68. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Etxebizitzen eraikinetan balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2016ko urtarrilaren 28an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Barañaingo etxebizitzen eraikinetan balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, onespen horren iragarkia 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean, bai eta Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da eranskinean, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2016ko martxoaren 29an.–Alkate udalburua, Oihane Indakoetxea Barbería.

ETXEBIZITZEN ERAIKINETAN BALKOIAK ETA TERRAZAK IXTEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Ordenantza honek helburu du balkoien eta terrazen itxiera erregulatzea hirigintzaren aldetik finkaturik dauden Barañaingo etxebizitzen eraikinetan.

Barañaingo hirigintza 1991ko martxoaren 18an behin betiko onetsitako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bidez dago arauturik.

Aintzat harturik balkoiak eta terrazak ixteak ekartzen duela etxebizitzari eranstea azalera erabilgarri moduan konputatuta ez dagoen azalera bat (guztiz ez, behintzat), eta hortaz, higiezinaren eraikuntza aprobetxamendua handitzen dela, Udalak irizpide izan du halako itxierak ez baimentzea, planteamendu horretan ez baitziren aurreikusten.

Jarduketa horiek kontuan hartzeko asmoz, Hirigintzako Batzordeak erabaki zuen horiek arautzeko ordenantza bat sustatzea, aurreikuspen faltari aurre egiteko, iritzi baita errealitate horri heldu behar zitzaiola.

Kontuan hartu behar da balkoiak eta terrazak ixteak ez dakarrela hirigintzako aprobetxamendua modu aipagarrian handitzea, eta, baimentzen ez denez balkoi edo terraza itxi hori etxebizitzako gainerako gelei eranstea, ez dela gela horien azalera handitzen, ezta etxebizitzaren banaketa aldatzen ere.

Orain arte aipatutakoaz gainera, ez da ahaztu behar etxebizitzaren eraginkortasun energetikoa hobetu nahi izatea izan daitekeela balkoiak eta terrazak ixtearen xedea. Energiaren aldetik eraginkorrak diren etxebizitzen diseinuan jarduera ohikoa da espazio kristaldunak (galeriak edo behatokiak) sortzea gelen aurretik, bide ematen dutenak Eguzkiko erradiazioaren beroa biltzeko edo hotzaren kontrako babesgunea sortzeko, orientazioa zein den.

Horrenbestez, hainbat administraziotan etxebizitzen eraginkortasun energetikoa sustatzen ari bada (baita diruz laguntzen ere eraikinen ingurukari termikoa guztiz eraberritzeko edo berokuntza eta etxeko ur beroa sortzen duten elementuak ordezteko), zentzugabea litzateke Udalak helburu horretan laguntzen duen jarduketa bat galaraztea, batez ere horren aldekoa izanik exekuzio kostuaren eta lortutako hobekuntzaren arteko harremana.

1. artikulua. Helburua.

Ordenantza honek helburu du balkoien eta terrazen itxiera arautzea Barañainen.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 64. artikuluko 1. puntuaren babesean egiten da (Eraikuntzari eta urbanizazioari buruzko udal ordenantzak), bertan ezartzen baita udalerriek zilegi dutela hirigintzako ordenantzak onestea, helburua bada, besteak beste, eraikuntzetako alderdi morfologikoak eta apaingarriak eta eraikitzeko obren baldintzak arautzea.

2. artikulua. Eremua.

Hiri lurzoruan bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan baimenduko da balkoiak eta terrazak ixtea.

Jarduketa hauek joko dira egingarritzat:

–Balkoiak ixtea, balkoitzat hartuta fatxadaren planotik irteten den elementua, bere sakonera ez bada 100 cm-tik gorakoa, kontuan hartu gabe zer karel mota edo itxitura duen.

–Fatxada sartuak ixtea, fatxada sartutzat hartuta kanpora irekita egonik fatxadaren planoaren barrenaldera dagoen eraikuntzaren partea.

–Terraza ixtea, terrazatzat hartuta fatxadaren planotik irteten den elementua, bere sakonera 100 cm-koa edo handik gorakoa bada, kontuan hartu gabe zer karel mota edo itxitura duen.

–Atikoko terraza ixtea, atikoko terrazatzat hartuta eraikuntza bateko estalki lauaz osatutakoa, gutxienez etxebizitza batetik sarbidea duena, kontuan hartu gabe espazio horren jabetzari edo erabilerari buruzko beste puntu batzuk.

–Beheko solairuaren gaineko terraza ixtea, beheko solairuaren gaineko terrazatzat hartuta beheko solairuko forjatuaren gainean osatutakoa, gutxienez etxebizitza batetik sarbidea duena, kontuan hartu gabe espazio horren jabetzari edo erabilerari buruzko beste puntu batzuk.

Ordenantza honetatik kanpo uzten dira babes ekonomikoaren araubideren bati lotutako etxebizitzak (hala nola, babes ofizialekoak, prezio tasatukoak eta abar), non ez dauden sailkapen horretatik kanpo, etxebizitzaren arloko araudian ezarritakoarekin bat.

Ez da baimentzen itxitako espazioak etxebizitzari eranstea.

3. artikulua. Balkoiak eta terrazak ixteko baldintzak.

Oro har, honako baldintza hauek bete beharko dira balkoiak eta terrazak ixteko:

–Jabeen elkartearen berariazko baimena eduki beharko da, aplikatu beharreko araudiak ezartzen duen moduan.

–Balkoiak eta/edo terrazak ixteko edozein jarduketak kasuan kasuko obra lizentzia eskuratu beharko du.

4. artikulua. Jabeen elkartearen baimenaren ezaugarriak.

Balkoiak edo terrazak ixteko edozein jarduketak jabeen elkartearen berariazko baimena eduki beharko du, aplikatu beharreko araudiak ezartzen duen moduan.

Honako hauek dira baimenaren ezaugarriak:

–Jabeen elkartea identifikatzeko datuak (izena eta IFZ), horren ordezkariarenak (izena, NANa eta kargua) eta eskatzailearenak (izena eta NANa) jaso behar dira.

–Berariaz jaso behar da zer etxebizitzatarako eskatzen den jarduketa. Terraza eta/edo balkoi bat baino gehiago izanez gero, zehaztu behar da zer elementutan jarduten den.

–Berariaz jaso behar da eragozpenik ez dagoela jabeen elkartearen partetik balkoia eta/edo terraza ixteko, indarra duen udal ordenantzarekin bat.

5. artikulua. Obra lizentziaren eskaera.

Balkoiak eta/edo terrazak ixteko jarduketa guztietan, kasuan kasuko obra lizentzia eskuratu behar da aldez aurretik.

Obra lizentzia eskuratzeko, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da, behar bezala betetako obra lizentziaren eskaerarekin batera:

–Jabeen elkartearen baimena, ordenantza honen 5. artikuluan zehaztutakoarekin bat, aplikatu beharreko araudian ezartzen den moduan.

–Jarduketa zer etxebizitzatan egin gogo den, horren oraingo oinplanoak, jarduketaren elementuaren edo elementuen azalerak eta kotak eta etxebizitzaren azalera erabilgarri osoa dakartzatenak.

–Jarduketaren elementua zer eraikinetan dagoen, horren oraingo altxaera osoaren planoa.

–Itxi gogo den elementuaren oraingo egoeraren argazkiak, baita bere altxaera osoarenak ere.

–Jarduketa zer etxebizitzatan egin gogo den, horren oinplanoak obrak egin ondoren, itxitako elementuaren edo elementuen azalerak eta kotak eta etxebizitzaren azalera erabilgarri oso berria dakartzatenak.

–Itxitako elementua zer eraikinetan dagoen, horren altxaeraren planoa obrak egin ondoren.

–Egin beharreko jarduketaren aurrekontu xehakatua.

Dokumentazioa aurkeztu ondoren, eta obra lizentzia eman baino lehen, Udalaren zerbitzu teknikoek ikuskapeneko bisita bat eginen dute, egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioan zehaztutakoak bat egiten duela errealitatearekin.

6. artikulua. Lanen bukaera-data.

Lanak bukatu ondoren, obraren azken dokumentazioa aurkeztu beharko da, obra lizentzian bertan zehazten dena, eta gutxienez honako hauek osatuko dute:

–Jarduketa zer etxebizitzatan egin den, horren benetako oinplanoak, itxitako elementuaren edo elementuen benetako azalerak eta kotak eta etxebizitzaren azalera erabilgarri oso berria dakartzatenak.

–Itxitako elementua zer eraikinetan dagoen, horren benetako altxaeraren planoa.

–Itxi d(ir)en elementu(ar)en egoera aldatuaren argazkiak, baita bere altxaera osoarenak ere.

–Egin den jarduketaren benetako aurrekontua.

Dokumentazio horrekin, eta Udalaren zerbitzu teknikoek kasuan kasuko ikuskapen bisita egin ondoan, bukatutzat joko da espedientea, eta katastroan beharrezko aldaketak eginen dira, jarduketaren ondoren etxebizitzak duen egoera berria jasotzeko.

7. artikulua. Itxituren baldintzak.

Balkoiak eta/edo terrazak ixteko jarduketa guztiek, oro har, ondoko baldintzak bete behar dituzte:

–Itxitura arina izanen da, eta alde kristalduna nagusituko zaio alde kristalgabeari. Arras debekaturik daude fabrikako itxiturak.

–Erabiltzen diren materialek fatxadan lehendik dauden kolore eta forma antzekoak izanen dituzte.

Eraikinean arotz-lan batzuk egin badira eta horiek jatorrizko ezaugarrietatik aldendu badira, jatorrizkoei lotuko zaie, eta hala adierazi beharko da jabeen elkartearen baimenean.

–Ez da baimentzen itxitako espazioak etxebizitzari eranstea.

–Barañainen, zenbait eraikinek ezkutatzen diren eskailerak dituzte balkoi eta terrazetan, suterik bada hustubidea errazagoa izan dadin. Salbuespeneko eta ezohiko sistema bat bada ere, eta halako elementuak dituzten eraikinetan hobekuntzak eta jarduketak egin badira ere suteen kontrako babes arloan (hustubideko elementu hori erabili behar ez izateko, argi eta garbi, esan behar baita gutxienez erabiltzen zaila dela), balkoiak eta terrazak ixteko jarduketek ezin izanen dituzte eskailera horietako tranpa-oholak trabatu.

Balkoien kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:

–Itxitura ezin da harlauzatik edo haren egiturazko elementutik irten.

–Itxitura erabat kristaleztatua izan daiteke, edo behealde itsua izan, baina, kasuak kasu, fatxada bereko balkoi guztiek modu berean itxi behar dira.

–Fabrikako karelen bat egonez gero, mantendu beharko da, eta itxitura horren gainean kokatu.

–Itxitura baranda bat bada, berriz, zilegi izanen da hura kentzea edo itxitura barnealdean kokatzea, baranda errespetatuz.

Edonola ere, soluzioa uniformea izanen da altxaera osoan.

Terraza sartuen kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:

–Itxiturak bat eginen du oraingo fatxadaren planoarekin.

–Itxitura erabat kristaleztatua izan daiteke, edo behealde itsua izan, baina, kasuak kasu, fatxada bereko terraza sartu guztiek modu berean itxi behar dira.

–Fabrikako karelen bat egonez gero, mantendu beharko da, eta itxitura horren gainean kokatu (halakoetan, guztiz kristaleztatua egonen da).

–Itxitura baranda bat bada, berriz, zilegi izanen da hura kentzea edo itxitura barnealdean kokatzea, baranda errespetatuz.

Edonola ere, soluzioa uniformea izanen da altxaera osoan.

Terrazen kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:

–Itxitura ezin da harlauzatik edo haren egiturazko elementutik irten.

–Itxitura erabat kristaleztatua izan daiteke, edo behealde itsua izan, baina, kasuak kasu, fatxada bereko terraza guztiek modu berean itxi behar dira.

–Fabrikako karelen bat egonez gero, mantendu beharko da, eta itxitura horren gainean kokatu.

–Itxitura baranda bat bada, berriz, zilegi izanen da hura kentzea edo itxitura barnealdean kokatzea, baranda errespetatuz.

Edonola ere, soluzioa uniformea izanen da altxaera osoan.

–Terraza zati batean ixten ahal da, dela luzeraren zati bat hartuz posible den zabaleraren mugaraino, dela luzeraren zati bat hartuz posible den zabaleraren mugaraino iritsi gabe, dela luzera osoa hartuz posible den zabaleraren mugaraino iritsi gabe.

Kasu guztietan, terrazen itxitura uniformea izanen da altxaera osoan.

Atikoen kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:

–Itxitura gutxienez 150 cm eramanen da atzera egungo edozein fatxadaren planoari dagokionez. Atzera eramate horren arrazoia da gehiegizko agerpena saihestea eremu publikotik, bolumetria funtsean aldatuko lukeena.

–Itxitura gutxienez 300 cm eramanen da atzera beste jabeen baoekin edo terrazekin dagoen edozein banaketari dagokionez.

–Itxitura erabat kristaleztatua izan daiteke, edo behealde itsua izan, baina, kasuak kasu, eraikin bereko atikoko terraza guztiek modu berean itxi behar dira.

–Atikoko terraza ixteko eskatzen duenaren ardura izanen da eraikineko estalkiko ura behar bezala biltzea, eta bere gain hartuko ditu itxitura elementuak paratzeak irazgaiztean sortzen ahal dituen kalte guztiak.

–Ixteko eta batez ere estalkian erabilitako materialak bermatu behar du hurbileko etxebizitzen konfort akustikoak ez duela okerrera eginen (esate baterako, metalezko panel bat itxiturako estalkian paratzeak eragozpenak sor ditzake euriak horren gainean jotzean sortzen den zaratagatik).

Beheko solairuetako terrazen kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:

–Itxitura gutxienez 250 cm eramanen da atzera egungo edozein fatxadaren planoari dagokionez. Arrazoia da gehiegizko agerpena saihestea eremu publikotik, bolumetria funtsean aldatuko lukeena.

–Itxitura gutxienez 300 cm eramanen da atzera beste jabeen baoekin edo terrazekin dagoen edozein banaketari dagokionez.

–Itxitura erabat kristaleztatua izan daiteke, edo behealde itsua izan, baina, kasuak kasu, eraikin bereko beheko solairuko terraza guztiek modu berean itxi behar dira.

–Beheko solairuko terraza ixteko eskatzen duenaren ardura izanen da eraikineko estalkiko ura behar bezala biltzea, eta bere gain hartuko ditu itxitura elementuak paratzeak irazgaiztean sortzen ahal dituen kalte guztiak.

–Ixteko eta batez ere estalkian erabilitako materialak bermatu behar du hurbileko etxebizitzen konfort akustikoak ez duela okerrera eginen (esate baterako, metalezko panel bat itxiturako estalkian paratzeak eragozpenak sor ditzake euriak horren gainean jotzean sortzen den zaratagatik).

8. artikulua. Lehenago egindako itxiturak legeztatzea.

Lehenago egindako edozein itxitura legeztatzen ahal da, dela jabearen ekimenez, dela Udalaren ekimenez, baldin eta ordenantza honetan ezarritakoa betetzen bada, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean horri buruz xedatutakoarekin bat.

Horretarako, 6. artikuluko dokumentazioa aurkeztu behar da, etxebizitzaren jatorrizko egoeraren oinplanoarekin eta lehenago egindako itxitura legeztatzeko dela dioen eskaera batekin batera.

Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat egiten ez duten itxituren kasuan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean halako kasuetarako xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua. Eraikina ordeztea.

Balkoiak eta/edo terrazak ixtearekin lortutako azalerak ezin dira eskubide edo azalera finkatu gisa konputatu eraikina ordezten bada. Halakoetan, eraikinaren jatorrizko lizentziaren ondoriozkoak izanen dira eskubide edo azalera finkatuak.

Iragarkiaren kodea: L1603715