67. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23/2016 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena, 2016an gazteentzako programak egiteko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikitako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua da eskumen hauek bere gain dituen erakunde autonomoa: gazteria, gazteentzako zerbitzuak eta jarduerak betetzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloan, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dizkieten beste arloetan ere.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 7.2) artikuluan, toki entitateen eskumenei buruzkoan, ezartzen denez, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak eskumena du, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko xedez, laguntza eta aholkuak emateko Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko tokiko politikak sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: gazteriaren arloko tokiko planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloan, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuetan ere.

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriaren Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du foru agindu berri bat onestea toki entitateei 2016an eman beharreko diru-laguntzen araubidea ezartzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatzea.

Deialdi honen xedea toki entitate horiei laguntzea da, Nafarroako gazteek bizitza sozialean parte-hartze aktibo hobea izan dezaten entitate horiek gazteentzat 2016ko deialdiak hartzen duen epean gauzatzen dituzten programek eragindako gastuak zati batean finantzatuz.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, non garrantzia ematen baitzaio toki entitateei laguntza emateari, herriko gazteek errazago parte har dezaten gizartean, gazteentzako programen bidez.

Hortaz, bidezko da foru agindu bat onestea, gazteentzako programak egiten dituzten toki entitateentzako diru-laguntzen araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdiaren oinarriak onestea, gazteentzako programen garapenerako. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 200.000,00 (berrehun mila) euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorretan “Toki entittateek gazteentzako programak egiteko diru-laguntzak” izeneko A50003-A5220-4819-232103 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskin eta inprimakiak www.juventud.navarra.es web-orrian eskuratzen ahalko dira.

Iruñean, 2016ko martxoaren 16an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei gazteria arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien diru-laguntzen araubidea ezartzea. Diru-laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: Nafarroako tokiko entitateei laguntza emanen zaie gazteentzako neurriak gauzatzeko, gazteen garapen pertsonala helburu, eta udalerrian gazteen parte-hartzea sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

Arau orokor gisa, deialdi honetan diru-laguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek.

2.–Helburua.

Diru-laguntza erabiliko da Nafarroako gazteek, hamalau urtetik hogeita hamar urtera bitartekoek, bizitza sozialean duten parte-hartze aktiboa hobetzeko helburua duten proiektuak gauzatzeak sortutako defizita zati batean ordaintzeko. Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikulua betez.

Proiektuak 2016ko urtarrilaren 1etik urriaren 15a bitarte gauzatu beharko dira.

3. Aurrekontuko kreditua.

Deialdi honetarako aurrekontua 200.000,00 eurokoa da osotara, Nafarroako 2016ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateek gazteentzako programak egiteko diru-laguntzak” izeneko A50003-A5220-4819-232103 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

4.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.

–Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea.

5.–Diru-laguntzaren xedea izanen dira honakoetan zuzeneko ekintzak aurreikusten dituzten programak:

A) Herrian bertan egindako ekintzak, gazteei zuzenduak eta haien inplikazioa eta erantzukizuna sustatzen dituztenak, hala nola:

1. Gazteei, ikuspegi integral batetik, bizitza sozialean parte-hartze aktiboa izateko bitartekoak eta tresnak ematen dizkieten ekintzak.

2. Gazteen bizi-ibilbidea hobetzen duten ekintzak, haien beharrak aintzat hartuta.

3. Belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituzten ekintzak, gazteen eta zaharragoen arteko interakzioa errazteko, tradizioa eta teknologia berriak uztartuz.

4. Gazteek prestakuntza eta enplegua izan ditzaten laguntzen duten ekintzak.

5. Osasun-hezkuntzako ekintzak.

6. Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten jarduketak.

7. Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko jarduketak.

8. Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten ekintzak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

9. Gazteen artea sustatzen duten ekintzak. Gazteengan arte zaletasuna sustatu eta gazte talentudunei bultzada ematen dieten jarduerak dira. Ildo horretan, diru-laguntza eskatzen ahalko da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren “Nafarroako artista gazteen topaketak” programako azken bi urteetako norbanako eta talde irabazleak protagonista dituzten ikuskizunak kontratatzeko.

10. Toki entitateak gazteen garapena eta udalerrian duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen ahal dituen beste jarduera batzuk.

B) Aisialdiko eta denbora libreko jarduerak, hezkuntza ez formalaren eremuan egindakoak, hala nola:

1. Aisialdiko eta jostetako jarduerak. Aisia eta jostetako jardueratzat hartuko dira lokaletan nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo hezkuntza ez formala helburu dutenak, betiere deialdiaren 7. oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

2. Mugikortasuneko jarduerak. Herritik kanpora egiten diren irteeretan, hala nola, kanpalekuak, aterpetxeetara joatea, txangoak.

3. Toki entitateak gazteen garapena eta udalerrian duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen ahal dituen beste jarduera batzuk.

6.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

6.1. Deialdi honetan diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira jarduerak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Toki entitateko gazteriaren arloko teknikarien soldatak eta gizarte segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz laguntzen ahal diren jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, gaua kanpoan ematea barne hartzen duten mugikortasuneko jardueretan.

–Diru-laguntzaren xedeko jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Gazteentzako programetan jasotako jarduerak antolatu eta garatzeko profesionalak kontratatzetik etorritako gastuak.

–Jarduerarekin zerikusia duten argitalpen edota material didaktikoak, gazteei zuzenduak, argitaratzeko gastuak.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio.

6.2. Diruz lagungarriak diren gastuetarako gehieneko muga hauek ezarri dira:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista-maila).

b) Herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 28 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

7.–Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren esparrua eta gastuak.

Deialdiaren atal honetatik kanpo geratzen dira:

a) Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xede edo edukiak dituztenak.

b) Kirol kluben jarduerak.

c) Inauteriak, dantzaldiak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, gazteria festak, desfileak eta unean uneko beste festa batzuk, gazteentzako berariazko proiektu batean garbi egokitzen ez direnak.

d) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren aurretiazko baimenik izan gabe 14 urtetik beherako haurrentzat antolatzen diren programa edota jarduerak.

e) Toki entitateen diru-laguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

f) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen eskumeneko gaiei buruzko programak, diruz lagunduak badira.

g) Gazteentzako azpiegituren kudeaketa, funtzionamendu edota mantentze gastuak.

h) Gazteentzako informazio zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendu gastuak.

i) Material inbentariagarria erostea.

j) Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelako gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

k) Eta jarduerarekin zuzeneko loturarik ez duten beste gastu batzuk.

8.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

8.1. Diru-laguntza jasotzeko eskabidea eta dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Emilio Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetatik edozeinen bitartez.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.2. Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, diru-laguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio telefax, telex edo telegrama bidez proposamena igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, eta eskaera hura aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada, dokumentazioa ez da onartuko. Halaber, epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

8.3. Hala ere, agirien aurkezpenean akatsik atzemanez gero, beste 5 egun balioduneko epea irekiko da akats horiek zuzentzeko eta, halaber, ohartaraziko da, entitateak hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

Toki entitateak emandako posta elektronikoaren helbidera komunikazio elektronikoa igorriz eginen da errekerimendua, eskaera honetan ezarritako dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko.

8.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

9.–Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

Gazteentzako programak garatzeko diru-laguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

9.1. Diru-laguntzarako eskaerak, alkateak edo toki entitateko buruak sinatuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskabide orokorraren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emanen dituen eta/edo www.juventud.navarra.es web-orrian eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko diren ereduak erabiliz (II. eranskina).

9.2. Eskaerarekin batera, alkateak edo toki entitateko buruak eta idazkariak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, III. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa (eredua eskura daiteke Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren bulegoetan, http://www.juventud.navarra.es webgunean, eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan). Ziurtagiri horretan, toki entitatearen gaineko honako alderdi hauek frogatu beharko dira:

a) Toki entitatea diru-laguntzen onuradun izateko debekurik ez urratzea. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

b) 22. oinarrian ezarritakoa gertatu ezean, entitate onuradunak ez duela gardentasunaren gaineko betebeharrik, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzen duen unitateari egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko esleitu zaizkion ahalmenak.

9.3. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek, gutxienez, eduki hau izanen dute: helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskribapena, bete beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua, bai eta diru-sarreren aurreikuspena ere; hala jasotzen da IV. eranskinean, IV. eranskina-1. fitxan eta IV. eranskina-2. fitxan jasotako ereduaren araberako eskabide ereduan, toki entitateko idazkariak izenpetu beharrekoan. Eredu horiek eskura egonen dira Nafarroako Gazteriaren eta Kirolaren Institutuaren bulegoetan, http://www.juventud.navarra.es webgunean, eta Nafarroako Atariko Zerbitzuen Katalogoan.

9.4. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, eskatzaileei aurkezten dituzten proiektuetako informazioa argitzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak.

10.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

Proiektuen balorazioa honako irizpide hauei jarraikiz eginen da, balorazio bateratuaren bitartez. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena diru-laguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzetanje berdinean.

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (45 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez). Atal honetan baloratzekoak: jardueren plangintza, helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia, proiektuaren izaera berritzailea eta emaitzen adierazleak.

d) Proiektua gauzatzeko toki entitateak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

11.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Herrian bertan egindako ekintzak, gazteei zuzenduak eta haien inplikazioa eta erantzukizuna sustatzen dutenak. Hauen finantzaketa ez da izanen ekintza bakoitzaren defizitaren erdia baino handiagoa.

Aisirako eta denbora librerako jarduerak, hezkuntza ez formalaren eremukoak, betetzeko finantzaketa ez da izanen jarduera bakoitzaren defizitaren %35 baino handiagoa.

Toki entitate bakoitzak 20.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez, deialdi honen atal guztien kontura.

12.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.–Antolamendua eta instrukzioa.

Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza izanen da.

14. –Alegazioen tramitea, eta eskaerak berriz egitea.

14.1. Eskaeren hasierako balorazioa eginda, Gazteriaren Zuzendariordetzak elkarte guztiei jakinaraziko die laguntzak emateko prestatu duen proposamena, araudi honetan xedatutako irizpideak behar bezala aplika dakizkion aurkezten den eskaerari, eta aukera emanen da eskaera berriz egiteko, hurrengo atalean xedatutakoari jarraikiz.

Hamar egun baliodunekoa da alegazioak aurkezteko eta proiektuak berriz formulatzeko epea.

14.2. Proposatutako diru-laguntzarekin batera 10. oinarrian adierazitako hainbanaketa ere bada, toki entitateek zilegi izanen dute eskaera berriz egitea gastu-konpromisoak eta baldintzak ematen ahal den diru-laguntzari egokitzeko, haien eskaeran adierazita dauden jarduera berberetarako, diruz laguntzen ahal den kontzeptu bakoitzaren barrenean. Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeraren atal bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideak ere. Ondoko irizpideei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Zein den kasua, proportzioan gutxitzen ahalko da diru-laguntza jaso dezakeen jardueraren ondoriozko diru-sarreren prebisioa, hainbanaketa dela eta zenbat gutxitu den diru-laguntzaren proposamena, portzentaje bera. Horren ondorioetarako, jardueraren ondoriozko diru-sarrerak izanen dira jarduerak berak zuzenean sortzen dituen diru-sarrerak (inskripzio-kuotak eta antzekoak), bai eta beste entitate publiko edo pribatu batzuetatik etorritakoak ere, jarduera horretarako laguntzak gutxitu edo baliogabetu ditzaketenak.

b) Toki entitatearen beraren baliabideekin (diruz laguntzen ahal den jarduerak zuzenean sortzen ez dituenekin) finantzatzen den kopurua, hasierako eskaeran adierazitakoa, mantendu beharko da.

c) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, 11. oinarrian ezarritako gehieneko portzentajeak errespetatu beharko dira, bai eta hainbanaketarekin ezarritako porzentajea ere.

14.3. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko behin betiko ebazpena eman dezan.

15.–Ebazpenak.

15.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honetako 10. oinarrian ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, diru-laguntza onartzeko ebazpena emanen da.

15.2. Diru-laguntzarako eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

15.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

15.4. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

15.5. Laguntzak ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura jasotzeak ez dakarkio onuradunari hurrengo urteetan laguntza izateko eskubidea.

16.–Frogagiriak.

Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Diruz laguntzen den proiektuaren guztirako gastua justifikatu beharko da; horretarako, 2016ko urriaren 28a izanen da azken eguna. Justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

16.1. Egindako programak identifikatzeko datuak jasoko dituzten frogagiriak eta jarduera arrunten programa deskribatzen duen memoria, bertan jasota diruz lagundu eta bete diren jarduera guztiak. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izena, helburuak, zer adinetako jendearentzat diren, iraupena, non egin diren, monitoreen izenak, parte-hartzaileak eta publizitatea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

Toki entitateak emandako posta elektronikoaren helbidera komunikazio elektronikoa igorriz eginen da errekerimendua, eskaera honetan ezarritako dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko. (V. eranskina, 1. fitxa).

16.2. Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (V. eranskina, 2. fitxa).

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainketaren ziurtagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

Toki entitateko gazteriaren arloko teknikariaren lansarien eta gizarte segurantzako gastuak toki entitateko idazkariaren ziurtagiri bat, bertako alkatearen edo buruaren ikus-onetsiarekin, aurkeztuz justifikatuko da; agiri horretan adieraziko da teknikariaren lanaldiaren zenbateko portzentajea eman duen diruz lagungarriak diren jardueretan, eta lanaldi horri egozten ahal zaion gastuaren kalkulua.

16.3. Jardueren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda (IV. eranskina, 3. fitxa).

16.4 Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.

17.–Diru-laguntza nola eta noiz ordaindu.

17.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 16. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

17.2. Emandako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta 2 hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

18.–Betebeharrak.

18.1. Diru-laguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

18.2. Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

18.3. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

18.4. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

19.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa barne dela.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten toki entitateek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, elkarteko buruak sinatua, diru-laguntza guztien batura elkarteak egindako gastua baino baxuagoa dela adierazteko. VI. eranskina.

20.–Onarpena.

Deialdi honetan parte-hartzearekin onartu egiten dira bere oinarri guztiak.

21.–Baldintzak ez betetzea.

21.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, aitzineko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko dirua.

22.–Gardentasunerako betebeharrak.

22.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun-betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak arautzen dituen foru dekretua).

Urtean 20.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

22.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpen bat aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 18. oinarrian ezarritakoak.

22.3. Atal honetan aipatzen den informazioa diru-laguntza onesteko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

22.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako diru-laguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

22.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

22.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

23.–Azpikontratazioa.

23.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu diru-laguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

23.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, diruz lagundutako jardueraren kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

23.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

23.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

23.5. Nafarroako toki entitateak eta haien erakunde autonomoak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen xedapenak bete beharko dituzte, Toki Administrazioaren arloko foru legeek eragindako berezitasunekin betiere.

24.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki administrazioek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

25.–Aplikatu beharreko legedia.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1603359