67. ALDIZKARIA - 2016ko apirilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MILAGRO

Ekintzaileendako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Milagroko Udalak, 2015eko abenduaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ekintzaileendako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hura 2016ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Milagron, 2016ko martxoaren 23an.–Alkatea, Yolanda Ibáñez Pérez.

EKINTZAILEENDAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Espainiako Konstituzioaren 35. artikuluak aldarrikatzen du espainiar guztiek eskubidea dutela lan egin, lan horren bidez hobetu eta beren nahiz familiakoen beharrei erantzuteko adinako lansaria jasotzeko.

Administrazio publiko guzti-guztiek egin behar dute lan herritarren ongizatearekin hain lotura estua duen eskubide hori gauzatzen laguntzeko. Toki entitateek eta bereziki Milagroko Udalak, beren eskumen eta baliabideek bide ematen dieten heinean, eskubide hori gauzatzen lagun dezakete eta laguntza eman behar dute, herritarren behar eta nahi guztiak asetzeko garrantzizko eskubidea baita, dudarik gabe. Are gehiago ekonomia eta lan merkatuaren egungo egoeran; izan ere, enplegua gero eta ez-egonkorragoa denez eta lan aukera gehienak hiri handietan daudenez, langileak –gazteak, batez ere– beren bizitokietatik urrun joan behar izaten dira lan eske.

Ordenantza honen helburua da oro har enpresak Milagron koka daitezen sustatzea, diru-laguntzak emanez Milagron kokatzea erabakitzen duten ekintzaileei.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen oinarri juridikoa.

Ordenantza hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 4-1-a) artikuluan toki entitateei, oro har, aitortzen zaien erregelamendu ahalmena erabiliz. Ordenantzaren arrazoia: bizilagunen interes publikoa kudeatu beharrez, Nafarroako toki entitateek eskumena dute erakunde publiko nahiz pribatuekin eta partikularrekin elkarlanean aritzeko, laguntza ekonomikoak emanez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.etik 223.era bitarteko artikuluetan ezarri moduan.

2. artikulua. Ordenantza honen xedea.

Ordenantza honen xedea da ekintzaileek enpresak ezartzean egiten dituzten inbertsioetarako diru-laguntzak arautzea.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Ordenantza hau aplikatzekoa izanen da industria jarduera Milagroko udal mugapean kokatzeko asmoa dutenei.

4. artikulua. Onuradunak.

Herrian kokatzeko asmoa duten enpresak dira laguntzen araubide honen onuradun.

Ordenantza honetako onurak jasotzen ahalko dituzte soil-soilik berritik ezartzen diren enpresek, eta ez dira onuradunak izanen bertzerik gabe enpresaren helbidea aldatzen duten enpresak, Milagroko udal mugapean inolako presentziarik, jarduerarik edo ekoizpen errealik izan gabe.

5. artikulua. Diru-laguntza edo laguntza motak.

Milagroko Udalak, araubide honen babesean, laguntza mota hauek ematen ahal ditu:

a) Ez itzultzeko diru-laguntzak, enpresak ezartzeko egin beharreko inbertsio berrietarako. Ondoko zenbateko hauek adinakoak izan daitezke gehienez:

–3.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko inbertsioetan, 1.000 euro.

–6.001 eurotik 12.000 eurora bitarteko inbertsioetan, 1.500 euro.

–12.001 eurotik gorako inbertsioetan, 2.000 euro.

Jardueraren lehenbiziko urtean lokala alokatzeko kostua inbertsiotzat hartuko da.

b) Enpresa berriak ezartzeko beharrezkoak diren azpiegiturak sortzen edo hobetzen laguntzea. Laguntza hori gauzatzeko, bana-banako hitzarmenak sinatuko dira Milagroko Udalaren eta interesa duten enpresen artean.

c) Hirigintza modu eraginkorrean garatu dadin, hitzarmenak sinatuko dira, ahal den heinean, jarduera ezartzeko behar diren udal planeamenduaren kudeaketa eta exekuzioan ahal den neurrian laguntzearren.

6. artikulua. Aurrekontuaren muga orokorra.

Udalak urteko aurrekontuan ontzat jotzen duen kontu-saila da ordenantza honen babespean onartzen diren diru-laguntzen muga, eta Milagroko Udala ez dago behartua ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan zehaztutako diru-muga horretatik goiti.

7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Araubide honetako laguntzez baliatu ahal izateko, ondoko beharkizun eta baldintzak beharko dira bete:

a) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak Milagron gauzatzea.

b) Inbertsioa zein ondasunetan eginen den, enpresa onuraduna haien jabe edo errentari izatea eta ondasun horien kudeaketa ekonomikoaz zuzenean arduratzea.

c) Enpresa onuradunak zorrik ez izatea tributu arloko betebeharretan ezta Gizarte Segurantzarekin ere.

d) Enpresa onuraduna kaudimenduna izatea alderdi ekonomiko, finantzario eta teknikoei dagokienez.

8. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradunak betebehar hauek ditu:

a) Diru-laguntza eskaeran ezarritako epean eginen ditu inbertsioak, eta Milagroko Udalari jakinarazi beharko dio noiz burutu eta noiz jarri diren abian, hori gertatu eta hilabeteko epean, eta diru-laguntzak emanen direla jakinarazi aitzin burutu eta abian jarri badira, jakinarazpen hori hartu eta hilabeteko epean.

b) Udalari igorriko dizkio, Udalak berak zehaztuko duen gisan, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen egiaztagiriak, eta inbertsioak benetan egin diren eta hartutako konpromisoak bete ote diren ziurtatzeko ikuskapen eta egiaztapenetan lagunduko du.

c) Enpresa onuradunak beharturik daude jarduera gutxienez bi urtez mantentzera, diru-laguntza eman zenetik aurrera. Gainera, JEZaren altan egonen dira eta ordainketa hori eguneratua izanen dute Milagroko Udalak diruz lagundutako jardueragatik.

d) Milagroko Udalari datu, agiri eta egiaztapenak eman beharko dizkio, Udalak, emandako dirulaguntzen segimendua eta kontrola egiteko, beharrezkotzat jotzen dituen guztiak, alegia.

II. KAPITULUA

Prozedura

9. artikulua. Prozedura.

a) Aurrekontuko diru-kopurua.

Udalak, osoko bilkuran, urtero erabakiko du udal aurrekontuan zenbat diru jarri ordenantza honen helburuak betetzeko.

b) Deialdi publikoa.

Ordenantza honen 5. artikuluko a) ataleko diru-laguntza motak emateko, Milagroko Udalak deialdi publikoa prestatuko du urtero eta Udalaren iragarki oholean eta web orrian argitaratuko, onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten ekintzaileek kasuan kasuko eskabidea aurkez dezaten deialdiko epearen barnean.

Gainerako diru-laguntza motei dagokienez, Milagroko Udalak diru-laguntzak zehazteko hitzarmenak sinatuko ditu interesa duten enpresek aldez aurretik eskaera aurkeztu eta, betiere, baldintzak negoziatuta. Bertzetik ere, haiek zehazteko behar diren hitzarmenak sinatu ahal ditu.

Interesa duten enpresekin egin beharreko negoziazioetan alkateaz gain, Ekonomia, Industria eta Enpleguaren batzordeko kideek hartuko dute parte. Nolanahi den ere, Milagroko Udaleko Osoko Bilkura izanen da organo eskuduna negoziazioaren ondotik enpresa eskatzailearekin gauzatzen ahal diren hitzarmenen sinadura baimentzeko.

Ordenantza honetan arauturiko laguntzak baliatu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute alkateari zuzendutako eskaera eginez, eta eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dituzte:

a) Eskatzailearen izaera fisikoaren edo juridikoaren egiaztagiriak.

b) Enpresa eskatzailearen kaudimen ekonomikoaren egiaztagiriak.

c) Garatu beharreko jarduerari edo instalazioari buruzko txostena, espresuki adierazten dituena azalera, behar diren langileak eta haien kualifikazioa, fakturazioa, makineria edo instalazio teknikoak, garapenaren gaineko aurreikuspenak, inbertsio aurreikusiak, enpresa talde baten partaide izatea eta Milagroko Udalaren osoko bilkurak diru-laguntzaren gaineko erabakia har dezan beharrezkoak izan daitezkeen gainerako guztiak. Udalak beharrezkotzat jotako agiriak aurkezteko eskatu ahal izanen du, diru-laguntza emateko beharkizunak eta baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

d) Eskumena.

Milagroko Udalaren Osoko Bilkurari dagokio aurkezturiko eskaeren gaineko ebazpena ematea.

e) Administrazioaren isiltasuna.

Udaletxean eskabidea eta agiri osagarriak aurkeztu eta hiru hilabete iraganik Udalak berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

III. KAPITULUA

Laguntza ekonomikoen ordainketa

10. artikulua Diru-laguntzaren ordainketa.

Laguntzak, inbertsioa egiteko diru-laguntza zuzenak direnean, ez dira ordainduko enpresa onuradunak Udalari jakinarazi arte haiek burutu eta abian jarri direla, eta Milagroko Udalak berak zehaztu bezala, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen edo aitzinetik zirenen egiaztagiriak Udalari igorri arte.

Behar diren egiaztapenak egindakoan, Milagroko Udalak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.

Milagroko Udalak emandako diru-laguntza bateragarria izan daiteke beste erakunde ofizial batzuek edo partikularrek enpresaren inbertsiorako ematen dituzten beste laguntza batzuekin.

Diru-laguntzen enpresa onuradunek kobratu aitzin egiaztatu beharko dute tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituztela.

Tributu arloko betebeharrak kitatuak daudela kreditatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:

–Jarduera ekonomikoen gaineko zergako alta eta azken ordainagiria.

–Nafarroako Foru Ogasunak emandako egiaztagiria, Foru Ogasunarekin zerga arloko zorrik ez dagoela egiaztatzeko.

Gizarte Segurantzarekiko eginbidea beterik dagoela egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzako Lurralde Bulegoaren egiaztagiria aurkeztuko da.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Laguntzak ezereztea, arau-hausteak eta zehapenak.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak ez baldin badira betetzen, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaera edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako diru-laguntzak galduko dira, eta hala balitz, jasotakoak itzuli beharko dira, atzerapen interes eta guzti.

Aipatutako kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da kontraesanaren eta probaren printzipioen arabera, eta onuradunari entzutea emanen zaio. Espedientean beharrezkotzat jotzen diren proba eta alegazioak bilduko dira, eta Milagroko Udaleko osoko bilkura izanen da diru-laguntzak ebatzi edo ezesteko organo eskudun bakarra.

V. KAPITULUA

Azken xedapena

12. artikulua Indarraldia.

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta ondorioak izanen ditu, berriz, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera. Indarrean jarraituko du Udalaren urte bakoitzeko aurrekontu orokorrean kontu-sail bat sartzen bada gastu horretarako.

Iragarkiaren kodea: L1603616