Giza hondarrak izanez gero, giza gorputzaren alderdi anatomikoa jasoko da, baita, norenak ziren, haren izen-deiturak, IFZ, helbidea, eta hil zeneko tokia, data eta ordua.

II. KAPITULUA

Instalazioen erabilera

8. artikulua. Udal instalazioak erabiltzeko arauak.

Udal hau arduratuko da esparruaren barnean ordena ezartzeaz eta errespetu egokia eskatzeaz, arau hauek betearazirik:

1. Debeku da hilerriaren barnean edozein merkataritza motatan eta edozein propaganda motatan aritzea.

2. Erabiltzaileen intimitate eta norberaren irudirako eskubidea zaindu beharrez, hilerriko sail eta instalazioetan ez da argazkirik ateratzen ahalko ezta marrazkirik edo filmik egiten ahalko ere. Hilerriko ikuspegi orokor edo partzialak ateratzeko Udalaren baimen berezia beharko da.

3. Debeku da hilerrian ibilgailuak sartzea, salbu berariaz baimendurik daudenak.

4. Partikularrek egiten dituzten obrek dagozkien lizentzia edo baimenak beharko dituzte.

5. Gauaz espresuki debeku da hala ehorzketak egitea nola hilerriaren esparruan edozein lan mota egitea, non ez diren salbuespenekoak eta behar bezala arrazoituak eta baimenduak.

6. Kontzesiodunek beharko dituzte emandako ehorzketa unitateak zaindu eta mantendu.

7. San Adriango Udalak ez du inolako erantzukizunik bere gain hartuko hirugarrenek ehorzketa unitateetan paratzen diren eraikuntza elementu eta gauzak ebasten edo hausten badituzte, salbu eta indarra duen legeriak aurreikusitako kasuetan.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

9.1. Instalazioak ordenantza honetan ezartzen denaren arabera erabili beharko dituzte udal hilerriko erabiltzaile guztiek.

9.2. Halako enpresa edo profesional batek eraikuntza jarduerarik edo bertzelakorik egiten badu hilerriko instalazioetan ehorzketa eskubideen titularrek eskaturik, bere jardueran aritzeko behar diren baimen administratibo guztiak beharko ditu, batetik, eta ehorzketa unitate guztietan egiten duen obra edo jarduketa bakoitzari dagokion obra edo jarduera lizentzia, bertzetik.

10. artikulua. Erantzukizuna.

Halako enpresa edo profesional batek eraikuntza jarduerarik edo bertzelakorik egiten badu hilerrian ehorzketa eskubideen titularrek eskaturik, haren eta erabiltzaileen ardura izanen dira zerbitzuaren gainerako erabiltzaileei edo bertako ondasun eta instalazioei egiten zaizkien kalte guztiak.

III. KAPITULUA

Ehorzketa unitateak

11. artikulua. Gutieneko ezaugarri teknikoak.

11.1. Hilobiak, horma-hobiak eta panteoi barneko zuloak egiteko materialak iragazgaitzak izanen dira, baina ehorzketa unitate bakoitza eta, oro har, haren sistema, berriz, iragazkorrak; gisa hartara segurtatuko da drainatze egokia eta gasak kalterik ez egiteko maneran hedatzea, eta orobat alderik garaienetik kanporatzea, horma-hobi eta panteoien kasuan.

11.2. Nafarroan hilotzen gaineko osasuna arautzen duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 44. artikuluan xedatutako baldintzak beteko dituzte, gutxienez, ehorzketa unitateek.

11.3. Ehorzketetarako eraikuntzetan sistema aurrefabrikatuak erabiltzen badira, luze-zabalak eta arteko tarteak eraikuntza sistema zehatz bakoitzaren ezaugarri teknikoen araberakoak izanen dira. Sistema horiek Osasun Departamentuaren homologazioa izan beharko dute aitzinetik.

12. artikulua. Hilobiak.

Ehorzketarako lekua handitze aldera, ez da baimenik emanen hilobiak egiteko 2,20 metro luze bider 0,90 metro zabal baino gehiago badira, edo hilotzen gaineko egungo osasun araudia aldatuz gero, horrek zehazten duena baino gehiago badira.

13. artikulua. Panteoiak.

Egungo panteoiak berritu, konpondu edo zaharberritzeko obretan ezin izanen da egungo eraikuntzaren funtsa aldatu.

III. TITULUA

Gorpuak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzeko, hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta titulu honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, indarreko ordenantza fiskalean ezarritako tasak sorrarazita, egoki denean.

15. artikulua. Gorpuak ezin izanen dira ehortzi heriotzatik hogeita lau ordu igaro arte. Hala ere, hurrengo salbuespenak egonen dira:

a) Haren heriotza egiaztatu eta gero, organo eta ehunen emailea bada.

b) Osasunaren aldetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak espedienteari erantsitako dokumentuan xedatzen dituen goiti-beheitiak badira.

16. artikulua. Erregelamenduzko tramiteak bete gabe ehorzteko ekartzen diren gorpuak hilerriko gorputegian egonen dira, tramiteak bete edo epai edo osasun aldetik zerbitzua egitea erabaki arte.

II. KAPITULUA

Ehorzketak

17. artikulua. Ehorzketa egiteko, Udaleko bulegoetan honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ehorzteko eskaera, inprimakiko datuak behar bezala beterik ondoren Erregistroan idazteko.

b) Lurperatzeko lizentzia, errautsen ehorzketa izan ezean.

18. artikulua. Hilerriaren zerbitzuko langileei egokituko zaie hilotzak hileta autoetatik ateratzea, hilobietara edo gorputegira eramateko.

19. artikulua. Inolaz ere ez dira onartuko gorpuen bilgarriak, baldin gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

20. artikulua. Ehorzketa guztietan hilobiko zuloak hermetikoki itxiko dira, jarioak eta isuri likidoak eragozteko.

21. artikulua. Ehorzketak Udalak baimendu edo alta emandako lurreko hilobietan, panteoietan, horma-hobietan edo kolunbarioetan eginen dira.

Kontzesio pribatuko panteoiak kontzesio hartzailearen bizkar ireki, holtzez zatitu eta itxiko dira; hilerriaren zerbitzuko langileen lana bere lekuan sartzea izanen da.

22. artikulua. Gorpu-hondakinak dituzten horma-hobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek bildu beharko dira, eskubidearen titularrak edo horrek eskuordetutako pertsonak horretarako abisua eman ondoren.

23. artikulua. Panteoi, horma-hobi edo kolunbario bakoitzaren ondoz ondoko ehorzketen kopurua edukierak baino ez du mugatuko, salbu ehorzketa eskubidearen titularrak ehortzi beharreko gorpuen kopurua edo zerrenda aldaezina nahita eta berariaz mugatzen badu. Horretarako, hori adierazi beharko da erregistroko hilobien atalean.

III. KAPITULUA

Hobitik ateratzea, berrehorztea eta lekualdatzea

24. artikulua. Orokorrean, hobiratu zenetik bost urte iragaten ez bada ez da hilotzik ateratzerik izanen. Osasun Departamentuak, salbuespeneko kasuetan, baimentzen ahal du hilotzak hilobitik ateratzea, eta, inguruabarrak kontuak hartuz, erabakiko du zein diren horretarako higiene eta osasun neurri egokiak.

25. artikulua. Gorpu-hondakinak hobitik ateratzeko ez da osasun baimenik beharko, salbu erregelamenduz aurreikusitako kasuetan.

26. artikulua. 1. Panteoiak konpontzeko obra partikularrak egiteko gorpuak edo gorpu-hondakinak lekualdatzea baimentzen denean eta hobitik ateratzen ahal diren guztietan, aldi baterako horma-hobietan gordeko dira, ordenantza fiskalean ezarritako tasak ordaindu eta gero, egoki denean. Obrak amaitzen direnean, jatorrizko hilobietara lekualdatuko dira.

Udalak egin beharreko obra orokorrak egitearen ondorioz lekualdatu behar direnean, eskubidearen titularrari aldez aurretik abisua emanda, berrehorzketa aldi baterako horma-hobietan eginen da behin-behinean edo antzeko kategoria eta baldintzak dituzten hilobietan behin betiko. Halakorik bada, ehorzketa eskubidea hilobi berriari esleituko zaio.

Aitzineko jarduerek ez dute aldatuko kontzesioaren hasierako epea.

27. artikulua. Hobitik ateratzeak hilerriaren administraritzak adierazten duen ordutegian eginen dira eta esparruan ahalik eta pertsonarik gutxien daudenean egin daitezela saiatuko da.

IV. TITULUA

Hilobien kontzesioa

28. artikulua. Kontzesio egintzaren bidez sortuko da horma-hobien, kolunbarioen, lurreko hilobien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea. Horretarako, ordaindu beharko da testu honen I. eranskinean ezartzen den tasa edo, erabiltzen den prozedura enkantea delarik, esleipena hartzen duen proposamenaren balio ekonomikoak zehazten duena.

29. artikulua. Kontzesioa administrazio agirian gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, esleipen eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea izanen dute.

30. artikulua. Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioa tramitatutako prozeduran behin betiko esleituz emanen da, eta publizitate eta lehia printzipioei jarraituko die.

Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak enkantean jartzeari buruzko iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Herriko Etxeko eta hilerriko ediktu oholetan eta tokiko bi egunkaritan argitaratuko da gutxienez. Udalak esleipena arautuko duen baldintza agiria jarriko du partikularren eskura.

V. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

31. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Harria, marmola, metalak edo bestelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana hautatzen diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura igarobidea eragozten ez duten lekuetan utziko dira.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira Aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den beste edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak beteko dira, eta obrak eskatu eta egiten dituztenek obrak egitearen ondorioz sor daitezkeen kalteak beren gain hartuko dituztela ulertuko da.

e) Hilerriaren esparruan ibilgailuak erabiltzeari buruz dauden arauak errespetatuko dira eta ezin izanen da hilerriko ibilgailurik edo tresnarik erabili, berariazko baimenik gabe.

f) Obra bururatuta, tokia garbitu beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak; baldintza hori bete ezean, ez zaio alta emanen hilobiari.

g) Zerbitzua hobeki ibili beharrez hilerriaren administratzaileak kasu bakoitzean xedatzen dituenak.

32. artikulua. Norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea eskubideen titularren kontura eginen dira.

33. artikulua. Hilerriko zerbitzuko langileen eta baliabideen bidez hilobiak irekitzeko eta ixteko lanak egin ezin direnean, enpresaburu partikularren laguntzaz eginen da, eta sortutako gastu gehigarriak hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularraren konturakoak izanen dira.

Nahi izanez gero, eskubideen titularrek beren gain hartzen ahalko dute horma-hobietatik hilarriak kentzea, gorpuak eta gorpu-hondakinak ehorzteko edo hobitik ateratzeko. Hilarria gordetzeko interesik nahi ez badute, hilerriko zerbitzuari eskatzen ahalko diote, horma-hobia irekitzean, hilarria kentzeko; hala ere, ez dute eskubiderik izanen sortzen ahal diren kalteengatik kalte-ordaina jasotzeko.

34. artikulua. Hilarrietako hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen idazkunen erantzukizuna titularrarena izanen da.

35. artikulua. Hilerrian ez zaio inori utziko landaketa partikularrik egiten, arbolen, zuhaixken eta belarraren landaketa udal langileek eginen baitute.

Lurreko hilobietan ere inori ez zaio utziko bertze deusik uzten, non ez den hilarriarendako hormigoizko oinarria.

36. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek zaindu eta garbituko dituzte hilobiak.

Hilobia garbitu ondoren, lore arrastoak eta bestelako objektu erabiltezinak ondorio horretarako hautatutako lekuetan utzi beharko dira.

37. artikulua. 1. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, hilerriaren administraritzaren baimenik gabe.

2. Hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan, objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

II. KAPITULUA

Hilobiak eraikitzeko obrak

38. artikulua. Emandako lurzatien gainean panteoiak eraikitzeko obrak baimentzeko eta gauzatzeko, hurrengo artikuluetan adierazten diren arauei eta eraikinak hilerriaren hirigintza eta funtzio beharrizanetara egokitzeko ezartzen ahal diren baldintza bereziei helduko zaie.

39. artikulua. 1. Lurzati baten kontzesio hartzaileak honako hauek egin beharko ditu:

a) Eraikuntza proiektu osoa aurkeztu hiru hilabeteko epean, kontzesioari buruzko jakinarazpena jasotzen denetik aurrera zenbatuta, eta obra lizentzia eskatu.

b) Udal teknikariek adierazten dituzten proiektuaren hutsuneak zuzendu, hori egiteko eskatzen zaienetik hilabeteko epean.

c) Udal lizentziak ezarritako epean eraikuntza obrak abiarazi, eta horiek amaitu urtebeteko epean, lizentzia ematen denetik aurrera zenbatuta.

2. Salbuespen gisa epe horiek luzatzen ahalko dira nahitaezko denborarako, obren motak, garrantziak edo kalitateak justifikatzen badu, udal teknikariak egindako txostena ikusita.

3. Aitzineko ataletan kontzesio hartzaileari ezarritako betebeharretatik edozein betetzen ez bada hori justifikatzen duen arrazoirik gabe, kontzesioa eskubide osoz suntsituko da. Hala denean, egindako lana galdu eta utzitako bermea konfiskatuko da, esleitutako lurzatia jaberik gabe geldituko dela. Gainera, elementu erabiltezinak kontzesioaren kontura eraitsiko dira. Gainera, elementu erabiltezinak kontzesio hartzailearen kontura eraitsiko dira.

40. artikulua. Ezin izanen da hilobi partikularrik eraikitzen hasi, lurzatia zuinkatu eta mugatu baino lehen eta lizentzia eman eta hori emateak eragindako tasak ordaindu direla justifikatu arte.

Lurzatia finkatzeko eta, hala denean, inausteko gastuak kontzesio hartzailearen konturakoak izanen dira. 41. artikulua. Eraikin partikularrek ez dute izanen esleitutako lurzatiaren muga gainditzen duen teilatu-hegalik, ezta erlaitzik ere.

42. artikulua. Hilobi partikularra eraikitzeko eskabidearekin batera, teknikari eskudunak sinatzen duen eta oniritzia duen proiektua aurkeztuko da. Proiektu horretan eraikina osatzen duten solairuak, fatxada eta hori ulertzeko behar diren atalak adieraziko dira.

43. artikulua. Kontzesio hartzaileak aditzera eman beharko du obrak bururatu direla, eta aldaketaren bat izan bada haren berri eman. Nahitaezko txosten teknikoa ikusita, interesdunari eskatzen ahalko zaio hori zuzentzeko, planoen arabera, edo obra legeztatzeko, hari dagozkion tasak ordainduz. Baimenduarekin bat heldu den eraikuntza partikularreko obra bururaitu edo legeztatu ondoan, ehorzketak egiteko alta emanen zaio panteoiari.

44. artikulua. Gauzatzeko epea iragaten bada obrak bururatu gabe, egindako obrak aztertu eta egiaztatuko dira ofizioz eta, atzerapena justifikatuta ez badago, lizentzia iraungi dela erabakiko da.

Konpontzeko, zaintzeko eta apaintzeko obrak

45. artikulua. Hilobia berreraikitzeko, zaharberritzeko edo zaintzeko obrak egiten badira eskubideen titularren kontura, obra lizentzia beharko da, haren atalen egitura ukitzen badute. Era berean, haien baimena, exekuzioa eta ikuskapena kapitulu honen 1. atalean ezarritakoari lotuko zaizkio, gauzatzeko epeari dagokiona izan ezik; izan ere, sei hilekoa izanen da eta, interesdunak eskatuz gero, bertze hiru hilez luzatzen ahalko da, udal teknikariak egindako txostenaren arabera obren garrantziak justifikatzen badu.

46. artikulua. Proiektuko obrek hilobiaren mugak handitzea dakartenean, ez da lizentzia eskaerarik tramitatuko, hilerriaren administratzailearen aldez aurreko txostena ikusita kontzesioa aldatzea erabaki ez bada aurretik. Txosten horretan aldaketak ehorzketa eskubideen bertze titular batzuei eta hilobia duen hilerriaren zatiaren estetikari eta funtzionaltasunari ekar diezazkiekeen kalteak baloratuko dira. Aldaketak ez du kanbiatuko kontzesioaren hasierako epea.

Kontzesioaren aldaketa onesten duen udal erabakiaz gain, beharrezkoa izanen da okupazio handiagoak eragindako tasak ordaintzea obra lizentzia tramitatzeko. Tasa horiek kalkulatzeko, lurzatiak enkantean emateko azken esleipenaren banaz-bertzeko prezioa hartuko da oinarri.

47. artikulua. Garrantzi txikikoak izateagatik teknikari eskudunak sinatutako proiekturik behar ez duten konpontzeko, zulatzeko edo hilobiak pilastrez, barrez eta harlauzez ixteko obrak eta hilarriak, estatuak, gurutzeak eta apaintzeko ohiko bertzelako ikurrak edo objektuak paratzeko obrak lizentzia laburtuaren bidez baimenduko dira, beharrezkoa bada.

48. artikulua. Baimendutako obrak ezin izanen dira abiarazi, hilerriko bulegoetan lizentzia bera eta lizentzia emateagatiko tasak udal gordailuzaintzan ordaindu direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu arte.

UDAL HILERRIKO ZERBITZUEN TASAK

Zergapeko egintza

1. artikulua. Zergapeko egintza hilerrian zerbitzuak ematea da, bai panteoiak, hilobiak edo nitxoak esleitzeari dagokionez bai hilerrian haiekin batera egiten diren gainerako zerbitzuak egiteari dagokionez.

Subjektu pasiboak

2. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

Zerga-oinarria

3. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen eranskinean agertzen da.

Tarifak

4. artikulua. Aplikatuko diren tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira. Udalak eguneratzen ahalko ditu.

Sortzapena

5. artikulua. Ordenantza honen 3. artikuluan aipatzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen den unean eginen da sorrarazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza hau aldatzeko, onespenerako jarraitu diren tramite berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

TARIFEN ERANSKINA

–Horma-hobiaren kontzesioa 25 urterako, gehienez ere beste 25 urterako luzatzen ahal dena: 800,00 euro.

–Hilobiaren kontzesioa 90 urterako: 1.000,00 euro.

–Panteoiaren kontzesioa 90 urterako: 3.000,00 euro.

San Adrianen, 2016ko apirilaren 4an.–Alkatea, Emilio Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: L1603879